2013-06-16

Laidoa

Laidoa (grievance ingelesez, agravio gazteleraz), sezesio-prozesu baterako bultzatzaile garrantzitsua izan ohi da. Katalanek Estatutuaren murrizketan daukate laidoa, eta fiskalitateak hauspotzen du sentimendu hori. Eta zein da gure laidoa? Ez Gernikak, ez LOMCEk, ez torturak, ez Egunkaria ixteak, ez lehendakaria espetxeratzeko edo autonomia kentzeko mehatxuek ez dute indar katalizatzaile nahikorik izan, prozesu sezesionista pizteko. Baina hara non, kontzertu ekonomikoa eta konbenioa aipatu, eta bat egin duen klase politikoak. Espainiako agintariek ere nabarmendu dute hori. Paradoxikoa da, baina euskaldunoi edozer egitea libre zela uste zutenek, ikusi dute marra gorria. Itxi kazetak edo aipatu armada, baina kontzertua ez ukitu.

Laidoa falta du Eskoziak ere, ziur aski. 500 egun baino gutxiago falta dira 2014ko irailaren 18ko erreferendumerako. Epea murrizten, eta independentisten datuak ez doaz hobetzen; aitzitik, unionismoak indartzen dirudi. Oraingoz, eskoziar gehienek ez dute sinetsi Eskoziako estatu batean Erresuma Batuan baino hobeto biziko direnik. Argi ikusi dute libre direla estatu bat eraikitzeko. Garrantzitsua da libre zarela sentitzea, ez zaudela zapalduta. David Cameronek asmatu du erronkari erantzuten. Eskoziarren laidoa, gobernu kontserbadoreen neurrietatik etorri ohi da, izan ere: ingelesek bozkatzen dute eskuina, baina haren politikek, osasunean esaterako, eskoziarrei ere eragiten diete. Eskoziako hezkuntza-sistema arrakastatsu eta publikoa, esaterako, autogobernuaren zutabe garrantzitsu dute, Ingalaterrako sistema klasistaren aldean. Pentsaezina da LOMCE legerik Eskozian. Itxaropena, beraz, Ingalaterran Independentziaren Alderdiko ultren gorakadan eta torien eskuineranzko joeran dago.

Katalunian ere laino beltz batzuk hasi dira agertzen. Artur Masek legealdia betetzea espero zuela esateak 2016raino darama bere agintaldia. Ez dirudi oso logikoa 2014an Estatu katalana eratzeko erreferenduma egin nahi duen agintariarengan. Esquerra Republicanak berehala erantzun dio: galdeketarik ezean, akabo babesa. Eta ez dabil 2014ra soilik begira. CiU eta ERCren arteko hitzarmeneko sei puntuetatik hiru bete dira: Kataluniako Herriaren Subirania Adierazpena, kontsulta-legea onartzea, eta Trantsizio Nazionalerako Kontseilua eratzea. Beste bik 2013ko abenduan dute epea, kontsulta deitzeko. Baina falta den puntuak dio Espainiako estatuarekin negoziazio eta elkarrizketa prozesua irekiko dela, eta data jartzen dio: 2013ko lehen seihilekoa. Joan Tarda diputatuak gogorarazi zion ostegunean: «Presidenteak ez baditu betetzen ERCrekin dituen akordioak, garesti ordainduko du, ziur. Ekaina amaitu baino lehen, Estatuari baimena eskatu behar dio erreferenduma egiteko». Ez da Espainiatik ezer lor daitekeelako, aldebakarreko bideari ekin aurretik bestelako bideak agortu behar direlako baizik.

Urak nahasten eta giroa gaiztotzen ari zelarik, inperioak super-heroia bidali du Londrestik. Benetako inperioak alegia, ez Madrilen nahi eta ezin nostalgiko horretan (argigarria izan zen Eneko Bidegain ostegunean Bilbon, nazionalismoari buruzko mintegian, Ipar Euskal Herriko abertzale kopuru apala aipatzean: ez da gauza bera frantses izateaz harro egotea, edo espainiartasunaz). Cameronengana buelta: «Ez dut uste zuzena denik ezikusi egitea nazionalitate, independentzia eta nortasun gai hauei, jendeari erabakitzen utzi behar zaio». Inork galdetu gabe, estatu baten izena erantsi zuen, ez Suedia edo Australia, zalantzarik balego ere: «Ez nintzateke inoiz ausartuko esatera Espainiako jendeari nola egin behar dieten aurre euren erronkei, Espainiako gobernuaren eta lehen ministroari dagokie hori». Vicent Partalek esan bezala, «ez zuen Katalunia aipatu, ez zen beharrezko».

Hurrengo batean aipatuko dugu nazioarteko babesaren garrantzia, Europako sezesio guztietan ikusi den legez.

BERRIAn argitaratua

No comments: