2007-01-29

Waitukubuli

Esaten dutenez, Kolon Antilletara itzuliko balitz Dominika baino ez zukeen ezagutuko. Orduko itxura gorde duen leku bakarra dela esan gura dute, besteetan ezarritako azukre kainaberadi eta enparaurik barik.
Ongi etorri beroa, denak pozarren eta lanerako erraztasuna espero banuen, jai. Atsegin hartu ninduten etxean, telefonoz deitua nuen Carib Territory deritzon lurraldeko ostatuan, baina hasierako berbeta laster eten zuen Charles nagusiak. Aireportuan autoagatik eskatzen zidaten astokeria barik, merke samar lortu zidan datozen hiru egunetan uhartean barna ibiltzeko ibilgailua, eta hari esker moldatu nintzen Zuberoatxo honetako bazterretara heltzeko.
Margaret emaztea maitagarria da, hori bai. Nire beherakoaren berri izan eta etxe ondoko belarrak bilduta infusioa egin zidan, bero-bero eta azukre barik, ordutik ez naiz komunetik pasa eta joan dira bizpahiru egun.
Izan ere, antigoaleko kulturatik gehien gorde dutena belarretan, artisautzan eta sukaldean ei dago, hizkuntza galdurik. Antilletako jatorrizko biztanleak topa daitezkeen leku bakarra da Dominika deitzen dugun hau, edo hala esan izan da urtetan. 1903tik eskualde propioa daukate izan ere euren hizkuntzan Waitukubuli izeneko uhartean, eta egia da jauzia erabatekoa dela: aireportutik irten eta beltzak dira biztanle ia guztiak, halako batean, ordea, azal argiagoa eta asiar edo polinesiar itxurako jendeak hasi dira agertzen errepide ondoko herrietan. Ile latz eta luzea, bizar gutxi... hizkuntzarik gabe ere, begibistakoa da aldea.
Antilletako beste leku batzuetan ikusitakoa jarraituz, eta Europako negutik etorrita, praka luzeak nekartzan. Baina badago beste giro lasaiago bat, praka laburrek derrigorrez girien kontuek ez direla adierazten dizutenak.
Lekua pobrea da, Charles buruzagiak berak jakinarazi didanez. "% 75 langabezian egonik, gure nortasunari eta kulturari eustea bezain garrantzitsua da jendearentzat bizi-baldintza duinak sortzea". Baina ez die berehalakoan barkatu iazko erabakia. "Dolar gutxi batzuen truke saldu zirenekiko zer nahi duzu esatea? Pobreak bai, baina duintasun apur bat, motel. Walt Disney egin zuena salatzekoa izan zen, eta gure komunitateko askoren jarrera, lotsagarria".
Ez dakit ikusi duzuen Karibeko Piratak filmaren bigarren zatia. Hementxe topatu ditut Johnny Depp harrapatu eta jaten saiatzen diren pertsonak. Antzinako salaketa hori gezurretakoa dela salatu dute behin eta berriz bertako biztanleek; azken urteotan kalinagu izena hobetsi dute antigoaleko kariberen ordez, handik eratorri baitzen kanibal eta euren arbasoak hiltzeko europarren agindua. Niri, egia esan, filmean erabat ezabatu litekeen pasartea begitandu zitzaidan, oraintsu ikusitako Don Celes (eta telebistako ustezko umorezko pasarteren baten ere) haren antzeko, inoiz grazia askorik ez bazuen orain are gutxiago daukan pasartea: lapikoan sartuta pertsona zuria.
Bon, ia datozen egunetan astirik hartzen dugun uharte zoragarri honetako kontuekin jarraitzeko.

2007-01-28

Banoa

Hogeita ez dakit zenbat ordu izan diren honaino heltzeko, Bilbotik Madrilera hegaldi merkea, ordu batzuk Barajasen, han lehen arazo burokratikoa: bidaia txartela internetez hartuz gero, teorian ez dago zertan inprimatu, horretarako da billete elektronikoa. Baina AEBetara sartzeko, beharrezkoa da irtengo zaren agiriren bat. Lehenengo buruko mina, Barajasen inprimatzeko lekua topatzea. New Yorkera segi hurrena arrastiko zazpietan heltzeko, eta Puerto Ricora joateko hegaldia goizeko seietan, hamaika ordu eta gau osoa aurretik. Kanpoan, zortzi gradu zeropetik. Galdetu dut badaezpada hotel merkeren bat hurbil ia dagoen... merkeenak 135 dolar + tasak eskatzen ditu gaueko.
Halaxe ibili naiz JFK aireportuko trenean batera eta bestera orduak egiten, dendak-edo zerbait topatzekotan. Baita zera ere! Munduko aireportu handienetakoan ia ez dago saltokirik, polizia pilo bat, eta ezer gutxi gehiago.
Beno, ba zorroak uzteko lekua topatu eta hirira joan naiz, AEBetan lehen esperientzia New Yorkeko metroan izan dut. Gauez, sekulako hotza, ni tropikorako erdi prestatuta txandala eta jertsea baino ez nituela, eta apurtxo bat liluratu etxeorratzekin, afaltzeko txokoa topatu, eta atzera metroa aireportura. Esperientzia totala metroa, giro afrolatino erabatekoa, Europan ez bezala ezezagunekin ere laster berbetan hastekoak, eta lagunkoi jendea giri koitadu honekin.
Joaterakoan beltz kuadrila sartu da bagoian, bina neska mutil, batek nora noan galdetu dit, nire gaueko giroak eta ingelesez trabatzeko beldurrak errespetu apur bat jarrita isilik gelditu naiz, eta halaxe jarraitu du zirikatzaile. Baina jator, Pepsian pattarra botaz, nire aurreko aulkiko beste mutil beltz lotsati batekin solasean, kontraste ederra, batzuk gauerako dotore eta beste pintzadun prakekin. Dena ulertu ez arren beltzei buruzko berbeta interesgarria zeukaten, "beltza naiz, eta? amerikarra?" Eta besteak gogorarazten zion "Afrikatik gatoz, baina handik etorri baino ekarri egin gintuzten..."
Itzuleran adineko ilehori bat urrikaldu da giriaz, metroko linea zuzena baina gure trena aireporturaino ez zihoala ikusita. Puertorricoarra zen -harritu nau- eta ingelesez hasi, gaztelerara jauzi eta laster ingelesera itzuli da, non jaitsi ondo aholkatu dit behinik behin, lurpean (badaude lurrazalean dauden geltokiak, eta hotz honekin..), eta nik asmoa neukanean baino pare bat beranduago, "beste horiek oso bakartiak dira, mutil". Hala bada, etxeorratzen liluratik apur bat eta buelta aireportua, bizpahiru ordu behinik behin emanda. Xabier Montoiaren liburuari ere errepaso polita eman diot, irakurgaiak ondo aukeratzea garrantzitsua da hain bidaia luzean.
Aireportura itzulita ordu asko falta oraindik, eta zelan pentsatu NYko aireportuan apur bat luzatzeko besaulkirik ere ez dagoenik? Dendak ere urri-urri. Londresko Stansteden orduak zeinen lasai eman nituen gogoratu dut, denda, liburudenda eta tabernaz beteta. Eta hemen terminal asko bai, baina ezer gutxi gehiago.
Joan dira orduak, Puerto Ricoko San Juaneko hegaldia hartu arte. Azken eskala dut, ez Europatik ez Ipar Amerikatik ez dago hegaldi zuzenik. Errematea, beherako arriskutsua igartzen dut gorputzari gerra eman guran. Beno, Antilletan arrozik ez da faltako. Puerto Ricori abegi berezia diot, baina aireportua da San Juaneko alde yanki, diglosiko nazkagarrienetakoa. Gustura sentitu naiz etengabe ingelesez zuzentzen zitzaizkidanei gazteleraz erantzuten.
Halaxe heldu naiz azkenean Melville Hall aireportu txiki eta ezin karibenoagora. Airetik lur hartzera zoazenean antzematen zaio uharteari itxura basa eta zeinen erakargarri duen oihana etengabe altxatzen diren mendietan.
Dominika uhartea da, Karibeko ohiko liburuxketatik eta postaletatik urruntzen den paraje ederra, aspaldi asmotan neukana eta azkenik tartea atera dudana iristeko. Egun gutxi batzuk baino ez dira izango bidaiarekin jarraitu aurretik, Zuberoaren neurriko txoko honen sekretuak ezagutzeko gutxiegi, baina lehen bisita bezala har dezagun.

Gerra bat pizten denean

Berrian 2007-I-28an argitaratua

Hirugarren munduko herrialde txikiek benetako interesa pizteko aukera bakarra odola isurtzea erabakitzen dutenean da. Tristea da, baina hala da». Halaxe amaitu zuen Ryszard Kapuscinskik Futbolaren Gerra liburua; Hondurasen eta El Salvadorren artean 1970ean egondako gatazkan bildutako kronikekin osatu zuen lana. Hil baino hilabete batzuk lehenago izan genuen beraren berri ostera ere, Bagdadera iritsi eta berehala alde egingo zuela jakinarazi zuenean. Egun ez dago gerra baten berri ematerik, ez Irakekoaz behinik behin, inbaditzaileen baldintza eta iragazkiekin.

Ez dakit zein ikuspuntu izango zuen Kapuscinskik gure gauzaz. Ziur aski batera eta bestera ibiliko zen, hau eta hura elkarrizketatu eta haren berri emango zuen, ustez hain erraz eta gero mila interesek usteltzen duten ofizioari dagokionez.

Interes gutxi pizten dugu, eta odola isurtzea erabakitzen denean pizten da gehiena. Baina hemen ere badauzka mugak kazetaritzak, behin baino gehiagotan ikusi dugunez. Hemen, adibidez, ez dago beti gauzei bere izena ematerik. Eta iturriak babestuak ditugunez, batzuetan horiek aipatu behar ditugu iritzi orokorrak artez ez emateko. ETAren alde balego kazetariren bat, esan dezake baduela lagun bat ETAren aldeko eta gero lagun haren motiboak eman.

Pentsatzen dut dozena bat epaileri hiltzaile deitzea ere ez dela legezko izango. Baina nik badut lagun bat hiltzaile eta torturatzaileak direla dioena, eta dioena Espainian torturaz hiltzea legeztatuta dagoela.

2007-01-22

Hrat Dinken hilketa dela eta

Hrat Dink hil dute. Istanbul erdian, egun-argiz, erraza zen berarengana hurbildu eta tiro egitea.

Dinken hiltzailea «Turkiarekiko traidorea» dela entzun genuen gero. Baina ez autokritikarik behin eta berriz kazetari ausart horri jazarri zitzaion estatuaren kontra. Turkiako Zigor Kodearen 301 artikulua behin eta berriz salatu du International-PENek; «turkiartasunari» eraso egitea bezalako delitu anbiguoak, adierazpen askatasunaren aurkakoa ez eze, aitzakia ederra ematen die aitzakia gutxi behar duten Otso Grisentzat eta 80 eta 90eko hamarkadetako errepresioaren abaroan hazitako beste eskuin muturreko ehunka kiderentzat. Europar Batasunaren aurrean operazio kosmetikoak egiteak, artikuluari eta jazarpenari eutsiz baina zigorrak bigunduz, besteek zigorra euren kabuz hartzea dakar, ikusi dugun legez.

Mundu osoan onartzen den legez genozidio armeniarrari genozidio deitzeagatik zigortu zuten Hrat Dink. Armenierazko prentsa lantzeagatik, Agos astekaria sortu zuen Dinkek; 2001ean itxi egin zuen Turkiak eta atzo arte oztopo guztien gainetik jarraitu du armeniar eta turkiarren arteko elkarbizitzaren alde. Adierazpen askatasunaren aldeko borrokalari nekagaitz, Frantzia ere kritikatu zuen aurkakoa arautu zuenean, genozidio armeniarra ukatzea delitutzat hartzea bozkatu zutenean. Adierazpen askatasuna komeni denean eta ez denean defendatu behar baita.

Hrat Dink Nazioarteko PENek babespean harturiko idazlea zen (Honorary Member), erakunde honek duen Idazle Kartzelatuen aldeko Batzordearen bidez (WIPC). Euskal-PEN Klubetik gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu Hrat Dinken senideei eta Agos astekariko lankide guztiei.

2007-01-21

Normaltasuna

Berrian, 2007-I-21ean argitaratua

Ez naiz ni gerraren zale/ baizik bakearen alde/ zeinek nahi duen galde/ berari tira, dale!/ bala bat sartu buruan/ aspertuko da orduan. Espainiar progreen egunkaria zabaldu eta berriz ere bertso zaharrak zeinen gaurko diren konturatu. Halaxe zekarren asteon editorialak: «Elkarrizketa bidez ETAren amaierarako ahaleginak huts eginda alternatiba normaltasuna da».

Laster jakin genuen normaltasuna armarik gabeko erakundeak terrorista izendatzea dela. Badakigu, terroristekin, berbarik ere ez. Eta antigoaleko taktika da bestea, etsaia truku, basati, sarrazeno, komunista izendatzea. Lehenengo zibilizatu zaitez, gero gerokoak, (gure) zibilizazioan sartu arte, deus ez.

Normaltasuna da erakunde ilegalekin ez dagoela eztabaidatzerik. Erakundeak ilegal diren artean zailagoa da eztabaida, egia. Premisa antzerakotik abiatuta, ondorioa erakunde ilegalik behar ez dela esango nuke. Terrorista izendatzen zaitut, eta zu terrorista bazara, hala izango dira zure lagunak ere. 18 + 98 = terrorista.

Horrelako normaltasunaren nahi duenak, bizkartzainen normaltasuna ere faltan du agian. Atentatu bakarra ez zaio aski, agian. Bai, urrun gaude azken hamarkadetako normaltasunetik, tiro gutxiegi oraindik. Torturaren normaltasuna, atentatuena, atxiloketena, hilketena, akzio-erreakzio espiralaren normaltasuna omen dute ments. Gu bai ergelak, normalizazio-prozesua horretatik guztitik ateratzea zelakoan.

2007-01-14

Patetikoak

Berrian 2007-I-14an argitaratua

1997ko uztailaren 18a, tentsioa Euskal Herrian ETAk Miguel Angel Blanco hil eta gero. Irlandan Gerry Adamsek IRAri su-etena eskatu dio, horrek 20an eman du. Inbidiazko begiradak Irlandarantz, eta ezker abertzaleari lezioak ateratzeko diotse, erakunde politikoak militarrarengan zelan eragiten duen ikasteko.

Urte eta erdi lehenago hautsi zuen menia IRAk, Sinn Fein elkarrizketetatik kanpo utzi ostean; dekomisio batzordearen arabera, Canary Wharfeko zibil biez gain beste britainiar soldadu bi, RUCeko polizia bi eta Garda Irlandako Errepublikako agente bat hil zituen hilabete horietan. Urte eta erdi eta zazpi hildako gutxienez. Asteon Otegik eta ETAk antzeko sekuentzia osatu dute, «ondo dago baina ez da aski» diote batzuek, gehienek hori ere ez. Irlandan ausardia eta bakerako apustua zena iruzur lotsagarria da Euskal Herrian nonbait.

Ondo dago ETAri indarkeria amaitzeko eskatzea, beharrezko da hori bakea lortzeko, ez da aski, horratik. Ingeles bobby gisa aurkeztu zigutenak Royal Basque Constabulary amorratu izaten jarraitzen dutela erakutsi ziguten, baina hura ez zen Los Angeles, ez zen Parisko periferia, hura Donostia zen eta han beltza ez zen jipoitua.

Denbora mintzatuko da Barajasko tragediaren ondorioez, baina bere larrian ere ez dio inori erantzukizunik kendu. Gorputzak bazterketara eta Ajuria-Enera itzultzea eskatzen die batzuei, egindako apurrak aski nekaturik, EAJ-PSE itun seguruen garaira. Bejondeiela. Ez ahal dira Irlandan beste heriotza beharko behin betiko bakebidean sartu aurretik.

2007-01-06

Sufrimenduak

Berrian 2007-I-7an argitaratua

«Noiz uste duzue konponduko dela gatazka?». «Izenpetuko nuke berrehun edo hirurehun urte barru balitz». Broma non zegoen begira gelditu nintzen, baina serio zirudien. Antzeman zion nire harridura aurpegiari, horratik. «Ikusi duzu kurdurik erlojuari begira?».

Gogorra egin zitzaigun ez etsipen ez itxaropen zantzurik ez zeukan iruzkinak. Hotz-hotz zioen berak eta beste hainbat belaunaldik ez zutela ikusiko Kurdistan bakean. Aspaldi onartutako patua onartzen zuela zirudien, horren aurka matxinatu beharra onartzen zuen gisan. Gurea noizko konponduko den galdetzen digutenean ez dakit datarik ematen. Beste gatazka asko baino errazagoa begitandu zait beti, urratsak ere denok ditugu argi, eta ezin horiek eman hala ere. Espainiar askori sinetsarazi diete hemengo gatazka ETAren borroka armatura mugatzen dela, eta badagoela hori garaitzerik. Sufrimenduaren bidea eskatzen dute, nola euskaldunentzat hala espainiarrentzat. Eta hileotan inori arindu bazaio sufrimendua, begiratu dezatela zein aldetan gertatu den hori. Gehien irabazi duenak galduko baitu gehien.

«Hau amaitu da» esatea, «eskerrik asko, baina goazen berriz gerrara» esatea da. Polizialki garai daitekeen erakundea da agian, baina esan dezatela hori gertatu bitartean heriotzatan dakarren prezioa onartzeko prest daudela. Irakeko harakinak horren alde egotea normala da. Ez horrenbeste tropak ekarri zituztenak. Gerraren aurka han eta hemen egon behar da.