Joan den astean, Mediterraneoko uharte handienetan bigarrenaz mintzatu
ginen, Sardiniaz, eta independentismoaren gorakadaz. Handienetan
hirugarrena estatu independentea da, independentismorik ia inoiz izan ez
badu ere. Duela ia hamar urte bisitatu nuen Zipre, 2004ko udan.
Balkanetara, Ekialde Hurbilera edo turkiar lurraldeetara egin nuen lehen
aldia zen. Libanotik Greziatik baino hurrengo, geografikoki ez genuke
Turkia baino europarragoa dela esango... nola ukatu europartasuna
greziarrez osatutako nazioari? Turkia Europa ez dela argudiatzen
dutenentzat: 1923an populazio trukea deitu zioten krimen
izugarria egin arte, greziarrak Egeo itsasoaren alde bietan bizi ziren,
egungo Grezian bezainbat Asia Txikian. Inork ukatu ote lieke Europa
direla?
Bidaia haren berezitasuna, uharte osoa bisitatzeko aukera
izan zen. Ordura arte, alde greziarrean edo turkiarrean egon behar
zenuen; gehienez ere, egun bateko baimena lortzen zen iparraldera
joateko. Baina, 2004an, EB 15 herrialdetik 25era igaro zen. 1973tik
bereizi dagoen uhartea batzeko Kofi Annanen ahaleginak porrot egin zuen
orduan, turkiarrek erreferendumean baietz esan arren greziarrek ez
baitzuten onartu NBEko idazkari nagusiaren proposamena. Baina
nazioarteak Zipreko errepublikari uharte osoarekiko legitimitatea ematen
dionez (hegoaldearen kontrola soilik izan arren), teknikoki uharte osoa
da EBko zati. Ondorioz, Zipreko (greziar) estatuak ez dauka eragozterik
1973an Turkiak inbaditu eta 1983an Zipre Iparreko Turkiar Errepublika
aldarrikatutako lurraldera.
Mende bat lehenago hasi zen Zipreren
ibilbide berezia: 1878an britainiar inperioak bereganatu zuen otomandar
inperiotik. Ondorioz, Turkiak izandako ibilbidetik bereizi zen. II.
Mundu Gerrako deskolonizazioan, EOKA gerrilla abiarazi zuen uharteko
greziar gehiengoak; britainiarrak kanporatzeko, bai, baina ez Zipreko
estatua eratzeko: «Enosis» pintaketak oraindik ere ikus daitezke Zipreko
mendietan. Batasuna esan nahi du; Greziarekin bat egitea, alegia.
Greziarren estatua 1820ko hamarkadan sortu, eta hurrengo ehun urteetan
hazi zen, otomandar eta potentzia kolonialen lurralde eta uharteekin,
baita ia greziarrik gabeko eremuak bereganatuta ere (Salonika edo
Mazedonia, artean nagusiki eslaviar zirela). 1947an, Dodekanesoko
uharteak Italiari eskuratua lortu zuen Greziak gaur daukan lurraldea.
Baina
Italia Mundu Gerrako galtzailea zen. Deskolonizazioa hasi zen laster
mundu osoan, hainbat estatu sortu ziren, baina irredentismorik ez da
ia-ia gertatu. Hau da, bereiztea zilegi da, baina ez beste estatu bati
atxikitzea. Britainiarrek, ohi bezala, gutxiengo turkiarra armatu zuten
EOKAri aurre egiteko, eta gatazka etnikoa hauspotu. 1960an lortu zuen
independentzia Ziprek, eta estatua sortu zen, baina etxe bakar baten ez
dut bandera ofiziala ikusi, greziarra edo turkiarra baizik. Inork eskatu
gabeko estatua zen. Britainiarrek alde egin, eta gatazka sektarioa utzi
zuten, beste hainbat lekutan legez. Gerokoa ezaguna da: 1974ko estatu
kolpea, Greziarekin bat egiteko saioa, Turkiaren inbasioa eta
biztanleria etxeetatik kanporatzea, eremu turkiar eta greziarren
sorrera, eta gaur arteko bereizketa. Orain, saio berria dator, Estatu
Batuek bultzatuta, eta Israel ere hurbiletik begira: Zipreko ur eremuan
agertu den gasa gozoki itzela omen. Ezin esan zer ekarriko duen.
Ñabardura askorekin, Kosovo edo Hego Osetiaren antzeko gatazka izoztua
eta aitorpen gabeko estatua da Ipar Zipre. Argi geratu dena, baina, enosis edo Greziarekin bat egiteko ideia baztertu egin behar izan dutela Zipreko greziarrek.
Bidenabar,
britainiar inperioa baino zenbait mende lehenago, beste ingeles batek
inbaditu zuen Zipre: Richard Lionheart-ek (Lehoi-Bihotz), Lur Santuko
gurutzadetatik itzulian, Isaac Commenus uharteko agintaria kanporatu
zuen, gatibu hartutako emaztegaia askatzeko. Nafarroako Berengaria zen
emakume hura. Limassolen ezkondu ziren, oraindik ere zutik den
gazteluan. Handik gutxira, Antso VI.a Berengariaren aitak erresumako
mendebaldeko lurrak galdu zituen. Zipren ez bezala, gurean
independentzia eskatzen da, baina mundu guztiak dauka buruan
mendebaldeko lurraldeekin enosis a. Eta argi izan beharko
litzateke sezesio bat gertatzen denean, estatu berriak nekez izango
duela lurralde zabalagorik, are gutxiago auzo-estatu bati lurra kenduta.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment