Mediterraneoko uharte handienak Italian daude. Italiarenak dira, hobe
esan. Sizilia Italiako zati irudika dezakegu, botaren puntaren aurrean,
baina Sardinia ez da Italia. «Italiaren Irlanda da», zioen The New York Times-ek
herenegun; Erromak uhartearekiko izan duen jarrera koloniala gogoan,
eta uharteak Italiari emandakoa ahaztu barik: Antonio Gramsci
pentsalaria edo Grazia Deledda Literatur Nobel sariduna, besteak beste.
Jason Sorens ikerlearen Secession
liburuan, teoria apurtzen duen adibidea da Sardinia: uhartea da,
baztertuta dago, metropolitik urrun, hizkuntza propioa dauka…
sezesionismoak indarra izateko ezaugarri asko, baina datuen arabera
—azken hamarkadetako hauteskundeen emaitzak, funtsean— ez da halakorik
gertatzen. Sardinieraren prestigio faltari egozten dio Sorensek
sezesionismoaren indar apal hori —gaur ere italiera da nagusi alderdi
independentistetan ere, sardinieraren edo uharteko beste hizkuntzen
aurretik—. Baina gogora zekarren: «Sardiniako nortasun nazionala
garatuko balitz, sezesionistek askoz arrakasta handiagoa izan lezakete».
Une hori iritsi dela uste dute askok.
Gaurko hauteskundeetan
ikusiko da. Michela Murgia idazle arrakastatsu eta independentista lehen
lekuan ageri da hainbat inkestatan, zentro-eskuin eta zentro-ezker
banaketa tradizionalaren gainetik. Kanpaina garratza izan da, zabarra
ere bai: Murgiak «Schettino» izatea leporatu zion Ugo Cappellacci egungo
gobernadoreari; hogeita hamar lagun ziren Costa Concordia kruzeroak
hondoa jotzean alde egin zuen kapitaina, alegia. Cappellacci
itsasontzi-konpainien pribatizazioan egindako iruzurrengatik kondenatu
zuten, baina ez da isilik gelditu: Silvio Berlusconi miretsiaren pare,
Murgia Costa Concordia dela eta haren moduan joango dela hondora esan
du... aurkariari lodi deitzeko.
Hirugarren hautagaia
zentro-ezkerreko Alderdi Demokratako buru Francesco Pigliaru da, orain
arteko oposizio burua. Murgia independentistarekin botoa alferrik ez
galtzeko diotse sardiniarrei, eskuinak berriz irabaztea ekarriko duela
argudiatuta. Ikusteko dago Italiako azken gertakariek eta Enrico
Lettaren dimisioak zein ondorio dakartzan Alderdi Demokratarako. Baina
independentismoak inoizko babes handiena lortzear dirudi, Italian
alderdi tradizionalekiko haserrea ere baliatuta. Ez da Sardinian soilik
gertatu: Hego Tirolen aspaldikoa da Italiarekiko legitimazio-falta,eta
berriki Trieste Libera mugimenduak ere indar handia hartu du. 1947an
Jugoslaviarekin akordioa eginda Trieste Hiri Libre izendatu zutela
gogorarazi dute, eta akordio horrek indarrean dirauela.
Udan
hautagaia aurkeztu eta kanpainari ekin ziotenean —Laura Mintegi egon
zen ekitaldian—, nekez pentsatuko zuen Sardegna Possibile koalizioak
horrelako arrakastarik. Italiako politikan ohi denez, hainbat alderdi
eta hautagai txiki ere badaude, autonomismotik independentismora eta
eskuinetik ezker iraultzailera doazenak. Are gehiago, bi alderdi italiarrek
babesle dituzte gutxienez autonomista eta sarritan independentista gisa
ageri diren taldeak ere; Erromako sukurtsal izateak ez die eragotzi
izan sardiniar politikariei independentismotik hurbileko diskurtsoa
izatea.
Michela Murgiaren zerrenda indartsuaren aldean, ez
zaizkio kritikoak falta independentisten artean. A Manca pro
s'Indipendentzia talde iraultzailetik datorren Pier Franco Devias,
esaterako, iaz Murgiaren taldetik bereizitako Fronte Independentista
Batuko hautagaia da. Baina Sardinia independentearen hautua agerian
daraman koalizio batek lehen aldiz jo du hain goian inkestetan. Arreta
berezia mereziko du Sardiniak datozen egunetan, ehuneko bostera iristen
ez zen independentismoak iragarri besteko astindua baldin badakar
uharteko politikara. Ados, gaur-gaurkoz ez dago Sardiniako estatua
sortzeko proposamen artikulatu bat, Eskozian edo Katalunian egon
daitekeen legez —bidaia ugari egin dituzte azken asteotan Bartzelonara,
eta ezin ahaztu Sardinako l'Alguer herri katalan-hiztunaren konexioa—.
Baina Erromatik bereizi eta Sardinia sardiniarren esku geratzea, azken
urteotako umiliazioak astintzea —Silvio Berlusconi bera protagonista
zela horietako askotan—, oso urrats garrantzitsua izan liteke.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment