2009-02-25
2009-02-22
Sinboloak
Munduko leku askotan daude antzeko ohiturak, baina niri Rigan kontatu zidaten. Daugava ibaiaren gaineko zubi bateko barandetan ehunka giltzarrapo ikusi genituen lotuta. Laster jakin genuen motiboa: bikote ezkonberriak bere giltzarrapoa jarri, giltzaz ondo itxi eta Daugavako uretara bota zuen giltza. Betiko maitasuna adierazteko sinbolo ei da ekintza hori, maitasuna ezerk hautsiko ez duela adierazteko edo.
Niri gauza itsusia iruditu zitzaidan. Bistan dago giltzarrapoak, giltza barik ere, erraz apurtu eta zabal daitezkeela. Baina itsusiena maitasuna kate eta giltzekin nahastea egin zitzaidan. Borondatez eta gogotsu beharko lukeen zerbaiti giltzarrapoa jartzea maitasuna kateatzea iruditu zitzaidan, halabeharrera zigortzea pertsona biren sentimenduak. Letoniar haientzat, baina, maitasun adierazpen gorena zen zubiko giltzarrapoa.
Herri askok ohitura zurrunei eutsi diete. Kaukaso aldeko hainbat herritan debekatuta dago komunitateko jende nagusiarekin berbarik trukatzerik haiek solasa hasi ezean. Zapata jaurtitzeak arabiarren artean duen sinboloaz ere ikasi dugu zerbait aspaldion. Israelen sarraskian ikusi ditugu banderak erretzen mundu zabalean, baina deigarriagoa egin zitzaidan islamiar erakunde bateko bileran zelan atera zuten Israelgo bandera dotore bat (ez kartulina pintatu bat), oholtzara zihoazen eskaileretan jartzeko. Hartara, igotzen ziren denek bandera zapaltzen zuten.
Gurean protokoloari oso garrantzi eskasa eman izan diogu, naturaltasunaren izenean. Eta horrelako tirabirak sortzen dira tarteka. Gogoan dut alkate kurdu bat euskal taberna batera sartu zenekoa. Hormetako presoen argazkiez galdetu zuen, eta afari modu lasaia egiten ari ginela, paperezko zapietan zer zekarren itaundu zuen. «Euskal presoak Euskal Herrira», erantzun zioten. «Bada, jakin banu, ez nituzkeen erabiliko. Niretzat, presoekiko iraina da beren irudiekin muturra garbitzea».
2009-02-18
Kosovok independentziaren lehen urteurrena ospatu du
BERRIAn argitaratua
Pristinako kaleetan ez da iazko bozkariorik izan, herrialdeko txoko guztietatik Pristinara bildu badira ere albaniarrak
«Askapenaren borrokako beste heroiak» izan ditu gogoan Thaci lehen ministroak
Banderaz josita ageri zen Pristinako Nene Tereze (Ama Teresa) oinezkoen kale nagusia. Albaniarren gorri-beltza eta iaz onartutako Kosovoko estatuarenaz gain, herrialdea onartu duten herri garrantzitsuenenak ikus zitezkeen. Jende arruntak, berriz, musikaz, dantzaz, eta Balkanetan ohi denez, zaratatsu ospatu zuen beren estatuak urtea bete izana.Ez zen independentzia aldarrikapenaren eguneko bozkariorik izan Pristinako kaleetan, Kosovo osotik eta albaniarrak bizi diren estatuetatik milaka lagun etorrita ere. Errealitate gordinari aurre egin behar izan diote beren burua estatu independente aldarrikatu duten lehen urtean. Ondorioz, balantzeetarako baino itxaropenari eusteko eguna izan zen atzokoa.
Paristik etorritako albaniar batek urrats egokiak egiten ari zirela zioen, kaleko gertaleku nagusirantz zihoala. «Herrialde garrantzitsuenek onartu dute Kosovo eta etorkizunean gehiagok egingo dute, bide egokian gaude». Pristinar batek ere iazko eguna errepikatzeko asmoa zuela zioen: «Kosovori urtetan gertatu zaion gauzarik garrantzitsuena izan zen independentzia aldarrikatzea». Gazte askok beste era batean parte hartu zuten ospakizunean. Ikasle bat kexu zen independentziak ez zuelako aukera gehiagorik ekarri, eta ikasketen ostean gazte askok zeukaten etsipena aipatzen zuen. Gorri-beltzez jantzitako beste mutil batek ere sentimendu gazi-gozoak zituen: «Egia da, independentzia aldarrikatu beharra zegoen, eta oso garrantzitsua izan zen, baina arazoak ez dira konpondu. Pobrezia izugarria da oraindik, baita langabezia ere; gainera, Kosovok oso biztanleria gaztea dauka, hemen ez dute perspektibarik eta kanporako zailtasunak baino ez».
Ospakizun ofizialak
Kosovoko Gobernuak antolatutako ekitaldiak goizean goiz hasi ziren, estatu berriko Parlamentuan egindako bilera berezian. Legebiltzarkide serbiarrek parte hartzeari uko egin zioten eta ez ziren Pristinara joan. Fatmir Sedjiu Kosovoko presidenteak, Hashim Thaci lehen ministroak eta Parlamentuko presidente Jakup Krasniqik hartu zuten hitza, Kosovoko herriari zorionak emateko, estatu berriak urtea bete duela eta. «Gu guztion urtebetetze eguna da gaur», esan zuen Thacik. Sedjuk berriz, Ibrahim Rugova presidente ohi eta alderdikidea izan zuen gogoan, baita Adem Jasari gerrillaria eta «askapenaren borrokako beste heroiak» ere. «Harro gaude gure arbasoek egindakoaz, eta zorionekoak gara estatu independente eta burujabea den Kosovon bizitzeagatik», esan zuen presidenteak.
Kosovoko orkestra filarmonikoaren kontzertua izan zen jarraian; kalean Independentziara bidean izeneko ekitaldia zen. Gaua iritsita, txapliguek argitu zuten Pristina, Prizren eta Kosovoko beste hiri batzuetako zerua.
Herritar arruntek berriz, kalean edo tabernetan jarraitu zuten ospakizunekin. Asko izan ziren goizean goiz Ibrahim Rugova presidente izandakoaren hilobia bisitatu zutenak, eta beste horrenbeste egin zuten milaka herritarrek Kosovo osoan dauden UCK-ko gerrillarien aldeko hilobi eta oroitarrietan. Urdinez jantzitako neska-mutilek ere lore gorriak banatu zizkieten Pristinako kaleetan zebilen jendeari.
Negozioak ere tartea izan zuen Pristinan, bandera eta oroigarri saltzaileen eskutik. Albaniako kolore gorri-beltzak ziren nagusi jende askoren arropatan, baina begi bistakoa zen Gobernuaren ahalegina bandera berriko urdina eta horiak ere indar har dezan. Nork bere gustukoa jantzi edo aurpegian margotu, askok zeramatzaten bandera biak, eta batek baino gehiagok UCK gerrillakoa ere bai. Kaleetan eskegitako bandera mordoaren kontrastean, atzerriko bat zen nagusi kosovoarren artean: AEBetakoa, eta batek baino gehiagok zeramatzan NATO eta Washingtonekiko esker oneko mezuak.
Serbiarren protesta
Kosovoko biztanle serbiarren jarrera oso desberdina izan da. Baita Serbiako estatuarena ere. «Kosovo ez da estatua», esan zuen Boris Tadic presidenteak, eta Novi Sad herrialdeko bigarren hirian protestak egon ziren. Baita Kosovoko serbiar herrietan ere, iparraldean bereziki. Atzo goizean bilera berezia egin zuen Serbiako Parlamentuak; gero hainbat parlamentario Kosovorantz abiatu ziren. Mitrovica hiri zatitutik hurbil dagoen Zvecan herrian bildu ziren Kosovoko serbiar udalerrietako ordezkariekin, independentziaren aurkako ekitaldia egiteko. Tartean zen Kosovorako Serbiako ministro Goran Bogdanovic
Oliver Ivanovic politikari serbiar-kosovoar moderatuak egungo egoerak dakartzan arriskuez ohartarazi zuen. «Tentsio handiko egoera daukagu 2008ko otsailaren hamazazpitik; serbiarrek ez genuen onartu independentzia, baina albaniarrek uste dute denek onartu behar dutela. Tentsioa sortzen du horrek, eta erraz haz daiteke. Elkar ezin ulertu horrek hainbat arazo sorrarazi dizkigu Mitrovican», azaldu du Ivanovicek.
Albin Kurti: «Kosovo ez da aparteko kasua»
Albin Kurti
Vetevendosje mugimenduko kidea
Independentziaren urteurrena ez ospatzeko deia egin du Kosovoko ahots errespetatuenetakoak. Kolonizazio egoeran dago nazioa haren ustetan, beste asko bezala.
Albin Kurti Kosovoko kontzientzia errespetatuenetakoa da. Vetevendosje (Autodeterminazioa) mugimenduko aurpegi ezagunena denak, independentziaren ospakizunetan ez parte hartzeko deia egin du. Serbiak bi aldiz espetxeratu zuen, eta gero Kosovoko NBEren administrazioak, protesta baten ostean NATOko poliziek bere bi lagun hil zituenean. Egungo egoerari kolonizazio deritzo Kurtik, eta munduko beste herri askoren antzekoa dela uste du.
Kosovoko independentzia aldarrikatu eta urtebetera, zein balantze egiten duzu?
Gobernuak ospatu egiten du. Bere lehen helburua herrialdea batzea eta garapen ekonomikoa izan beharko luke, baina berrogeita hamalau herrialdek onartu gaituztela diosku, eta bide horretan izango dugula aulkia NBEn. Baina hori ez da lurraldearen batasuna bezain garrantzitsua. Bosniak aulkia dauka NBEn, onartutako herrialdea da eta mapan estatu bat dirudi, baina barrura begiratuta, ez da hala.
Autodeterminazio ia beti independentziarako bide gisa ikusi izan da, eta Kosovoko gehiengoaren asmoa argi dagoela argudiatu izan dute. Zergatik uste duzue beharrezko dela erreferenduma?
Niretzat autodeterminazioa independentzia erreferedum bidez ebaztea da, ez munduak kasu berezi bezala inposatzea. Kasu sui generis-a dela diote, ez dadin besterik egon, ez Taiwan, ezta Tibet, Txetxenia, Katalunia eta Euskal Herria ere. Hori eragozteko definitzen dute sui generis, nire ustez benetako arrazoia da esperimentatu nahi dutela, nolabaiteko aginte internazional arbitrarioa ezarri, halako postkolonialismoa. Horregatik, autodeterminazioa independentzia baino garrantzitsuago da. Independentzia badaukagu, baina ez geuk erabakitakoa, formalki baino ez da, edukirik gabea, burujabetzarik gabea. Eta burujabetzarik gabe, ez dago garapen ekonomorik, pobreziara kondenatzea da.
Aldarrikapenak dio Kosovo kasu berezia dela. Bestalde, ez da existitzen Kosovoko nazioa. Zuek albaniarrak zarete naziotasunez.
Kosovo ez da aparteko kasua, inondik inora. Estatu baten erasoa jasan dugu, eta orain kolonizatuta gaude. Ni albaniarra naiz. Kosovoko nortasun hori ezarritako da, asmakuntza inperialista.
Iaztik hona bandera berria gehiago ikusten da, nahiz eta denek aitortu albaniarrena dela benetan maite duzuena.
Kosovoko bandera eta eresia inposatu egin dizkigute, jendeak bozkatu gabe, ez dute historiarik. Jendeak Albaniarekin bat egitea nahi du, baina klase politikoak ez. Zergatik? Botere kuota txiki horiei heltzeko, nork bere txokoan. Geroz eta gehiago esperimentatu gurekin, geroz eta antzuagoa izango da Kosovoko estatua eta geroz eta gehiago nahiko du jendeak albaniarren batasuna. Kosovo eta Albania, eta baita Mazedonia mendebaldea ere.
Oraintsu Mazedoniako albaniar batek ziostan federalizazio prozesua egon ezean, herrialdea bera desagertu zitekeela.
Grezia amorratuta dago izenarekin, Serbiak ez dio onartzen eliza ortodoxo propioa duenik, eta Bulgariak mazedoniar nazionalitatea ukatzen du. Hizkuntzaz eta etnikoki bulgariarrak dira mazedoniarrak. Titoren asmakuntza da Mazedonia.
Independentzia lortuta, zuen mugimendua ahulduko zela esan zen.
Oso sare garrantzitsua daukagu, hamabost mila kide, horietatik mila oso aktibo Kosovo osoan, eta geroz eta gehiago gara. Baina gure erronka ez da kuantitatiboki haztea, kualitatiboki baino. Esan: ez gara futbol taldea, ez egon begira eta erdu gurekin jokatzera.
Nola ikusten zaituzte politikariek?
Buruzagiek beldurrez ikusi ohi gaituzte, baina alderdietako kide arruntek begirune handia digute, badakite ez garela ustelak. Neoliberalismo basati honen ostean dena saldu nahi dute, ez dute ideologiarik, kudeatzaile hutsak dira. Eragozpenak kentzeko daude hor, kanpoko merkatuei dena errazteko, ez benetako politika egiteko. Hori geuk egiten dugu, kanpotik, eta geu joaten gara arazoen muinera. Hauteskundeetan parte hartzeko esaten digute, baina hori espetxean goiko edo beheko ohea nahi duzun galdetzea bezala da; 'Thaci ala Sedjiu nahi duzu?'. 'Ez, espetxetik irten nahi dut'. 'A, ez, hori ez da galdera'.
Serbia EBko kide izateko ateetan ei dago. Zer deritzozu?
Serbia onartzen badute Kosovo onartu baino lehen, EB Kosovoren aurka dagoela esan nahi du. 150.000 ez serbiar hil dituzte urteotan, lau gerratan. Torturak, bortxaketa eta abar aipatu barik. Bosnaka hil balituzte ere, esan nahi du oraindik hogeita hamar mila serie hiltzaile dituzula. Eta Serbiako armada desegin beharrean, Kosovoko askatzaileen armak hartu zituzten. Erabat bidegabea litzateke EBk erabaki hori hartzea.
Zein presio jasan dituzu, Vetevendosje mugimenduaren indarra ikusita?
AEBetako funtzionario batzuk etorri ziren espetxera behin, manifestazioak etetea eskatzeko. Esan nien espetxean nengoela eta nire kideei esan behar zietela hori. Baina erantsi nien, kideek jaramonik egiten bazidaten, manifestazioekin jarraitzeko eskatu niela.
Oro har ekintza baketsuak bultzatu dituzue. Zein jarrera daukazue borroka armatuaz?
Ikasle garaian protesta baketsuak egin genituen, baina Milosevic sarraskiak egiten hasi zenean, UCKn izena eman nuen. Ulertzen dut indarkeria horren aurrean indarra erabili beharra. Orain indarkeriarik gabeko ekintzan dihardugu, konbikzioz, baina ez bakea denaren gainetik dagoela uste dugulako, pragmatikoki askoz erabilgarriagoa dela uste dugu.
2009-02-17
Urtebete, arazoak arazo
Kosovok ospatuko du gaur independentzia aldarrikapenaren lehen urteurrena. Iazko euforiarik gabe, eta nazioartearen arreta txikiagoa izanda, milaka albaniar iritsi dira Pristinara azken orduetan. Badakite iazko amets gutxi bete direla, baina inor ez dago atzera egiteko prest.
Ez da iazko jende uholderik izango, baina Pristinako kaleak musikaz eta kolorez bete dira atzera ere. Ospatzeko motibo gutxi izan ohi du Europako herrialderik behartsuenetakoak, horregatik, balantzea egiteko baino gehiago etorkizunera begiratzeko antolatu dituzte gaurko ekitaldiak.
«Ezin esan gauzak askorik aldatu direnik urte honetan. Nolabait, Kosovo independente zen 1999tik, baina nazioarteko erakundeen menpe jarraitzen du. Independentzia lortu du Kosovok, baina ez subiranotasuna», dio Bakearen Aldeko Mugimenduko Mikel Cordoba iruindarrak. Bestela esanda, Serbiarengandik askatu du bere burua, eta independentzia lortu, baina munduarekiko dependentzia inoiz baino handiagoa da. Kosovoko biztanleen %90 baino gehiago dira albaniarrak, eta gustura ordaindu dute prezioa, oraindik ere arazo ekonomiko larriak izan arren: «Beharbada baikorregia izan zen gobernua, izan ere, independentziaren aitorpenak bata bestearen atzetik etorriko zirela iragarri zuen, eta horiekin batera inbertsioak», aitortu du Flaka Surroi Koha komunikazio taldeko zuzendariak, «baina egin beharreko guztia egin genuen, Ahtisaari plana onartu eta haren arabera aldarrikatu genuen independentzia».
Nazio Batuen Erakundeko auto zuriak askoz gutxiago dira, abenduan abiarazitako EULEX europarrekoak dira nagusi orain. Europa izango da Kosovoren giltza, eta Balkanetan apustu egin duela ematen du. «Ekonomia aldetik arazoak daude, baina estatua eratzeko dauden zailtasunetako bat da hori. Botere judiziala ere indartzeko dago, eta Kosovoko epaileak trebatzeko egitasmoa izango da lehen urratsa», dio Flaka Surroik. Hirurehun epaile eta fiskal bidali ditu honezkero herrialdera Europako Batasunak.
Etorkizunera begira
Europako estaturik behartsuenetakoak izanik, senidetasuna bai, baina oso komunikazio txarra daukate Kosovok eta Albaniak, eta Mazedonian barna iristen dira gehienak Pristinara. Kosovon sartu eta gutxira, albaniar banderaz josita dago zubi bat, eta Estatu Batuetako eta Europako Batasuneko batzuek bidea irekitzen dute. Ospakizunetara datozen autoak bide ertzean geratzen dira, alderik alde haizatutako albaniar bandera erraldoiaren pean argazkia egiteko. Kosovoko banderarik ez da ageri. Ezin esan desagertuta dagoenik, jende askok baitarabil egunotan, baina argi dago bi buruko arranodun bandera gorriari diotela atxikimendua kosovoarrek. «Hauxe da albaniar guztiok geure sentitzen duguna, eta noizbait elkarrekin egoteko erabiltzen duguna», esan du Tiranako emakume batek senarrari eta umeari argazkia atera ostean. «Hori da beti erabili duguna, bestea ez dut gustuko», dio ospakizunetarako Paristik Pristinara itzulitako gizon batek. «Egia da, bandera ere inposatu egin digute», esan du Surroik, baina nazioarteko erakundeekiko menpekotasunak horien konpromisoa ere indartzen duela nabarmendu du.
Badira independentzia eskuratuta bestelako helburu batzuk ere aipatu behar direla diotenak. Qani Mehmet Kosovoko irrati telebista publikoko zuzendariak uste du albaniarren sufrimendua gogorarazteko eguna dela, eta Kosovoko gai tabua, lurraldearen zatiketa, aintzat hartu behar dela: «Ez du zentzurik Mitrovica eta iparraldearekin tematzea. Har dezala Serbiak beretzat kriminal zulo hori, eta trukean Presevo sar dadila Kosovon», dio Mehmetek. Serbiaren menpe jarraitzen duen harana da Presevo, albaniarrak nagusi izan arren. Ahapetik albaniar guztiek daukaten ametsa da: estatu bakarrean biltzea albaniar guztiak. «Europako Batasunak asko lagunduko du, konpromiso hori hartu du. Baina urrunera begira, kide izateko garaia iristean, Mazedoniako, Albaniako eta Kosovoko albaniarrek estatu bakarrean bat eginda sartu behar dugu Batasunean».
Agendatik kanpo dago gaia, «eta onartu genuen konstituzioaren aurkakoa da», gogorarazi du Flaka Surroik. «Aldatzeko erreferenduma egin beharko litzateke, eta estatu gisa erabateko egonkortzea». Urrun, oso urrun dagoen horizontea da, baina itxaropentsu jarraitu behar dutela diote hotzari aurre eginda urime (zorionak) errepikatzen duten albaniarrek: «Jaioberriak gara, eta oraintxe hasi gara ibiltzen, baina ibiltzen egiten da bidea, ezta?».
«Espainiak zer du gurekin?»
Brezovica Kosovoko eski estazio bakarra da. Mazedoniatik hurbil dago, albaniar herriez inguratutako serbiar enklabean. Euskal kazetariak kontuz ibili behar du Kosovon bere burua aurkeztean, serbiar guneetan hobe du espainiarra dela esatea. Hala egin du Brezovican, eta solasa ukatu dio eskiatzaile batek, «Espainiak Kosovoren independentzia onetsi arte, ezer ez». Albaniarra da, noski. Aurkezpenean ñabardura egin du, eta euskalduna dela esanda, irribarretsu mintzatu da: «Espainiak zer du gurekin? Zuen erruz ez gaitu onartzen, ezta?». Pristinako kaleetan ere, AEBak eta Europa mendebaldeko herrialdeen bandera ugari daude, baina Espainiakorik ez. Serbiar manifestariek haizatu ohi dute azkenaldian hori-gorria, Greziakoarekin batera.
Serbiarrak dira eski estazioko negozio guztiak. Albaniarrak, berriz, eskiatzaile gehienak. «Hemen ez dago arazorik serbiarren eta albaniarren artean», dio Milanek, eskiak alokatzen dituen etxeko serbiarrak, «negozioa negozioa da». Horixe da Brezovicaren gakoa, negozioa. Hori bera da Mitrovican kale egin duena: «Berez zailak ziren harremanak erabat gaiztotu zituen hango meatzeak ixteak, jende asko geratu zen lanik gabe, eta ekonomia hondoratzen denean areagotu egiten dira gatazkak», dio Mikel Cordobak.
Iazko ekainean Kosovoko serbiarrek egitura berezia eratu zuten, Mitrovica hiriburu hartuta. Gaur gonbita egin diote Serbiako Parlamentuari haraino joan dadin, eta gobernu eta oposizioko parlamentario askok baietz erantzun dute. «Probokazioa da», dio Flaka Surroik, «baina mugan pasaportea erakutsi beharko dute, inplizituki gure independentzia onetsiko dute».
2009-02-15
Ultren ereduak
Gobernuan zegoenak irabazi ditu hauteskundeak, baina oso hurbil geratu zaio oposizioko burua. Eta ultrek oposizioko hautagaia bozkatzea litekeenez logikoena, hark ditu gobernua osatzeko aukera gehien. Ezkerra hondoratu egin da. Analista zorrotzenen arabera, aspaldi utzi ziolako ezker izateari, sistemari eusten dion oinarriak zalantzan ez jartzeagatik, estatuaren erasoei men egin edo kritika txikia eta urratsik ia bat ere ez. Eta gobernu berriaren erasoak gehien jasango dituztenak, bozkatzerik gabe, herritartasuna ere aitortu gabe.
A, eta deabrua direlakoan beraiekin hitz egiterik ez dagoen sektoreak emaitzak hobetu ditu, batzuek hauteskundeei boikota eskatuta ere. Arrakasta lortu duten ultrek argi esan dute estatua onartzen ez dutenek ez dutela hauteskundeetan parte hartzerik, baina Gorenak atzera bota ditu ilegalizazioak. Gerra kriminalez jositako herrialdea izango dira, baina estatuko herritar guztiek hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea dute. Eta orduan, hautagai ultrak esan du Espainian bezala egin behar dela, zer demontre, han legez kanpo uzten dituzte independentistak eta ez da ezer gertatzen.
Bai, Israelen ere egin dituzte hauteskundeak. Arabiar alderdiak legez kanpo uzteko tentazioa atzera bota zuten epaileek. Gaixorik dagoen gizartea da, paranoiak joa, mundu guztia etsai duelakoan sarraski pentsaezinak egiteko gai. Baina estatuko herritar direnak legez kanpo uztea, ultren kontua da Israelen.
Nik ulertzen ez dudana da, gutxieneko baldintza demokratikoak ez daudelarik, zer demontretarako onartzen duten hauteskunde izena merezi ez duten horiek. Eta zer erakutsi gura duten militanteak jipoitzea besterik lortuko ez duten apustuak, boikoterako hiru milioi arrazoi zeudelarik. Zintzotasunak itota amaituko dute.
2009-02-13
Gideon Doron: «Eskumako gobernua egongo da Israelen, baina ez du luze iraungo»
Gertatuko denari aurrea hartzea zaila dela uste badu ere, gauza bat dauka argi Tel Aviveko unibertsitateko adituak: egungo hauteskunde sistemak gobernu krisia dakarrela ezinbestean.
Israelgo analista politiko errespetatuenetakoa da Gideon Doron, eta gaztetako gerrillari sionista bakezale gisa aurkezten du egun bere burua Tel Aviveko unibertsitateko Zientzia Politikoen Fakultatean. Beldurrak Israel are eskumarago bultzatu duela sinetsita, ez du berehalako konponbiderik aurreikusten. «Hauteskunde sistema aldatu ezean, Israel kanpotik barik barrutik ezereztuko da, etengabeko krisi politikoek hondoratuta».
Lehendabiziko galdera, ezinbestekoa: Zein uste duzu izango dela hurrengo gobernua?
Ez dakit ba, eta ez dut uste orain bertan inork aurreratu dezakeenik. Gobernua ez da berehala eratuko, ia ziur, luze joko du, eta esango nuke gauzak dauden moduan eskuineko gobernua egongo dela.
Eta gobernu iraunkorra sortuko da hainbeste alderdirekin? Munduko leku bakanetakoa da Israel, hauteskunde gauean bertan hurrengo hauteskundeez mintzatzen direna.
Horregatik diot oso zaila dela zein gobernu egongo den iragartzea. Hauteskunde hauek gobernua eratu ezina ekarri dute, eta ez litzateke harritzekoa orain ere ez eratzea. Baina badiotsut, uste dut [Benjamin] Netanyahu izango dela lehen ministro. Arrazoi duzu, ordea. Ez dut uste askorik iraungo duenik Gobernuak. Lehendabizi ikusi beharko da Kadima agintean egongo den. Hori argituta esan ahalko dugu gobernu iraunkorrik egongo den edo ez.
Munduak, mendebaldeko hedabideek gutxienez, emaitzak etsipenez hartu dituzten inpresioa daukazu?
Bai. Nahiago zuten Tzipi Livni egotea. Baina jendeak eskumara jo du argi eta garbi. Israeldarrak arduratuta daude palestinarrekin, eta hori da eskumara egiteko arrazoi bakarra. Israeldarrak ez dira palestinarrez fio, eta alderantziz. Netanyahuk mundua konbentzitu nahi du, palestinarrekin negoziaziorik egon ez dadin, fidatzekoak ez direla eta elkarrizketak arriskutsuak direla sinetsaraziz.
Baina hemen ere uste orokorra da Barack Obamaren gobernuak George Bushek baino estuago hartuko duela Israel.
Netanyahuk ez zuen oso harreman ona izan Bill Clintonekin; egia da hori. Baina auzia ez da Obama bakarrik, Estatu Batuetako administrazioak badauka esperientzia Israelekiko harremanetan, eta ondo neurtzen dituzte urratsak. Washingtonek badaki Gobernua zeinen ahula den, eta presio egiten badio, erraz eroriko da. Malgutasuna behar du, izan ere, presioaren balioaz esandakoaz gain, beste kontu bat ere badakite Estatu Batuek: eskumako gobernu batek bakarrik ekar dezakeela bakea Israelera.
Malgutasuna, bakerako neurririk hartu barik?
Ez, Israelgo Gobernua oso eskumakoa bada, malgutasunik ez badauka, ez du iraungo. Denok dakigu hori.
Baina bake prozesu seriorik ez badago laster, indarkeria zikloa Israeli ere itzuriko zaio noiz edo noiz.
Bai, noski. Indarkeria zikloak egoten dira, eta uste dut egongo direla, tamalez. Nahiago nuke erratuko banintz.
Gazako erasoak oso jota utzi du Palestinako Aginte Nazionala, gainera.
Horregatik bakarrik ere, aipatzen nuen malgutasun hori agertu beharko dute, Israelgoa baino lehenago hondora baitateke Fataren gobernua.
Bakea ez da inondik inora agertu kanpaina osoan, eta horrek eskuin muturra eta populismo arrazista indartu ditu. Zenbateraino eragin dezake Yisrael Beiteinuk?
Kanpainako hitzak ziren, eta jendearekin bat egiten asmatu du Avigdor Liebermanek. Baina oso jarrera irrazionala da. Sionista tradizionalek ez diote jaramonik egin. Kanpainan esandakoak konpromiso dira, baina sakoneko arazoa elkarrekiko konfiantza falta da.
Hamabost diputatu horiek oso garrantzitsuak dira, horratik.
Bai, bai, ezin da ukatu. Baina ezinezkoa da zenbait politika martxan jartzea; arabiarrek soldadutza egitea adibidez. Proposamen irrazionalak dira, eta ez dut uste horri eutsiko diotenik.
Turkiak ere berba gogorrak izan ditu Gazako erasoa salatzeko, baina Israelek Ekialde Hurbilean izan duen aliatu sendoenetakoa da. Ankararen bitartekaritzarekin abiarazi zituzten Siriarekiko negoziazioak. Eta Damaskok esan zuen hauteskundeak pasatu arte itxaron behar zela elkarrizketari ekin aurretik.
Siriakoa konpontzea askoz errazagoa da, eta itxaropena hortik iritsiko dela uste dut. Damaskok ez digu arazorik sortzen, ez dauka zerikusirik palestinarrekin daukagun egoerarekin. Guretzat oso garrantzitsua da Siriarentzat nazioarteko bermeak lortzea eta Iranen eraginetik aldentzea.
Golango auziarekiko negoziazioak bideratuko direla uste duzu, beraz?
Egongo da konponbideren bat; era baketsuan lurra alokatzea, edo antzekoren bat. Eskuineko gobernuek eman ditzakete urrats horiek, ezkerraren babesa izango dute eta. Netanyahu lehen ministro izan zenean hasi ziren Siriarekikoa konpontzeko aukera hori ikusten. Oso garrantzitsua da Siria gatazkatik kanpo uztea.
2009-02-12
Ultraeskuindarrekin dantzan
Tel Aviveko hondartzako pasealekua izan ohi da Israelgo burbuila deitu izan denaren adibide garbiena: eskualdea odolusten ari den bitartean, eguzkipean edo uretan olgetan dabiltzan udatiarrena. Atzo, bezperako erauntsiak tartea eman ostean, haizeari aurre egiten zioten herritarrak hiriko txoko kutunean zebiltzan berriz ere, paseoan, txakurrarekin zein bizikletaz, baita Mediterraneoko uretan bainua hartzen bat edo beste ere. Baina hauteskunde ospakizunen arrasto gutxi ageri zen. Tzipi Livniren Kadima izan zen hirian garaile (Jerusalemen, Benjamin Netanyahuren Likudek atera zuen boto gehien). Duela gutxi arte inkestek esandakoari buelta emanda ere, gozoak baino gehiago gaziak ziren beren burua aurrerakoi ikusi ohi duten herritarren berbak.
«Hondamendia izan da», zioen Orik etsita. Kibbutz batean jaioa, «familia laborista izan dut beti, eta orain Tzipi Livniren alde bozkatu dut, okerrenean onena zelakoan, Bibi (Netanyahu) geldiarazteko, baina oso garaipen eskasa izan da». Beren burua ezkerrean duten alderdien porrotaren aurrean, zera zioen: «Gobernu sendoa osatzea nahiko nuke. Gauza larriak gertatu dira Gazan, eta ez dakit konponbiderik egongo den, baina ea Siriarekin behintzat bideratzen den».
Rojak ere antzeko berbak ditu. «Livni ez dut gustuko, Barak (laborista) nahiago, nahiz eta aukera onik egon ez. Ez daukagu lider sendorik, eta Olmertengatik egin dut Kadimaren alde. Baina txarto daude gauzak. Jainkoak baino ez gaitzake lagundu».
Populismoaren gorakada
Hondartza ondoko janari lasterreko postuan mutil gazte bat ingeles kaskarrez ari zitzaion saltzaileari. Erreskadan atzean zeukan emakumeari itzultzaile lanak ere egin zizkion, errusieratik, hebreerarik ezean. Sobiet Batasun ohitik Israelera etorri zirenetik baztertuta bizi izan direla salatu duten herritarrak gozatzen ari dira, Avigdor Liebermanen hamabost diputatuak erabakigarriak izango direlako ia edozein gobernutarako. Kadimaren gobernuak Liebermanen Yisrael Beiteinuren babesa behar du. Likudek errazago hitzar lezake Liebermanekin, baina ez du ezinbesteko: baleukake agintea lortzea, betiere laboristek oposizioan egoteko hautua aldatuz gero.
Zohak ogi mamiak eman zizkien hondartzako usoei, eta ondoren erantzun zien galderei. Pozik zegoen Errusia eta Poloniako etorkinen seme gaztea. «Ona izan da jazo dena, pertsona gogorra behar genuen gatazka amaitzeko. Lieberman behar dugu. Arabiarrekin borroka etengabeetan galdu gabe pertsona zorrotza behar genuen, eta espero dut politikarien jukutrietan bizkarra ez ematea orain arte esandakoari».
Danny Hershtal, Yisrael Beiteinuko komunikazio arduraduna, pozarren zegoen atzo. «%33ko igoera izan dugu, hirugarren alderdia gara, eta ia ezinbestekoa Gobernurako. Parlamentuan gure hitza aintzat hartu beharko dute ezinbestean». Ez zuen Gobernua osatzeko solasaz deus aurreratu, negoziazio taldea izendatu behar zutelako. Baina lehen helburua argi zeukan: «Israel hegoaldeko herritarren segurtasuna, erasoak etetea behar du izan gure lehendabiziko zeregina. Aurrera begira, beste gai batzuk ere aipatu beharko ditugu». Bakea ere hurbilago dagoela iritzi dio, «baina, horretarako, terrorismoa ezereztu behar da. Negoziazioek argi utzi behar dute ez dela terrorismoa indartzeko, eta palestinarrek ulertuko dute bake bidez baino ezingo direla mahaira hurbildu». Erretorika horri arrazista deitu diotenei ere aurre egiten zien eskuin muturreko politikariak: «Iraindu gaituzte, baina herritar guztiek erantzukizun berberak izatea baino ez dugu proposatu, judu izan zein ez. Arabiar bat ere badaukagu zerrendetan, Hamad Amar (druzoa), eta bat dator soldadutza israeldar ororen betebeharra dela. Denok behar ditugu erantzukizun eta betebehar berberak». Ikusteko dago ultraeskuindarren aldarrikapenei zelan erantzuten dieten alderdi sionista tradizionalek, baina oraingoz denak hasi dira haien doinura dantzan.
2009-02-11
Israelgo arabiarren interesik eza
BERRIAn argitaratua
Umm Al Fahmeko kaleetako afixetan ez da ez Tzipi Livni ez Benjamin Netanyahuren argazkirik ageri, hain gutxi Avigdor Liebermanenik. Kolore gorria, laranja edo berdea dira nagusi, arabiar alderdien edo zerrenda mistoak dituen Hadash ezkertiarraren adierazle.
Atzo goizean baina, goiz-goizetik senti zitekeen tentsioa Israel iparraldeko arabiar herri horretan. Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko buruzagi Baruch Marzelek Umm Al Fahm-eko bozetan ikuskatzaile izango zela iragarri zuen.
«Faxista hutsa da Marzel, ez beste ezer. Guk ez daukagu ezer israeldar juduak herrira etortzearen aurka, baina etengabe arabiarren aurka berbetan dabilen arrazista horrek probokazioa besterik ez du gura». Euskaldunak ginela esanda ez zigun kafea kobratu Nabilek. Pozik zegoen Poliziak herrira sartzea debekatu ziolako eskuin muturreko politikariari. Hauteskundeetan parte hartzea ere garrantzitsua zela zioen, Israelgo naziotasuna duten arabiar askok (1948ko gerraren osteko zatiketan Israelgo estatuan geratu ziren palestinarrei arabiar israeldar deitu ohi zaie), Knesset parlamentutik ezer gutxi espero duela jakinda ere. «Nik ere oinak lurrean ditut, badakit ez dela miraririk etorriko, baina garrantzitsua da gure ordezkariak han egotea gure aurkako mezu arrazistak ugaritzen ari diren sasoiotan». Antzeko mezuarekin iritsi zen Umm Al Fahmera Jamal Zahalka, Balad alderdiko bozeramalea: «Nahiago nuke arrazismoaren aurkako legeak aldarrikatu eta hona ez etortzea, eta horregatik dei egiten diet juduei eta arabiarrei bozka dezaten, Knessetetik kanporatu gaitzaten dagoen ahalegin faxista honen aurrean».
Istiluak
Hala ere, asko dira Gazako sarraskiaren eta kanpainan arabiarren aurka jaurtitako mezuen ostean hauteskundeei bizkar eman dieten arabiarrak. Umm Al Fahmen adibidez, botoemale gutxi batzuk joan ziren goizean zehar. Eskuin muturrekoen probokazioa bertan behera geratu zela eta giroa lasaitu zenean, Baruch Marzel ez baina bere alderdikide Arieh Eldad iritsi zen hauteslekura, Poliziak babestuta. Herritarrek «faxista» eta «arrazista» oihuen artean hartu zuten, eta Poliziak bost lagun atxilotu zituen.
Israelgo palestinar herrietan hauteskundeei bizkarra eman bazieten, Zisjordanian are handiagoa zen okupatzaileen bozekiko ezaxola. Ohi bezala Harresia itxi zien Israelgo Gobernuak palestinarrei, beren herrietatik irtetea eragotziz. Belenen taxilariak kexu ziren turismoak izan duen beherakadaz. Kafetegietan, erabateko ezaxola ageri zuten Israelgo Legebiltzarrerako hauteskundeekiko. Othmanek ia haserrerik ere ez du ageri israeldar politikariekiko jadanik, ez du ezer espero haiengandik. Amorrua PAN Palestinako Aginte Nazionalera bideratzen dute, geroz eta gehiago, palestinar askok: «Zer esango dut israeldarrez, Abu Mazenengandik hasita [Mahmud Abbas, PANeko presidentea] gure politikari guztiek ere saltzen gaituztelarik?».
2009-02-01
2012
Nire aurreko belaunaldiak ikusi zituen munduko mapak aldatzen, deskolonizazio prozesuan (funtsean metropoliak koloniez libratzea izan bazen ere, lurraldeak aski ustiatu ondotik sortzear zuten ongizate estatuaren eskubideak ez baitzuen aurrera egiterik kolonietako biztanle horiek ere herritar bihurtuz gero). Informazioa jasotzen hasi nintzen lehen urteetan Latinoamerikako sarraskiak, irlandarren borroka eta mugiezinak ziruditen Europako mugen aldaketak ikusi genituen. Altxatu genuen Lituaniako bandera, hurrenak geu izango ginela sinetsita, hizkuntza bereko biztanleak elkar hiltzen ikusi genituen gorroto zaharren ondorioz, baina Txekoslovakia arazorik gabe bereizi zela jakin genuen. Irlandan bake hitzarmen nahasia izenpetu eta mugimendu errepublikarrak Belfasteko udala eta ipar Irlandako gobernua eskuratu zituen, eta berriz ere hurrengoak gu pentsatu genuen. Kosovoko albaniarrak garbiketa etnikoaren ertzean egonda, asmatu zuten gringoen karta jokatzen, eta behinola talde terroristen zerrendan zegoen erakundearen oroitarriz josita daude gaurko Kosovo independenteko herriak.
Hurrengoan gu. «Datorren urtean Jerusalem» dirudi, konparazioa agian onena ez bada ere. 2012 da erronka, Amaiurtik Amaiurrera. Badago astia, borondatea, ilusioa. Bost mendeko konkista eta porrot militarren ostean, euskal nazioaren garaipen politikoa. Hurrengoak izango direnak, hurbil daude globoan. Mendebaldeko gizartearen muinean mugitu dira Eskozia eta Danimarkaren kolonia izandakoak.
Behar baino askoz luzaroago egon da jendea Latinoamerikara begira, metropoliaren lana kolonizatuak harturik. Bada sasoia Espainia bere ispiluan jarrarazteko, Estrasburgoren zain egon barik. Bitartean Ttipi -Ttapak eta Kafe Antzokiak ixten ari baitira. Eta ohe hutsak 564, 664, 764...