2011-10-09

Betoak

Joan den astean Grozniko harakinaz mintzatu ginen, eta asteon dantzan ikusi dugu. 35 urte bete dituela eta, Ramzan Kadirov Txetxeniako ugazabak jai izugarria antolatu du. Dirua nondik datorren galdetutakoan, «ez dakit, Alagandik», erantzun du Kadirovek. Milaka herritarren tortura, jazarpen, bortxaketa eta desagerpenen mozkinekin Hollywoodeko izarrak etorri zaizkio happy birthday esatera. Shakirak, berriz, kalabazak. Anna Politkovskaiaren hilketaren bosgarren urteurrenean, haren hiltzailea —urrundik behinik behin zilegi bekigu ahotsa altxatzera— fanfarroi dabil, horrelako ekitaldi handiren batean aitaren bidea jarraitzea, goiz ala berandu, litekeena dela sumatu ezinik.

Baina Errusiara, berriz ere nor dela sinetsi nahi izan du, benetan baden Txinaren aldamenean beto eskubidea erabilita. Badator inoiz joan ez zen Putin, Jeltsin mozkorraren urte liberalak, demokrazia pobreziarekin loturiko aroa, gainditu eta berriz estatu indartsua eta errespetatua daukalakoan. Uste faltsu hori indartzeko, eta mendebaldeari belarrondokoa emateko biktima Siriako herria izan da. Bidenabar, mendebalde horrek berak hausnartu beharko du Libiako prezioa. Benetako arriskuan sumatzen zen jendea babesteko ebazpena nahieran perbertitu dute, Surteko bonbardaketak azken adibide. Eta ondorioa, ez dute Surteko zibilek soilik jasaten. Bashar al Assaden krimenak babesteko baliatu dute Errusiak eta Txinak; otsailean Libiarekiko abstentzioaz damu, betoa jarri diote Siriari zigorrak ezartzea ere bazter uzten zuen Europako ebazpen urardotuari.

Ia hiru mila siriar hil dituen erregimenaren aurrean, barne arazoetan ez sartzeko politika babestu dute. Estatu Batuetako inperialismoarekiko errezeloa aitzakia bihurtzen dute norbere inperialismoaren alde egiteko, bai Moskuk, bai Pekinek, Latinoamerikako konpartsarekin (Hugo Chavezentzat NATO eta euskaldun torturatuak dira munduko gaizkile bakarrak. Putinek Txetxeniari edo Georgiari erasotzea, Ahmadinejadek kurduak eta komunistak urkatzea eta Bashar Al Assaden sarraskiak bost axola Caracasko jauntxoari).

Siria ez da Libia, argi dago. Afrikako estatuaren garrantzia estrategikoa oso urrun dago Damaskotik. Iranen babesa dauka Al Assadek (eta irandar frankotiratzaileak, Giza Eskubideetako elkarteek salatu dutenez), eta azpimarratzekoa da Israelen isiltasuna. Egiptoren ondoren badu isilik egoteko motiborik. Ez zukeen askorik pentsatuko Tel Aviven assadtarren dinastiaren miran egongo zirenik. Baina oposizioak irabaztekotan, laster izango dute faltan egungo erregimenarekin daukaten gerra hotza.

Munduko gatazka gehienekin lotura daukan eskualdearen bihotz-bihotzean, xake mahai osoa astinduko lukeen pieza da Siria, siriarren kaltera. Baina Turkia nazkatu da, eta horrek marka dezake benetan aldea. Errusiak jarraituko du Al Assadi armak saltzen, baina zigorrak —petrolioaren gainekoak bereziki— gogor ari dira jotzen Siria. Alauiten diktadurak kristau burgesia eta klase ertainen babesa dauka, protestan ari den gehiengo sunitaren beldur. Baina Egiptoko Anaia Musulmanen antzera, horixe Turkiari falta zaion pieza, amets neo-otomandarra gauzatzeko, ustezko islamismo demokratikoaren eredua Siriatik Tunisiaraino esportatzeko bidenabar.
BERRIAn argitaratua

No comments: