2007-11-25
Europako ereduak
Sarri ibili izan naiz Europako hizkuntza egoerak aztertzen, inguruko estatuetatik hasi eta Sobiet Batasun ohiraino. Iaz inbidiaz idatzi nuen Estoniatik, merkataritza zentro bateko liburu-dendan estonierazko liburuek zuten leku garrantzitsua ikusita. Letonian ere urrats ausart eta askorentzat gogorregiak hartu dituzte, eta hala ere ez daukate horren argi letonieraren etorkizuna. Malta ere eredu ederra da elebitasunen bat posible dela uste dutenentzat, hango diglosia onartuta ere.
Kaukaso eskualdean egun batzuk daramatzagu, Turkiatik pasa ostean. Azken horretan aspaldi genekiena berretsi dugu, kurduekin bezala, Itsaso Beltzaren inguruko laz herri kaukasiarraren arrastorik ere ez dago idatzita. Jendeari galdetu behar. Ez da kasualitatea Europan galdutako azken hizkuntza, Ipar Kaukasoko ubikhera, Turkian hil izana, Errusiaren inperialismoa egon arren atzean: XIX. mendearen amaieran, ubikh guztiak Kaukasotik kanporatu zituzten. Garbiketa etnikoaren ospakizuntzat jo dute kaukasoar askok 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak Sotxi hirian egitea, ubikh herriaren bihotzean.
Georgian, berriz, desagertu dira errusierazko seinaleak. Georgierazko alfabetoa eta ingelesezko itzulpenak daude. Georgiatik independentzia aldarrikatu zuen Abkhazian, berriz, badaude abkhazierazko idatziak, biztanleen erdiak ziren georgiarrak kanporatu eta gero abkhaziar hiztunak asko dira, baina errusiera da alde guztietan jaun eta jabe. Itzultzaileak biak jakin arren, lehendakariak errusieraz eman digu elkarrizketa.
Bagenekien independentziak ez duela hizkuntza salbatzen. Baina burujabetasunik gabe, kito dena..
2007-11-18
Eztabaida, ez mehatxua
Irlanda eta Euskal Herriko kasua desberdinak dira». «Eta Quebec?». «Baita». «Eta Eskozia?». «Mmmm... ez dira, berdinak. Gainera legearen aurka doa». «Orduan legea aldatu beharko da, ezta?».
Askotan alferrikakoa dela jakin arren, espainiarrekin eztabaidatzeak badakar poz txiki bat: beti irabazten diezu, haien argumentuak sobera ezagunak zaizkizulako eta haiek gutxitan entzunak zureak. Baina tranpa ere egiten dute: legearen aurkako argumentuaren hutsala argi utzi eta jarrera itxietan Britainia Handitik baino Turkiatik hurbilago daudela esaten diezunean, «baina independentziarekin automatikoki EBtik kanpo geratuko zinateke, ekonomia hondoratu egingo litzaizueke» eta antzeko mezu katastrofistekin hasten dira.
Eta hori da gure lehen garaipena. «Ezin da eta kito» jarreratik beldurraren argumentuetara pasa dira, eta hor irabazteko aukera guztiak ditugu. Horrantz lerratuta, bidearen zati handia dago eginda. Baina argi utzi behar zaie hori dela bidea, ez konstituzio eta armen mehatxua, eztabaidarena baino. Aipatu EB, ekonomia, Espainiako futbol liga eta ea Athletic-Lemoa derbia gura dugun, gura duzuena aipatu, esan gezurrak, baina hitzera mugatu, eta utzi azkena geuk esaten.
Faroe uharteak erreferenduma egitear zeudela, Danimarkak esan zuen faroetarrek proposatutako hamabi barik lau urtez baino ez ziela eutsiko diru-laguntzei independentzia ostean. Eta galdeketa atzeratu egin zuten. Baina inork ez dauka zalantzan Kopenhagen Faroeek soka moztu gura dutenean hala egingo dutela. Ea Espainiak armen mehatxua baztertu eta ekonomiarenari heltzen dion behingoan, erabakia errespetatzen duen seinale.
2007-11-11
Pixka bat es mucho
Inoiz zerbait ikasi eta berbetan hasi orduko utzi zutenei, A eta gainontzeko ereduetan euskaldundu ez direnei eta antzeko kasuetan egon direnei zuzendutako kanpaina omen da «pixka bat es mucho» dioen hori. Erroldetan «ia euskaldunen» (baina erabat erdaldun) multzo nahasgarri horretan agertzen den kopuru horri. Mendebaldeko Hizkuntza Sailburuordetza sarri kritikatu badut ere, lelo indartsua eta kanpaina interesgarria abiatu dutela onartu behar diet oraingo honetan.
Badago, noski, hanka sartzeko lotsaz euskara erabiltzen ez duenik. Baina aitor dezagun, gehienetan erosotasun hutsa da, euskara eskolako hizkuntza izan arren etxean eta kalean entzun eta erabilitakoa errazago zaie eta kito. Horregatik, hurrengo urratserako sasoia ere bada. Euskara guay-aren leloarekin ezingo dugu beti jarraitu, behartzen ibili barik, euskaraz ikasitakoa zoriontsuago izango dela sinetsarazi guran.
Ez dago 'aprende español' edo antzeko lelorik kalean. Bilbora, Gasteiza, Baionara iritsitako errumaniarra ez du inork limurtzen espainiera edo frantsesa ikas dezan. Badaki beharrezko duena. Guggenheim inguruko hoteletako langileek badakite ingelesez jakin behar dutela, inork esan gabe ere. Euskararen erabilera garrantzitsua da, baina ez hainbeste, ezagutza oraindik horren apala delarik eta indibidualismoa hain garrantzitsua den sasoian. Bost axola okinak, tabernariak, harakinak Argentinako gazteleraz, errumanieraz edo woloferaz egiten duen etxean, niri euskaraz bizitzen uzten didan artean.
Noiz arte izango gara komunitate ikusezina? Noizko leloa: euskaraz ez dakienak ez digu euskaraz bizitzen uzten?.
2007-11-04
Mendebaldetik
Internazionalismoa Kuban legez etxetik hurbil (eta etxean bertan) landu behar dela jakin genuen antzina. Galizia eta Asturiesen arteko harremana triste samarra da ikuspegi horretatik. Asturierari buruzko erreportajea prestatzen nenbilela, «asturiarrek galiziera baztertzen dute» esaten zuten mugako hizkeren galiziartasuna ukatzen omen zutela eta. Asturiar abertzaleek, berriz, «gerran faxistak bezala datoz Galiziatik Asturies konkistatzera». Beste horrenbeste jazo izan da Leon/Lliongo O Bierzo/El Bierzu haranean. Eta hegoalderago, berriz, Portugalgo Miranda herrian, ofiziala da asturieraren hizkera den mirandera.
Compostelako idazleekin oso harreman ona izan dut, baina ezin gaia atera. Asturiarrekin saiatutakoan ere, txinpartak egoten dira. Ekialdeko euskaldunek Pirinioetarantz jo ohi duten legez, mendebaldekoon eta asturiarren artean ere sinpatia handiak egon ohi dira, herri gutxitua izatetik bezainbat industriaren txikizioaren ondorioengatik. «Lehen barrikadan zeuden denak zerbitzari dihardute gaur» esan digu Cudieruko mutil batek, triste. Gero auto barruko BERRIAko aleari erreparatu dio. «Ez zuten itxi?». Azaldu diogu, eta gehiago sutu da, «ez dute ezer errespetatzen, lotsa ere galdu dute». Lugoko Galeuscan bai, baina horrelako jarrerak nekez aurkituko dituzu oraindik oso fragazale diren Galiziako herrixka gehienetan. Eta asturiar idazleek ez dute ahazten galiziarrek itxi zietela atea Galeuscan sartzea eskatu zutenean.
Eta ezin ahaztu asturiar haren galdera: «Ourense (Galizia) idazten baduzue, zergatik Oviedo (Asturias, Espainia), eta ez Uvieu (Asturies)?».
2007-10-28
Kanpo begiradak
BERRIAko Larrepetit
Euskal Herrira egindako bisitaren berri eman du egunotan Al-Jazeerak. Haiekin grabatzen ibili zen kameralari batek ziostan harrituta joan zirela, inoiz ez ei zuten horrelakorik ikusi. Iraken, Afganistanen eta hainbeste herritan ibili denaren aldean gureak etxeko gatazkatxoa ematen zuela esan nion. «Horixe bera esan nien, baina haiek berriz, ezetz, Iraken eta Afganistanen gertatzen denaren berri ematen dutela, badakiela jendeak, baina Europako Batasunaren bihotzean horrelako egoera antidemokratikorik pentsatzea, eta inon eskandalua ez izatea askoz harrigarriago dela esan zidaten».
Antzeko argumentua aipatu zidan duela hil batzuk adierazpen askatasunari buruzko dokumentala grabatzen ibili zen Londresko taldeak. Myanmarren, Maldivetan, Errusian eta beste hainbat herrialderen ostean gurea txiki-edo geratzen zela esan zieten elkarrizketatuek ere. «Hau okerragoa da. Ez da zuzena agian, baina badakizu haren berri. Urtero milioika britainiarrek bisitatzen duten EBko herrialdean horrelakorik izatea askoz gogorragoa da».
«Hau ez da Espainia» erantzun berri du alderdi kurduko buruzagiak, legez kanpo uzteko arriskua aipatu diotelarik. Lehen «hau ez da Turkia» esaten zen. Baina Espainia demokrazia homologatua da oro har, beste estatuen antzeko miseriekin, salbuespen bakar batekin. Aznarren urrats faxisten sasoian pentsatu nuen beste aldera begiratu zuela Europak, kiratsa ez hartzeko, urte gutxian «konponduko» zuelakoan. Baina denbora badoa, eta borondaterik ez denean, presioari ere leku egin beharko dio Europak. Estrasburgok behingoan Batasuna auziaren deliberoa emanez, adibidez.
2007-10-21
Ehun falta
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
--Batasuneko hemeretzi kide preso jadanik.
--Ehun falta, lehengoan Txema Monterok esandakoaren arabera. Martxora bitartean 120-130 abertzale espetxeratuko zituztela zioen.
--Lehen ere bagenekin denak balio zuela, eta GALen beso politikoa zegoela aurrean, haien hizkera erabilita. Baina borondatea bazegoela pentsatu gura genuen.
--Nik espainoletan espainolen agertu gura zutela pentsatu nuen hasieran, baina itxura gehiago hartzen ari da mendeku gose hutsez ari direla.
--Bada, haiek ere badakite ezker abertzalea zertarako den gai, eta ez dakit ez ote duten gutxietsi.
--Bizkartzainen aurka joateak ezintasuna adierazten du, askoren iritzian.
--Ez derrigor. Biktima eta mehatxatu guztiak berdinak badira, haiei ere bizkartzaina jarri? Bizkartzainaren bizkartzaina? Espiral absurdoaren seinale da, konponbidea zeinen erraza den jakinda gainera.
--Andoaingo alkatearen alabari erasotzeak ere mendeku itxura handia dauka.
--Hor ez dakit ez ote dabilen beste eskuren bat.
--Beraz, kritikatzen duzu.
--Ez dut uste kale borroka izan denik.
--Baina hori tranpa da. Aurka zaudela esan beharrean, «beste norbait izango zen» diozu, eta aldarrikapena iritsi eta «gureak» direla jakitean, isildu.
--Donostian ere pasa omen zen. Bidenabar, lotsa gutxi behar da faxismo bat beste faxismo batek gerarazi zuela esateko.
--Baina hor harro igartzen zaituztet balentria horrekin. Ez ziren pasa.
--Kolosala izan zen, Kalaportun bezala.
--Ez zara Ondarroaz ibiliko, ezta?
--Beno, zero botorekin alkatetza dutenek ez dute inoiz arazorik izan galdutakoa erosteko, edo hura ere ebasteko. Atsotitzen liburuan dakar: Huhuñerean hoxtuak bulea.
2007-10-14
Konparazioak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Sosegua eskatzen zion presidenteari El País egunkariak herenegun. «Aurrekaririk gabeko egoera batera iritsi da, erraz asko (indarkeriak) gora egitea eragin dezakeena (...) Iraganarekin konpondu beharreko arazoak ditu. 1,5 milioi lagunen sarraskiaren erantzule izan zirela ukatzea kezkatzekoa da». Turkiaz, armeniarrez eta kurduez ziharduen, noski. Ezaguna da Hitlerrek Holokaustoa bultzatzeko egindako aipua («nork ditu gogoan armeniarrak gaur?»), baina otomandarrek ere mende erdi lehenago errusiarrek egina oroitzen zuten: Kaukasoko hainbat herrialde hutsik geratu ziren, eta Anatoliara ihes egin zuten milioika kaukasiar musulmanek. Mundua isilik, AEBek sarraskigintza berean baitziharduten Ipar Amerikako indigenen aurka. Kate horrek espainiarrek oraindik ospatzen duten genozidiora garamatza. Ez ziren bakarrak izan, badakit, baina Liverpoolek esklabotzaren zentroa ireki du, Berlinek damua agertu du, eta Londresek ez dio Eskoziari mehatxu egin. Ankarak eta Madrilek iraganarekiko preso jarraitzen dute, XXI. mendera egokitu ezinik. PKK gogor ari da jotzen, eta kasu nitrometanoa ETAk hartu badu. Metropoliek egin dute gerra apustua, eta erresistentzia armatuen aurrean zibilak bazterrean gaude. Edo agian ez, ELAri jaramon eginez gero. Ez da Imaz izan transbertsalitatean sinetsi duen bakarra.
Azken lerroak asteon hildako Mehmed Uzunentzat dira. Espetxean alfabetatu eta kurdueraz idatzi zituen nobelak, ofizialki existitu ere egiten ez zen mendiko hizkuntzan. Turkiarrek gorroto zioten, baita armak hartu baina hizkuntza utzi zutenek ere. Hori ere badakigu zer den.
2007-10-07
Inpunitatea
Duela hamar urte oso larria izan zen Mahai Nazionalaren espetxeratzea. Epaiketa luze baten ostean iritsi zena poliziaren paperak sinatze hutsez egin daiteke gaur. Epe berean nabarmen egin du behera borroka armatuaren ekinak, eta azken bost urteotan egindako erasoek ez dute inoren eliminazioa helburu izan, bueltarik ez duten hanka-sartze larriak egonda ere.
Estatuaren aldetik, berriz, inpunitatea mugagabeko mailara iritsi da. Ziur naiz orduko aitzakia berberak balia litezkeela hedabideak ixteko ere (bidenabar, Egunkaria-ren itxiera eta kazetarien tortura lehendakariari bidalitako mezu gisa ikusi dute askok, edozertarako prest daudela argi uzteko. Kasualitatea orain ere Ibarretxek usin egin eta ezker abertzalea egurtzea). Hauteskundeak hurbildu ahala zeinen espainol eta gogor diren erakusteko prestatu duten jai-egitarauan EHAK eta EAE-ANV suma daitezke.
Ez dakit ezin duelako edo beste estrategiaren batengatik den borroka armatua hain apala. Duela hamabost urte bide politikorik ez zegoelako armatua aldarrikatzen zuenak arrazoibidea indartua behar luke 2007ko egoeran, orduan zilegitzat zeukana gaur are zilegiago izango dela eskubide zibilik gabe geratu garen honetan.
Baina zilegitasuna eta ahala ez da gauza bera. Gringoek hiru mila hilkutxa behar izan dituzte iritzi publikoak Iraketik alde egitea komeni dela esan arte. Fujimori ere preso dago egun, baina inkestek Sendero eta MRTAren borreroari eskertzen diote «segurtasuna» ekarri izana.
Gurean ez dago eseri ezean askoz latzagoa izango dela sinetsaraziko dien indarrik. Martxora arte behintzat, hobe etxean, aktiboki ezin denean pasiboki eusten jakin behar da. Egurra ari du.
2007-09-30
Galdera
Aspaldi sutu egin zitzaidan lankide bat (ez lar jeltzalea ere), Juan Jose Ibarretxe ez dela euskaldun guztion lehendakaria esan niolako. «Aizu, botorik eman ez badiozu ere, zure lehendakaria da. Nik ere ez nuen bozkatu nire herriko alkatea, baina nire alkatea da». Baietz esan nion, baina alkate hura nire alkatea ez zen legez, nire lehendakari den Juan Jose Ibarretxe ez zela mahaikide geneukan altsasuarrarena. Azkenean Sabin-Etxeko mapa haiek ere ez dutela sinesten ematen du. Jaurlaritza Espainiako gobernu autonomiko huts barik euskal herritarron administrazio nazionala balitz legez.
Aspaldi esan nuen puntu batera iritsita jeltzaleak ezker abertzalekoak baino independentistagoak liratekeela. Badakite oso zaila dela burujabetasunerako bidea, edozertarako gai dela sarri erakutsi duen estatu beldurgarria baitaukate aurrean. Baina gustura izenpetuko lukete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren independentzia irabazitako pribilegioak galtzeko arriskua hain handia ez balitz. Orain arteko kudeaketa autonomikoan estatu baten babesa amets handia da.
Zatitu eta independente ala batu eta dependente?
«Lagunak ginenean» esan ohi du adiskide batek Lizarra-Garaziko ezkutuko batzarrak gogoratzeko. Jeltzaleek aitortzen ei zuten ez zeukatela ideiarik zer egin lurraldetasunaren bidean. Mendebaldeko lehendakariarekiko begirune osoz, ez dauka Euskal Herriaren izenean negoziatzeko ahalik. Mendebaldekooi egin ahal digun galdera onena da nafar izan (izaten jarraitu) nahi dugun. Zer erabaki baino lehen, nork erabaki auzia dago, inoiz galdetu ez diguten hori.
2007-09-23
Ikuskizunak
Asko dira gurean hizkuntzaren harira antolatzen diren fartsak, baina gutxik daukate zinemaldiaren besteko kutsu paternalista eta kolonialik euskararen erabileran. Munduko laugarren festibala zinemarik gabeko herrian. Edo agian zinemarako ez da baliagarri euskal literaturarako onartutako irizpidea, erdal literatura ez dela euskal literatura, izenak berak dioen erdal literatura baino. Baina egunen baten barrezka edo negarrez gogoratuko dugu beste irizpide hura, filmak espainolez errodatu, euskarara bikoiztu (txarto, ia beti), diru laguntza jaso eta merkatu publikora euskarazko film gisa saltzen ziren 80etako urteak.
Kimuak, hortxe daude, EAEko gazteen % 50etik gora euskaldun ei den sasoiotan hamar filmetatik euskarazko bat edo biren bueltako kopuru negargarriekin. Eta kimu berrietan ahotsik gabeko filmak ere euskaldunen kopuruak potolotzeko erabiltzen dituzte. Euskarazko eleberri arrakastatsuak erdaraz filmatzen dira. Badakit, zinegilearen ardura zinema egitea da, ahalik txukunen, bestela ere aski lan? Neuk ere izenpetuko nuke Hector Alterio izatea protagonista operapriman.
Hiru urte iraun du urteroko euskarazko filmaren asmoak, ez dirudi 2008rako ezer berririk ikusterik izango dugunik. Hurrengoan izango da baten bat, agian, gero ez, gero bai, horixe konformatu beharko dugun maila, nonbait, urteko batera iristen ez den marka apalean. Eta DVDak oraindik orain katalanezko azpitituluekin baina euskarazkorik gabe dauzkagu Euskal Herriko dendetan. Baina ikuskizunak aurrera jarraitu behar du, normalak bagina bezala.
