Euskal Herrian gertatzen ari dena ulertzeko hainbat faktore azaldu dira
azken aldian. Nolabaiteko distantziatik, aztertu dira Dorre Bikien
erasoa eta «terrorearen aurkako gerra», Estrasburgo eta Alderdien Legea,
Loiolako Prozesuaren porrota, Euskal Herriko indar korrelazioa...
Gehitu horri Latinoamerikako ezkerraren eragina, Irlandako prozesua,
Hego Afrikako lagunak, gehitu nahi baduzue batzuk Kurdistandik ekartzen
saiatu garena, beste batzuk Eskozia edo Irlandatik.
Sri Lanka
Euskal Herriko kultura politikotik urrun geratzen da munduko begirada
horretan. Indiako penintsula oro har, Erresuma Batuan presentzia handiko
errealitatea da, baina gure begirada Europan, Latinoamerikan,
Mediterraneoan pixka bat eta zorionez anglosaxoniar eremuan geroz eta
gehiago oinarritzen da. Asia urrun, betiere, non eta ez den Pakistan edo
Indiako jatorriko Eskoziako politikari baten eskutik etortzen. Baina
Sri Lankak 2009an tamilen aurka egindako sarraskiek aspaldi zetorren
susmo bat indartzeko balio izan zuen: nazioarteko komunitatea deitzen
den hori ezikusi egiteko prest dagoela terrorismoaren aurkako borrokan,
gauzak bizkor eta eraginkor eginez gero. Dozenaka mila lagun hil zituen
Sri Lankako armadak Eelam Tamil Askatzeko Tigreen gerrillak uhartearen
iparraldean kontrolatzen zituen lurraldeak konkistatzeko. Munduan zegoen
gerrilla indartsuenetakoa ziren, eremu zabala zuten euren menpe,
aire-eraso batzuk egiteko ere gai izan ziren, hegazkin errudimentario
batzuekin. 2008-2009an hil gutxitan tamilen lurraldea hilobi handi bat
bihurtu zen armadaren eskutan, eta gerrillaren arrastorik ez.

Egon
zen kritikarik nazioartean, giza-eskubideen taldeen aldetik; aski
apalak betiere armadaren ofentsiba gerarazteko. Gerora egindako
salaketen aurrean ere, babes osoa izan dute militarrek Gobernuaren
aldetik. Milioika dolar iritsi dira errepideak eta azpiegiturak
konpontzeko ordutik, eta nazioarteko presioak eman duen fruitu
bakarretakoa, Iparraldeko probintzian hauteskundeak antolatzea izan da.
1987an eskualdea sortu zutenetik tamil matxinoen esku egon da gerrako
zati handienean, eta behin ere ez da hauteskunderik egin.
Agintean
den alderdiaren eta matxinoen hurbileko Tamilen Aliantza Nazionalaren
(TNA) arteko lehia estua iragarri zuten. Baina Gobernuari sekulako
belarrondokoa eman zioten tamilek: probintziako 38 ordezkarietatik sei
baino ez zituzten lortu, eta 30 TNAk. Tamil herriaren eta borrokaren
aldeko mezuarekin egin zuten kanpaina, eta herritarren babes zabala
lortu. Gerrilla zapaldu zuten, eta armadaren presioak salatuta ere, Sri
Lankako tamilek Gobernuaren aurkako eta autodeterminazioaren eta hiru
hamarkadako borrokaren aldeko botoa eman zuten.

Hemendik aurrera,
zailtasun ugari daude, horratik. CV Wigneshwaranek hartu du
probintziako agintea, baina ia autonomiarik gabeko lurraldea da. Are
gehiago, Colombok berariaz uhartean gehiengo diren sinhalarren eta
Indian ere ahaideak —eta Tamil Nadu estatua— dituzten tamilen arteko
tarteko lurralde bezala ikusten dute Iparraldeko probintzia. Hogei
milioi lagun bizi dira Sri Lanka uhartean; hiru laurden sinhalar
budistak, eta ehuneko hamabost tamil hinduistak.
TNAko tamilek
eskuratu dute probintzia, eta botereak, txikia izanda ere, kontraesanak
eta arazoak ekarri ohi ditu. Lehendabizikoa, Wigneshwaranek kargua
hartzerakoan, Mahinda Rajapaksa presidentearen aurrean Kolonbo
hiriburuan egin behar zuen ekitaldian. Alderdikide askorentzat
onartezina zen, sinbolikoki Sri Lankako gobernua eta konstituzioa
onartzea dakartzalako. Era berean, Kolonbori elkarlanerako eskua
luzatzea ere adierazten du.
Aurrerantzean galdera asko datoz.
Batetik, zenbateraino txertatuko den tamilen probintzia Sri Lankako
politikan, eta zenbaterainoko autonomia emango dion Kolonbok. Egun,
gobernadoreak atzera bota ditzake probintziako gobernuaren erabakiak.
Era berean, gerran gobernuak erabateko garaipena lortu bazuen ere
—gerrillak berak errendizioa onartuta—, giza eskubideen auziak hainbat
urtera hasi dira agertzen nazioarteko auzitegietan. TNAko ordezkariak
Genevan izan dira Nazio Batuetan Sri Lankaren aurkako salaketak egiten
eta lekukotza ematen, Gobernuak horrelakorik ez egiteko gaztigatu arren.
Baketzea,
normalizazio politikoa, gerra luze baten ondorio dira. Asian zein
Europan. Baina horrekin batera, aurki, hurrengo galdera dator: zein
izango den tamilen estatusa uhartean, lurralde autonomoa ala
independentea lortzerik izango dute, eta nazioarteak zein rol jokatuko
duen horretan guztian. Indiak bereziki, bitartekari rola hartu izan badu
ere, etxeko independentismo guztiak gogor zapaltzen ditu, Delhiren
menpeko Tamil Nadu estatutik bertatik hasita.
BERRIAn argitaratua