2011-11-27

Dersim-Gernika

Ipek eta Suna Euskal Herrian ibili izan diren gazte kurduak dira. Haiei esker argitaratu genuen iaz BERRIA-n ume espetxeratuei buruzko erreportajea. Batman hiriko hainbat familia bisitatu genituen. Kurdistango lekurik latzenetakoa da Batman, Diyarbakir errebeldetik ordubetera egon arren: petrolioaren inguruan duela mende erdi eraikitako hiria, 1990eko hamarkadan sarraski izugarriak egin zituzten Estatuak hauspotutako paramilitar islamistek. Alkate abertzalea izanda ere (bi urte daramatza preso), hiriak giro kontserbadore itogarria dauka.

Hiriko beroa utzita, Dersimgo mendi aldean eman genuen asteburua. Biztanle gutxien dituen Turkiako probintzia da, eta hala ere, Batmanen izaera atzerakoiaren, are Ekialde Hurbil osoaren ifrentzua: amuarraina botila pattarrarekin afaltzea terraza publikoan, Munzur ibaiaren ertzean soilik gerta liteke Istanbuldik kanpo. Buru zapi alerik ez kaleetan, eta Erdoganen gobernuak eraikitako meskita hutsik. Airean bi helikoptero uneoro, hori bai. BDP alderdi kurduko zinegotzi batek etxera gonbidatu gintuen. Gosaritan azken hogei urteotako errepresioa aipatu zigun, eta urtegiek mehatxatutako Munzur haranera eraman gintuen. Inguruko haitzuloak adierazi zizkigun, «itxita daude leizeak oraindik, militarrek debekatzen dute sartzea». 1937 eta 1938ko sarraskietan familia osoak bizirik sartu zituzten haitzulootan, beste milaka amilduta hil zituzten. Ordurako Dersim izena aldatu eta egungo Tunceli ofiziala jarri zioten.

Genozidioa izan zela aldarrikatu dute kurduek. Egun 75.000 lagun ditu Dersimek, eta hildakoen datu apalenak 10.000 aipatzen ditu (beste ikerle batzuek 40.000tik gorako kopuruak darabiltzate). Kanporatze masiboen ondorioz, Istanbulgo auzune pobretuetan dersimdar asko bizi dira. Gazte gutxik daki zazakiera, bertako kurduen hizkuntza. Kurdu izatea aski delitu ez balitz legez, aleviak dira, gehiengo musulman suniaren aurrean islam ezkertiar eta antidogmatikoaren jarraitzaileak. Askok islama dela ere ukatzen dute, eta ez dira gutxi bere buruari «alevi ateo» deritzenak.

Beso zabalik hartu gintuzten iaz Dersimen, berezko abegikortasunez. Jakin mina zeukaten Euskal Herriarekin, bulegoan Picassoren Guernica. Eta euskal udalen batekin harremanak estutzeko gogoa, «baina herri borrokalariren batekin, e», nabarmendu ziguten konplizitatez. Askotan dagoen konplizitatea da, eta euskal autonomiarekiko inbidia puntua. Ez zuten sinesten Espainia demokratikoak Gernikagatik barkamenik ez eskatu izana. Eta hara non eskatu duen, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak estatuaren izenean, Dersimgo sarraskiagatik. Mezu labur bezain historikoa izan da joan den asteazkenekoa. Ondo gogoratu dio CHP alderdi errepublikar laikoak, Kemal Ataturken ondarea urratzea leporatzean. Ataturkek sortu zuen CHP —eta Turkiako errepublika—, eta hura zen agintean sarraskien garaian. Paradoxikoki, Kemal Kõlõçdaroglu alderdiko burua dersimdarra da, eta ostiralean kontraerasoari ekin zion: «barkamenean gelditu ordez, (Erdoganek), ireki ditzala artxiboak eta itzuli lurrak deportatu zituztenei».

Marka da Dersimgatik barkamena eskatu duenak antzeko mehatxu beldurgarria egin izana: PKKrekin amaitzeko «Sri Lankako bidea» iradoki zuen Cemil Cicek parlamentuko presidenteak, Tamil Tigreen gerrillaren aitzakian egindako sarraskia gogoan. Ekaineko bozak irabazi zituenetik, aurpegi ilunena agertu du Turkia demokratizatu behar zuen Erdoganek: Siriako joko bikoitza (oposizio islamista bultzatu Bashar Al Assaden aurka, baina Turkiara desertatu zuen Hussain teniente kurdua Al Assadi entregatu), Dersim aipatu baina Armeniako genozidioaz berbarik ez, eta aspaldiko oldarraldi handiena kurduen aurka. Mila atxilotu baino gehiago izan dira ekainetik: kazetari eta intelektualak orain hamar egun, abokatuak asteon. Libiakoa errepikatu ezinik, Turkia ezinbesteko piezatzat dauka NATOk Siriako erregimena botatzeko. Eta giza eskubideetan beste aldera begiratzea izan ohi da horretarako prezioa. Baina kurduek ustekabe bat baino gehiago dute oraindik prest.
BERRIAn argitaratua

2011-11-20

Siriako oposizioa(k)

Siria azken edo azken-aurreko kapituluan sartzen ari ote da? Badira seinale bat baino gehiago hori adierazten. Oposizioak onartu du, zati batek gutxienez, armak hartu dituela, eta orain arteko eraso bortitzenaren berri eman dute egunotan. Ezin egiaztatu bertsiorik, horratik. Libiako auziko konplexutasunek zenbait kontraesan agerian utzi zituzten, Siriak, berriz, horiek denak bideraktzen ditu. Badu petroliorik —Kurdistanen nagusiki—, baina behingoan, inork gutxik dauka urre beltza hizpide. Herrialdearen garrantzia geoestrategia, ideologia, munduko gatazka garrantzitsuenen bihotzean egotea... Ekialde Hurbileko mapan gurutzea irudikatuko bagenu, Hego-Ipar —Arabiako Penintsulatik Itsaso Beltzera— mendebaldearen aliatu diren herrialde sunitak topatuko genituzke, eta ekialdetik mendebaldera, Irandik Mediterraneora, xiismo antimendebaldarra. Artean, elkarren etsai diren bi teokrazia (Iran eta Saudi Arabia), NATOko kide bat, NATOk erauzitako erregimen sunita baten ondoren nagusitutako erregimen xiita —Irak—, hamarkada luzetan bere buruari eusten aski lan izan duen monarkia —Jordania—, eta horiek guztiek bat egiten duten Libano. Eta denen erdian, Siria (eta Kurdistan).

Gaur oposizioaren babesleku nagusi den Turkiak —Libanon ere badaude Siriako Armada Librearekin bat egin duten oposiziokideak—, ez du beti jarrera bera izan. Protesta hasi eta zenbait astez isilik egon ondoren joan da lerratzen manifestariekin. Hamarkada batean Ankararen politika berriaren —«zero arazo auzoekin»— adibide garbiena zenari bizkarra eman lehendabizi, eta orain aurrez aurre jarri zaio. Mendebaldeko herrialdeen erasoa baztertuta, Turkiak dirudi, inork egitekotan, balizko erasotzaile bakar. Hala eskatu dio oposizioaren zati batek, Istanbulen urrian sortutako Siriako Batzorde Nazionaletik zehazki. Ez dirudi berehalakoan Turkiako armadak urrats hori egingo duenik. Siriako Armada Librea babestea «errazagoa» da. Daniel Iriarte espainiar kazetariak egunotan Libanoko mugan desertoreekin bildutako testigantzek, hiru lerro irudikatzen dituzte kaleetan errepresioan; horren arabera, atzeko militarrek aurrealdeko soldaduak hilko lituzkete aginduak bete ezean. Eta irandar frankotiratzaileak, denaren begirale. Bada dena gezurra dela dioenik; horretan laguntzen du Bashar al Assaden itxitasunak. Baina sarraskien egiazkotasunerako argudio garrantzitsu bera ere horixe da, eta ez dira gutxi horren testimonioak, egiaztatzeko modu zehatzik egon ez arren.

3.500 hilketaren ondoren, gatazka fase berri batera sartu dela. Gerra zibilaren fasea izan litekeela ohartarazi dute bai Errusiak bai AEBek ere. Itxuraz oposizio armatua eta kanpoko erasoaren aldeko Siriako Batzorde Nazionala indartu dira, edo horiei eman die ahotsa Mendebaldeak eta Arabiar Ligak (Anaia Musulmanak daude Batzordean, besteak beste). Marka da horrenbeste erregimen ustel dituen erakundeak inor kanporatzea giza eskubideak hausteagatik. Baina orain arteko urratsik mingarrienetakoa ere bazaio Al Assadi, zeinen bakarrik gelditzen ari den erakusten du.

Etxeko lanak etxean egitea aldarrikatzen duen eta kanpoko esku hartzearen aurkako den Koordinazio Nazionaleko Batzordea —oposizio ezkertiarragoa— ahulago ageri da. Arraultzak bota zizkieten berriki Kairon «traidore» deituta. Batzorde horretan daude, besteak beste, PKKren aldeko Siriako kurduak. Argi utzi dute ez dutela Turkiaren inbasiorik onartuko. Alderdi kurdu txikiagokoetako kideak Istanbulen sortutako batzordean daude, eurak gabe aldaketa demokratikorik posible ez dela jakitun. Eta alderdietatik kanpo milaka gazte kurdu ari dira manifestatzen. «Kurduek baldintzatuko dute Siriako iraultzaren arrakasta», idatzi du asteon Henry Jackson Society think tank eskuindarreko Michael Weiss adituak. Bateko eta besteko, Siriako kurdu guztiak Batzorde Kurdu Nazionalean biltzea lortu zuten urrian. Datozen egunetan berriz bilduko dira Irakeko Kurdistanen. Fitxak mugitzeko unea da.
BERRIAn argitaratua

2011-11-06

Europa hegoadeko penintsulak

Egunotan ez dut atzerriko albisteak nahi beste jarraitzerik izan. Aski, lan kanpotik etorri direnei gurea erakusten. Turkiako albiste kate garrantzitsuenetakoak ibili dira gurean, begirada, nahi gabe ere, Kurdistanera zihoakiela. Txundituta ikastolekin. Munduko kazetarien agendan uste eta nahi genukeena baino leku txikiagoa izan ohi du euskal auziak. Baina foku handiak Iranen edo Palestinan dauden gisan, badago Espainiako inongo gobernuk nahi ez duen foku txikiago baina Madrilentzat aski deserosoa ere. Iberiar Penintsulako estatu handiena hauteskunde kanpainan sartu da; eskuinaren gorakada eta herrialdearen krisiarekin batera, Katalunia eta Euskal Herriko abertzaleak dira munduko hedabideen hizpide nagusi. Arazo nazional edo etnikoak dituzten estatuetan (Balkanetako guztiak), beti du interesa Euskal Herriak. Turkian tabua eta delitua da separatismoa; bai alderdi bai gerrilla kurduak sarri nabarmentzen dute ez dutela Turkia hautsi nahi, harritu ditu independentismoaren indarrak. Horren sinple azaltzen den hori, herritarrek erabaki dezatela, ez da beti erraza. PKK-k ere adierazi berri du armak utziko lituzkeela Turkiak «Espainiak bezala jokatu, eta autonomia emango balu». Gosez hiltzear denak ogia amets, baina ez dakite askorik Gregorio Peces Barba Espainiako Konstituzioaren aitaren adierazpenez, 1640ko katalanen eta portugesen matxinada zela eta («hobe litzateke katalanekin gelditu beharrean Portugalez jabetu bagina», «historian sarri bonbardatu behar izan dugu Bartzelona, uste dut orain konponduko dela Bartzelona bonbardatzeko beharrik gabe»). Katalanak ere prest daude, ziur aski, trukerako, ez hainbeste portugesak. Baina gera daitezela espainiarrak Madril eta penintsula erdialdearen jabe, itsasora irteteko Afrikara begira.

Europa hegoaldeko penintsulek kontinentetik kanpo egotearen sentipen hedatua daukate. Mendebaldean bere borondatez isolatu dira espainiarrak, errealitateari begiak ixteko jarrera itsuan; ekialdekoek, Balkanek, otomanoen nagusitasun asiarra izan dute XIX. eta are XX. mendera arte. Europaren alde sakrifikaturiko martirien sentipena aski hedatua da serbiarren zein greziarren artean. Filosofiaren edo demokraziaren sortzaileetatik baino, hurbilago daude gaurko greziarrak mendeetako tradizio otomandarretik. Eta gutxik aipatu badu ere, Turkia dauka Atenasek ia helduleku bakar, Europako Batasunak kale eginez gero.

Izan du onurarik euroak (zergatik ez du inork aipatzen txanpon bera daukagula euskaldun guztiok historian lehenengoz?). Baina ezin horregatik Alemaniaren protektoratu bihurtu. Greziarrek II. Mundu Gerrako gobernadore naziekin konparatu dute, etxeko lanak ebaluatuko dizkieten ikuskatzaileen onarpena. Giorgios Papandreuk herritarren babesa behar duela plazaratze hutsak Europa astindu du. Eta aukera paregabea zuen Merkozy bikoteak galdera bakarrean bi auziak sartzeko: agerikoa da inposizioari ezetz diotsela greziarrek, noski, baina herritarren gehienak euroan jarraitzearen aldeko dira halaber. Gai biak lotzeko aukera zuten: «Onartzen duzu Greziak euroan jarraitzeko ezarritako erreskate baldintzak?». Ezetz esanda ere, nahikoa nabarmentzen ez den Islandiako adibidea dauka ekonomiaren burujabe den herrialdeak. Mexikok ere egin zuen duela hamabost urte, pesoa behar bezala baliatuta. Aski dramatikoa hastapenean, bai, gizarte osoaren pobretze orokor eta guzti, baina hutsetik askatasunez abiatzeko aukera halaber.
BERRIAn argitaratua