2007-09-16
Kazetarien anekdotak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Josu Jon Imazek apur bat gehiago itxaron izan balu, Xalbadorren berbak kondaira urbano bihurtzeko arriskua zuten. Asteon irratian entzun dugun audio kaskarra seinale korte hura zeinen bizkor ezabatuko zuten, egunkari honetako zuzendariak Ganbara programan esan eta gertakariek berehala arrazoi eman ez baliote. Hauteskunde kanpainan ikusiko dituzu herririk euskaldunean ere espainolezko korteren batekin. Alderantziz ere sekulako ahalegina, erdaldunek euskarazko esaldiren bat halamoduz osa dezaten. Hortik kanpo, ahaztu; Aralarrekoren bat haserretu zitzaidan Bilboko hautagaia erdalduna zutela esateagatik, EGA omen dauka eta Julia Madrazok. Uda honetan bertan kontatu dit kazetari batek zelan bidali duen antzarrak ferratzera euskarazko kortea eskatzeagatik: «Hori besterik ez genuen behar, ez dut ezer prestatu eta!».
Ezker abertzalea ere ez da libratzen, euskara gehien, berak erabili arren. Durangoko atentatuaren biharamunean, laster «harrapatu» genion Pernando Barrenari kortea... erdaraz: ETAk armak uztea eskaini zion Espainiako gobernuari, eta ezezko erantzuna jaso zuen. Amaitu da mitina eta alferrik Euskadi Irratikoak apartean egindako eskaria. «Daukazunarekin egin ahal duzuna». Erdarazko kortea hartu ala euskarazko esaldi hutsalen bat sartu?
Euskara hutsezko adierazpen asko egin ditu ezker abertzaleak. Baina beti egiten ez duenez, adierazpenaren garrantziaren seinale da erdaraz (ere) egiten duenean. Ezin imajina, horratik Imazen erretiroa moduko neurriak erdarazko gutunekin egiten. Besteak beste, aspaldion ezker abertzaleko buruzagiak PSOEk edo EAJk agindutako poliziek erretiratzen dituztelako, gutunik eta oharrik gabe.
2007-09-09
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Abuztu aurreko azken zutabearen aurretik hiltzera zigortuta eta gose-greban zeuden Adnan Hesenpur kazetari kurdua eta Hiwa Butimar ekologista. Eta albisterik jaso ez dugun azken egunotan gauzak aldatu ez badira, halaxe daude oraindik, edozein unetan urkamendira joateko arriskuan.
Iranek homosexualak urkatu berri ditu, komunistak atxilotu, abertzale kurduak heriotzera zigortu. Euskal PENek salatu du, munduko hainbat erakundek ere bai, Italiako gobernuak, Frantziakoak, Portugalgoak, Europako Batzordeak eta... Estatu Batuek. Eta noski, guk ezin dugu gringoekin bat egin. Hain gutxi inperialismoaren erasoaren mehatxupean dagoela eta Venezuelaren lagun izanik.
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak dokumentalean Kevin McKiernan zinemagileak AEBen jokabidea salatzen zuen: Saddam Husseinek zapaldutako kurduak biktima gisa erakusten zituzten artean ----eta beraz, tiranoa kentzeko motibo bat gehiago ziren---- Turkiari kurduak hiltzeko eta herriak txikitzeko armak saltzen zizkieten. Baina tristea da ezkerrak ere antzera jokatzea, «etsaien etsaia laguna dugu» taktika manikeoarekin. Turkiak zapaldutako kurduei elkartasuna adierazi bai, baina zelan jo Irango faxisten aurka, inperialismoak begi-puntuan duelarik? Gainera, Irango gerrilla kurduek CIAren laguntza omen dute (eta PKKrena, baina hori ez ei da interesgarri), soldadu gringorik hil gabe Irani erasotzeko. Eta hala balitz ere, zer? Ez ote zenuten txalotuko 1945ean estatubatuarrek Espainia faxista bonbardatu balute?
27 eta 29 urteko gazte kurdu bi edozein unetan hilko dituzte, eta herri honetan ez dirudi inori axola dionik.
2007-07-29
Geroak esan beza
Ezker abertzaleko askori esan izan diot akatsa dela memoria haiek bakarrik baleukate legez jokatzea, euskaltzale ezagunak antieuskaldun amorratuen pare jartzen direnean adibidez. Jeltzale askok daukate kritiken --eta irainen, zertan ukatu-- arantza sartuta. Eta geroko elkarrizketan pisu handia dauka atzoko irainak.
«Geroak esan beza» amaitzen zen Ondarroakoa azaltzeko EAJk idatzitako artikulua. Geroa, memoriarako utzitako lekua. Orain bertan jeltzale askok ez baitu ulertzen zergatik hartu duten horren jarrera bortitz eta antidemokratikoa. Geroa, orain ulertzen ez denaren justifikazio. «Garbitzea dugu gogoko eta ez zikintzea». Ezin eragotzi halako dardara bat, «garbitzera» inork hautatu bako zenbat jende etorri den gure historian gogoan. Bazter guztietako kolpisten diskurtsoa: hemen gatoz gu zer komeni zaion ez dakien herrira, burua jan dieten bazter-nahasleei aurre egitera.
Ez dakit «gu demokratok» zioten sasoitik botorik gabeko alkate izatera dagoen aldeari erreparatu dioten. «Erantzukizuna» da darabilten berba, baina aitzakia horrekin ateratzen dituzte militarrek ere tankeak kaleetara. Aspaldi entzun genuen leloa da, «herria zerbitzatu besterik ez nuen egiten» betiko demokrata bihurtutako alkate frankisten ahotik. Memoria besteok ere badaukagula ahaztu dutela begitantzen zait, iraganak berez totalitarismotik salbuetsiko balitu legez. Baina bideak jartzen du nor bere lekuan. Inork inoiz epaitu gabeko kutsatuok burua tente ibiliko gara bihar, bakearen alde jardun garela jakinik. Bulegoetan gotortuta hautatutako demokratek, eurek jakingo dute zein uhara utziko duen ibilbideak. Geroak esan beza.
2007-07-22
Interes lartxo
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Ez dago jakin-min apurrik kurduerarekiko» irakurri genion ostegunean Turkian agintean dagoen alderdiko Melih Bulu hautagaiari. Alderdi islamista moderatuko kide da, Turkiako Ataturkzale nazionalistek eta militarrek gorroto duten mugimendukoa. Euskal karlismoaren antzekoa da, zentralismo jakobino baten aurrean tradizionalismo zabalago baten ordezkari. Baina jakobinoek bezain lotsagabe bota zuen gezurra.
Amed-eko (Diyarbakir turkieraz) Sur barrutia desegin eta alkatea kargugabetu dute, osasunari buruzko liburuxka bat turkieraz, ingelesez eta kurdueraz argitaratzeagatik. Arazoa ez zen ingelesa, bistan da. Kurdistan iparrean kurduerarekiko interesik ez, omen.
Hegoaldean Kirkuk da berriz ere protagonista. Ia ehun lagun hil zituzten atentatu bakar batean; kurduerarekiko interesik ez, omen. Iranek heriotza-zigorra ezarri die Adnan Hassanpour kazetariari eta Hiwa Butimar gizarte-ekintzaileari, eta Kurdistan ekialdeko kazetariak atxilotzen eta egunkariak ixten jarraitzen du. Kurduerarekiko interesik ez, omen.
Sufrimendura ohitzen irakatsi die bizitzak kurdu askori. Turkiako legeen arabera (estatu osoko botoen % 10 behar da gutxienez), ez EAJ ez CiU ez ziren Madrilgo parlamentuan egongo. Alderdi gisa lortzea ezinezko dela jakinda, eskualde askotan % 70etik gora ibili arren hautagai independenteak izendatu eta herriz herri egin dute kanpaina, izen-amaraunean analfabetoek ere aurki dezaten hautagaia. Oso zaila da oso bide politikoak hartzea Turkian, baina parlamentura itzultzear daude kurduak hamalau urteren ostean. Kalaxnikovak inoiz baino ozenago dabiltzanean, gainera.
2007-07-15
Galdeketan
Duela bost urte hordagoa jaurti zuen Ipar Irlandako lehen ministro zen David Trimble unionistak: Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma proposatu zuen. Sinn Feinek laster erantzun zion ezetz. Ulertzen zail egiten zitzaidan jokoa zen, paperak trukatuta ziruditen. Demografia kontuak zeuden atzetik: gehiengo katoliko/abertzalea denbora kontua zen, eta batzuek hari itxaron gura zieten artean, besteek aurkakoa lortzea zuten helburu, erreferendumak belaunaldi oso baterako balio izatea eta Londresekiko menpekotasuna hiruzpalau hamarkadatarako ziurtatzea.
Atzetik asmo hori izanda ere, erreferendumak hain garesti dauden lurralde honetatik begira ezin sinets nezakeen aukera hari uko egingo ziotenik. Beti amestutako aukera proposatu eta «orain ez» zioten. Egoera eta zirkunstantziak aurka izanda ere, ez ote zen errepublikanoen lana bide demokratikoekin herritarrak uharte batuaren ontasunez?
Nafarroako emaitzetara mugatuta, 36 diputatu aurkituko genituzke mendebaldearekin bat egitearen kontra, hamabi alde (asmoa ikurrinarekin batera gorde arren, egongo da horrenbeste suposatzea, ezta?), eta Ezker Batukoen boto parea edozein izanda ere ezer gutxi aldatuko luke.
Horren datu argiekin ez dakit zelan ez duten Trimbleren bidea egiten. Nafarrak inoiz «zoratuko balira ere» Espainiako Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kendu beharra aipatu zuen San Ferminak ere lehendakari pasa dituen Miguel Sanzek. Horren datu argiekin, bila ote lezake xedapena kentzeko indar handiagorik, erreferendum baten bildutako babesa baino? Baina nago, ezkutuko datuak ez ote zaizkien hain argi.
2007-07-08
Hamar urte
Gogoratzen dudan sasoirik gogorrenetakoa izan zen. Ez dut pentsatu gura zer gerta zitekeen AEBetan edo Ipar Irlandan normal samarra zen legez gurean ere jendeak armak balitu etxean. Armen eta segurtasun pribatuaren aurkako argumentu asko eman zizkiguten egun haiek.
Hamar urteko perspektibaz begiratu dezakegu uztail hartan gertatutakoa. Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuen erakundeak dauka ekintza haien erantzukizuna, ez dut gutxiagorik esango. Baina ordutik behin eta berriz ikusi ditugu antzeko kasuak munduan, eta askotan lortu da bahituaren bizia salbatzea. Edozein gobernuren ardura, beste edozeren gainetik biztanleen bizia bermatzea baita, eta horretan ahalegindu behar du. Frantziak egin du Iraken, Italiak ere bai. Eta gaur bertan Afganistanen espainiar soldadu bat bahitu balute, bereak eta bi egingo zituen Espainiako gobernuak (PPkoa balitz ere bai), negoziatzeko eta bahitua salbatzeko.
ETArena da ardura, baina ez zuen ilargia eskatu, presoak Euskal Herrira ekartzea soilik. Batzuentzat txantajea izango da, prezio politikoa eta gura duzuena. Ondo prezio merkea, ordea, pertsona baten biziaren truke.
Ez orduan ez gerora, inork ez die inoiz ezer aurpegiratu orduko agintariei. Martxoaren 11ko sarraskiaren ardura egileena da, baina denok dakigu zein den Aznarren ardura ere. Kezko gortinaren eskema mediatikoarekin beti asmatu du Espainiak bere burua zamatzen, urratsik ez egiteko. Negoziazioa berba tabua zen, «kondena» berriz araztasun-froga, eta konponbidea ezker abertzalearen bazterketan zegoen. Beldurra ematen dute orduko hartara itzultzeko sumatzen diren tentazioek.
2007-07-01
Turtzioztik Ondarroara
Euzkadiko mugaraino heldu naiz euskal tropekin. Haiekin egon naiz gure herriaren adorea miresten, euren izpiritua inoiz ez dute menperatuko. Eta Euzkaditik atera aurretik bere izenean protesta egiten dut munduaren aurrean...». Turtziozko La Puente jauregian 1937ko atzoko egunez izenpetutako lerroak dira.
Zubi asko jausi ei dira asteotan. Orduan Otxandio, Intxorta, Durango, Gernika, Matxitxako, Bizkargi eta azkenik ekainaren 18an Bilbo jausi ziren. Euskal Herritik kanpoko lehen eguna zuen Agirre lehendakariak 1937ko uztailaren 1a, Turtzioztik euskal lurra utzi berri, manifestu indartsua idatzi eta gero.
«Erabat lotsagabe aldarrikatzen dute etsaiek konkista eskubidea. Betiko ukatzen dugu. Lurraldea konkistatuko zuten, euskal herriaren arima, ez; inoiz ez da izango». Sozialistak, komunistak, jeltzaleak, ideologia askotako alderdiak bildu zituen Jaurlaritzak. Antifaxismoa zuten lotura.
Gaur antifaxistak legez kanpo eta buruzagiak preso daude berriz ere. PSOE, faxisten oldarraren beldurrez. Agirreren alderdikideak, urduri, hondora doan autonomiatxoari begira eta bata besteaz fidatzen ez diren lagunen inperio ekonomikoa kudeatzen. Faxisten jokoa sinetsita, «demokrazia ala legea?» dileman legea hautatzen. «Alderdien legearen aurka daudela diote, baina!». Xabier Arzalluzi ere aspaldi entzun genion gustura galduko zutela Ajuria-Enea, laurek bat egitearen truke. Eta ura bere(n) bidean.
Ondarroako nafarrei, biba zuek eta eutsi tinko. Eta benetako jeltzaleei, horixe baino ez, segi kristau demokrata izaten, faxismoaren suak harrotu barik.
2007-06-24
Kosovoko bandera
BERRIAko Larrepetit-en argitaratua
Irakurriko zenuten: Kosovoko bandera asmatzeko lehiaketa antolatu dute. Albaniar gehiengoak eta serbiar gutxiengoak nork bere naziokoak erabili ditu orain arte, baina estatu batek ezin auzoaren bandera erabili. Albaniak ere bandera alda dezan ere eskatu dute batzuek, arranodun gorria albaniar guztien oihala izan dadin eta ez estatu batena. Estaturik gabeko nazioez mintzatu izan gara; ez ,ordea, naziorik gabeko estatuez. Kosovo ez baita nazioa.
Bosnian eta Zipren antzera egin zuten. Uhartea britainiar kolonia zelarik, Zipreko greziarrek ez zuten independentzia eskatzen, «enosis» baizik, (Greziarekin) batasuna. Londresek independentzia ezarri, koronelen estatu-kolpea eta Turkiaren inbasioa heldu ziren gero. Gaur greziarrak EBn daude, 2008an euroa hartuko dute, eta Zipreko bandera eraikin ofizialetan baino ez da ageri. Etxeetan greziarra daukate.
Albaniarrek estatu bakarra eratu nahiko lukete, pragmatikoak dira, ordea: Batuko balira, ondo, baina bestela ere, hainbestean. Serbia betiko ez bada hamarkada askorako urrunduko dute.
Hobe albaniar estatu bi, biak burujabe, eta ez zati bat inoren menpe. Gero gerokoak.
Antzeko baina aurkako jokaldian, euskaldunon sinboloak Espainiako erkidego batekin lotzen asmatu dute nafar espainolistek (Ajuria-Eneko ardurak ahaztu barik), eta euskal komunitateen batasunak inoiz baino urrunago dirudi. Orain bertan mintzagai ere ez ei da, baina ez dugu behin ere entzun zertaz ziharduten NaBai eta PSNren solasean, zeintzuk ziren adostasunak (eta batez ere, desadostasunak). Izaera abertzalea bera ei da arazo. Baina hori ezin da bandera bezain erraz aldatu.
2007-06-17
Mès que un club
GALen kontuak harrotzen hasi zen urte urrun haietan aurrerakoia zela sinetsarazi zigun egunkaria daukat aurrean. «Euskal Herriak aurki independentzia lortuko du» lelo probokatzailearekin iragarri zuen «euskal» edizioa. Laster jakin genuen PP gobernura eramateko estrategia hutsa zela GALena. Ordutik geroz eta eskuindarrago, atzerakoiago eta Espainia inperialaren bultzatzaileago dihardu.
«Laportak txiki egiten du Barça» dakar kazeta mundutarrak. «Klubaren katalan nortasuna errespetatzea eta katalanez hitz egin eta idaztea eskatzen dizuegu» esan ei die lehendakariak jokalari gaztetxoei. Zenbait izarren kontratuetan katalana ikasteko klausula ere ba omen dauka Barçak. Ondorioa: «Laportarentzat garrantzisuagoa da katalana ondo ahoskatzea golak sartzea baino».
Atzerritarrak bai/ez eztabaidarako konponbide ezin hobea dakar Kataluniako taldeak. Zein ote euskaldunago: futbolari Euskal Herrian bihurtu izanaren aitzakian fitxatutako kantabriarra ala Kamerundik, Brasildik edo Serbiatik etorri eta euskara ikasitakoa? Gaztelauak ere ikas dezakeela ahaztu barik, noski.
Hara, Athleticen kanpainarako ideia, gainera dohainik. Eta eskerrak ez eman niri, El Mundo-rena da meritua.
2007-06-10
Tabernako kontuak
«Espainiak hori bera bultzatzen duenean, birritan pentsa beharko geniken».
«Zapaterok ez dik asko pentsatu bada: De Juanarena mendeku hutsa duk. Eta Argalaren omenaldiagatik Otegi espetxeratzea?».
«Ez ote da Argala ere terrorismoaren biktima? Inoiz zigortu gabeko terrorismo paramilitarra, gainera».
«Terrorismoa goraipatzea adierazpen askatasuna zapaltzeko txikle hutsa duk beti».
«Baina hauxe zagon. Edo Espainia garaitzeko beste indar bildu, edo negoziatzekotan, kostako zaien Zapatero baino hoberik topatzen. Zer esanik ez PPko lehendakaria baletor».
«Borondatea ukatu barik ere, konplexuz eta baldar jardun dik beti: Kongresuko agirian, PSE-Batasuna batzarrean, De Juanarenean, ANVrekin...».
«ETAk ere ez zion lana erraztu, horratik. Agiri bakoitzak dozenaka belarrondoko zekartzanan!».
«Belarrondokoak laster helduko dituk, bai!».
«Baina egin liteken borroka armatua, inor hiltzera iritsi barik. Ateren bat zabalik egon dadin beti ere».
«Hiru egun nahiko izan ditik Espainiak ate guztiak ixteko, horratik!»
«Baina zinegotzi arruntei ekitea desproportzio izugarria dun! Gorago jotzeko ezintasuna zirudik gehiago».
«Jeltzaleak ere urduri ei zaudek».
«EAJk hauteskundeetan hartu din egurra, AHT pasako den eskualdeetan batez ere. Lezio ederra Durangaldean».
«Bai, eta hurrengo astean bertan lotsarik gabe lanak esleitu. Negozioak arriskuan dituztenean, bost axola zaiek herri-borondatea. Alderatu Lemoiz eta Itoitz, Leitzaran eta Boroa... AHT ere ez ditek ez botoek ez protestek geratuko».
«Isilik, ea entzuten hauten!»
«Ez, gu fikziozko pertsonaiak gaituk».