2013-04-14

Estatura bidean

Aski esanguratsua izan zen: Kataluniako inkestek babes zabalena ematen dioten alderdiko ordezkaria Espainiako Kongresuko eskaileretan behera, katalanez egiteagatik Jesus Posada presidenteak berba kendu ziolako. Agerikoa zen: katalanak Espainiatik kanporatu egiten dituzte. Katalan diputatuei emandako mezua ez zen izan Espainian behar zutela soilik, agerian utzi zieten katalan izaterik ere ez zutela.

Harresia hasi da pitzatzen, ordea. Artur Mas lehendakaria Espainiako Mariano Rajoyrekin bildu da, baita Alfredo Rubalcaba oposizioko buruarekin ere. Fiskalitatean negoziatu nahi du presidenteak, Konstituzioa aldatzea proposatu dio PSOEkoak. Espainiak ohi duen estiloan, berandu eta txarto. Guraso bakarrak gela osoa espainoltzeko eskubidea daukala esan dioten aste berean azenario txikia jarri nahi izan diote Artur Masi. Bai, Zapaterorekin estatutua urardotu zuen Mas bera da, baina katalan herriak bide luzea egin du honezkero, lehendakariak atzerantz egiteko. Katalan herriak berarekin eraman du Mas, Espainiatik oso urrun dagoen lekura, basamortua igaroarazi diote. Balizko zubi guztiak —Estatutua, itun fiskala, Espainia federala edo katalanezko hezkuntza—, aspaldi zartatu zituzten espainiar politikariek eta epaileek.

Trantsizio Nazionalerako Kontseilua estatu-egiturak definitzen ari da. Ekainerako prest nahi dituzte. Espainia berriz, orain hasi da iazko ikasgaiak gainditu nahian. XXI. mendeko independentismo demokratiko batentzat sparring baldarregia da Espainia. Madril gusturago moldatzen da euskaldunekin. Egurra eman eta jaso. Carlos Taibo idazleak aipatzen zidan ideia hori: Espainiari Euskal Herria baino gorrotagarriago zaiola Katalunia. Ikasgelako bi astokiloek min emango diote elkarri, baina Katalunia betaurrekodun ume dakusa, argi bezain maltzur. Indarraren xalotasunetik urrun inteligentzia maltzurra baino ez dio ikusten. Topikoan sakontze aldera, euskaldunak —eta espainolak— sentimenduz ariko lirateke, okerrak izan arren, baina patrika leukake katalanak gidari. Nahi bezala mespretxatu dezake Katalunia, ezinegonak ezinegon, negoziatu beharko du Espainiak. Gaur galdeketa negoziatu dezake. Bihar dibortzioaren ondorioak negoziatu beharko ditu.

Itxaropena piztu beharko luke: Artur Mas independentista bihurtu bada, hemen ere posible da. Hango etxeko lanetatik ere ikasi beharko litzateke; ERCk iaz itun fiskalaren alde bozkatzean, esaterako. Bazekiten ez zela horretarako unea, independentziarako baino, baina ez zioten Masi porrota eman nahi izan; aldamenean behar zuten, ez aurkari. Konparatu IƱigo Urkulluk asteon aurkeztu duen egitasmoarekin. Espainiar eskuinarentzat EAEko lehendakaria haustura sezesionistaren bidean sartu da. Euskal independentismoak berriz, egitasmoaren alde lausoak salatu ditu, erreferendum hitza desagertzea adibidez. Zilegi da, baina estrategia independentistan eraginkorragoa litzateke bide horretan sakontzera adoretzea. Definizioz segurola samarra izango den lehendakariari konfiantza ematea. Eta erakustea, gainontzekoan muturtuta ibili arren, Katalunia eta Eskoziaren uberan bidelagun izango direla, lasai egin dezakeela uretara jauzi, Legebiltzarraren ia bi herenen babesarekin.

Astelehenean hildako Margaret Thatcherrek samina ekarri zion Irlandari. 1981eko gose-grebalariak adibide argien. Baina Eskoziari begiak irekiarazi zizkion, halaber. Alex Salmondek gogora ekarri du. Ingalaterrarako neurri antisozial berberak hartu zituen Eskoziarako, baina kontserbadoreak gutxiengoan ziren han: «Askatasunez esan dezaket hark bizkortu zuela Eskoziako Parlamentu baten aldeko mugimendua, jendeak ez baitzuen gehiago ikusi Parlamentua ideia polit bezala. Herrialdearen gizarte-egitura babesteko ezinbestekoa zela ikusi zuten».

David Cameronek badaki zer ez egin. Espainian berriz, Thatcherrek gorroto zituen thatcherzaleak daude agintean (nazka victoriarra zien Gibraltarren auzokideei). Baina askoz baldarragoak dira.

BERRIAn argitaratua

No comments: