2013-11-10

Bahrain

Astelehenean, John Kerry Saudi Arabian zela (inperioa gutxitan egon ohi den bezain umil, are umiliatuta), neu ere Arabian nenbilen. Riadetik laurehun kilometro ekialdera Pertsiako Golkoan, Saudi Arabiatik ordu erdira autoz, Bahrain uhartea dago. Zuberoa baino txikixeagoa da, eta Bizkaiak baino biztanle gehiago ditu. Xiiten doluaren muharram hilaren lehenean sartu nintzen arabiar udaberriko lekurik ezezagunenetako eta aldi berean esanguratsuenetakora.

Aldameneko Qatarretik iritsitakoan lehen berezitasuna: Bahrain askoz berdeagoa da. «Lurpeko ur gozo asko daukan uhartea da», esan dit Ahmed lagun poetak. «Horregatik hemen ez da beduinorik izan, ez gara egundo nomada izan; nekazari edo arrantzale baizik, inorekin gerratan ibiltzeko beharrik gabe. Baina orain lantzeko lurrik ere ia ez dugu, dena dauka Al Khalifa familiak». Duela bi mende egungo Saudi Arabiatik iritsitako tribu sunitarena da estatua, praktikan: erregea da estatuburua, eta haren osaba lehen ministroa. Parlamentuaren erdia monarkak izendatzen du; gainontzekoetan ere, herritarren ehuneko hogei diren sunitek parlamentari gehiago dituzte ehuneko hirurogeita hamar diren xiitek baino.

Hala lehertu zen, Dubai edo Dohako etxeorratzen antzeko arabiar ikuspegi futuristan, 2011n iraultza, Tunisian, Libian, Egipton edo Sirian legez. Baina diktadorea laguna genuen, sunita, 1 Formulako karreren antolatzailea, petrolio-hornitzaile, eta Estatu Batuetako flotak basea dauka uhartean. «Oso desberdina da Bahrain Golkoko beste herrialdeetatik. Ekialde Hurbileko mikrokosmos txiki honetan eskualde osoa dago jokoan». Manama hiriburuko mutur batean amaitu gabeko etxeorratz bat adierazi dit. «Eraikuntza-lanak baina geldirik daude lanak azken urte biotan». Detaile txikiek markatzen dute Bahraingo tentsioa. Errepide bazterretan, kilometrotan zehar, hesi zuri bat, ez oso lodia, ia ikusezina iritsi berriarentzat, baina aski nabarmena biztanle gehienentzat: «Erregearen eremuak ia uharte osoa mugatzen du, eta xiiten lurrak hesitu. Kartzela erraldoi batean bizi gara». Herri xiita batera sartu gara, hesiak kale bakarra utzi dio libre. Beste aldean, lur sail berde-berdeak, Golkoan beste inon ikusi ez ditudanak bezalakoak. Eskuraezin herritar gehienentzat. Herrian, bandera beltzak, xiitek muharram-ean negar egiten dioten Hussein bin Ali-ren —Mahomaren bilobaren— martirioa gogoan. Islamean egon zen lehen zisma izan zen, gaur egunera arteko zatiketa nagusia. Datorren asteko axura arte, goibel egoteko egunak dituzte
milioika musulman xiitek. Errepidearen erdian itsulapikoa dago, goizero eta gauerako prestatzen diren doako gosari eta afariak prestatzeko. Bidean, barrikaden arrastoak,
muharram-erako erretiratutako harriak, polizia agertuz gero berehala herriko sarrera blokeatzeko prest.


Bi urte eta erdi baino gehiago daramate Bahrainen erresistentzia horrekin. Gogor zapalduta ere, sinetsita daude tiranoa kanporatu eta Estatu demokratikoa eratuko dutela. Horrek eskualde osoa eraldatuko luke. «Eraldatzen ari da honezkero. Siriari ez erasotzea eta negoziazioa hobestea sekulako kolpea izan da Saudi Arabiarentzat. Israelek legez, beharrekotzat zuen Siriari jotzea eta Iranerako prestatzea». Bahraindar xiita gehiengoari Iranen aliatu izatea leporatu diote, baina are konplexuagoa da gakoa: xiitak bai, baina arabiarrak dira bahraindarrak, ez pertsiarrak. Arabiar xiitak, Iraken legez, Kuwaiteko ehuneko berrogei legez, eta nazioartean ia oihartzunik gabe mobilizatzen hasi diren Saudi Arabiako xiiten legez. Bahraindik Kuwaitera doan kostalde luzean, Qatifen eta Ekialdeko probintzian gehiengoa dira. Riadek petrolio gehien ateratzen duen eskualdea da.

Egiptotik igaro eta Mohamed Mursi epaitu behar zuten egunean bertan kolpistak bedeinkatuta, otzan-otzan iritsi zen John Kerry Riadera. Saud familia baretu beharra zeukan, Iranekin sinatzear zegoen akordio historikoaren atarian. Al Kaida elikatu duen islam wahabitaren erresumatik Israeleraino egin zuen bira Estatu idazkariak, eta Magrebera orduko Genevako bidea hartu ostiralean. Benjamin Netanyahuk ez du haserrea ezkutatu, programa nuklearraz akordioa hurbil ikusita. Estimatu behar zaio Bibi-ri ahoan bizarrik ez izatea: «Irandarrak pozarren dabiltza Genevan, nahi zuten guztia lortu dutelako, musu-truk [...] Oso akordio txarra da, eta Israelek erabat baztertzen du. Eta nik diodan honekin asko datoz bat gure eskualdean, publikoki adierazi zein ez».

Hasierako purrustadak ez du azalpen handirik behar, baina azkenak Ekialde Hurbileko Iranen beste etsaiak dakartza gogora. Erregimen sunitak, alegia, Saudi Arabia buru eta Golkoko beste monarkiak atzetik. Eskualdean bakea eta justizia egoteko, horiek dira zinez demokrazia behar duten herrialdeak.

BERRIAn argitaratua

No comments: