2013-11-03

Kosovo berriz ere

Udal hauteskundeak dituzte gaur Kosovon, eta berebiziko garrantzia daukate estatu berria egonkortzerakoan. Ban Ki-moonen hamabosteroko txostenak dioenez, Kosovo hauteskundeak ondo irteteak, herrialdearen iparraldean bereziki, berebiziko garrantzia izango du bakerako eta egonkortasunerako. Nazio Batuen ardura hori bada, pentsa Europako Batasuneko agintarien kezka. Funtsean, Bruselak behartuta apirilean Belgradek eta Pristinak, lortu zuten akordioa dago jokoan. Serbiaren EBrako sarrera negoziatzeko baldintza izan zen. Baina sarritan gertatzen den legez, gobernuak hartu zituzten aintzat, eta herritarrak ahaztu. Kosovo iparraldeko serbiarrak, batez ere. Eta horrela heldu gara gaurko egunera.

Hauteskundeak, egiaz, garrantzitsuegiak izan litezke udal boz soilak izateko. Denentzat aukera bat dakarte eta, baina ez denentzat aukera bera. Azal dezagun. Kosovo estatuko agintarientzat —albaniarrentzat— eta horren babesleentzat —EB eskuarki— ezinbestekoa da hauteskundeetan parte hartze handia egotea, eta serbiar udalerrietan ere normaltasuna egotea. Tira, normaltasun itxurarekin konformatuko lirateke, eta iparraldean ehuneko 30eko parte hartzea garaipen itzela litzateke. Atera kontuak, noraino jaits daitekeen legitimazio demokratikoa. Litekeena baita serbiarren parte hartzea are txikiagoa izatea, ia hutsala. Estatu horri berari uko egiten dioten serbiarrentzat ere karta garrantzitsua baitira hauteskundeok: horietan parte hartze txikiak Estatuaren legitimazio falta nabarmenduko luke. Eta alde biek ondo dakite legitimazio horren ispilu izango direla gaurko bozak; herritarrak bozkatzera joan ala ez joan, horra gakoa, zer bozkatzen duten baino gehiago.

Pristina eta Belgraden artean tarteka pizten den tentsioetan azkenetakoa, apirilean Bruselan izenpetutako akordioaren interpretaziotik etorri da. Gatazka konpontzeko mugarria behar zuen hitzarmenak, eta hauteskundeotan berretsi beharko litzateke. Belgradek sarritan esan du itunak ez dakarrela Kosovoren aitorpenik, baina Serbiako estatuak Kosovon zeukan presentzia ia hutsean utzi zuen; ordura arte Kosovo iparrean zeuden serbiarrak, bidenabar, Belgraden babesik gabe geratu ziren, eta trukean guztiz definitu gabeko autonomia bat agindu zien Pristinak. Teorian, beraz, burujabetzaren auzia utzi eta serbiarrek Kosovon izan beharreko estatusa eztabaidatu behar da. Baina serbiar horiekin kontsultatu barik hartutako erabakia izan zen, neurri handi batean.

Belgradek egin du, inork egitekotan, apirilean izenpetutakoa betearazteko ahaleginik. Kosovo iparraldeko serbiarrek behin eta berriz utzi dute argi ez dutela Pristinako administrazioa onartzen. Eta Pristinak ere, hitzarmenean gustuko zuena hartu du, Serbiaren onarpen ez-ofiziala, alegia, baina ez haren betebeharrak, hau da, serbiar udalen artean autonomia moduko bat sortzea. Albaniar askorentzat, traizioa izan zen hori, Bosnian bezala Srpska errepublika baten sorrera irudikatu zuten. Baliteke horrelakoren bat izatea ondorioa. Baina aldea ere handia da: Bosnian garbiketa etnikoaren ondorio da serbiar eremua, eta beraz errepublika horren konpromisoa da estatu bakarrean egotea; Srpska errepublika bereizteak garbiketa etnikoaren zilegitasuna lekarke, azken batean. Aldiz, Kosovon, albaniarren garbiketa etniko berbera egiten saiatu baziren ere, emaitza erabat desberdina izan da. Serbiarrez hustu da Kosovo, ia erabat. Lurraldetasunean tematzeak Europari eta nazioarteari on egin diezaioke, antzeko errealitateek erabakitzeko eskubidea kopiatu ez dezaten. Baina serbiarren eta albaniarren kalterako da, konponbiderik gabeko gurpil-zoroan betikotzea baitakar.

Pristinak, giroa baretzen lagundu beharrean, tentsioa ekarri du, serbiarrak haserrarazteko neurri sinpleekin: Serbiako politikariek kanpainan Kosovoko iparraldeko udaletan parte hartzea eragotzi nahi izan du hasieran. Gero, serbiarrek onartzen ez dituzten erakundeetako sinboloekin hornitu dituzte boto-paperak, hala nola Kosovoko banderarekin.

Batzuek esango dute marra etnikoen arabera banatzea lurraldeak porrot handia litzatekeela Kosovon. Urrundik erraz esaten direnak dira. Baina Europako agintarientzat porrota litzatekeen hori, Kosovo eta Balkanetako biztanleei behingoz jaramon egin eta bakean bizitzeko bidea ere izan liteke.

BERRIAn argitaratua

No comments: