XXI. mendean hiru estatuk lortu dute aulkia Nazio Batuen Biltzar
Orokorrean: Ekialdeko Timorrek (2002), Montenegrok (2006) eta Hego
Sudanek (2011). Beste hiruzpalau herrialdek independentzia aldarrikatu
dute, baina onarpen osorik ez, eta ez daukate ordezkaritzarik NBEn.
Kosovo da ezagunena, estatu gehienen onarpena daukana, baina asko dira
onartzen ez dutenak oraindik. Asteazkenean galdeketa antolatu dute lau
serbiar udalerrik: «onartzen dituzu Kosovoko errepublika deiturikoaren
erakundeak?». Denak dituzte aurka, albaniarrak ez ezik, baita Brusela
eta Belgrado bera ere, Europako Batasunean sartzeko oztopo direlakoan.
Europa Hegoekialdeko Egonkortasun Itunerako koordinatzaile ohi Erhard
Busek izan da denek buruan dutena adierazi duen bakarra: partizioaz,
estatuaren zatiketaz negoziatzen hasi beharko lukete Pristinak eta
Belgradok. Kosovo iparra Serbiara itzuliko litzateke, eta Serbiaren
menpe dagoen Presevo albaniar harana Kosovora. Akordioa lortuta, mundu
osoko errezeloak jausiko lirateke, Kosovo NBEn sartuko litzateke eta
Serbiak EBrako argi berdea jasoko luke. Are garrantzitsuago, bateko eta
besteko herritarren borondatea beteko litzateke.
Baina horrek
mugak aldatzea dakar, eta halako dardarizoa dute batzuek horrelakoa
irudikatze hutsarekin. Mundu hispanikoak dauka nabarmenen muga zurrunen,
eta aberriaren defentsa sutsuaren jarrera hiperbolikoena. Guatemalak ez
zuen Belize britainiarra onartu, Venezuelak Guyanako lurraldearen erdia
baino gehiago aldarrikatzen du, eta Malvinak edo Falkland uharteak
berriz daude titularretan. Buenos Aires Londres baino hurbilago dute,
baiki. Baina britainiarrak dira biztanle guztiak, Argentinarekin inongo
loturarik gabe. Motibo gehiago leukake Espainiak Gibraltar
aldarrikatzeko. Baina ez dira hamar urte horretaz galdetu zutela, eta
Espainiari ezetz esan zion herritarren %98k. Argi esanda: Espainiak ez
du kilometro bakar bat lortu bertakoen borondatez. Ingalaterraren
inperio erraldoiaren ondorio dira kolonia zahar horiek, baina duela hiru
mendeko gerra batek argudiatu ote dezake egungo biztanleen estatusa?
Pragmatismoz
jokatu ohi du Londresek. Bermudak ez bereiztea ebatzi zuen 1995ean.
Gibraltarrek antzeratsu 2002an. Malvinetako biztanleek nahi balute,
berehala lirateke argentinar. Eta Eskoziaren ondoren Ipar Irlandak
Hegoaldeko errepublikarekin batzeko txanda dela jakinarazi du Martin
McGuinnessek. Ez dute espanturik egin unionistek ere, beldur handiagoa
diote orain Eskoziaren independentziari. Eskoziar sustraiak dituzte, ez
ingelesak, unionista askok. Eztabaida luze doa. Denek dute argi
Westminsterren baino hobeto egiten dituztela gauzak etxean. Eta Eskozia
gabe, Ingalaterrak bostehun diputatu izango ditu 550 aulkiko
Parlamentuan. Zein leku luke Galesek horrelako Erresuma Batuan? Galesko
abertzaletasuna hizkuntzan oinarritu da historikoki, Eskoziakoa ez
bezala. Eta paradoxa horri aurre egin behar dio: galeserak
independentzia behar du, baina galeseraren aldarrikapenak ez dakarkio
botorik Hegoaldeko industrial eta ingeles-hiztunean. Man uhartea aspaldi
da burujabea, eta «guk ere bai» esan berri dute independentistek.
Kornuallesek ere Ingalaterrako konderri izateari utzi eta bereizitako
herrialdea izatea eskatzen duten abertzaleek geroz eta babes handiagoa
daukate (baita Plaid Cymruren sostengua ere).
Eskoziak ilusio
handia piztu du Europako hainbat herritan. Eta Euskal Herrian? Jeltzale
bat baino gehiago liluratu da, zer esan abertzale suharragoez. Eskozia
eta Euskal Herria dira independentziaren aldeko faktore gehien
dituztenak, Karlos III. Unibertsitatearen ikerketaren arabera. 2014
Eskozia bada, 2016 Euskal Herria? 2018? Paradoxikoa dirudi, baina
Independentistak Sareko kide batetik iritsi da ur hotza, «Benetan uste
dugu independentziaren atarira iritsi garela?» zioen duela astebete.
Lurraldetasuna omen lehentasun, «subjektua osatu eta indartu behar dugu
euskal herritarrok eta katalanek, beste urratsik eman aurretik».
Katalanek jaramon gutxi egin diote, eta prest dute Biltzar Nazionala,
martxoaren 10ean aurkezteko eta 2014ko independentzia prestatzeko. Ondo
dakite, dena ala ezer ez galdetzean, ezer ez izaten dela ia beti.
Eskoziako olatua har lezakete Irlandak, Faroe uharteek, Kataluniak zein
Groenlandiak. Baina ez Euskal Herriak, independentistek eurek onartzen
badute oraindik ez dela unea. 1991ko olatua joan zen, eta 2014koa ere
lehorretik ikusiko ei dugu, ontzia noiz beteko zain, duela bost mendeko
batailak gogoratzen.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment