2006-03-05

Hotzetan

Berria-rako idatzia
Ia aste biko ibilbidea ordu gutxian egin dugu atzera, baina ez gaitu horrek hotzitu. Tropikoa Herioren bisitarekin amaitu genuen, ezin pentsa militarren autoan zihoala ia ibilgailurik gabeko Casamanceko errepideetan, Xixo, Sara, Xavi, Tamara eta Diallo gidariaren bila.
Hotzikarak hotzikara ekarri digu atzetik. Cuenca, Aranjuez, Espainiako hiririk ederrenetakoetan ere Herio merkealdian euskaldun-ehizan. Negua amaitu zelakoan itzuli ginen, baina otsaila ez da sekula laburrena izan. Ilbeltzaren jarraipena da, besterik ez.Etxean zaudela, ez da zaila idaztea, kanpoan ere erraz egiten da, baina gorputza batean eta burua bestean duzula lanak ematen ditu ezertan jartzeak ere. Gero zurrunbiloa dago. Zaratarik egin barik utz dezakezu trena azken bagoitik baina zelan hartu atzera ziztu bizian dabilen ibili absurdua? Herio ez da absurdoa, horratik. Latza izan daiteke, tristea da ia beti, baina gutxitan absurdoa. Pertsonak dira absurdoak, axolagabetasunean, gezurrean. Gerraren korrituak bakearenak baino zati bat handiagoak dira etxe batzutan, nonbait. Ez han ez hemen, hain gutxi albotik begira zain. Jario kalkulatuta eta kalkulu miserableak, nori, zenbat eta zelan negar egin arautu eta galarazi guran. Eta gu krokodiloak Afrikan utzi genituelakoan.

No comments: