2011-11-27

Dersim-Gernika

Ipek eta Suna Euskal Herrian ibili izan diren gazte kurduak dira. Haiei esker argitaratu genuen iaz BERRIA-n ume espetxeratuei buruzko erreportajea. Batman hiriko hainbat familia bisitatu genituen. Kurdistango lekurik latzenetakoa da Batman, Diyarbakir errebeldetik ordubetera egon arren: petrolioaren inguruan duela mende erdi eraikitako hiria, 1990eko hamarkadan sarraski izugarriak egin zituzten Estatuak hauspotutako paramilitar islamistek. Alkate abertzalea izanda ere (bi urte daramatza preso), hiriak giro kontserbadore itogarria dauka.

Hiriko beroa utzita, Dersimgo mendi aldean eman genuen asteburua. Biztanle gutxien dituen Turkiako probintzia da, eta hala ere, Batmanen izaera atzerakoiaren, are Ekialde Hurbil osoaren ifrentzua: amuarraina botila pattarrarekin afaltzea terraza publikoan, Munzur ibaiaren ertzean soilik gerta liteke Istanbuldik kanpo. Buru zapi alerik ez kaleetan, eta Erdoganen gobernuak eraikitako meskita hutsik. Airean bi helikoptero uneoro, hori bai. BDP alderdi kurduko zinegotzi batek etxera gonbidatu gintuen. Gosaritan azken hogei urteotako errepresioa aipatu zigun, eta urtegiek mehatxatutako Munzur haranera eraman gintuen. Inguruko haitzuloak adierazi zizkigun, «itxita daude leizeak oraindik, militarrek debekatzen dute sartzea». 1937 eta 1938ko sarraskietan familia osoak bizirik sartu zituzten haitzulootan, beste milaka amilduta hil zituzten. Ordurako Dersim izena aldatu eta egungo Tunceli ofiziala jarri zioten.

Genozidioa izan zela aldarrikatu dute kurduek. Egun 75.000 lagun ditu Dersimek, eta hildakoen datu apalenak 10.000 aipatzen ditu (beste ikerle batzuek 40.000tik gorako kopuruak darabiltzate). Kanporatze masiboen ondorioz, Istanbulgo auzune pobretuetan dersimdar asko bizi dira. Gazte gutxik daki zazakiera, bertako kurduen hizkuntza. Kurdu izatea aski delitu ez balitz legez, aleviak dira, gehiengo musulman suniaren aurrean islam ezkertiar eta antidogmatikoaren jarraitzaileak. Askok islama dela ere ukatzen dute, eta ez dira gutxi bere buruari «alevi ateo» deritzenak.

Beso zabalik hartu gintuzten iaz Dersimen, berezko abegikortasunez. Jakin mina zeukaten Euskal Herriarekin, bulegoan Picassoren Guernica. Eta euskal udalen batekin harremanak estutzeko gogoa, «baina herri borrokalariren batekin, e», nabarmendu ziguten konplizitatez. Askotan dagoen konplizitatea da, eta euskal autonomiarekiko inbidia puntua. Ez zuten sinesten Espainia demokratikoak Gernikagatik barkamenik ez eskatu izana. Eta hara non eskatu duen, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak estatuaren izenean, Dersimgo sarraskiagatik. Mezu labur bezain historikoa izan da joan den asteazkenekoa. Ondo gogoratu dio CHP alderdi errepublikar laikoak, Kemal Ataturken ondarea urratzea leporatzean. Ataturkek sortu zuen CHP —eta Turkiako errepublika—, eta hura zen agintean sarraskien garaian. Paradoxikoki, Kemal Kõlõçdaroglu alderdiko burua dersimdarra da, eta ostiralean kontraerasoari ekin zion: «barkamenean gelditu ordez, (Erdoganek), ireki ditzala artxiboak eta itzuli lurrak deportatu zituztenei».

Marka da Dersimgatik barkamena eskatu duenak antzeko mehatxu beldurgarria egin izana: PKKrekin amaitzeko «Sri Lankako bidea» iradoki zuen Cemil Cicek parlamentuko presidenteak, Tamil Tigreen gerrillaren aitzakian egindako sarraskia gogoan. Ekaineko bozak irabazi zituenetik, aurpegi ilunena agertu du Turkia demokratizatu behar zuen Erdoganek: Siriako joko bikoitza (oposizio islamista bultzatu Bashar Al Assaden aurka, baina Turkiara desertatu zuen Hussain teniente kurdua Al Assadi entregatu), Dersim aipatu baina Armeniako genozidioaz berbarik ez, eta aspaldiko oldarraldi handiena kurduen aurka. Mila atxilotu baino gehiago izan dira ekainetik: kazetari eta intelektualak orain hamar egun, abokatuak asteon. Libiakoa errepikatu ezinik, Turkia ezinbesteko piezatzat dauka NATOk Siriako erregimena botatzeko. Eta giza eskubideetan beste aldera begiratzea izan ohi da horretarako prezioa. Baina kurduek ustekabe bat baino gehiago dute oraindik prest.
BERRIAn argitaratua

No comments: