2006-02-26

Afrikatik (eta VI)

Dakar da amaiera. Cap Verteko penintsulan dago hiria, Afrikako mendebaldeko muturrean. Sartaldera, Ozeano Atlantikoa, Cabo Verde artxipelagoa eta gero, Antillak, Amerika. Goree uhartean egon gara, esklabuen etxetik ikusten den itsasoak hotzikara sortzen du. Milioika lagun hemen ontziratuak itzulerarik gabeko bidaian, «seme-alaba indartsuenak, bururik argienak kendu dizkigute 400 urtez», ez dute bigarren pertsona erabili, «nik barka dezake, baina ez eskatu ahazteko». Egun bereko egunkariak dakar Munduko Bankuak kanpo zorra ordaintzeko eskatu diola Senegali. Zorra barkatzeko entzuten dugu progreen ahoan, baina nork barkatu behar digu 400 urteko zor ordainezina, Goreetik Potosira? «Ez naiz arbasoen sarraskien erantzule, ez zara arbasoen miserien oinordeko» esan dezake norbaitek, zelan azaldu horratik gure aberastasuna, 400 urteko zapalkuntza eta esklabutza ahazten baditugu?
Point des Almadies lurmuturretik itsasorantz gordetzen da eguzkia, Amerikara bidean. Goreera joan orduko oharra utzi diegu ostatuan gaur iristekoak diren katalanei, bidaiako azken ilunabarra elkarrekin ikusteko. Ez dakigu lagun deitzerik dugun, bidaiakide izan gara seiok hamar egunez. Bidelagunak bidean gelditu dira, Casamancen dabiltzan ibilgailu militar batek harrapatuta. Eguzkia badoa Afrikatik, gure hegazkina abiatzear da. Madarikatuak beti militarrak eta euren negozio hiltzailean dabiltzan guztiak.

No comments: