2013-02-10

Talka

XXI. mendearen hasieran, lehen hamarkadan, sezesio prozesu bik markatu dute Europan: Montenegrok eta Kosovok. Lehena Jugoslaviako errepublika federala izan zen eta, montenegrotarrek eta serbiarrek etnikoki nortasun ia berbera izan arren eta independentziaren aldeko eta aurkakoak ia berdinduta egon arren, Serbiak berehala onartu zuen erreferendumean ehuneko 55ek bereiztearen alde bozkatu zutela. Handik aste gutxira gauzatu zen; eta Nazio Batuetan aulkia lortu zuen Montenegrok. Kosovok ere Montenegroren antzeko estatusa izan zuen Jugoslaviako azken urteetan, presidentetzaa kolegiatuan parte hartzen zuen errepublika federalen pare, baina teknikoki Serbia barruko probintzia zen. Hala eta guztiz, etnikoki homogeneotasun handienetakoa zeukan lurraldea zen, Kroazia edo Bosnia-Herzegovinarekin alderatuta, albaniarrak ziren bost biztanletik lau —orain bertan, ehuneko 90etik gora— eta Serbiatik bereizteko borondatea zalantzarik gabea zen. Oso bestelako jarrera izan du Belgradek, ordea, eta ez du onartzen Kosovoren independentzia. Aldarrikapen hartatik bost urte betetzear direla, Bruselan bildu dira asteon lehenengoz bi herrialdeetako presidenteak.

Mendebaldeko Europan aurreratuen diruditen sezesioek geroz eta antz handiagoa daukate Serbiaren bi jarrerekin. Montenegrorekiko izan zuenarekin alderatu dezakegu Londresek Eskoziarekin daukana. Are antz handiagoa dauka Kosovorekikoak, Espainia berariaz jarri baita Belgraden aldamenean auzi horretan; jarrera hori daukan Europa mendebaldeko herrialde bakarra da.

Kataluniak bide orria argi eta biluzik agertu du; ez da Espainia askorik ezagutu behar tren-talka iragartzeko. Atzera edo bazterrera egin dezakete katalanek, baina aurrean harresi itzela daukate —geroz eta pitzatuago, hori bai—. Lluis Llachen Estaca-ren sinboloa sarri erabili da, nahiz eta katalan lagunen batek hau aitortu didan: «Uste genuen zeuek botako zenutela, edo zirrikituren bat egin gutxienez, eta zuekin batera irtengo ginela Espainiatik, edo justu zuen ondoren, zirrikitua itxi baino lehen». Gaur, Espainia pitzatzen nabari da; irteteko arrakalarik ez, ordea. Eta Euskal Herrian zelan eta nora irteteko plan askorik ere ez da nabari, ezta katalanek harresi osoa birrinduko balute ere.

Elizabeth Erreginaren lurraldeetan oso desberdin daude gauzak. Eskoziak independentziarako trantsizioa aurkeztu berri du egunotan; iraganeko esperientziak ikusita, urte eta erdi inguruko prozesua iragarri dute, 2014ko udagoienean erreferendumak irabaziz gero. Hala, 2016ko udaberrian aldarrikatuko luke Edinburgok Eskoziako estatua, aurretik Londresekin dibortzioa ondo adostu eta negoziatuta. Aurkariek idia gurdien aurretik jartzea leporatu diote Alex Salmond lehen ministroari, oraindik ez baitu erreferendumaren data argitu.

Bistan da, Londresen jarrerak ez dio askorik eragini Madrili... baina bai Ottawari. Kanadako Parlamentuan Quebeci buruzko proposamena aurkeztu du NPD-NDP Alderdi Demokratiko Berriak, oposizioko lehen alderdiak. 2000ko Clarity Act-ek dioena emendatu nahi du, bi baldintza nagusi ezartzen baititu erreferendumerako: galdera argia egitea, eta zehazten ez duen —baina erdia gehi bat baino gehiago den— gehiengo argia. «Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago izatea» aski izatea proposatu du NPD-NDPk, independentziaren aurka egonda ere. Eskoziako prozesuaren eragina.

Bien bitartean, Espainiak uste baino lehenago jarri du Kataluniaren aurkako makineria. Burujabetza-adierazpenak inongo baliorik ez zuela iragarri zuen hasieran, baina ez, helegitea horri ere jarriko diola esan zuen ostiralean Soraya Saenz de Santamaria bozeramaileak. Kanadan argi adierazi dute egunotan: probintzia bateko gobernuak sezesiorako mandatua jasotzen, herritarrek galdera argiari erantzunda, gainontzeko lurraldeen eta Estatuaren ardura da probintzia horrekin esertzea eta negoziatzea. «Argi hitz eginda: arazo politikoa eta konponbide politikoa behar du», esan du Charles Taylor federalistak.

Espainiak berriz, bere trenari bizkorrago joateko esan dio, talka lehenbailehen izan dadin.

BERRIAn argitaratua.

No comments: