2011-10-16

Kurduak Siriako protestean

Ezaguna da esaera zaharra, azken hamarkadetako berrikuntzarekin: «Kurduok ez daukagu lagunik, mendiak (eta kalaxnikova) baino ez». Sirian, ordea, muino gutxi batzuk baino ez dituzte kurduek, edonolako gerrilla borroka eragozten. Barne zatiketa handia izan dute, eta kontraesan historikoa: Siriako Arabiar Errrepublika Sozialistak harrera ona egin zion PKKri sorreran; palestinarren gerrillekin batera entrenatu ziren Libanoko Bekaa haranean. XX. mendeko logikan, Gerra Hotzaren eta ezker/eskuin aliantzen sasoian, bete-betean txertatzen zen. 1998an Hafez Al Assadek atzera egin zuen, ordea, Turkiaren gerra mehatxua benetakoa zela ikusita. Abdulla Ocalan kanporatu eta turkiarrek Kenyan atxilotu artekoa ezaguna da (Israelen laguntzaz, gaur propaganda antikurduak Israelen lagun izatea leporatu arren kurduei). Ankararen aliatu estu bihurtu da Damasko XXI. mendean. Duela hiru urte elkarrekin eman zituzten oporrak Erdogan eta Assad familiek. Turkia, Europaren kalabazez aspertuta, Ekialde Hurbileko islamismo demokratikoaren eredu bihurtu da, militar laikoei boterea murriztu ahala. Bidenabar, Iran eta Siriarekin batera, gogor ekin diete kurduei. Siriako milaka kurduk ez zuten inolako agiririk, bertakoak ez zirela argudiatuta. «Arabiar askok uste dute gu ez garela Siriakoak, Turkiatik etorritako kanpotarrak baizik», esan zidan iaz Alepoko ikasle batek. 2004an 30 kurdu hil zituzten futbol zelai baten ondorengo istiluetan: Deir el Zor hiriko jarraitzaile arabiarrek Saddam Husseinen izena aldarrikatu eta kurduek Irakeko autonomia eskaerak oihukatu zituzten Kamishlin. Poliziak 36 kurdu hil eta milaka atxilotu zituen. Ordutik, Muhabarat polizia sekretu beldurgarriak estu hartu ditu kurduak.

Arabiar udaberrian, joan den astera arte, protesta txikia egin dute kurduek, horrelako herri borrokalariaren aldetik espero dena kontuan izanda. Baina Dara hirian piztutako manifestazioak, Hama eta Himsekin batera, Deir el Zor hirian izan du oihartzun handiena; hiriotako arabiar sunitak izan dira herengun 3.000ra iritsi zen kopuruan biktima gehienak. Siriako kurdu askorekin egin dut berba asteotan. «Beti gara gu jipoituenak, eta orain ere zain egon dira noiz matxinatuko. Baina gu izan ginen lehenak 2004an, eta inork ez zuen ezer esan orduko sarraskietan. Oraingoz, itxarotea erabaki dugu, ze altxatzen garenean behin betiko izango da», esan zidan berriki Rizo Seckin Kamisloko kazetariak. Manifestazioak egon dira Siriaren menpeko Kurdistanen, baita talde armaturen baten agerpena ere, «herritarrak sarraskitik babesteko» asmoz, Interneten adierazi dutenez. Hala ere, alderdi nagusiek ez dute aparteko deialdirik egin joan den astean Mishaal Tamo buruzagia hil zuten arte. «Aski da siriar soldadu bat hiltzea armada gure herriak txikitzera etor dadin», zioen asteon ezkerreko alderdi bateko buruzagiak. Bashar al Assaden estrategia ere izan da, makila eta azenarioa erabiltzea oposizioak bat egin ez dezan. Protesten hasieran batez ere: alderdi kurduei biltzeko deialdia egin zien, eta hamarkadako politika arrazista bertan behera utzita, naziotasuna aitortu zien atzerritartzat ageri ziren 220.000 kurduri. 80.000 daude orain paperik gabe.

Siriako oposizioarekiko errezelo handia daukate kurduek: Turkiaren babes handiak preziorik baldin badauka, kurduekikoa izango da, Iraken daukaten autonomia aski eta gehiegi dela iritzita. Istanbulen eta Antalyan egindako bileretatik alde egin dute alderdi kurduek, besteak beste arabiar oposizioak ez duelako onartu Siriako Arabiar Errepublika izena aldatu eta Siriako Errepublika deitzea. Ohi bezala, ezker zein eskuin, islamista zein laiko, turkiar zein arabiar, bat datoz kurduak baztertzerakoan. «Baina Assad erortzen bada, ez izan zalantzarik geure autonomiari helduko diogula», diost idazle batek. Ez dute erraz izango, lehendakaria erorita ere. Turkiak botatzen badu, batez ere.
BERRIAn argitaratua

No comments: