Poemak eskatu ditugu Euskal PEN Klubean, Gernika gogoratzeko, beste
Gernikez oroitzeko. Ekintza xumea izan da, han-hemenkako lagunen artean
banatua, saretik hedatua, eta ez du emaitza txarra izan: berrogeita
hamarren bat poema helarazi dizkigute. Herena-edo, euskaraz, ez denak
Euskal Herritik, egun kontinente guztietan aurki ditzakezu euskaldunak.
Gainontzekoak,
dozena bat hizkuntzatan iritsi zaizkigu: ingelesez, italieraz,
txekieraz, arabieraz... eta hortik aurrera, hizkuntza gutxituetan:
uigurrek, kurduek, bretoiek, Mexikoko nahuatek... Danimarkan
erbesteratutako Noufel Bouzeboudja kabiliar poetak idatzi zigun,
Aljeriako triskantzez, amazigh herriaren gaitzez: «Udaberri gorriak,
beltzak / Heriotzari muxuka ari gara oraindik».
Azken poema
Kaukasotik jaso dugu, 1864ko adigeen hondamendia («txerkes» edo
«zirkasiar» deitu diete ingelesez, errusieraz eta turkieraz)
gogorarazten: Errusiak Kaukasoko Itsaso Beltza konkistatzeaz bat, hango
biztanle indigenen ehuneko 90 kanporatu zituen, Otomandar Inperiora.
Haien ondorengoetako askok ez dute arrainik jaten oraindik, hondoratu
ziren ahaideez gomutan. Hizkuntzalari askok baztertu dute lotura —froga
aski ez, oraindik gutxienez— hizkuntzalaritzaz harago, teoriek, okerrak
izanagatik, sortu dute laguntasunezko harreman luzea. Topatu dut
txetxeniarrik Bilbon, georgiar mordoa bizi da gure artean, baita
Kaukasoko beste hainbat herritakoak ere. Eta adige edo zirkasiarrek,
Gernikak 75 baditu eurak genozidioaren mende eta erdia gogoraraztear
daudela idatzi digute. Irainari gradu bat igotzeko, hondamendiaren
lekuan, azken gatazka gertatu zen lekuan bertan, 150 urtera, Sotxiko
Neguko Olinpiar Jokoak egin asmo ditu Errusiak. Webgunean badakartza
handik pasatu diren dozenaka herriren berri, greziarrekin hasi eta
eslaviarretara, baina jatorrizkoez berbarik ez. «Historia denboraren
lanbroan nahasi da / Adigeak; gertatu den guztia / Gure ama hizkuntzan
salatuko dut / Adige arima bat kanta ahoskatzen. // Nire ama lurrean
ere, / Hilarria ere erauzi didate / Ez al dugu gogoan adigak garela?/
Oroimena galdu ote dugu?» diosku Luba Balagovaren idazlan indartsuak.
PEN
Kurduko lehendakariak ere bidali digu: «Zer gertatuko litzateke
noizbait jakingo bazenu / Inoiz ez duzula hori aita izan? / Zure
sentimenduak iratzartzean, / Txori askatu berrien saldo bat bezala /
Zuzenean Kurdistanera hegan?», baita Siriako kurdu batek ere, «Erruki
zaitez, Zianuro jauna, / sufrezko ziapea, / prozedura kimikoak… / Erruki
zaitezte ume kurduen gorpuez». Irakeko Halabjaz dihardu, Fermin
Muguruzak «Gernika kurdua» deitu zion hiriaz, 1988ko sarraskia gogoan.
Maseual
Sentiopilek «Lora daitezela egun berriak» izenekoa bidali digu
nahuatleraz; Mexikotik munduko beste muturrean, Txinako asimilazioari
aurre egiten dion uigur herriko Aziz Isak, «Eragotzitako emozioak»
igorri digu: «Tarim ibaiaren arro zaharreko nire apopiloa, / Bizirik al
zaude oraindik nire argipean? / Taklimakan-go basamortua lotan al da
oraindik?».
Etxekoez ezin ahaztu, noski, Joxeaustin Arrietatik
Urtzi Urkizura, alfabetikoki, baina mundura begiratzeko txokoa dugu hau.
Behingoan, mundutik guri begiratu digutenen berri ere ekarri gura
nizuen, 75 urte bete diren honetan. Madrilgo Reina Sofia museoan baino
Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren atarian dagoen erreplika
muralean jar ditzagun begiak. Hurrengo urteurren biribilean Euskal
Errepublikako ordezkariren bat egongo delakoan berbetan Picassoren
irudiaren aurrean New Yorken.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment