Euskal Herriko historia hurbileko gertakari garrantzitsuenetako bi
arabiar herrietako antzeko albisteen itzalean geratu dira: Barajasko
bonba lehertu baino 3-4 ordu lehenago Saddam Hussein urkatu zuten;
egunotan, are berri garrantzitsuagoaren oihartzuna Muammar Gaddafiren
hilketak estali du. Libiaren ondoren, Siriara begira jarri dira, atzera
ere, Gaddafiren ondoren, Al Assaden txanda dela diote manifestariek.
Baina gauzak konplikatuak dira: Nazio Batuetan mendebaldeak izandako
porrotak, Txinari eta Errusiari esker, Damaskoko erregimena hauspotu du.
Manifestazio jendetsuak deitu ditu Al Assadek hiriburuan eta Alepon,
eta argi geratu da lehendakariak atzean dituela gutxiengoak —kurduak
salbu—: hainbat sinesmen kristau, druzoak eta, zelan ez, Assadtarrak
kide izanik Sirian botere handiena duten alauitak; denak ere, protestan
ari diren gehiengo sunitaren beldur. 1982ko sarraskiaren ondoren —20.000
islamista hil zituzten Hama hirian—, erraz uler daiteke erregimena
botatzeko suniten ahalegina. Baina Siriaz ari gara, munduko eskualde
konplikatueneko estatu konplikatuenetakoaz.
Alauismoa xiismoaren
adarretako bat da. Ez da kasualitatea arabiar herrietan porrot egin
duen matxinada bakarra, mendebaldean oihartzun txikiena izan duena,
Bahraingo gehiengo xiitaren aurkako zapalkuntza odoltsua izatea, Saudi
Arabiaren laguntzarekin. Gauza bat da matxinadak zinez herritarrenak
izatea Tunisian, Egipton, Yemenen, Libian, Bahrainen edo Sirian, eta
beste bat Washingtonek —eta Riadek— aukera txikiena ematea Iran
indartzeko eskualdeko joko-mahaian.
Benetan indartu den
herrialdeak ere, Turkiak, aspaldiko eraso gogorrena jasan du; ostegunean
PKK-ko gerrillak 24 soldadu hil zituen gutxienez —ehun, gerrillaren
arabera—. Ankarak izan du arrakastarik islamismo moderatu eta
demokratikoaren eredu izaten, baita otomanismo berria lantzen ere. Auzoekin arazorik ez
leloa gezurra izan da hasieratik —hara Zipre, hara Armenia— baina
hilabeteotan Siriako manifestariei emandako babesak Iran ere amorrarazi
du. Hezbolarekin daukan zilbor-hestea arriskuan ikusi du. Baina etxean
ere badauka aski arazo Teheranek. Zigor ekonomikoek ahulduta, Turkia du
ia helduleku bakar. Turkia laikoa galbide eta salbazio.
Orain,
aurkitu dute zerk batzen dituen: kurduen errepresioak. Jose Maria
Aznarrek Euskal Herrian egindakoaren antzera, Recep Tayyip Erdogan
Turkiako lehen ministroak ere, aurreko agintaldian, egin zuen ahaleginik
auzia bideratzeko. Ekaineko bozak erabateko gehiengoz irabazita, baina,
gerraren alde jo du. Eta PKK-k indartsu dagoela erakutsi, Çukurca eta
Yuksekovako erasoetan. Irakeko mugaz gaindi Hego Kurdistani eraso dio
Turkiak, Barack Obamak abenduan badoazela esateaz bat. Uda osoan mehatxu
kriminalak izan dira turkiar hedabideetan, «hara zeinen ongi konpondu
zuten tamilen auzia Sri Lankan» izan da kuttunetakoa. Berriz ere gerra
hotsak. 20 milioi kurdu —Turkiako herena edo laurdena, bertsioen
arabera— anikilatzea ezinezko dela jakinda ere, beti da errazagoa
propaganda nazionalista, arazoa konpontzen saiatu eta botoak galtzea
baino. Hor bai, bat egin dute Iranek eta Turkiak.
Otomanoekin
amaitzeko, Europako azken eremuari begiratu bizkorra: Balkanetako sua
berotzen ari da. Bulgarian gaur bozak, erromanien —ijitoen— aurkako
xenofobia nagusi dela. Kosovon, mundua alderantziz: gobernua ari zaio
esaten gutxiengo serbiarrari «Estatuko mugak zatiezinak» direla.
Europatik ere gogoratu dute zatiketa —Kosovo iparraldeak Serbiarekin bat
egitea— ez dutela aintzat hartzen. Baina aipatze hutsak mahai gainera
dakar auzia. Mazedoniako lehendakariak dio Kosovo zatitzeak eskualdea
desegonkortuko lukeela, bere herrian hiru biztanletik bat albaniarra
baita. Eta Bosniak urtebete darama gobernurik gabe, 1995ean Daytongo
laborategian jaiotako estatuak kale egin duela bistaratuz. Arreta
gehiago jarri beharko genioke euskaldunok eskualdeari, gure auzi
politikorako galderak etengabe sortzen baitira. Sarri odolezko erantzuna
daukate, baina konponbide irudimentsuak horrelako egoera konplikatuetan
aurkitu behar dira.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment