2007-09-09

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Abuztu aurreko azken zutabearen aurretik hiltzera zigortuta eta gose-greban zeuden Adnan Hesenpur kazetari kurdua eta Hiwa Butimar ekologista. Eta albisterik jaso ez dugun azken egunotan gauzak aldatu ez badira, halaxe daude oraindik, edozein unetan urkamendira joateko arriskuan.
Iranek homosexualak urkatu berri ditu, komunistak atxilotu, abertzale kurduak heriotzera zigortu. Euskal PENek salatu du, munduko hainbat erakundek ere bai, Italiako gobernuak, Frantziakoak, Portugalgoak, Europako Batzordeak eta... Estatu Batuek. Eta noski, guk ezin dugu gringoekin bat egin. Hain gutxi inperialismoaren erasoaren mehatxupean dagoela eta Venezuelaren lagun izanik.
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak dokumentalean Kevin McKiernan zinemagileak AEBen jokabidea salatzen zuen: Saddam Husseinek zapaldutako kurduak biktima gisa erakusten zituzten artean ----eta beraz, tiranoa kentzeko motibo bat gehiago ziren---- Turkiari kurduak hiltzeko eta herriak txikitzeko armak saltzen zizkieten. Baina tristea da ezkerrak ere antzera jokatzea, «etsaien etsaia laguna dugu» taktika manikeoarekin. Turkiak zapaldutako kurduei elkartasuna adierazi bai, baina zelan jo Irango faxisten aurka, inperialismoak begi-puntuan duelarik? Gainera, Irango gerrilla kurduek CIAren laguntza omen dute (eta PKKrena, baina hori ez ei da interesgarri), soldadu gringorik hil gabe Irani erasotzeko. Eta hala balitz ere, zer? Ez ote zenuten txalotuko 1945ean estatubatuarrek Espainia faxista bonbardatu balute?
27 eta 29 urteko gazte kurdu bi edozein unetan hilko dituzte, eta herri honetan ez dirudi inori axola dionik.

2007-07-29

Geroak esan beza

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Ezker abertzaleko askori esan izan diot akatsa dela memoria haiek bakarrik baleukate legez jokatzea, euskaltzale ezagunak antieuskaldun amorratuen pare jartzen direnean adibidez. Jeltzale askok daukate kritiken --eta irainen, zertan ukatu-- arantza sartuta. Eta geroko elkarrizketan pisu handia dauka atzoko irainak.
«Geroak esan beza» amaitzen zen Ondarroakoa azaltzeko EAJk idatzitako artikulua. Geroa, memoriarako utzitako lekua. Orain bertan jeltzale askok ez baitu ulertzen zergatik hartu duten horren jarrera bortitz eta antidemokratikoa. Geroa, orain ulertzen ez denaren justifikazio. «Garbitzea dugu gogoko eta ez zikintzea». Ezin eragotzi halako dardara bat, «garbitzera» inork hautatu bako zenbat jende etorri den gure historian gogoan. Bazter guztietako kolpisten diskurtsoa: hemen gatoz gu zer komeni zaion ez dakien herrira, burua jan dieten bazter-nahasleei aurre egitera.
Ez dakit «gu demokratok» zioten sasoitik botorik gabeko alkate izatera dagoen aldeari erreparatu dioten. «Erantzukizuna» da darabilten berba, baina aitzakia horrekin ateratzen dituzte militarrek ere tankeak kaleetara. Aspaldi entzun genuen leloa da, «herria zerbitzatu besterik ez nuen egiten» betiko demokrata bihurtutako alkate frankisten ahotik. Memoria besteok ere badaukagula ahaztu dutela begitantzen zait, iraganak berez totalitarismotik salbuetsiko balitu legez. Baina bideak jartzen du nor bere lekuan. Inork inoiz epaitu gabeko kutsatuok burua tente ibiliko gara bihar, bakearen alde jardun garela jakinik. Bulegoetan gotortuta hautatutako demokratek, eurek jakingo dute zein uhara utziko duen ibilbideak. Geroak esan beza.

2007-07-22

Interes lartxo

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Ez dago jakin-min apurrik kurduerarekiko» irakurri genion ostegunean Turkian agintean dagoen alderdiko Melih Bulu hautagaiari. Alderdi islamista moderatuko kide da, Turkiako Ataturkzale nazionalistek eta militarrek gorroto duten mugimendukoa. Euskal karlismoaren antzekoa da, zentralismo jakobino baten aurrean tradizionalismo zabalago baten ordezkari. Baina jakobinoek bezain lotsagabe bota zuen gezurra.
Amed-eko (Diyarbakir turkieraz) Sur barrutia desegin eta alkatea kargugabetu dute, osasunari buruzko liburuxka bat turkieraz, ingelesez eta kurdueraz argitaratzeagatik. Arazoa ez zen ingelesa, bistan da. Kurdistan iparrean kurduerarekiko interesik ez, omen.
Hegoaldean Kirkuk da berriz ere protagonista. Ia ehun lagun hil zituzten atentatu bakar batean; kurduerarekiko interesik ez, omen. Iranek heriotza-zigorra ezarri die Adnan Hassanpour kazetariari eta Hiwa Butimar gizarte-ekintzaileari, eta Kurdistan ekialdeko kazetariak atxilotzen eta egunkariak ixten jarraitzen du. Kurduerarekiko interesik ez, omen.
Sufrimendura ohitzen irakatsi die bizitzak kurdu askori. Turkiako legeen arabera (estatu osoko botoen % 10 behar da gutxienez), ez EAJ ez CiU ez ziren Madrilgo parlamentuan egongo. Alderdi gisa lortzea ezinezko dela jakinda, eskualde askotan % 70etik gora ibili arren hautagai independenteak izendatu eta herriz herri egin dute kanpaina, izen-amaraunean analfabetoek ere aurki dezaten hautagaia. Oso zaila da oso bide politikoak hartzea Turkian, baina parlamentura itzultzear daude kurduak hamalau urteren ostean. Kalaxnikovak inoiz baino ozenago dabiltzanean, gainera.

2007-07-15

Galdeketan

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Duela bost urte hordagoa jaurti zuen Ipar Irlandako lehen ministro zen David Trimble unionistak: Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma proposatu zuen. Sinn Feinek laster erantzun zion ezetz. Ulertzen zail egiten zitzaidan jokoa zen, paperak trukatuta ziruditen. Demografia kontuak zeuden atzetik: gehiengo katoliko/abertzalea denbora kontua zen, eta batzuek hari itxaron gura zieten artean, besteek aurkakoa lortzea zuten helburu, erreferendumak belaunaldi oso baterako balio izatea eta Londresekiko menpekotasuna hiruzpalau hamarkadatarako ziurtatzea.
Atzetik asmo hori izanda ere, erreferendumak hain garesti dauden lurralde honetatik begira ezin sinets nezakeen aukera hari uko egingo ziotenik. Beti amestutako aukera proposatu eta «orain ez» zioten. Egoera eta zirkunstantziak aurka izanda ere, ez ote zen errepublikanoen lana bide demokratikoekin herritarrak uharte batuaren ontasunez?
Nafarroako emaitzetara mugatuta, 36 diputatu aurkituko genituzke mendebaldearekin bat egitearen kontra, hamabi alde (asmoa ikurrinarekin batera gorde arren, egongo da horrenbeste suposatzea, ezta?), eta Ezker Batukoen boto parea edozein izanda ere ezer gutxi aldatuko luke.
Horren datu argiekin ez dakit zelan ez duten Trimbleren bidea egiten. Nafarrak inoiz «zoratuko balira ere» Espainiako Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kendu beharra aipatu zuen San Ferminak ere lehendakari pasa dituen Miguel Sanzek. Horren datu argiekin, bila ote lezake xedapena kentzeko indar handiagorik, erreferendum baten bildutako babesa baino? Baina nago, ezkutuko datuak ez ote zaizkien hain argi.

2007-07-08

Hamar urte

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Gogoratzen dudan sasoirik gogorrenetakoa izan zen. Ez dut pentsatu gura zer gerta zitekeen AEBetan edo Ipar Irlandan normal samarra zen legez gurean ere jendeak armak balitu etxean. Armen eta segurtasun pribatuaren aurkako argumentu asko eman zizkiguten egun haiek.
Hamar urteko perspektibaz begiratu dezakegu uztail hartan gertatutakoa. Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuen erakundeak dauka ekintza haien erantzukizuna, ez dut gutxiagorik esango. Baina ordutik behin eta berriz ikusi ditugu antzeko kasuak munduan, eta askotan lortu da bahituaren bizia salbatzea. Edozein gobernuren ardura, beste edozeren gainetik biztanleen bizia bermatzea baita, eta horretan ahalegindu behar du. Frantziak egin du Iraken, Italiak ere bai. Eta gaur bertan Afganistanen espainiar soldadu bat bahitu balute, bereak eta bi egingo zituen Espainiako gobernuak (PPkoa balitz ere bai), negoziatzeko eta bahitua salbatzeko.
ETArena da ardura, baina ez zuen ilargia eskatu, presoak Euskal Herrira ekartzea soilik. Batzuentzat txantajea izango da, prezio politikoa eta gura duzuena. Ondo prezio merkea, ordea, pertsona baten biziaren truke.
Ez orduan ez gerora, inork ez die inoiz ezer aurpegiratu orduko agintariei. Martxoaren 11ko sarraskiaren ardura egileena da, baina denok dakigu zein den Aznarren ardura ere. Kezko gortinaren eskema mediatikoarekin beti asmatu du Espainiak bere burua zamatzen, urratsik ez egiteko. Negoziazioa berba tabua zen, «kondena» berriz araztasun-froga, eta konponbidea ezker abertzalearen bazterketan zegoen. Beldurra ematen dute orduko hartara itzultzeko sumatzen diren tentazioek.

2007-07-01

Turtzioztik Ondarroara

BERRIAko Larrepetit-en argitaratua

Euzkadiko mugaraino heldu naiz euskal tropekin. Haiekin egon naiz gure herriaren adorea miresten, euren izpiritua inoiz ez dute menperatuko. Eta Euzkaditik atera aurretik bere izenean protesta egiten dut munduaren aurrean...». Turtziozko La Puente jauregian 1937ko atzoko egunez izenpetutako lerroak dira.
Zubi asko jausi ei dira asteotan. Orduan Otxandio, Intxorta, Durango, Gernika, Matxitxako, Bizkargi eta azkenik ekainaren 18an Bilbo jausi ziren. Euskal Herritik kanpoko lehen eguna zuen Agirre lehendakariak 1937ko uztailaren 1a, Turtzioztik euskal lurra utzi berri, manifestu indartsua idatzi eta gero.
«Erabat lotsagabe aldarrikatzen dute etsaiek konkista eskubidea. Betiko ukatzen dugu. Lurraldea konkistatuko zuten, euskal herriaren arima, ez; inoiz ez da izango». Sozialistak, komunistak, jeltzaleak, ideologia askotako alderdiak bildu zituen Jaurlaritzak. Antifaxismoa zuten lotura.
Gaur antifaxistak legez kanpo eta buruzagiak preso daude berriz ere. PSOE, faxisten oldarraren beldurrez. Agirreren alderdikideak, urduri, hondora doan autonomiatxoari begira eta bata besteaz fidatzen ez diren lagunen inperio ekonomikoa kudeatzen. Faxisten jokoa sinetsita, «demokrazia ala legea?» dileman legea hautatzen. «Alderdien legearen aurka daudela diote, baina!». Xabier Arzalluzi ere aspaldi entzun genion gustura galduko zutela Ajuria-Enea, laurek bat egitearen truke. Eta ura bere(n) bidean.
Ondarroako nafarrei, biba zuek eta eutsi tinko. Eta benetako jeltzaleei, horixe baino ez, segi kristau demokrata izaten, faxismoaren suak harrotu barik.

2007-06-24

Kosovoko bandera

BERRIAko Larrepetit-en argitaratua

Irakurriko zenuten: Kosovoko bandera asmatzeko lehiaketa antolatu dute. Albaniar gehiengoak eta serbiar gutxiengoak nork bere naziokoak erabili ditu orain arte, baina estatu batek ezin auzoaren bandera erabili. Albaniak ere bandera alda dezan ere eskatu dute batzuek, arranodun gorria albaniar guztien oihala izan dadin eta ez estatu batena. Estaturik gabeko nazioez mintzatu izan gara; ez ,ordea, naziorik gabeko estatuez. Kosovo ez baita nazioa.
Bosnian eta Zipren antzera egin zuten. Uhartea britainiar kolonia zelarik, Zipreko greziarrek ez zuten independentzia eskatzen, «enosis» baizik, (Greziarekin) batasuna. Londresek independentzia ezarri, koronelen estatu-kolpea eta Turkiaren inbasioa heldu ziren gero. Gaur greziarrak EBn daude, 2008an euroa hartuko dute, eta Zipreko bandera eraikin ofizialetan baino ez da ageri. Etxeetan greziarra daukate.
Albaniarrek estatu bakarra eratu nahiko lukete, pragmatikoak dira, ordea: Batuko balira, ondo, baina bestela ere, hainbestean. Serbia betiko ez bada hamarkada askorako urrunduko dute.
Hobe albaniar estatu bi, biak burujabe, eta ez zati bat inoren menpe. Gero gerokoak.
Antzeko baina aurkako jokaldian, euskaldunon sinboloak Espainiako erkidego batekin lotzen asmatu dute nafar espainolistek (Ajuria-Eneko ardurak ahaztu barik), eta euskal komunitateen batasunak inoiz baino urrunago dirudi. Orain bertan mintzagai ere ez ei da, baina ez dugu behin ere entzun zertaz ziharduten NaBai eta PSNren solasean, zeintzuk ziren adostasunak (eta batez ere, desadostasunak). Izaera abertzalea bera ei da arazo. Baina hori ezin da bandera bezain erraz aldatu.

2007-06-17

Mès que un club

Badakit zeinen gai labainkorra den, baina beti pentsatu dut zutabegileak egunerokotasunari heldu behar diola. Literarioago edo kazetaritza estilotik, baina gaiari haginka. Noiz irakurri, jakingo duzue honezkero miraria gertatu den, talde batek galdu duen maila edota biak doazen hondora. Athleticen jaitsiera eta gatazkaren konponketa lotzen dituztenei aitortu beharko diegu hurbil gabiltzala aspaldion.
GALen kontuak harrotzen hasi zen urte urrun haietan aurrerakoia zela sinetsarazi zigun egunkaria daukat aurrean. «Euskal Herriak aurki independentzia lortuko du» lelo probokatzailearekin iragarri zuen «euskal» edizioa. Laster jakin genuen PP gobernura eramateko estrategia hutsa zela GALena. Ordutik geroz eta eskuindarrago, atzerakoiago eta Espainia inperialaren bultzatzaileago dihardu.
«Laportak txiki egiten du Barça» dakar kazeta mundutarrak. «Klubaren katalan nortasuna errespetatzea eta katalanez hitz egin eta idaztea eskatzen dizuegu» esan ei die lehendakariak jokalari gaztetxoei. Zenbait izarren kontratuetan katalana ikasteko klausula ere ba omen dauka Barçak. Ondorioa: «Laportarentzat garrantzisuagoa da katalana ondo ahoskatzea golak sartzea baino».
Atzerritarrak bai/ez eztabaidarako konponbide ezin hobea dakar Kataluniako taldeak. Zein ote euskaldunago: futbolari Euskal Herrian bihurtu izanaren aitzakian fitxatutako kantabriarra ala Kamerundik, Brasildik edo Serbiatik etorri eta euskara ikasitakoa? Gaztelauak ere ikas dezakeela ahaztu barik, noski.
Hara, Athleticen kanpainarako ideia, gainera dohainik. Eta eskerrak ez eman niri, El Mundo-rena da meritua.

2007-06-10

Tabernako kontuak

«Kito, beraz. Armak mintzo bitez!».
«Espainiak hori bera bultzatzen duenean, birritan pentsa beharko geniken».
«Zapaterok ez dik asko pentsatu bada: De Juanarena mendeku hutsa duk. Eta Argalaren omenaldiagatik Otegi espetxeratzea?».
«Ez ote da Argala ere terrorismoaren biktima? Inoiz zigortu gabeko terrorismo paramilitarra, gainera».
«Terrorismoa goraipatzea adierazpen askatasuna zapaltzeko txikle hutsa duk beti».
«Baina hauxe zagon. Edo Espainia garaitzeko beste indar bildu, edo negoziatzekotan, kostako zaien Zapatero baino hoberik topatzen. Zer esanik ez PPko lehendakaria baletor».
«Borondatea ukatu barik ere, konplexuz eta baldar jardun dik beti: Kongresuko agirian, PSE-Batasuna batzarrean, De Juanarenean, ANVrekin...».
«ETAk ere ez zion lana erraztu, horratik. Agiri bakoitzak dozenaka belarrondoko zekartzanan!».
«Belarrondokoak laster helduko dituk, bai!».
«Baina egin liteken borroka armatua, inor hiltzera iritsi barik. Ateren bat zabalik egon dadin beti ere».
«Hiru egun nahiko izan ditik Espainiak ate guztiak ixteko, horratik!»
«Baina zinegotzi arruntei ekitea desproportzio izugarria dun! Gorago jotzeko ezintasuna zirudik gehiago».
«Jeltzaleak ere urduri ei zaudek».
«EAJk hauteskundeetan hartu din egurra, AHT pasako den eskualdeetan batez ere. Lezio ederra Durangaldean».
«Bai, eta hurrengo astean bertan lotsarik gabe lanak esleitu. Negozioak arriskuan dituztenean, bost axola zaiek herri-borondatea. Alderatu Lemoiz eta Itoitz, Leitzaran eta Boroa... AHT ere ez ditek ez botoek ez protestek geratuko».
«Isilik, ea entzuten hauten!»
«Ez, gu fikziozko pertsonaiak gaituk».

2007-06-03

PSNren beldurrak

BERRIAko Larrepetit-en argitaratua

Lerrook idazterako PSNk ez du argitu ezkontzeko asmorik daukan ala nobio hobearen bila jarraituko duen. Argi dagoen bakarra, hautagaiarenean legez, hau ere ez duela PSNk Iruñean erabakiko. Alde ederra, PSOEren gainetik ERCrekin bat egitea erabaki zuen PSCren aldean.
Ez dakit zelan azalduko dioten sartagudarrari, aldaketarako asmoz bozkatu ostean, herriari eta hilen memoriari behin eta berriz irain egin dion kuneteroen alderdiak jarraituko duela agintean, ibaiaz hegoaldeko kalkuluetarako ezinbesteko sakrifizioa delako.
Zurrumurruek diote «lehendakaritza bai baina alkatetza ez» baldintza ezar dezakeela PSNk. Boto legalak ere kutsatuta, nonbait. Sarri ados egon ez arren, Iruñeak alkate bikaina izan dezake, noren ostean datorren ikusita batez ere. Eta aspaldiko partez euskal hiriburu bateko aginte-makila euskaldun baten eskutan legoke.
Legezko izan arren Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarekin bat egiteko erreferenduma baztertu du oraingoz NaBaik. Beste horrenbeste Iruñean ikurrina jartzeko aukera. AHTk, Itoitzek eta Castejongo zentralak ez dirudite oztopo, hain gutxi 2x2 autobiak, Pirinio Atlantikoen egitasmoa baino Sanzen laineza Europara Gipuzkoatik pasatu barik joateko.
Nahiko lukete Galiziako eta Kataluniako sozialistek NaBai gisako abertzale epelik aldamenean. Nekez topatuko dute inoiz hau baino ezker abertzale eskuzabalagorik. Urrezko zubia jarri diote PSOEri ibaia busti gabe pasa dezan, baina inork ez ikustea gura du, gainera. Eta ausardia norberak jarri behar du.

2007-05-27

Urratsak

Berriako Larrepetit-en argitaratua

Ez zait Holokaustoa ezerekin konparatzea gustatzen. Errazegia eta proportziorik gabea da, erantzuna aise uzten diozu aurkariari: zureak ez dauka han gertatutakoarekin zerikusirik. Oso tentuz jotzen adibide horiekin, ez ditut gustuko palestinarrekiko elkartasuna adierazteko, hain gutxi Euskal Herriko egoera azaltzeko.
Hori jakinik ere, ekarri nahiko nuke Imre Kerteszek kontatzen duen zerbait: urratsak. Holokaustoa bat-batean jasangaitza izango zen, baina kalean besokoa eramatearen estigmatik hasi eta Auschwitzera urratsak baino ez daude, jendeak ezjakintasunez, edo jakin nahi ezaz egindako urratsak.
Erantzukizun maila desberdinak dituzte, noski, juduen salatzaileak eta beldurrez atea ixten dionak, baina berdintsua da ondorioa. Sistemaren mekanismoak ondo koipeztatuta dauden seinale, aurka zein alde egon, beti aurrera egitea.
Alderdiren batek aurkezterik ez daukanean, demokraziak egiten du kale. Batzuei egokitu zaigu estigma orain, ez digute bozkatzea debekatu, aski baita bozkatuak izateko eskubidea kentzea. Burua tente gabiltza, ordea.
Norbait jokoz kanpo uzten dutenean, ideiak ideia, hura da demokrazia aldarrikatzeko balio duen bakarra. Besteak alde edo kontra egongo dira, baina berdintsu bultzatzen dute bazterketa. Aspaldi hartu beharreko jarduna zen duintasunaren aldekoa, ez onartzea horrelako hauteskunderik. Egin ez dutenez, ilegalizazioaren aldeko bihurtzen da bazterketaz aprobetxatzen den boto oro. Eta bihar hauteskundeak errepikatzen badira, ez du balioko burumakur «ni aurka nengoen, baina...» esateak.

2007-05-20

Ostiraleko egunkaritik

Agian urrunegi joan zirela esan zuen fiskalak, eta mendeku itxura hartu nion. «Barajasen urrunegi joan ziren, orain geu, bakea eta berriz hutsetik hasi gaitezen». Seinale txar-txarra ere ez. Estrasburgotik Alderdien Legeari buruzko ebazpena uda aurretik helduko den zurrumurrua dabil. Nire zalantza: legea atzera botako balute, zer? Errepikatu hauteskundeak? Beti irabaztera ohituta daudenek euren alde apuntatuko dute tantoa, baina ez dituzte bertan behera utziko urteotan egindako demasiak. Egin behar dugu inor limurtzeko baino gehiago mehatxatzeko leloa dirudi. Irungo Ogasunean galdetu osterantzean, baina han hobe PSOErena hartu balute: Gehiago egingo dugu.
23 mila lagunek ikusi dute Eutsi! Hau da: euskarazko zinemak aurreko urtearekiko % 44 galdu du, eta okerrena, Kutsidazu-k ere Aupa, Etxebeste!-k baino % 43 ikusle gutxiago izan zituen. Hau da, urte bian 72 mila ikusletik 23 milara jaitsi dira euskarazko filmak, % 68. A, eta globalizazioaren sasoian filma Lapurdin ikusteko Madrilen estreinatu duen banatzaile frantsesa behar ei da. Eutsi! Baionako karteldegietan baino lehenago ikusiko dugu Alliot-Marie Espainiako hiriburuan.
Bilboaldeak egin du kale, Euskal Herrian euskaldun gehien bizi den eskualdeak. Ez da promozio falta izan. Baina hemen ez daukagu euskararen aurka ez dagoela erakutsi behar duen PPko alkaterik, hain gutxi PSOEko Kultura zinegotzi euskaltzalerik. Iruñerriko British eredua daukate, Barkala zinegotzi erdaldunak gogorarazi zigunez: turismoa bultzatzeko «ingelesa ikasi beharko da». Zelan salduko dugu ezer etxekoaz lotsa eta mespretxua daukaten konplexuz eta autogorrotoz beteriko arlote talde honekin?

2007-05-13

Botoak ala bonbak

Botoak ala bonbak?

Argi erantzun dio ezker abertzaleak Jose Blancori: botoak. Baina bonbak erabaki dituzte epaileek eta gobernuak. Martxarako gogoz?

Honaino iritsita, atzera begiratzeko moduan gaude. Prozesua Barajasen lehertu zen? Neurri batean bai, bistan da. Baina ustelduxe zegoen lehendik, eta ahalegin gutxi gerora. Argi eta garbi, Espainiako Gobernua ez da bakea egiten ausartu. Borondaterik izan baldin bazuen, ausardia eta ekimena falta eta konplexua sobera izan du. Zapaterok bake-prozesua legegintzaldiko konpromiso zuela uste genuen, hauteskundeek behartzen zutela hau ondo amai zedin. Gainontzeko gaietan espainiar gehienen babesa du, eta datu ekonomiko onak. Krisirik ezean eta ondo bidean, lehendakariek hauteskundeak irabazi ohi dituzte.

Baina bakeak boto gutxi eta boterea galtzeko arrisku handia dakartza. PSOEko askok diote -EAJren hil-kanpaiak ere nabarmenak dira- honenak egin duela. Atzerako kontaketa hasita dago, bonbak normaltasun izango badira, hobe orain 2008ko hauteskunde bezperan baino. Su-etena apurtzeko une bikaina, urtebete daukate aurretik espainiarrak atentatu-atxiloketa-tortura-atentatu espiralean anestesiatzeko eta PP neutralizatzeko. Ondo ezagutzen dute, eroso mugitzen dira askorentzat negozio ere baden joko odoltsuan. Independentistontzat oso altua da prezio politikoa; estatuarentzat berriz galdutako peoi onargarri bezain komenigarriak dira. Bere anker eta gordinean, halaxe daude kontuak.

Botoen bidea itxi dute. Baina kasu, bidea etsaiak markatzen dizunean. Ez dezagun ahaztu. Inoiz baino gehiago, burua hotz, tenpleu eta aurrera bolie.

2007-05-11

Hau ez da Boise

Mariak kafea atera eta esan dit ez duela bozkatuko. Polito daki euskaraz, baina bozkatzeko ez da euskalduna izan behar. Espainola izan behar da, eta Kolonbiako pasaportea dauka.

Frantziatik iritsi zen Ez ukitu nire laguna leloa. Eta handik Sarkozyren oldarra ere, nahiz eta Bowling for Columbine-n ageri den estatubatuarren beldurra den, geuk ere geroz eta barneratuago. Iñaki Azkunak zail jarri dizkio gauzak eskuinari. Basagoitik mila polizia gehiago agindu ditu. Gaizkileari egurra.

«Urtebete barru: Gipuzkoa guretzat, EAJ kanpora Bizkaiko diputaziotik eta Txema Oleaga Bilboko alkate», ziostan iazko su-eten hasierako egunetan ezker abertzaleko optimista batek. «Eta kalera, inoiz ezer egin ez duten milaka entxufatu horiek».

Bete-betean asmatu du, alajaina. Honezkero jakingo duzue zertan den Konstituzionalaren kontua. ANV kanpoan balego, EAk baino ez luke alkategai euskaldunik, eta boto gutxi inkestek. Aralarrek ezin izan ditu ezkerra eta euskara batu, Azkunaren makulu izan den Julia Madrazo daroa hautagai.

Alkate euskalduna? Boisen zaudelakoan?

2007-05-06

Hogeita bigarrena

EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak inoiz ez du inongo alderdiren agiririk izan. Inoiz ez dute atxilotu, ez zigortu, ez epaitu, bizi osoan ez du epaitegirik zapaldu. Espainiako Gobernuak dioenez berak eta beste hamaika lagunek agerian uzten dute Bilboko zerrenda Batasunak antolatutako iruzurra dela.

EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrena inoiz ez da legez kanpoko alderdi baten zerrendetan egon. Legezkoa zen alderdi bateko hautagai izan zen aspaldi, gaitzetsi beharreko legez kanpoko indarkeriarik ere ez zegoen 1998ko hilabete itxaropentsu haietan. Herri Batasuneko (eta, beraz, Aralarko), Zutikeko, Batzarreko, eta euren burua ezkertiar eta independentista zuten beste milaka lagunen gisan izan zen hautagai. Inork ez zion esan bizi osorako kondena zekarkionik horrek.

EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak indarkeria gaitzesten duen alderdi baten proposamena onartuta berriz zerrendetan joateko proposamenari baietz esan dio aurten ere. Politika aktiboan aritzeko inolako asmorik edo gogorik gabe baina bakea jokoan zegoela jakitun, hitza debekatu zietenen lekua betetzea bakearen alde egin zitekeen urrats txikiena zela pentsatu zuen. Oker zegoen. EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenari pertsona kutsatu deritzo Espainiako Gobernuak.

Epaileek erabakirik hartu baino lehen bidali behar dut zutabea, motibo askorik izan ez arren eurengan itxaropena baino geratzen ez zaidala jakinik. Berba izan dut arma bakar bizi osoan, eta Espainiako Gobernuak eskubide zibilik gabe utzi gura nau.

2007-04-29

Ez dute Heinkelik behar

Memoriaren astea izan daiteke amaitzear daukagun hau. Labaina da memoria batzuentzat, ordea. Felipe Gonzalezek esportatu gura izan zuen trantsizio hispaniko eredugarria Gorbatxoven perestroikan baino ez zuten irentsi, haren fruitu zen Jeltsin, eta gero gerokoak. Vladimir Putin Txetxeniako harakinak sinpatiko mozkorti bihurtu du, baina gaurko oligarkia ustelaren lehen urratsak nork egin zituen ez dute ahaztu.

Latinoamerikan jaramon gutxiago egin zioten, zorionez, espainiar lehendakariari, Gaztelako paternalismoaren arriskuaz jakitun. Pinochet zigortu barik hil da, bai, baina epaitegietan eman ditu azken urteak, eta asteon Argentinan Videlaren amnistia bertan behera utzi dute. Espainian, berriz, diktadurako ministroak bakean hiltzen dira ohean. Kriminalak alderdietako lehendakari izan daitezke. Alderdi frankistek indar abertzale antifrankistak legez kanpo uzteko harrokeriaz joka dezakete. Alemanian espetxe-zigorra dauka nazismoa goraipatzeak. Gurean, Francori bertsoak. Ez zuten alferrik irabazi. Behin eta berriz datoz arbolapean ekitaldiak eta argazkiak egitera. Inork ez die ezer esaten, konkistatutako lurrean daude. Heinkelen zaleak lasai bizi dira, voló, voló apologia da, eta Carrerori eta Meliton Manzanasi omenaldia egiten diete.

Tristea da bere burua sozialistatzat daukatenak konplexuz beterik frankisten dantzan ibiltzea. Eta are tristeagoa legez euskal mendebaldeko eta bokazioz euskaldun guztion lehendakari dena Gestapoko torturatzaileari barkamen-eske ikustea.

2007-04-22

819

Zenbaki hotzek dramak ezkutatzen dituztela esan ohi da. 200 mila Bosnian, Timorren eta Guatemalan, 800 mila Ruandan, lau milioi Kongon, 30 mila Argentinan. Eta gaur egun jarraitzen dute gerretako kopuruak ematen: seiehun mila Iraken, 70 mila Sri Lankan, laurehun mila Darfurren, 35 mila Ipar Kurdistanen.

Ipar Irlandan 3.500. IRAk, paramilitar loialistek, armadak, RUCek eta bestelako indarrek hilak estatistika berean daude, hango drama adierazten. Zortziehunen bueltako kopurua aipatzen dute euskal gatazkan. Gatazka konpontzeko berdeegi gauden seinale. ETAk zortziehun lagun hil ei ditu lau hamarkadatan, baina mila baino askoz gehiago izan dira gure gatazkak utzitako hilak. Ez da GALen edo beste erakunde parapolizialen hilak ahaztea soilik. Biktimen mailakatzea dagoela aitortuta ere, legez kanpoko hilketak gaitzesgarri zaizkie askori. Legearen izenean eragindako sufrimenduek ordea, horiek guztiek ere aitorpena behar dute. Jazarpenek, kontrolek, airera bota eta giza-gorputzetara iritsitako balek. Zer gutxiago etsaiak ere sufritzen duela aitortzea baino. Borrero eta biktimen estrategian kateatu eta konplexuz betetzen diren agintariekin ordea, 1937rainoko bidea egin eta atzera armak hartzeko motiboz betetzen da bat baino gehiago.

Beste noizbaiterako utziko dugu zein meritu egin zuten Barajasko ekuadortar gizajoek Espainiak eman berri dizkien dominetarako. Eta zein meritu falta izan duen Andaluziako kostara gorpu iritsi berri den gazteak, edo lanak egunotan hil dituen Liguang errumaniarrak, Victor ekuadortarrak eta Pierre lapurtarrak.

2007-04-20

Tomas Borge: "Harroputzak izan ginen, burokratak ere bai, baina ordaindu ditugu akatsak"

Nikaraguako azken bozak irabazi zituen FSLNk, oposizioan 16 urtez egon ostean; eskuinera egitea leporatzen badiete ere, ezkertiar izaten jarraitzen dutela dio Borgek.

Managua

FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinista sortu zuten lagunetatik bizirik dagoen bakarra da Tomas Borge (Matagalpa, 1930). Alderdiko presidenteordea da egun, baina ibilbide luzea izan du urteotan politikaren munduan. Daniel Ortegaren Barne ministroa izan zen eta aurretik kartzelan izan zen behin baino gehiagotan -Carlos Salinas de Gortari Mexikoko presidentearen aholkularia ere izan zen-. FSLNk iragan azaroko bozetan boterea eskuratu zuen berriz, oposizioan hamasei urtez egon ondoren. Daniel Ortegak kargua jakinarazi dio: Nikaraguako enbaxadorea izango da Perun. Limara abiatu aurretik, ikasleekin egindako ekitaldi politiko baten ostean erantzun ditu galderak, behin eta berriz argazkiak egiteko eskatuz elkarrizketa eteten duten gazte eta ez hain gazteen artean. Borgek miresmen handia pizten du sandinista askoren artean.

Perun Nikaraguako enbaxadorea izango zara. Etapa berria hasteko prest?

Bai. Hainbat arrazoigatik noa: batetik, uste dut komeni dela lehen lerroan ez egotea, aski eman diot alderdiari, lortu dugu gobernua. Aldi baterako bada ere, nolabait urruntzea, ona da. Familia gainera perutarra dut, han bizi dira emaztea eta seme-alabak. Euretako bat autista da eta behar nau, eta bere aldamenean egon nahi dut. Horrez gain, nire herriak izendatu nau eta nik herria zerbitzatzen jarraituko dut.

Fronte Sandinistak bozak irabazi zituen azaroan. Askok diote ez dela 1990ean, bozak galdu ondoren, gobernua utzi zuen alderdi berbera boterera itzuli dena...

Garaiak aldatu dira, noski, eta sandinismoak egokitzen jakin du. Baina, oinarrian, Carlos Fonsecaren ideia berberekin jarraitzen dugu. Eta iraultzan ez zen dena ondo egin, desjabetzeak, askatasunen murrizketa eta abar... Baina gauza zoragarriak egon ziren, eta itzuli behar dute, pobreenak ere osasuna eta hezkuntza ziurtatuta izan dezan, haurren hilkortasunak behera egin dezan, analfabetismoarekin amai dezagun...

Autokritika dago 80ko hamarkadarekiko?

Harroputzak izan ginen hainbat kontutan, burokratak ere bai, baina ordaindu ditugu egindako akatsak. Ezkertiar izaten jarraitzen dugu, gutxien dutenekiko leial, inperialismoaren kontrako, baina horrek guztiak etika eta moral bati lotuta joan behar du, ez du nahitaez aberatsen aurka joan behar.

MRS Mugimendu Sandinista Berritzaileak eskuinerantz jo izana leporatu izan dizuete...

Gezurra da, gu ezkerrekoak izan gara beti eta hala gara orain ere. Eurak dira gaur egun zentro-eskuineko indarra.

Fronte Sandinista 1961. urtean sortu zenuten. Zu zara bizirik dagoen bakarra. Nola izan ziren une horiek?

Asko izan ginen sortzaileak: Carlos Fonseca, Silvio Mayorga, Jorge Navarro, Faustino Ruiz, Jose Benito Escobar... Ni ere euren artean izan nintzen. Leku baten bildu ginen erakunde iraultzaile bat sortzeko eta indar somozisten aurkako talde guztiak batzeko. Carlos Fonsecak proposatu zuen Fronte Sandinista izena, nik Fronte Askatzailea proposatu nuen, beste batzuek Askapen Frontea... Carlos Fonsecaren tesia nagusitu zen azkenean.

Rigoberto Lopezek Anastasio Somoza diktadorea hil ostean atxilotu zintuzten lehenengo aldiz, 1956an. Ezagutu al zenuen bera?

Rigoberto? Ez. Ez nuen ondo ezagutu. Garaiko beste buruzagi guztien moduan espetxeratu ninduten ni, ekintzaren ostean mundu guztia harrapatu zuten, baina nik ez nuen ezagutu. Tira, behin ezagutu nuen, baina ez nekien zer asmo zerabilen.

Carlos Fonseca, berriz bai, ondo ezagutu zenuen. Nolakoa zen?

Gizon zintzoa, talentuduna, sakona eta ondradua zen. Gizon eredugarria... ez dakit zer esan Carlos Fonsecari buruz.

Carlos es los muertos que nunca mueren (Carlos sekula hiltzen ez diren hiletakoa da). Munduko bazter guztietan egin da ezagun esaldi hori. Nola izan zenuen kartzelan bere hilketaren berri.

Pentsa, nire laguna, nire anaia zen. Guardia Nazionaleko koronel bat etorri zen esatera hil egin zela. Berak uste zuen ni negarrez hasiko nintzela, eta horregatik esan nion: Carlos es los muertos que nunca mueren (Carlos sekula hiltzen ez diren hiletakoa da). Eta oso ezaguna egin zen esaldia. Barrutik lur jota egon arren hala esan nion. Unea mingarria zen, noski, erabat, anaia bat hiltzea moduan zen, eta bera [Carlos Fonseca] anaia baino gehiago zen niretzat.

Une gogorren artean, anekdota irrigarriak ere badituzu, irakurtzen uzten eta uzten ez zizkizuten liburuena adibidez.

Behinola liburuak eskatu eta Capital (Kapitala) utzi zidaten -Kapitalismoa zela uste zuten-. Cortazarren [Julio Cortazarren] beste bat ere bai. Buru-energia izeneko bat, aldiz, debekatu egin zidaten, energia harekin espetxetik ihes egingo nuelakoan.

Julio Cortazar ere lagun izan zenuen, ezta?

Bai, oso lagun. Bere bizitzako azken hamar urteetatik bost nire etxean eman zituen.

Daniel Ortegarekin Barne ministro izan zinen. Maitatua, mirestua, baina baita gorrotatua ere...

Eta beldurra ere izan zidaten. Herria maite duzunean beti egoten dira herriaren aurkakoak, eta horiengan gorrotoa sortzen duzu.

Fidel Castro Kubako presidenteak hauteskundeak ez egiteko esan omen zion Daniel Ortegari 1990ean -urte horretan galdu zituen bozak FSLNk-. Egia al da?

Fidelek egiteko aholkatu zigun hasieratik, ez genion jaramonik egin. Askoz geroago egin genituen. Soldadutza ez jartzeko ere esan zigun eta jarri genuen. Ni bat nentorren Fidelekin [Castrorekin], behartuta zihoazen soldaduekin ez zegoela iraultza egiterik, baina nire tesia ez zen gailendu.

Mirespen handia aitortu izan diozu beti Fidel Castrori.

Pertsona bikaina da, langile nekaezina, zintzoa, sekula ez du gezurrik esaten. Dena eman du besteen alde, lider betea da, gizon goxoa, justua, begirunez tratatzen zaitu beti, baina zuzena eta zorrotza ere bai. Kubak beharrezko izan du, eta berarentzat sakrifizio ikaragarria izan da.

Politikan aritzeaz gain, idazle gisa aritzeko astia ere izan duzu. Idazten duzu oraindik? Zein idazle dituzu gustuko?

La paciente impaciencia (Eraman handiko ezineramana) berriz aterako dut, berridatzita. Poesia maite dut: Juan Gelman, Jose Coronel Urtecho, Ruben Dario, eta beste batzuk, Jose Marti, Cesar Vallejo...

Pragan (Txekiar Errepublika) arazoak izan zenituen liburu hori zela eta, ezta?

Ez zioten jaramonik egin liburuari. Ez zen kazetaririk etorri, ez zen aurkezpenik egin jendaurrean. Idazle Elkarteko presidentea etorri zen tramite hutsez. Haserre, esan nien ez ninduela harritzen Milan Kunderak alde egin izana, eta kafkiarra zela Kafka ez ezagutzea Txekoslovakian. Ez baitzuten ezagutzen.

Argi zenuen ez zela hura Nikaraguarako eredua?

Eredu barregarria zen, absurdoa.

2007-04-15

Bi mendetik gorako erresistentzia

Bi mende baino gehiagoko erresistentzia

Amerika Erdialdeko itsasertzera iritsi zireneko 210 urteurrena ari da ospatzen garifuna herria.

Mundu herririk bitxienetakoa da garifuna. Karibeko kostaldean bizi den etnia da, hizkuntzaz amerindiarrak dira eta zenbait zantzu indigena igarri arren batzuen azalean, Afrikako beltza da nagusi. Afrikarren eta Antilletako indigenen arteko nahasketatik sortu zen nazioa eta britainiarrek XVIII. mende amaieran Honduras aurreko uharte batera deportatu zituzten. Hala, egunotan gogoratzen dute 210. urteurrena.

Hondurasen ez eze, Guatemalan, Belizen eta Nikaraguan ere badaude garifunak, eta itsasertzeko herria izanik, AEBetan ere milaka garifuna daude, hasieran ontzietan behargin joandakoak, eta gerora lan bila zuzenean beste ertamerikar askoren gisan.

Gaur egungo garifuna kulturaren egoera ez da guztiz txarra, baina ezin esan etorkizuna bermatuta daukanik da: Belizen eta Hondurasen daude talde handienak, eta horietan daukate aitorpen handiena herri gisa, baina azaleko babesaren atzean hainbat borroka daude. Hala, gobernuok bultzatuta 2001ean orain arteko aitorpen garrantzitsuena lortu zuten: Unescok Mundu Ondare Ez Material izendatu zituen garifunen hizkuntza, dantza eta musika.

Dangriga izen garifuna da, Belizeko hegoaldeko herririk handienak azken hiru hamarkadetan izan duena hain zuzen ere, Stann Creek ingelesa aldatu zutenetik. Han dago Garifuna Museoa, eta hantxe zabalduko dute datorren ikasturtean herrialdeko lehen eskola garifuna. Augustine National Garifuna Council elkarteko lehendakari ohiak aitortzen du gauza asko lortu dituztela, baina horren ifrentzua ere badauka hizpide: "Belizek bere egin du garifuna kultura, gure ondarea Belize osoarena bihurtu du. Lehen kreoleek (afrikar esklaboen ondorengoek) ia ukatu eta baztertzen zuena sinbolo nazional gisa aurkezten dute nazioartean, garifuna askok bide garrantzitsua egin du Belizeko gizartean, badira ministroak, gobernu arduradunak eta abar, baina jende asko bizi da pobrezian oraindik, ekonomikoki ez da denengana iritsi hobekuntza, eta kulturalki arriskua erabatekoa da. Konturatuko zinen Dangrigako gazteek ia ez dutela garifunaz hitz egiten".

"Ama Estatu Batuetara joan zelarik, amamarekin utzi ninduen eta garifunaz hitz egiten genuen. Baina gero amama hil eta ama itzuli zenean kreoleraz hasi zen berbetan, eskolan ingelesez egiten dugu eta pena handia ematen dit garifuna ahazteak", dio garifuna museoan mutiko batek. Dangrigatik irten eta herri txikiagoetan bizi-bizirik dago hizkuntza, baina oraindik ere etxerako eta kalerako baino ez da, ezin inon idatzita ikusi. Eskolarik ere ez dago, ahozkoa da nagusiki, telebista eta irratietan erabili arren, eta punta bezalako musikaren oinarrian egonda ere. Aldaketak urte gutxian gertatu dira: duela hamar-hamabost urte asfaltorik eta sarri argindarrik gabeko herrixkak ziren, egun hobekuntza horiekin batera turismoa eta ingelesaren beharra indartsu sartu da.

Guatemalan Livingstone herrian bakarrik daude garifunak, baina magiaz beteriko herria da: hizkuntza barra-barra entzuten da eta elizen eta sekten indarrak ez du lortu oraindik garifunen sinesmen eta ohiturekin amaitzerik. Beste horrenbeste Nikaraguan, gainontzeko komunitateetatik bereizita dauden Pearl Lagooneko herrietan, Bluefieldsetik ez oso urrun. Hizkuntza ia galduta dago, baina Kensy Sambola ikerle gazteak gogoratu digunez "argi bereizten dugu gure burua auzo kreoleengandik (esklaboen ondorengo beltzak, Jamaikatik etorritakoak asko), euren hizkuntza hartu dugun arren". Karibeko herri gehienak ez bezala (miskitoak, kreoleak, eta beste herri txikiago batzuk), garifunak sandinistak izan ohi dira, iraultzarekin herri gisa aitorpen izan baitzuten. Egun, lortu dute eskolan garifuna hizkuntza irakastea eta berreskurapenerako lehen urratsak egitea.

Garifuna gehienak Hondurasen daude, eta han daukate indar handiena, baina baita zatiketa ere. Gobernutik eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik diru asko jarri dute garifunen etorreraren 210. urteurrena ospatzeko, garifuna elkarteek berriz, dirutzaren atzean interes ezkutuak eta komunitateak itotzeko asmoa dagoela salatu dute.

Hondurasko Karibe ia osoan daude garifunak, Omoa (Guatemalatik hur) hasi eta Moskitiaraino, Roatan uharteko lehen bizilekua izan zen Punta Gordan barne. Azken horretan egin da egunotako ekitaldi garrantzitsuenetakoa, 1797ko apirilaren hamabiko lehorreratzea antzeztuz.

Herri borrokalari bezain alaia da garifuna. Telako badia ederraren mendebaldean dagoen Triunfo de la Cruz herri zoragarriraino asfaltatu gabeko bidea iristen da, laster kostako autobidea egiteko asmoa badago ere. "Costa Garifuna" izeneko egitasmoaren barnean aurreikusitako lanetako bat da, komunitate gehienek mesfidati ikusi arren: ondotxo dakite Yukatango Riviera Mayak zer daukan maiatik eta zer ekarri dion bertako biztanleriari. Panchy ostatua nazioarteko hotel handien beste muturrean dagoen etxola multzoa da: hondartzan bertan sei euroan eraiki ditu herriko familia batek hainbat herritarren laguntzaz. Panchyk berak bilobari Irati deitzen diola iruditu zaigu, eta ez gabiltza oker: Aurizberriko frontoiko tabernan egon da lau urtez lanean, eta alabari izena proposatu zion.

Herritarrek ez diote muzin egiten turismoari, sasoia hurbil dago eta goizero eurek garbitzen dute hondartza, baina eurek antolatuta eta euren onurarako den turismo mota gura dute, ez lurrak kendu eta hotel handien mesederako lan esku merkea eta folklore hutsa diren behargin bihurtu. Eta borroka gogorra izan da Tela inguruan, azken urteotan enpresario handien menpe diharduten paramilitarrek lau lagun hil dituzte, 2006an bertan azken biak. Errepresioaren beste aurpegi bat bizi izan zuen Alfredo Lopez Ofranehko (Hondurasko Beltzen Anaitasunerako Erakundea) kideak: zazpi urte eman zituen preso narkotrafiko salaketa faltsu baten ondorioz, eta Gorte Interamerikarrak Hondurasko estatua zigortu du kasu honengatik.

Lanpetuta dabilela-eta goizeko seiak eta erdietan jarri dugu hitzordua Triunfoko hondartzan. Irratia dute arma garrantzitsuenetakoa interes espekulatiboen aurrean, eta hainbat garaipen garrantzitsu lortu dituzte azkenaldian. Tela udalak inposatutako patronatua (kontzejuen antzeko udalen azpiko egiturak) onartu ez eta herritarrek hautatutako patronatuak lurrak atxikitzeko deia egin du, badiaren beste aldean iruzurrez saldutako lurrekin jazo zena ez errepikatzeko. Hotel handiek hartu dute lur hori, bost axola babestutako parke nazionaleko lurretan egotea. "Okerrena, ingurumena zaintzeko sortzeko elkarteak ere erosi dituztela, nola ulertu bestela horrelako triskantzetarako baimena ematea, eremu naturaletan hotelak eraikiz eta beti bertan ibili izan garen biztanleoi sarrera debekatuz?"

Lurren legea garaipen garrantzitsua izan zen, zenbait lekutan multinazionalek garifunen lurrez jabetzea lortu badute ere, ezkutuko maniobrei esker. Miami da Tela badiaren ekialdean ageri den azken herria. Etxe guztiak garai bateko material naturalez eginak dira, eta Karibe itsasoaren eta Micos aintziraren arteko lur-eremu estuan dago, baina datozen egunotan dira inguruan ehunka logelako hotela eraikitzen. Badiaren beste aldean ageri da Triunfo de la Cruz. Apal bezain harro, besoak zabal-zabalik hartzen ditu bertaratzen diren kanpotarrak, borondate onez joanez gero, turismoaren onurez jakitun, baina interes arrotzei eta euren paradisua arriskuan jartzen duen orori aurre egiteko prest.

Garifunen exodo ezezaguna

1797an Karibeko Roatan uhartera heldu ziren britainiar armadako ontziak. Bi mila gatibu beltz zekartzaten, aurreko urtean menperatutako etnia berezi batetik bizirik iraun zuten azken pertsonak. Laster Amerika Erdialdera pasa ziren gehienak, eta itsasertzean herrixkak sortu zituzten, Belizetik Nikaraguaraino. Milaka laguneko nazioa dira gaur egun, hirurehun milatik gora Amerika Erdialdean, eta AEBetan beste asko. Egunotan gogoratu dute garifunek exilio behartu hura.

Garifunen historia ez da ez 1797an ez Hondurasen hasten, ordea. Karibe itsasoaren beste aldean, Antilla Txikietan sortu zen herri berezi hori. Idatzitako agiririk ez badago ere, badirudi 1635 inguruan (XVII. mendeko beste data batzuk ere eman izan dira) esklabo-ontzi bat hondoratu egin zela, historia ofizialak naufragioa dakar, baina badira horren atzean afrikarren matxinada ezkutatzeko asmoa ikusi dutenak ere. Kontuak kontu, bertako biztanleek Yurumein eta kolonizatzaileek San Vizente deitu dioten uhartera iritsi ziren, eta han, hasierako borrokaldien ostean, Europan karibe izenez ezagutu diren indigenekin bat egin zuten. Euren buruei kalinagu edo kalipuna zeritzen, hortik garifuna (plurala garinagu) izena eta azken urteotan karibe hitza baztertu eta jatorrizko berbak hartzeko asmoa. Zer dela eta? Karibe hori kanibal sortzeko erabili baitzen, hartara zapalkuntzarako justifikazioa izan zedin.

Afrikarrek eta indigenek uharte hartan bat egin zuten, beraz, eta haraino iritsi ziren auzoko uharteetatik ihes egindako esklaboak ere. Batzuen eta besteen ohiturak nahasi ziren, Orinocoko kulturak eta sineskerak Afrika mendebaldekoekin batu ziren, hizkuntza amerindiarra hartu zuten afrikarrek euren ekarpena eginez, eta dantzak eta danborrak sartu zituzten, Antilletan bakarrik gerta daitekeen nahasketa bitxia sortuz. Hala, mende eta erdian tinko eutsi zieten frantses zein ingeles asmo kolonizatzaileei, eta potentzia horiek aitortu ere aitortu zieten uhartearen zati handi baten jabetza. XVIII. mendearen amaieran itun horiek betetzeko babes handiagoa ematen zieten frantsesen aldean lerratu eta ohi denez azkenean europarren arteko hitzarmenak ingelesei eman zien uhartea. Gerran Satuye (Chatuye ere idatzi da) buruzagi handia hil zuten, Duvalle anaiak mendian borrokan jarraitu bazuen ere, garaitu egin zituzten azkenean 1796ko ekainean. Ia bost mila garinagu hartu zituzten gatibu eta Balliceaux uharte idorrera eraman zituzten, britainiarrek ontzi nahiko ekarri eta Roataneraino deportatzeko. Azal argieneko garifunei utzi zieten Yurumein edo Saint Vincent uhartera itzultzen, eta euren ondorengoek han jarraitzen dute, hizkuntza galdu arren; azken hamar urteotan oso harreman estuak landu dituzte Saint Vincenteko eta garifunak dauden herrialdeetako gobernuek, Belizekoak batez ere. Lau mila gelditzen ziren bizirik 1797ko otsailean deportazioari ekin ziotenean, erdiak baino ez ziren iritsi Roatanera. Egun, hirurehun mila inguru dira. Mende bitan gehien hazi den nazioa izan da, zalantzarik gabe.

Roatango Punta Gordan utzi zituzten britainiarrek (gutxi batzuek han jarraitzen dute oraindik), baina kontinenteko agintea zeukaten espainiarrekin ituna egin ostean, maiatzerako Trujillon lehorreratu ziren garinaguak. Genozidioaren eta piraten erasoen ondorioz ia hutsik zegoen Hondurasko kostaldea; espainiarrek gustura hartu zituzten britainiarren aurka borrokarako prest zegoen herri hura. 1802rako espainiarren aurka ere matxinatu ziren, horratik, nazio borrokalariak ez dio alferrik eutsi gaur arte euren hizkuntza eta kulturari. Danborrak sinbolo berezia du garinaguen artean: esklabo izan diren afrikar gehienek galdu duten tresna da, musikarako ez eze hainbat errito eta borrokatarako erabiltzen baita.

Garinaguak itsasgizon iaioak izan dira mendetan (emakumea etxeko lanak eta nekazaritzaz arduratu izan da), baita XX.ean ere AEBetako ontziak Amerika Erdialdean agertu zirenean banana-negozioari ekiteko. Marinel joandako garifuna haiek zabaldu zuten atea, eta gaur ia ehun mila dira Ipar Amerikako garifuna komunitatea osatzen dutenak.

Reality showek ezkutatzen dutena

Espainiako Telecinco katea egunotan hasi da Supervivientes programa iragartzen. Herrialde horretan ospe apur bat duten lagunak diru truke joan izan dira lehenago ere munduko uharte batera, kameren aurrean biziraupen programa egiteko. Inork ez du azaldu ordea zer dioten uharteotako biztanleek. Hondurasko Karibeko parajerik ederrenetakoa dira Cayos Cochinos izeneko uhartetxoak. Gehienetan ez da inor bizi, baina badira arrantzale-herrixka garifunak. Ustez babesa ekarri behar zien parke nazionalaren aitorpenak kaltea eta galera baino ez die ekarri, horratik, eta telebista-programek estaturako dirua utzi arren, bertako biztanleentzako mehatxua eta debekua baino ez dakar. Hala gertatu zen iazko udazkenean lehenengoz telebista kate bat Cayos Cochinosera joan zenean: Italiako RAI izan zen, eta Parlamentuan Berdeen kexa ere izan zuen programak, garifunak armaz bota baitituzte betidanik arrantzan egon diren lekuetatik. Ez da horrelakoak gertatzen diren lehen aldia, horrelako programen atzetik dauden produktorek eta kateek ondo begiratzen baitute diruari baino erreparatuko ez dioten gobernuak dituzten herrialdeetan egotea uharte galduak, bertan egindako triskantzez galderarik egon ez dadin. Dominikar Errepublikan haitzuloetako landaredia suntsitu eta taino indigenen petroglifoak kaltetu zituzten, eta Cayos Cochinosen urpeko kable kutsagarriak erabili zituzten italiarrek, dortoken errunaldiaren sasoian gainera.

Cayos Cochinos AEBetako Smithsonian Institute-ak erosi zuen, eta 2001etik WWF elkarteak darama artxipelagoaren administrazioa. Garifunen arrantza eta urpekaritza tradizionala eragotzi eta kanpoko arrantza industriala bultzatu dutela salatzen du Ofraneh-k. Lilian Carol Rivasek salatzen duenez, “WWFk plan berria diseinatu du Cayos Cochinoserako, eskuzko arrantzaren zonaldeka bereiziz eta egoera horrek giza-eskubideen urraketa gehiago ekarri dituelakoan gaude. Badira aurrekariak, Indar Armatuetako kideek arrantzaleei eta urpekariei eraso diete eta inoiz ez dituzte ikertu (...), iaz komunitateak Cayo Chachauteren desmilitarizazioa eskatu zuen, eta presioaren eraginez, odol isurketa eragozteko Hondurasko estatuak 2006 osoan egon zen soldadu-destakamendua atera zuen handik.

Inkongruentzia handiena iazko irailean reality show baterako parte hartu zuen italiarren taldea izan zen. Erabateko esklusio eremua den Cayo Paloman egon ziren, ordura arte edonolako esku-hartzea ekidin den lekuan, dortokek errun dezaten santutegia baita. Reality show-a grabatu zen hiru asteak ziren hain zuzen ere errute aldian izan ziren, eta ondorio katastrofikoak izan zituen dortoken erreprodukzioan. Hamar urtez debekatu zaie garifunei leku horretan lur hartzea, uhartea babesteko neurriak argudiatuz”

Sailkapena

Eskerrik asko etortzeagatik», hasi zuen prentsaurrekoa. Gero espainieraz jarraitu zuten, eta amaieran berriz ere «eskerrik asko». PPko Bizkaiko burua eta Bilboko udaleko bozeramailea zen. Biharamunean alkateari leporatu zion legegintzaldi osoan euskararen aldeko neurririk hartu ez izana.

Ez dago frankista euskaltzale izan beharrik gure hirian baino gehiago egiteko euskararen alde. Bai zenbakiz bai ehunekotan erdaldunagoa den Gasteizko udal popularra (3,55) baino nabarmen atzerago ageri da Bilbo jeltzalea (2,61) Kontseiluak egindako udalen hizkuntza politikaren neurketan.

Martitzen goizean presaka deitu ziguten Aste Santuko datuak ematera. Zenbaki gutxi batzuk, turista kopurua iazko antzekoa izan zela esateko: turismo-bulegoetatik pasa diren bisitarien % 62 Estatu deitzen duten lekutik iritsi ei zaizkigu, % 22 Estatu deitzen duten horretatik kanpotik, eta gainontzekoak «bertakoak», EAEkoak. Munduko leku gehienetan legez euskal kazetariak nahiko luke turista nazional/atzerritar bereizketa egin, baina orduan ez daki % 62an zenbat diren nafar, ez eta «frantsesak» gehiengo ei diren % 22 arrotz horren baitan zenbat diren egunotan hainbeste ikusi ditugun 64 matrikuladun autoetakoak. Datuak badaude bulegoetan, ez da Madrilek edo Parisek edo Bruselak edo George Bushek ezarritako ezer horrela ematea. Jatorriak gura bezala sailka daitezke. Euskal kazetariak era baten egingo luke, eta gure udal-agintariek beste batera, hori da dena.

2007-04-08

Udal hauteskundeetara

Ez dizuet orain Euskal Herriko hiri handienean jasan behar dugun alkate antieuskaldun eta eskuindarraz ezer berririk esango. Ustez abertzale, itxura ere ez du gorde, lotsagabe ahaztu gaitu euskaldunok, zezen-plazen, espainierazko jaitxoen eta kultur ekitaldien zale. Asmatuko du zinegotziren bat bidaltzen udalaren presentzia ezinbesteko denean Korrikan edo Kafe Antzokian; bera ehunka ekitaldietako bakar baten ez duzu ikusiko.

Durangar sortu, medikuntza-ikastera Frantziara joan eta frantsesa ikasi zuen, txikitako hizkuntza berreskuratzeko, baina, ahalegin txikiena ere ez, alderdiak berak erabaki arren hiriburuetako alkateek euskaldun behar dutela. Azken lotsagabekeria benetako oposizio bakarra udaletik kanpo egonda zeinen gustura ibili izan den aitortzea. Antza denez, beste lau urtez jarraituko dugu (hamabi!) arazoetara polizia beste irtenbiderik ez daukan populismo sarkozytar horrekin.

Oposiziorik izango badute, salaketatik haratago ekimen ausartak behar dira. Beharrezko da erakundeetara itzultzea, kosta ahala kosta. Lehen ere joan zen HB Madrilera, ukatzen zuen Konstituzioa zin egitera, «legeak aginduta» edo antzeko formulekin. Eztabaida antzua are gehiago antzutzeko era izan daiteke «por imperativo legal» hari berriz heltzea: «legeak aginduta, alderdi honek indarkeria gaitzesten du», eta kito. Badakigu kondena gai hutsala dela, baina inteligentziaz jokatuz agerian utz dezagun zeinen zentzugabea den.

2007-04-01

Kanona

Espainiak gauza on asko ditu. Auzo-herri arrunt legez bagenu hobeto estimatuko genuke ziur aski. Horien artean, gobernu guztiek liburutegien doakotasunari buruz izan duten politika. Urtetako presioaren ostean, liburutegiko maileguetarako kanona ordaintzea onartu dute. Bost axola kanona irakurleen gain ez ezartzea eta gobernuak ordaintzea kanon hori, ondorioa okerragoa da: liburutegien eroste-ahalmenak egingo du beherantz. Diru hori Cedro erakundeak jasoko du, eta bere baitako kideen artean banatu, egile-eskubide gisa. Ondorioz, euskal idazle gehienontzat, baita Euskal Idazle Elkartearentzat ere, diru gehiago egongo ei da epe laburrean; trukean, irakurleek zer hautatu gutxiago izango dute liburutegietan. Espainiar idazle batzuek uko egin diote kanon horren diruari, eta beste batzuek proposamena egin dute: liburu gutxiago erosiko bada, kanona kobratzen dutenenengandik has dadila mozketa.

Ezagutzen dut Cedroren izaeraren eta jokabidearen aurrean alde egin edo inoiz kide izan ez den hainbat lagun. Beste askok kontraesan hori daroagu, egile-eskubideak egon eta bermatu behar direla sinetsita, baina erakunde horren bide eta ekintzetatik oso urrun. Diruagatik, garbi esanda. Ez arrotza delako bakarrik, antzeko gauza euskaldunik ere ez nuke nahiko. Batzuek Europa ekialdeko estatu sozialistetako sistema kritikatzen zuten, estatuko funtzionario bihurtzen zituelako sortzaileak. Nahiago bai, estatuak berak egile-eskubideok zaindu eta diruok jaso eta banatzea, zertan dabilen kontu gutxi ematen duten lobby ilunetatik urrun.

2007-03-25

Far West

Gure herriko maparen zergatia azaltzea ez da erraza. Euskararen herria omen, badira hizkuntzari eutsi dioten eskualdeak eta azken mendeetan galdu arren euskalduntasuna oso presente daukatenak ere bai. Baina badira gure mapan euskararen herriarekin zerikusi handirik ez daukaten eskualdeak, Erdi Aroko aliantzen eta ezkontzen ondorioz euskal jaurerri eta erresumen menpe geratu ziren lurraldeak. Ondorioz, Euskal Herritzat jotzen ditugu, euskarari askoz luzaroago eutsi baina zazpi herrialdeetatik kanpo geratu ziren Biarno, Aragoi edo Gaztelako hainbat txoko ez bezala.

Gure maparen muturreko herriak dira. Hegoan Erribera eta Ebroaldea ditugu ezagunen, mende eta erdiko atzerakadaren ostean, hizkuntza osasuntsu den eremutik urrunen baitaude. Baina berdin egin liteke Mendebaldean. Ez dut zenbait sektore interesaturen mezua nire egingo, Enkarterrin euskara erabat arrotza izan dela-eta. Gordexolan XIX. mendera arte eta Barakaldon eta Alonsotegin XX.era arte egon dira bertako euskaldunak, baina egia da Karrantza, Lanestosa eta Far-Westeko beste eremuetan hizkuntza-aldaketa oso antzinakoa dela.

Hori guztia egia da. Inork euskara eskualdeotan inposaketa dela ere esan izan du. Hor dago gezurra. Geografiaz, kulturaz, historiaz, montañesengandik hurbilen dauden eskualdea dira, Bizkaitik aparte hara nahiko balukete ez nieke neuk eragotziko. Baina Villaverden, Trebiñun, Erriberan eta beste hainbat txokotan ez bezala, karrantzarrek aukeratu ahal izan dute. Eta etorkizuna euskaraz gura dutela diote.

2007-03-18

Kontsumitzaileok

Interesgarria oso asteon kontsumitzaile euskaldunen gainean irakurritakoa.

Orain aste gutxi Loiuko aireportuan gertatutakoa gogoratu dut: hegazkinean aldamenean etorri zen danimarkar bikoteak laguntzeko eskatu zidan, hotelera deitu eta ea erreserba ondo zegoen. Espainieraz hartu zuen telefonoa hotelekoak; alferrik euskaraz egiteko nire ahaleginak, espainieraz amaitu genuen. «Arazoren bat dago erreserban», esan nion aldamenekoari, eta bera paratu zen telefonoan. Pentsa dezakezun legez, inongo arazorik gabe jarraitu zuen solasa ingelesez.

Bilbon fenomeno berri samarra da ingelesaren hori, pentsatzen dut Donostian eta Miarritzen ohituago egongo direla. Baina euskaldunok kontsumitzaile legez hutsaren hurrena garen adierazle garbia da, zineman hasi eta supermerkatu handietan amaitu. Euskara erakunde publikoek soilik bete behar duten legezko betebeharra baino ez da, erakundeek eurek ere betetzen ez dutena, hain gutxi geroz eta gehiago azpikontratu bidez pribatizatutako zerbitzu publikoek, eta zeresanik ez, erabat pribatuak diren zerbitzuek. Etiketatzeko orduan, beste horrenbeste. Gurean nagusi den supermerkatua daukat gogoan, espainiera, euskara, galiziera eta katalana gogoratzen ditut euren produktuetan, baina hor ere espainieraz azken berba. Generalitat-ek ez ei du lortu etiketak katalanez jartzera derrigortzea (zer eskatu Jaurlaritzari, beraz?).

Ez da hainbeste Europar Batasunaren kontua, nik uste. Badakit burujabetzak ez duela euskararen normalizazioa bermatzen, baina bera barik guztiz eragozten duela bai.

2007-03-11

Bide berriak

Gogoan dut oso herri euskaldun baten esaten zidatela espainiar hizkuntza izeneko ikasgaiaz gain beste bat ere bazeukatela, umeek osterantzean gaztelania maila lortzeko zailtasunak zituztela eta. Ulergarria da, hizkuntzarentzat onuragarria litzateke pertsona elebakarrak izatea, baina pertsonok zailtasunez beterik topatuko lukete bizitza. Egungo elebakarrek topatzen duten legez, sendagilearenetik hasita.

Salbuespen txikia dira herriok, ordea. Elebakartasunak ia beti euskara ez jakitea esan gura du gure herrian. Eta aspaldiko partez asmatzen ibil gaitezke, garaietara egokituz. Unibertsitateko hautaprobetan, gure onurarako izanda ere, haserretu egiten gintuen euskarazko azterketa lotsagarri hark, gaztelaniaz eskatzen ziguten mailaren aldean bereziki.

Badakit elebitasunaren diskurtsoa gezurra dela, munduan ez dago inon ere antzekorik, baina euskaldunok gara horrekin gehien irabaz dezakegunak. Hezkuntza Sailak horri heldu diola ematen du. «Euskara beharrezkoa» diskurtso horrekin amaitu, praktikan gauza bera esan gura duen «hizkuntza ofizialen ezagutza» ezarrita. Kito.

Espainiar alderdien erantzuna erabat indargabetzen duen baliabidea da. Asteon bertan geratu da argi samar. Inposizioa eta antzeko diskurtsoak erabat gainditzen ditu, hari horri tirako dionik beti egon arren. Baina indarrik eta argumenturik gabe uzten duzu funtsean euskararen aurkako diskurtsoak baino ez diren eztabaidak.

2007-03-03

Zinema euskaraz

Zinema-aretoetan ez ei da euskaldunon hizkuntz-eskubidea bermatzen. Ez, noski. Negozio pribatu ia guztietan gertatzen da hori. Bilbo erdialdean geroz eta gehiago dira ingelesez dakitela lotsagabe adierazten duten oharrak. Eta? Zinema aretoetatik askoz urrunago doan gaia da. Begiratu dituzue DVDak? Hiruzpalau soinu pista dituzte, jatorrizko hizkuntza, espainierazkoa eta beste hizkuntza handi pare bat, eta azpitituluekin beste pista asko gero; sarritan katalana ere bai, baita islandiera ere batzuetan, euskara baino hizkuntza txikiagoa ere.

Bikoizketarekin ez dago zereginik, behin eta berriz esango dugu. Urtero dozena bat film bikoiztea -bikoitza, hirukoitza balitz ere- diglosian sakontzea da, beti espainierarekiko morrontzan. Sentitzen dut bikoizketagatik, baina animaziorako bakarrik utziko nuke. Eta EIZIEtik proposamena berritu, bikoizketaren alde baino gehiago, literaturan egin den legez zinema unibertsalaren bilduma egiteko. Berdin telesail, dokumental eta enparauekin, munduko hizkuntza txiki guztiek legez. Konplexuak konplexu, ez dut uste norvegiarrak edo portugesak baino irakurle eskasagoak garenik.

Egun gutxian itzultzen dira film bateko azpitituluak, etxean bertan erraz asko egiten den ariketa da. Egin kontu hiruzpalau itzultzailek urtebetean zenbat film itzul ditzaketen. Hori da euskaldunontzat zinema normaliazazioan sartzeko bidea, inork sinesten ez duen adabakirik gabe. Hori, eta euskarazko sorkuntza benetan bultzatzea, entzun ere gure hizkuntzan entzun gura baditugu filmak.

2007-02-25

Hizkuntza biziak

Kostatzen zaigu europar ereduak esportatzen ibili barik bidaiatzea. Garifuna herrietatik maia komunitateetara eta atzera Hondurasko kostako herrixka garifunetara itzuli. Kolon eta Europako mertzenario taldea Ameriketara heltzean aurkitu zituzten pertsonak hamarkada gutxian desagerrarazi zituzten. Hego Ameriketako zenbait lekutan mintzo dute haren antzekorik... eta Amerika Erdialdeko bazter honetan. Zelan? Karanbolak: taino indigena haien genozidioa laster burutu arren, euren atzetik zetorren beste talde indigenak -historikoki karibe deitu izan zaion hark-, aurreko taldekoen emazteak bahitu izan ei zituen... eta hizkuntza amak transmititu ohi du. Herri borrokalari hark uharte pare baten baino ez du iraun, hizkuntza aspaldi galduta. Ondorengo asko Amerika Erdialdean topatu ditugu, ordea, britainiarrek XVIII. mendean menperatu ostean honaino deportatuta. 3.000 laguneko taldea afrikar iheslariekin batu zen, hizkuntza indigena, kontinente bien ohiturak eta sinesmenak nahasi eta azalean beltza nagusi. Eta 3.000 horietatik ehunka mila daude egun Belizetik Nikaraguara bitartean. Hizkuntza bizi-bizi aurkitu dugu sarri, ume txikienek ere badarabiltela sarri, eta gaztelera kaskarra adineko askok. Baina HIESari buruzko afixen bat salbu, dena dago ingelesez edo gaztelaniaz. Ez dugu eurozentrista agertu gura zer egin behar duten esaten, gazteleraz gurago duten gazteak entzun ditugu, ordea, garifunerazko eskola orduren bat lortzeko asmoarekin konforme ikusten ditugu, eta ezin eragotzi oharraraztea. Arriskua uste baino hurbilago sumatzen diegu. Baina gu ez gara nor zelan jokatu esateko.

2007-02-18

Labugako magia

Livingston, garifunen Labuga, ez da Guatemalako ohiko ataria. Baina hortik egin dugu sarrera, itsasoz, ez baitago herrira iristeko errepiderik. Eta Livingstonen jakin dugu, berrehun mila hildakoren osteko bake hitzarmenetik hamar urtera, Rigoberto Menchuk bere burua lehendakarigai aurkeztuko duela iraileko hauteskundeetan.

Etxeko albisteetan ere bere proposamena mahai-gainean ezker abertzaleak. «Euskaldunek egingo duzue, beti jakin izan duzue antolatzen», diosku hogeita bi urte erbestean eta garifuna elkarteko buruaren etxean bizi den lagunak. Ez du hainbesteko itxaropenik bere herrialdean, Latin Amerikako haizeak edozein izanda ere.

Pirata-zuloa da Livingstone. Herri berean bat egiten dute q'eqchi maien Amerika indigenak, garifunen Afrikako eta Antilletako errebeldiak eta espainiar zein britaniar kolonizatzaileen arrazismoak.

George Bushen argazkia ikusi dugu garifunaren mahai gainean. Kanpoko hotsak sartzen dira etxean, Karibeko olatuak, hondartzzako oiloak, danborrak eta garifunerazko solasak; barruan, kalamua darabil eskuetan zigarroa biltzeko, erretratu gainera jausi zaizkio hondakinak. «Gaur ez du lasai lo egingo tipo honek», dio rastafariak. Lagunak ez dauka ahazteko herriko beste aztiak hamabost egun eman zizkion gizona. «Tipoak zioen komunitateari kalte handia egin zion traidorea zela. Lehengo asteburuan hil zen». Eta bai, hartara jarrita denok geure zerrendatxoa osa genezake. Baina oraingoz, nahikoa litzateke baten bizia salbatzea. Hasteko.

2007-02-11

Alisioek dakartzaten berriak

Mauritanian atrakatu da ontzia. Lehen arrantza kuotak erosten zizkion Europak basamortuko herrialdeari, orain gura ez dituen migratzaile (noiz arte jarraituko dugu «etorkin» deitzen inora etorri, iritsi ez direnei?) kuotekin ere negozio egiten du. Matxuratutako ontziaren kontuak, omen. Itsasoaz beste aldean gabiltza euskal negutik urrun, baina honaino ere erraz heltzen dira hango oihartzunak.

Alisioei esker dela entzun genuen, halaxe egiten dela Atlantikoaren ekialdetik Antilletara bidea. Barbadosen geldialdi laburra egin du hegazkinak. Nahikoa Bridgetown hiriburuko badian omenaldia txikia egiteko duela urtebete hemen agertutako ontziko biktimei. Kanarietara bidean eurak ere, Afrika aberatsera, europar hiltzaileak txikota eten eta jitoan utzi zituen. Espainiako egunkari batek haizatu zuen albistea, Senegalen senideak arduratuta zebiltzala, albiste gabean. Europara bidean egarriz hil ziren Atlantikoan, eta Karibetik hurbil aurkitu zituzten bertako arrantzaleek.

«Irudikatu daitekeen heriotzarik gogorrena» izendatu zuten orduan gertatutakoa. Oraingo migratzaileek zorte handiagoa izan dute, afrikar haien aldean. Baina albisteak ez dituzte alisioek soilik ekartzen. Internetek egiten du haren lekua sarri, hala idazten ditugu zutabeok, eta hala iristen zaigu europar bihozgabeen zerrenda luzearen berri, atzera ere. Times-eko argazkirik gabe ere bagenekin arren, ongi etorri itsuen mundura alisio berriak.

2007-02-07

Barracoudan Grenadinetara

Ordua zehatz jakin ez eta, hamarrak baino lehenxeago agertu nintzen Kingstowngo portuan. Hamaiketan zen abiatzekoa Barracouda. Eguzkia eta zaparrada nahastean, pasa zen ordua, ikusgarria da ontzia, giri gutxi batzuk eta vincentarrak (vincy-ak, hemen esaten dieten legez), karga-karga eginda, frutak, ortuariak, erabateko ikuskizuna da ontzi honen irteera. Baina irteera ere karibearra, noski, hamaiketan barik ia hamabietan, eta arrastiko lauretarako barik bostak eta erdiak arte ez ginen iritsi Union Island honetara. Tartean, Bequia, Canouan eta Mayreau uhartetxoak, eta kontraste erabatekoa: munduko aberatsenen yateak eta bertako jendeen bizimodu apalak. Hala, St Vincent bolkanikoaren kontrastea da UI txiki hau, ez da ostatu merkerik falta, herri txiki eta sekulako giroa dauka, hemen bainutxoa, hor zerbeza edo rontxoa eta ondokoak marihuanarik falta ote duzun galdetu. Hondartza bila dator eta jendea, eta euskaldunak alderantziz egin behar, uharteko muinotxoetara igo nintzen Grenadinen bista ederrez gozatzera, Mayreau alde batean, eta Grenadarena den Carriacou bestean, uren kolore nahasketa eder hori... baina, noski, igo bai, eta gero, zelan joan hortxe bertan dagoen hondartzatxo horretara, bidean sasiak baino ez daudela? Gazte taldea topatu nuen, lasai-lasai eurak ere asteburuko patxadan beherantza, eta elkarrekin joateko aipatu zidaten. Umetik nerabera, herri txikietan ohi denez, iparraldeko hondartzaraino joan ginen. Kabroi samarra da agian otsailean zelako urak eta snorkelerako (tuboaz urpekaritza) egiteko zeinen koral zoragarriak dituen uharteak. Baina halaxe da, my friends.
Euria eta eguzkia nahastean, hamapiku egun munduko paraje honetan, 30eko krema, eta hala ere Urtzi erre. Ezin denean ezin da, eta esne-azal honekin alferrik.
Biharamunean, euritan joan nintzen Ashtonera, uharteko beste herrixkara. Moila estua eta erdi eroria dauka manglare eta hondartza inguruan, eta hantxe bete genituen SVG estatutik irteteko tramiteak. Carriacoura ontzia abiatzear zen.
Halaxe iritsi naiz Grenadara, Karibean ibiltzeko era onena den uhartez uharteko bidaian, antigoaleko piraten zokoetan galduz (oraingo piratek ere, Kolonbiako trafikanteek, aprobetxatzen ei dituzte noizean behin uharteok kargamentuak uzteko). Geroz eta hegoalderago, giri gehiago, Grenadako All Included eta kruzeroetako girietatik bestelako filosofia duteneraino, Barracoudan Quebeceko bikotea topatu nuen, bidaia Trinidaden hasi eta hiru hiletan Dominikar Errepublikaraino heltzeko asmoa daukate. Carriacoun berriz, orain arteko hondartza ederrenean topatu nuen jende bakarra, kanadar bat eta estatubatuar bik osatutako hirukotea, nonbait, motela daukate Ontarion, eta noski, hotz honekin. Hiru hile hartzen dituzte negutik urrun, lasai-lasai Grenada eta Saint Vincent bitarteko uhartetxoetan emateko.
Carriacoura une berezian iritsi nintzen, Grenadako independentzia eguna ospatzeko bezperatan. Eta berez da Carriacou berezia gainera, Antilletako txokorik afrikarrenetakoa baita. Bertako biztanle gehienek ondo dakite nondik ekarri zituzten arbasoak, Afrikako zein herri eta hizkuntzatakoak ziren, ondorioz, hango ohitura asko gorde dituzte. Ez hizkuntza, horratik, frantsesean oinarritutako kreolera hemen ere bizkor ari da desagertzen, eta zaharrenek baino ez dute hitz egiten.
Baina gerta daiteke herritxo batetik ibilian sekulako ospakizuna topatzea, Big Drum edo danbor handiena kasu. Girientzako bertsioa badago, baina ontzi baten inaugurazioarekin topo eginez gero, totala da. Hantxe etorri zitzaizkigun jan-edana dohainik eskaintzen eta ospakizunera gonbidatuz. Arrantzarako erabat egurrezko ontziak egiten dituzte, eta inaugurazioa herri osorako jaia da. Ahuntza eta oilarra hil zituzten labanaz, euren odolez ontzia zipriztindu eta bedeinkatzeko, eta ez dakit noiz arte iraun zuen ospakizunak. Alde egiterako luze irauteko itxura zeukan behinik behin.
Halaxe heldu naiz Grenadaraino, bidaiako lehen zati honetako azken uhartera. Bai, bai, yankiek inbaditu (edo, batzuek diotenez "erreskatatu") zuten hura. Horregatik, zalantza neukan, zein ote zen giroa, ezkerreranzko beste herrien joera igarriko ote zen. Tira, gobernuko presidenteak dozena bat urte daramatza, eta agerikoak dira Ivan urakanak 2004 eragindako triskantzak, basoak errekuperatu barik, hiriko elizak teilatu barik oraindik, etxe asko botata... baina halako baten, atzo gaueko jaian, gaztelera piloa entzuten nuela konturatu nintzen: venezuelar militarrak, independentzia jaian parte hartzera etorritako marinelak ziren.

2007-02-02

Yurumein

Ez ba, hurrengo egunetan are asti gutxiago, eta azkenean egunak aurrera Yurumein edo ofizialki St Vincent den uhartera etortzeko.
Dominikari buruz, aipatu det zeinen uharte ederra den, hondartza zuririk ezean, beltzak asko, eta sekulako oihana erdialdean, giro lasaia, hiriburu txiki bezain atsegina. Kruzeroak heltzen ziren egunean egon nintzen bisitan, izugarria da zelan aldatzen diren herri txikiok horrelako ontzitzarrak heltzean, europar edo, batez ere, yankiz beteta, hemengo jendearentzat denak aberats, eta Bienvenido Mr. Marshall itxura hartzen du denak, giriari edozer saltzeko aitzakian, denak irribarretsu. Badakit, tristea da dolarraren menpeko egoera hori, baina denboratxo hemen daramazula, eurak ere antzezpen horretan, konplize, umorez hartzen duzu.
Handik St Vincent honetara, Barbadosen eskala eginda. Alde ederra Dominikako aireportu karibenoa txikia eta Londresko dozenaka hegaldi hartzen dituen Barbadoskoa. Airetik sumatu nion aldea, mendirik ez, antigoalean azukre-negoziora ekarritako esklaboen uharteak ez dauka Dominikaren paisaia txundigarririk, baina horren truke, harea zuria eta ur gardena, milaka turista erakartzeko. Bridgetown hiriburura jauzi txikia egin nuen hegaldira bitartean, ustez Karibeko perla oparo eta lasaia da, hala saltzen du turismo bulegoak, uharte ingelesena ei da, ez baitzen potentzien arteko borroken lekuko izan, bizimaila oparoa dutela ere badakar, baina beti leku berean amaitzen dugulako-edo, pobrezia poltsa nabarmenak ageri dira Bridgetowngo autobus geltokian.
Eta St Vincentek hasieran ez du Dominikaren erakarpena sortzen hasieran, baina azkenean gusturen amaitu dudan txokoa da ziur aski. Hemen ere badago, nolabait, indigena den biztanleria. Munduko etnia bitxienetakoaren arragoa da: bertako biztanle karibeek afrikar jatorrikoekin bat egin zuten, lehenen hizkuntza eta ohiturak eta bigarrenen kolorea eta hainbat ohitura ere gorde eta bilduz. Nelcia Robinson garifuna eta Karibeko mugimendu feministako kideari esker lortu nuen hemengo lehen kontaktua, eta zenbat ate zabaldu dizkidan Oswald Robinsonek!
Kingstown hirira iritsi (Jamaikakoak ez dauka "w") eta hiriburuko bisita laburra egin ostean, gauean jaso nuen bere emaila, garifunekiko harremana azalekoa izango zela uste nuen. Orduantxe bisita egiterik ote nuen! Halaxe bildu ginen Irakasleen Sindikatuaren egoitzan, eta luze egin zidan berba zer gorde duten, hizkuntzako berba batzuk soilik, baina janaria, eta beste hainbat kontu. Inoiz entzun arren, ustez sinesgarritasun handirik eman izan ez zaion teoriaren aldekoa da: esklabo ontzia hondoratu eta bertakoekin nahastu ziren bertsioaren ordez, Kolonen aurretik Afrikaren eta Amerikaren arteko harremana zegoela dio (Ivan van Sertima bilatu google-n eta gehiago jakingo duzue teoria horri buruz).
Berari esker, Haizealdeko (Windward, Barlovento) kostatik joan nintzen biharamunean, paisaia zoragarria, Atlantikoa harro hurbil beti, iparraldeko komunitateetara arte. Hantxe topatu nuen Nixon Lewis, orain arte bidaian ezagututako tipo atseginena, ea tarte luzeagoa daukadan berari buruzkoak aipatzeko. Etxe apal-apalean jostun dihardu, urte erdi Ingalaterran eta Galesen eman eta bere kontura hainbat ikerketa eginez halaber. Eta argi esan zidan: azken hamarkadan gauza asko egin dugu, Belizeko garifunak hona etorri zirenetik, baina garrantzitsuena falta zaigu, eta horri heldu behar diogu: hizkuntza berreskuratu behar dugu.
Izan ere, garifuna gehienak XVIII. mendearen amaieran deportatu zituzten ingelesek Roatan uhartean (egungo Honduras) ,eta handik Amerika Erdialdetik hedatu ziren. Hantxe jarraituko du bidaiak. Baina Yurumein edo ST Vincent honetan beste egun pare bat oraindik hegoalderanzko bideari ekin aurretik, Grenadarantz. Eta karibeko kostatik (Haizepekoa, Leeward, Sotavento), filma errodatu zen hondartzaraino iritsi naiz, hemendik Oswalden beraren herrira joan aurretik. Arrebak erakutsi dit herria, baita antigoaleko istoriorik gehien dakizkien andrea ere, euskalkien ikerleen itxura hartu diot nire buruari, baina kasu honetan berak nabarmentzen zidan, harro, bere ezagutzaren garrantzia: ez dakit kultura ministroa zeren zain dagoen nigana etorri eta elkarrizketatzeko! Horiek guztiak ere besteren baten jarri beharko ditugu. Ondoren, arreba utzi eta gizarte laguntzaile diharduenak herriko (eta uharteko) azken buruzagi izandakoaren semearengana eroan nau, aurrekoa legez, hau ere itsu dago, baina orduko kontu asko aipatu dizkit. Komunitate hau XX. mendearen hasieran sortu ei zen, 1902ko sumendiaren ostean, horregatik ez dago uharte osoa inguratzen duen errepiderik, iparraldean Soufriere sumendia baitago. Tamalez ez dut bidaia honetan igotzerik izan, aukeratzea da beti bidaia, eta jende atsegin honekin egotearen aldean, itxarongo du sumendiak.
Gizarte laguntzailea herrikoa da, berak aipatu legez, orain lauzpabost urte sortu zuten postua, "lehen dena norbere kontu zihoan, adineko jendearen injikzioak-eta, ez zeukaten nork eman", izan ere, aldaketa nabari da Karibeko alde honetan, ezkerrerantz. Dominikan Venezuelako gobernuaren laguntza bazegoen, hemen ere ez da falta, eta bandera gorriak sarri ageri dira. Baita gobernuaren kanpainak ere, lotsarik gabe oso oinarrizko gauzen alde: alfabetizazio kanpaina betean daude, adinekoek ere urratsa egin dezaten.