Showing posts with label arabiar matxinadak. Show all posts
Showing posts with label arabiar matxinadak. Show all posts

2013-11-10

Bahrain

Astelehenean, John Kerry Saudi Arabian zela (inperioa gutxitan egon ohi den bezain umil, are umiliatuta), neu ere Arabian nenbilen. Riadetik laurehun kilometro ekialdera Pertsiako Golkoan, Saudi Arabiatik ordu erdira autoz, Bahrain uhartea dago. Zuberoa baino txikixeagoa da, eta Bizkaiak baino biztanle gehiago ditu. Xiiten doluaren muharram hilaren lehenean sartu nintzen arabiar udaberriko lekurik ezezagunenetako eta aldi berean esanguratsuenetakora.

Aldameneko Qatarretik iritsitakoan lehen berezitasuna: Bahrain askoz berdeagoa da. «Lurpeko ur gozo asko daukan uhartea da», esan dit Ahmed lagun poetak. «Horregatik hemen ez da beduinorik izan, ez gara egundo nomada izan; nekazari edo arrantzale baizik, inorekin gerratan ibiltzeko beharrik gabe. Baina orain lantzeko lurrik ere ia ez dugu, dena dauka Al Khalifa familiak». Duela bi mende egungo Saudi Arabiatik iritsitako tribu sunitarena da estatua, praktikan: erregea da estatuburua, eta haren osaba lehen ministroa. Parlamentuaren erdia monarkak izendatzen du; gainontzekoetan ere, herritarren ehuneko hogei diren sunitek parlamentari gehiago dituzte ehuneko hirurogeita hamar diren xiitek baino.

Hala lehertu zen, Dubai edo Dohako etxeorratzen antzeko arabiar ikuspegi futuristan, 2011n iraultza, Tunisian, Libian, Egipton edo Sirian legez. Baina diktadorea laguna genuen, sunita, 1 Formulako karreren antolatzailea, petrolio-hornitzaile, eta Estatu Batuetako flotak basea dauka uhartean. «Oso desberdina da Bahrain Golkoko beste herrialdeetatik. Ekialde Hurbileko mikrokosmos txiki honetan eskualde osoa dago jokoan». Manama hiriburuko mutur batean amaitu gabeko etxeorratz bat adierazi dit. «Eraikuntza-lanak baina geldirik daude lanak azken urte biotan». Detaile txikiek markatzen dute Bahraingo tentsioa. Errepide bazterretan, kilometrotan zehar, hesi zuri bat, ez oso lodia, ia ikusezina iritsi berriarentzat, baina aski nabarmena biztanle gehienentzat: «Erregearen eremuak ia uharte osoa mugatzen du, eta xiiten lurrak hesitu. Kartzela erraldoi batean bizi gara». Herri xiita batera sartu gara, hesiak kale bakarra utzi dio libre. Beste aldean, lur sail berde-berdeak, Golkoan beste inon ikusi ez ditudanak bezalakoak. Eskuraezin herritar gehienentzat. Herrian, bandera beltzak, xiitek muharram-ean negar egiten dioten Hussein bin Ali-ren —Mahomaren bilobaren— martirioa gogoan. Islamean egon zen lehen zisma izan zen, gaur egunera arteko zatiketa nagusia. Datorren asteko axura arte, goibel egoteko egunak dituzte
milioika musulman xiitek. Errepidearen erdian itsulapikoa dago, goizero eta gauerako prestatzen diren doako gosari eta afariak prestatzeko. Bidean, barrikaden arrastoak,
muharram-erako erretiratutako harriak, polizia agertuz gero berehala herriko sarrera blokeatzeko prest.


Bi urte eta erdi baino gehiago daramate Bahrainen erresistentzia horrekin. Gogor zapalduta ere, sinetsita daude tiranoa kanporatu eta Estatu demokratikoa eratuko dutela. Horrek eskualde osoa eraldatuko luke. «Eraldatzen ari da honezkero. Siriari ez erasotzea eta negoziazioa hobestea sekulako kolpea izan da Saudi Arabiarentzat. Israelek legez, beharrekotzat zuen Siriari jotzea eta Iranerako prestatzea». Bahraindar xiita gehiengoari Iranen aliatu izatea leporatu diote, baina are konplexuagoa da gakoa: xiitak bai, baina arabiarrak dira bahraindarrak, ez pertsiarrak. Arabiar xiitak, Iraken legez, Kuwaiteko ehuneko berrogei legez, eta nazioartean ia oihartzunik gabe mobilizatzen hasi diren Saudi Arabiako xiiten legez. Bahraindik Kuwaitera doan kostalde luzean, Qatifen eta Ekialdeko probintzian gehiengoa dira. Riadek petrolio gehien ateratzen duen eskualdea da.

Egiptotik igaro eta Mohamed Mursi epaitu behar zuten egunean bertan kolpistak bedeinkatuta, otzan-otzan iritsi zen John Kerry Riadera. Saud familia baretu beharra zeukan, Iranekin sinatzear zegoen akordio historikoaren atarian. Al Kaida elikatu duen islam wahabitaren erresumatik Israeleraino egin zuen bira Estatu idazkariak, eta Magrebera orduko Genevako bidea hartu ostiralean. Benjamin Netanyahuk ez du haserrea ezkutatu, programa nuklearraz akordioa hurbil ikusita. Estimatu behar zaio Bibi-ri ahoan bizarrik ez izatea: «Irandarrak pozarren dabiltza Genevan, nahi zuten guztia lortu dutelako, musu-truk [...] Oso akordio txarra da, eta Israelek erabat baztertzen du. Eta nik diodan honekin asko datoz bat gure eskualdean, publikoki adierazi zein ez».

Hasierako purrustadak ez du azalpen handirik behar, baina azkenak Ekialde Hurbileko Iranen beste etsaiak dakartza gogora. Erregimen sunitak, alegia, Saudi Arabia buru eta Golkoko beste monarkiak atzetik. Eskualdean bakea eta justizia egoteko, horiek dira zinez demokrazia behar duten herrialdeak.

BERRIAn argitaratua

2012-12-08

Ahmed Alajmi, bahreindar idazlea: «Bahraingo gatazka ezkutatzeko ahalegin handia egin dute kanpotik»

Ahmed Alajmik uste du Bahraingo Gobernuak xiiten eta suniten artekoa balitz bezala erakutsi duela bertako gatazka, baina gobernuan den monarkiaren kontrakoa da, bere ustez: erlijiotik kanpokoa.
1976an atxilotu zuten Ahmed Alajmi, 18 urte zituela, lehen poema liburua atera eta gutxira, ikasle sindikatuko kide zelako. Legez kanpoko elkartea zen hura. Ez zen luze egon giltzapean, baina pasaportea sei urtez kendu zioten. Hamahiru poesia lan idatzi ditu Ahmed Alajmik, baita saiakera bat ere: Oxigenoaren zain gaude (2006), horretan, arabiar historian demokraziarik ez dela egon ondorioztatzeko. Iazko protesten ondorioz, berriz jasan du Bahraingo monarkiaren jazarpena. Xiiten eta suniten arteko gatazkaren topikotik harago, eta islamismoaren eragina baztertzen, garagardo baten bueltan mintzatu da arabiar poeta.

Arabiar Udaberriaren kasuan, protesta gehientsuen eta oihartzun gutxienetakoa izan duen herrialdea da Bahrain. Zein da egoera gaur egun?

Azken protesten ondoren, denok gaude arriskuan, egunotan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei ere iritsi zaizkie notifikazioak epaitegira joan daitezen. Zergatik ez zaion axola inori? Oso leku berezian bizi garelako. Persiar golkoan petrolioa dago, eta Iran eta Saudi Arabiaren arteko gatazkaren erbidean gaude, biengandik oso hurbil, hurbilegi. Horregatik, gatazka ezkutatzeko ahalegin handia egin dute kanpotik, baina manifestariek eurek hartu diete aurrea: teknologiari esker kazetari bihurtu dira. Emakume askok pauso bat aurrera eman du, eta iraultzaren erdia baino gehiago dira. Giza eskubideen aldeko eta bestelako GKEekin harremanetan gaude. Urte eta erdiren ondoren, ezin dugu atzera jo; orain itxaropen handia dago: hilabeteetan ez bada, urte gutxiren buruan izango da.

Bahraindik informazio gutxi iristeko motiboen artean, manifestariak xiitak direla esan ohi da, eta erregimena sunita, Siriaren alderantzizkoa.

Ez da egia erlijio gerra denik; ez gara erlijiosoak, liberalismoa nahi dugu, etorkizunean erlijioa gobernutik eta estatutik aparte egon dadin. Konponbidea hor behar dugu, eta eskualde osorako eredu izango gara askatasunaren eta demokraziaren bidean. Inor saiatzen bada aurka egiten, borroka egingo diogu. Gure herria eraikitzeko, demokrazia nahi dugu. Gurean xiitak dira gehienak, baina ez dugu estatu erlijiorik nahi. Ezin dugu erlijiotik hurbildu protestetara; kultura nahasia daukagu: atzerritar asko bizi da gurean.

Zergatik uste duzu haizatzen dela islam xiitaren auzia?

Kanpotik esan da xiita iraultza dela. Gobernuak jokatu nahi duen karta da hori, erlijioarena eta elkarren aurka jartzearena. Atzean dagoena argi dago: zeinen leku estrategikoa den Bahrain, zeinen hurbil dauden Golkoko erregimenak; eta gurean iraultzak irabazi eta demokrazia baletor, eragina leukakeela noski Saudi Arabiako eta Arabiar Emirerrietako dinastietan.

Iranen arriskua ere aipatu izan da zenbait hedabidetan.

Ekialde Hurbileko tragedia da aktore gehiegik parte hartzen dutela, eta joko hori darabilte bertakoez arduratu barik.

Badago suniten eta xiiten arteko gerra pizteko arriskurik?

Gobernua horretan saiatu da: armak ere banatu ditu. Baina sunita asko oso behartsuak dira, iraultzarekin bat egiten dute. Ibrahim Xarif, esaterako, preso dago, eta sunita da. Lortu dugu protesta baketsuak egitea, iraultza baketsua izaten ari da, eta ez dugu uste besterik izango dela. Baketsu baina irmo, agintariak bota arte.

Zein erregimen dago Bahrainen?

Monarkian nagusi den dinastia kanpotik etorri zen, eta odolez gailendu, duela 300 urte. Bahrainek ez zeukan armadarik. Familia hura iritsi zelarik, erregeak dena kendu zien bertako biztanleei, asko hil zituzten, etxaldeak, lurrak kendu zizkieten. Gero Erresuma Batuak okupatu eta familia horren alde egin zuen. Gure historian okupatzaile asko izan ditugu; 1970ean britainiarrek alde egitean, Iranek Bahrain beretzat eskatu zuen, eta bahraindarrok ezetz esan genuen. Ez gara persiarrak, arabiarrak gara. Ondorioz, erregeari baietz esan zitzaion, baina demokrazia zen baldintza. 1973an, parlamentua lortu genuen; handik bi urtera, ordea, erregeak kendu egin zuen, Larrialdi Legea aldarrikatuta.

Horregatik matxinatu zarete orain?

Ez, 1992an ekin genion iraultzari, eta etengabe egon ginen 2000. urtera arte. Demokraziarako akordioa izenpetu genuen, 1973an legez. Elkarrizketa nahi izan dugu, baina ez da posible izan. Hala, 2011ko otsailaren 14an iraultza hasi zen. Orain, mugimendu handia da, arabiar udaberriarekin bat egin zuen. Hura piztu eta hilabetera, Saudi Arabiako militarrek inbaditu zuten Bahrain, eta Larrialdi Legea ezarri zuten berriz ere. Jende asko atxilotu zuten, hilketak izan ziren kalean eta espetxean, paramilitar maskaradunak, hamabost laguneko taldeak etxeetan sartu ziren, emakumeak bortxatu, meskitak txikitu, urrea eta dirua ostu... Baina Bahrainek ez zuen etsi, atzerriko ikerketa taldea etorri zenean ondorioztatu zuen Bahraingo biztanleria gobernuaren aurka dagoela. Baina gobernuak berean dirau, langileak, irakasleak kaleratu ditu, eta erregimenaren aldeko ezjakinek dihardute irakasle.

Kokatzeko, oso uharte txikia da Bahrain, ezta?

Lurralde txikia da bai, ez ditu mila kilometro koadro ere, nahiz eta itsasoari hartutako lurrekin azalera horretara hurbildu. Uharte txiki asko ere baditu; eta eremu horretan, erregeak lurren %60 ditu, eta guk, herritarrok %35. Errege familiak eta bestelako petroliodun milioidunentzat dira gure lurrak.

Protesta baketsuak aipatu dituzu. Poeta gisa, zein bide hartu duzue kulturgileek?

Bahraingo Idazle Elkarteko buru naiz. Gure jendea arabiar udaberriaren alde agertu zen hasieratik, eta Larrialdi Legea heltzean, iazko martxoaren 16an, asko kanporatu zituzten, espetxeratu ere bai, eta beste askori, neu barne, jazarri zitzaizkigun. Nire eta beste askoren aurpegiak telebistan zirkulu baten barruan erakutsi zituzten, wanted jarrita, atzerriko agente garela, traidoreak garela esaten, bai idazleak, bai kazetariak. Orain ia ez daukagu Bahraingo aldizkarietan idazterik. Ez dut ezkutatuko, tamalez, gobernuak beste idazle batzuk ere erosi dituela gure aurka idatz dezaten.

Zein konponbide izan daiteke urte eta erdiko protesten ondotik?

Orain ez dago akordiorik izaterik errege familiarekin. Hasieran monarkia konstituzionala eskatzen zuten manifestariek, eta hala nahi dute batzuek. Baina familia osoa ustel dauka, eta ezin diogu horrela eutsi. Joan beharra daukate. Ez gara gehiago haiez fio.

2011-10-30

Matxinadak eta galderak

Joan den astean —eta aurrekoan eta...-— milaka eta milaka lagun irten ziren Bilboko kaleetan. Unai Iturriagak idatzi du Autonomia kaleko asfalto higatuaz. Bildu legezkoa zela aldarrikatu zuten gau magiko hartan ere, inozoegia da pentsatzea Bilboko jendetzaren oihartzuna Madrilgo auzitegietako bunkerretara iritsi zela. Katalanek beren buruari emandako estatutua aldatzeak milioi bat lagun irtenarazi zituenean ere, Madrilek itsu eta gor jarraitu zuen.

Eskarmentu horrek eragozten dit beharbada iraultza zibikoetan asko sinestea. Gaur kutsu erromantikoz oroitzen dira duela hogei urteko protestak Ekialdeko Alemanian, Errumanian, Baltikoko herrietan; eta gerora Ukrainan, Serbian. Ezkerraren zati handi batek, berriz, Washingtonen —edo Parisen edo Berlinen, kasu batzuetan— konplot gisa ikusten du. Eta, ondorioz, gaitzesgarri dira protestok, ez dute benetan iraultzaile etiketa merezi. Arraultza ala oiloa, zer da lehenengo? CIAk iraultza muntatu eta herritarrek konpartsa egin ala herritarrak matxinatu eta Mendebaldea aprobetxatu ura bere errotara ekartzeko? Areago, batak zein besteak —eta gauzak gutxitan dira zuri eta beltz—baliogabetzen ote dute herritar soilen egiazko protesta?

Aipaturiko iraultza bakoitzarekiko badago ehunka daturekin frogaturiko konspirazio-teoria bat, dena Mendebaldeko bulego batean prestatu zela agerian uzteko. Eta esan dut neuri ere aski nekeza zaidala sinesten manifestariek erauzitako tiranoen irudi erromantikoa. Manifestazioengatik balitz, aspaldi konpondu genituen Euskal Herriko arazoak. Zalantzarik ez, badira azpiko urak ageriko irudien behetik. Eta une batean, tiranoak alde egiten du, itxuraz, manifestarien oldarraren ondorioz. Ez da askorik usnatu behar nazioarteko presioa, armadaren bultzada edo traizioa edo alde-aldatzea eta antzekoak ikusteko.

Zer eztabaida izan ote zituzten Anaia Musulmanek, Egiptoko armadak, Washingtonek eta Israelek Mubarak erortzen utzi baino lehen pasa ziren asteetan? Erasotzaileek amorru soilez hil dute Gaddafi ala Berlusconik/Sarkozyk gogorarazi diete hilotz batek sekretu guztiak gordetzen dituela? Biztanleria zibila babesteko birrindu ote ditugu —gure zergetatik erositako bonba eta hegazkinekin— Surt eta Bani Ualid? NATOren arrakasta izan da? Libiako erregaiak lortzeko? Arma-biltegiak hustu eta armagintza negozioak bultzatzeko? Baina Frantzia ez al zegoen prest uztailean Gaddafi onartzeko, kanpaina ez atzera ez aurrera zegoela ikusita?

Tunisiar gazte twitter zaleek iruzur egin ote digute, gazte moderno gisa agertu eta gure putakumea (Michele-Alliot-Marierena bereziki) kanporatzeko eta gero bizarra hazten utzi eta islamismoaren alde bozkatu? Libiako demokratek esan ote zioten Sarkozyri xaria izango zutela lege-iturri? Karlos Zurutuzak erreportajeetan erakutsi dizkigun matxino berbereak NATOko agenteak ote? Eskola eta kazeta amazigak, hizkuntzaren aurkako Gaddafiren errepresioa gezurretakoak ote?

Garai nahasiotan, pribilegioa da distantzia pixka batekin behatzea. Tunisiatik Siriara, Yemendik Bahreinera matxinatu diren gazteek, 2009an Iranen altxatu zirenak legez, kokoteraino daude itxaropenik ematen ez dieten tiranoez. Bizardun xiita antiinperialista edo sasi-sozialistak batzuk, inperioaren adiskide eta kolaboratzaile fin besteak, Saudi Arabiaren pantaila hurrengoak. Mendebaldeak luzaro jakin du matxino zintzo eta terrorista ankerren artean bereizten, lotsa izpirik gabe. Ustezko ezkerraren zati batek, tamalez, antzera ukatzen ditu bere buruzagien sarraskiak.

Ezer ez egitea ere zerbait egitea da (Srebrenica, Ruanda). Iranen edo Siriaren krimenak «barne-arazoak» direla esatean, Damaskorekiko kritika txikienik egin gabe, Irango gazte sozialista batek esan zidan mezua iristen zaie: nahiago genuke Suitzak edo Norvegiak askatzea, baina Israel edo AEB izan behar badira, bada, horiek libra gaitzatela apaiz hiltzaile hauetatik.
BERRIAn argitaratua