2006-07-16

Ondareak

Berrian 2006-VII-16an argitaratua


Pozgarria da Bizkaiko zubia gizateriaren ondarearen zerrendan egotea. Bazterrotan antzina genekien bera zela dotoreena. Horregatik harritu nau beharbada entzuteak sei urte behar izan dituztela zerrendan sartzeko. Hain garrantzitsua balitz, hainbesteko lanik gabe ere egongo zen, ezta? Ala Egiptoko piramideetarako lan hori guztia egin behar izan da (bidaiak eta otorduak ordainduta, noski).

Bizkaiko zubiarekin batera sar litekeen leku mordoa otu zait laster, Bilbon bertan hasi eta Barakaldon, Sestaon, Urtuellan, Abanton edo Muskizen jarraituta. Ondare industrial handia daukagu Bizkaiko txoko honetan, baina ikuspuntu ekonomiko hutsa gailentzen denean, errazagoa da leku bakarra saritu eta hura egin erakarpen-leku. Askoz garestiagoa izango litzateke lantegi zaharrak mantendu edo egokitzea, museo duinak egitea, daukagun ondarea behar bezala gordetzea. Leku bakarrak gutxieneko inbertsioa eta irabazi handia ziurtatzen ditu. Eta ez dira eragozpen Zorrotzaurre , Abandoibarra edo Olabeaga egitasmoetarako.

Inork gutxik esan arren, lehendik zeuden Done Jakue bideko hainbat leku zerrendan, hala nola Ospitale-Pea, Baionako katedrala eta Donibane Garaziko Donejakue atea. Bertsolaritzak egin du ahalegina ondare ukiezin eta ahozkoaren zerrendan egoteko. Sardiniarren, georgiarren eta Baltikoko herrietako kantuak daude hor, baita Erdi Amerikako garifunen ohiturak eta hizkuntza ere. Bizkaiko zubirako erakutsitako borondatea eta gogoa ez dadila horretan gelditu.

No comments: