2014-02-09

Hilobietan eskiatzen

Tevfik Esenç-en hilobia sinplea. Hala dakar: «Tevfik Esenç-en hilobia. Ubikh deitzen dioten hizkuntzaren azken hiztuna zen». Duela 110 urte jaio zen Anatolia mendebaldean, eta hantxe hil zen berarekin, 1992an, Europan galdutako azken hizkuntza. Wikipedian, hizkuntzen azken hiztunen zerrendan, erronkariera hilobiratu zuen Fidela Bernaten hurrena dator Esenç. Euskalki haren heriotzaren hurrengo urtean galdu zen Kaukasoko hizkuntza interesgarrienetakoa; adiga edo zirkasiar enborreko konplexuenetakoa omen zen. Georges Dumezil frantses hizkuntzalariarekin emandako orduei esker, badugu Esenç-en ondarearen berri, eta Youtuben ikusgai dira ubikherazko hainbat bideo.

Ubikherazko izena da Sotxi, 1864. urtera arte han bizi izan zen soatshe tribuak emana. Abkhaziarrak zituzten hegoaldean, shapsug zirkasiarrak iparraldean. Mila herrixka baino gehiago Itsaso Beltzeko kostan eta haranetan. Kaukasoko konkista egin zuen Errusiak orain mende eta erdiko udaberri hartan, eta Europan inoiz izan gabeko hondamendirik handiena jasan zuen herri batek. Europako herririk zaharrenetakoak. Ipar-mendebaldeko Kaukasoko hizkuntzek (zirkasiera, abkhaziera, abaza eta ubikhera zena), ez dute ahaide hurbilik. Ekialdetik, vainakh (txetxeniera) eta Dagestango hizkuntzekin lotura urrunen bat bilatu izan diete, eta hegoaldetik georgiera eta haren hurbilekoekin, baina Kaukasoko hizkuntza indigena eta ahaide gabeak izateak ekarri ei du gehiago hiru hizkuntza taldeak multzo bakarrean sartzea, hurbiltasun filologikoak baino. Itsaso Beltzetik mendebaldera, indoeuropar hizkuntzak gailendu ziren, Balkanetako greziar eta albaniarrak, lautadetatik etorritako eslaviarrak, germaniarrak, Erromatik Italiako penintsulara eta Mediterraneoan barna erromanikoak, kontinente osoan zabaldu ostean mendebaldeko irletan zokoratutako zeltak... Pirinioetako bazter batean iraun duen beste hizkuntza misteriotsuarekin topo egin arte. Badute ergatiboa, badituzte kontsonante mordoa eta sistema bokaliko pobrea gure moduan, eta aditzak bat egiten du objektu zuzen zein zeharkakoekin, subjektuaz gain. Ez ei da aski lotura ahaidetasunik frogatzeko, eta zientifikoen hitzari ez diot lilura erromantikoa erantsiko. Ez dugu zertan ahaide izan, esan izan dut sarritan, baina munduko ahaide antzeko lagun onenak ditugu Kaukasoko inguru horretan. Zirkasiar, georgiar zein txetxeniar arruntenak badu euskaldunon berri, unibertsitaterik sekula zapaldu gabe ere. Gehitu horri, dantza eta kanturako joera, armen zaletasuna (ai, gure ehiztariak eta txapliguen ordez Urteberriari eskopetekin ongi etorri egiten dieten azken herritxo euskaldunak), eta munduko menditar kultura gehienek duten askatasun grina.

Garesti ordaindu zuten grina, mundua aldatzen ari zen sasoian: Estatu Batuek beren genozidio propioa gauzatu zuten kostaldetik kostalderako bidean, Errusiak Erresuma Batuko inperialismoarekin egin zuen topo itsaso beroetarantz zihoala, Indiako perla zela kausa, eta Euskal Herrian ere tiroz eta odolez isilarazten ari ziren mundu bat, bere lege zaharrekin, Espainia bakar bat eratzeko asmotan.

Orduko kronikek erretako herrixken berri ematen dute. Gosez hildako familiak. Otomandar Inperiorantz kanporatutakoak, ontziak gainezka Itsaso Beltzean hondoratutako milaka zirkasiar. Laurehun mila hildako, tsarraren artxiboen arabera, milioi eta erdi baino gehiago beste ikerketa batzuen arabera. Kaukasoko herri oso bat erauzia. Gero, Sobietar Batasuneko datxak, langile finenen opor-leku kuttunak, eta mende berrian Vladimir Putin Txetxeniako harakinari bihotza bigundu zion txokoa, berriz konkistatu zuen Kaukasoko atseden gunea. Halaxe ekarri ditu Olinpiar Jokoak Errusiako lekurik epelenera, ustelkeriak inoizko Jokorik garestienak egitera.

Lerrook idaztera, hasi berri dira jokoak. Egin dute zeremonia Sotxin, eta, hiritik hasi eta Elbrus mendiaren magalera, berrogeita hamar zirkasiar atxilotu dituzte Zirkasia zaharraren geografian. Geopolitika esan dizuete batzuek. Sotxi zirkasiar izena dela gogoratzeaz, aski da. «Ez da hilen, ez da hilen, Erronkariko uskara» kantatzen genuen. Zirkasiera ere ez da hil, diaspora biziari esker. Baina Kaukason genozidioaren hobi komunen gainean ari dira eskiatzen.

BERRIAn argitaratua

No comments: