2006-10-08

Euskaldunak eta euskal herritarrak

Argian 2057. zenbakian argitaratua

Badakigu euskal herritar guztiak ez direla euskaldun. Baina euskaldun guztiak euskal herritar ote? Euskal Herriko biztanle gehienak ziur aski jatorri euskalduneko erdaldunak dira. Ez ditzagun ahaztu halaber, gaurko milaka euskaldunek ez dute arbaso euskaldunik. 50-60etako inmigrazioa antolatzeko aukera gutxi egon zen, oraindik ere mesprezuzko berba asko dago, euskararen galeran izandako eragina herri gutxi batzuetara mugatu arren. Inmigrazio berri honek badakartza aukerak. Latinoamerikarren salbuespenarekin agian, hizkuntza ikasteko prest datoz, hala behar izanez gero. Baina euskara «behartzea»ren konplexua daukagu. Alde gizatiarretik batetik -horren larri irudikatzen dugun pertsona zelan behartu, geuk ere ondo dakigun bezala, ezertarako beharrezko ez den hizkuntza ikastera?- eta hipokresia ere badagoela jakitun bestetik: orain arte hainbat eta hainbat abertzaleri, senideri, laguni, «barkatu» diogun kontraesana, zelan behartu heldu berriari? Integrazio-tresna aipa genezake, espainiarrek eta beste herri askok argi daukaten moduan. Leku askotan naziotasuna hartzeko beharrezko izaten da hizkuntza jakitea. Baina herri honetako gehienak polito «integratuta» bizi dira euskararen inolako beharrik gabe, euskaldunak ikusezinak bagina legez. Badakite aski dutela erdaraz bizitzea. Makurtuko gara eurenera. Alde espainolistek sarri salatu dute dirutza xahutu izana oso emaitza urriak lortzeko, eta onartu beharko diegu ez dabiltzala okerregi. Alderantzizko froga egin dezagun osterantzean: emandako urratsekin jarraituz gero noizko Euskal Herri euskalduna (barkatu, gaur ez da politikoki zuzena, erabil dezagun terminologia ofiziala, beraz: noizko hizkuntza ofizialetan -gutxienez- elebidun den Euskal Herria?). Argi dago: inoiz ez. Onar dezagun badagoela biztanleriaren zati bat inoiz ez dena euskaldunduko, baina noizko gainontzekoa? Esan hamar, hogei, berrogei urte, baina jarri epeak, eta bideak eta betebeharrak. Etorkinak ditugu horretarako jarrera malguena daukatenak. «Euskaldun» nozioari ondorio politikoa ematea. Euskal herritar oro euskalduna ez dela onartuta ere, euskara «behartu» gabe ere, saritu euskararen ezagutza, horretarako modurik errazenean: euskaldun orok euskal herritar izateko eskubidea aitortuta. Ondorio guztiekin, noski, paperak, lan-eskubidea eta abar, edozein europarrek dituen eskubideak aitortuta. Labur-labur: euskaraz dakienak automatikoki baditu paperak. Euskalduntzen dena euskal herritarra dela aitortzea baino ez da. Eta kito euskararen inposaketaren, hizkuntzaren zailtasunaren eta antzeko aitzakiak. Orduan bai Euskal Herri euskaldun eta koloreanitza. Baina, noski, horretarako euskal herritartasuna badela onartu beharko da aurrez.

No comments: