2006-03-01

Afrikako kontuak

Europar neguari ihesean Afrikaraino etorri gara Renault Express zaharra lagun. Autoaren heriotza baino, biziberritzea izango da, Malin dabiltzan autoen aldamenean erabateko gaztetzea. Euskal Herria, Espainia, Maroko, Sahara okupatua eta Mauritania atzean utzita sartu ginen Malin, eta herrialde horretan eta Senegalen eman ditugu neguko asteok. Afrika beltza ulertzen ez duen guztia sinplifikatzeko joera duen Europarentzat. Dena beltz eta kito.Basamortua utzita, musulmanak dira oraindik ere herri gehienak, islama beste modu batean bizi duten arren. Mekatik itzuleran ikusi dugu fededun bat baino gehiago, eta bizitzako bidaia garrantzitsuena eginda ere, musulman zurien mespretxua sentitu dutela esan izan digute.Kristautasunak ere erro luzeak ditu, bere ezarpena gehienetan islama baino are azalekoagoa den arren. Antigoaleko animismoa edonon eta berehala agertzen da askorik sakondu barik. Europatik gutxi ikusten diren kontuak dira, gutxi ikusten diren legez, erregela hartuta egin ziren mugen barruan zenbat herri eta etnia kateatu edo bereizi zituzten. Afrikar analfabetoak ezagutu ditugu, bat baino gehiago, baina oso afrikar elebakar gutxi. Iparreko latitudeetatik datozen joera uniformatzaileen aurrean, herriko hizkuntza, aldameneko herriarena eta estatuarena, Malin banbara eta Senegalen wolofera, mundu guztiak dakizki, eta frantsesa ere askok eta askok. Dozena erdi hizkuntzadun analfabetoak dira, dena beltzez margotu ohi dugun Afrika horretan.

No comments: