2013-06-02

Mundu bat Taksimen

Istanbulen bizi izan nintzen 2009-2010ean. Taksim plazan zehazki. Izen horrekin, plaza bera eta Istiklal kalea eta inguruko kalexkak biltzen ziren; alde baterantz Cihangir gentry-rantz jaisten ziren oinezko kaleak, bestetik, Urrezko Adarrera bidean, Tarlabasi dekadentea zegoen, milaka kurdu, ijito eta turkiar behartsuren etxeak erortzera uzten jaitsita. Bien arteko muinoan daude Istiklal kalea eta Taksim plaza, XIX. mende amaieran inperioko hiriburua europartzeko sortutako Pera auzunean. Galatatik Taksimera mundu bat dabil inurritegi batean bezala, geroz eta txikiagoa den komunitate sefarditaren sinagogak, kalean aurrera San Antonio eliza katolikoa, Greziako eliza ortodoxoa, Frantses Institutua, baita dozenaka kafetegi, taberna, pub eta gau eta egun bizi den hiria. Taksimek mugatzen du eremu zoragarri hori, hiriak Besiktas eta Sisliko etxeorratzetarantz egin aurretik. Eta plaza horren ondoan, aireportuko autobusak geratzen diren txoko horretan, bada parkea, udaberrian ezin atseginago Bosfororaino joateko astirik ez denean. Leku berde bakar hori ere porlanezko nahi du Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak, beste merkataritza eremu bat egiteko, antigoaleko ktusu otomandarrez. Parkearen aldeko protestek Madrilgo M15 edo New Yorkeko Occupyren antz handiagoa zuten Tahrir plazarekin baino. Turkiak Ekialde Hurbileko historia eta ondarea ditu, baina baita zorrotz —esan kurduei zeinen zorrotz— ezarritako ia mende bateko laikotasun errepublikarra ere.

Zelan bihurtu da, beraz, protesta bat horren neurrigabeko polizia-indarkeriarako motibo edo aitzakia? Taksim eta Beyogluko Inguru liberal eta laiko horretan ere, Turkiako Gobernuan den AKP Justiziaren eta Garapenaren alderdiak dauka alkatetza. Egunotan famatu den Gezi Park ondoko hotel batean bildu ohi gintuzten Istanbulen kreditatutako kazetariak, Gobernuak edo AKPren inguruko lobby eta institutuek, Turkiari, Europako Batasunari eta antzeko gaiei buruzko mintegi interesgarriak egiteko. Erdoganen ohiko jarraitzaileengandik (nekazari munduko, erlijiosoa, Anatolia barnekoa eta ez kostaldekoa) oso urrun dagoen sektore zabal baten babesa zeukan lehen ministroak, izan ere: militarismo kemalistaz gogaitutako sektore demokratikoak gogo onez hartu zituen armadaren boterea mugatzeko neurriak eta Europara hurbiltzea, botere ekonomikoak pozarren egon dira Espainiaren antzeko adreilu eta porlan egitasmoekin dirutza egiten, kemalismotik zetozen nazionalista batzuek ere gustura hartu zuten Turkia eskualdeko potentzia bihurtzea, eta ideia errepublikarrek isilarazitako islamismo nostalgikoak zabal besarkatu zuen neo-otomanismoa. Kurdu kontserbadore asko ere izan ziren, baina bigarren legealdirako bizkarra eman zioten. Sektore liberal eta demokratikoak umezurtz sentitzen dira berriz ere Erdoganen autoritarismoa eta konstituzio presidentzialista berria ikusita.

Siriako gerran hartutako jarrerak bonba-autoak ekarri dizkio Turkiari. Kurdistan autonomoa sortzen ari zaio Siriarekin daukan mugan bertan. Etxean, PKK gerrillak egin ditu urratsak, Turkiak oraindik ez. Ehunka kazetari, abokatu eta giza-eskubideetako aktibista daude preso edo epaiketa zain. Eta islamismoaren marka duten neurriek jendea gogaitarazi dute: gaueko hamarretatik aurrera alkohola saltzea debekatu berri dute, eta lehengo astean musu-protesta egin zuten Ankaran, hiriko metroan jarritako oharren aurka. «Moralarekin bat» jarduteko eskatzen zuten, bikote bat musuka harrapatu zutela eta. Mundu musulmanean eredu gura zuena, Istanbul kosmopolita, lehertu egin da. Ez kamerarik ez dagoen Kurdistango kale eta herrixketan, jipoituetan jipoituen. Gasez, tiroz zein hegazkinez bonbardatutako kurdu behartsuei ordez, klase ertaineko gazteei, turkiar zein kurdu —ez ahaztu bizpahiru milioi kurdu bizi dira Istanbulen, Kurdistanen ere ez dago horrenbeste biztanle duen hiririk— oldartu zaie polizia. BDP alderdi kurduko diputatu Sirri Sureya Onder dago zaurituen artean. Eta Turkia osoan hedatu dira protestak.

BERRIAn argitaratua

No comments: