2009-05-31

Paredes eta hormak

BERRIAn argitaratua

Jose Paredesek hemezortzi urte zituen 1973an soldadutzarako hartu zutenean. Jon Paredesek baino bat gutxiago. Jose Paredesek estatu kolpe baten erdian aurkitu zuen bere burua, abiatzear zen diktadura bateko azken katebegi. Jon Paredesek diktadura baten aurka armak hartzea erabaki zuen sasoi beretsuan, bere borondatez, faxismoaren aurka borrokatzeko.

Eskuak errebolber baten kulata-kolpez txikituta, mihia erauzita, Victor Jararen gorputz torturatuan erruleta errusiarrean ibili zen tenienteordea. Chile futbol zelaiko lehen tiroaren ondotik, aurrean zituen Jose Paredes eta behartutako beste mutilei tiro egin zezatela agindu zien. Irailaren 19an aurkitu zuten kantariaren gorpua.

1973ko irailetik 1975ekora, Paredes antifaxistaren zoria ere idatzita zegoen. Victor Jararen hilotza topatu eta urte bira ezarri zioten Txikiri heriotza zigorra. Munduko amorruaren aurrean Orienteko plazan bildu zituen beretarrak espainiar kriminalak. Hiltzaileak aldamenean zeukan ondorengoa, Borbon izeneko bat.

Jose Paredes soldadu ohia egunotan atxilotu dute Txilen, kate luzeko azken katebegia dela jakitun, gorago, askoz gorago joan behar dela jakitun. «Ama Aberrian», kriminalak zigorrak gabe hiltzen dira ohean, faxistek hautatutako ordezkoek estatuburu jarraitzen dute, eta inoiz jazo ez zen trantsizioa munduaren eredu izan daitekeela uste dute oraindik.

Are okerrago, botere banaketa daukatela sinesten dute, eta inoiz konturik eskatu ez dieten epaileekin jarraitzen dute. Besteak beste, faxismoaren biktimei irain egiten, eta militante antifaxistei oroitarriak ere ukatzen. Eta patetikoena, epaileen aginduak bete eta bete jarraitzen dute alkateek.

2009-05-24

Tamil tigreak

BERRIAn argitaratua

Munduko herri zapaldu gehienetan egon izan dira euskaldunak, baina tamilen gatazkan ez dugu lekuko berriemailerik izan. Eta pena da. Sri Lankako triskantzaren neurria emateko ez zuen balioko ziur aski, kazetari guztiei itxi baitizkie uharteko ipar-ekialdeko mugak. Bigarren, hirugarren eta laugarren iturrietatik jakin ditugu, jakinarazi dizkigute, azken hileetan izandako sarraskiak.

Tamil ahituen, kalituen, suntsituen irudien ostean garaileenak ikusi ditugu, bozkarioz, «terroristekiko garaipena» ospatzen Kolonbon. Amesgaiztoa amaitu zaielakoan, bost axola beren mugen barnean egotera bortxatutako tamilen amesgaiztoa.

Bihar, berandu beti legez, baliteke Sri Lankako Gobernuaren aurkako auzibideren bat irekitzea egunotako sarraskien ondorioz. Baina inork ez dio eskatuko atzera egin dezala konkista burutuan, hain gutxi gerrillak eratu eta militar zeilandarrek suntsitutako estatua berreraiki dezatela. Hori terroristekin bat egitea omen litzateke. Gauzak horrela, bere biztanle guztiak sakrifikatu baino lehen amore ematea erabaki zuen gerrillak gaur zortzi. Errendizioa, bai, Sri Lankak hori ere errespetatu ez eta gerrillari guztiak banan-banan hil arren. Tamil herriari abaildu zitzaion sarraskiaren aurka, borrokatzeko arrazoiak milaka izanda ere, errendizioa zela bidea erabaki zuten.

Orain, etsipena izango da nagusi tamilen artean, zapaltzen dituzten estatuaren bozkarioaren neurrikoa. Baina garaile handi horiek guztiek badakite, sakoneko arazoak konpondu ezean, beti egongo dela armak hartuko dituenik. Armen aukera beti dago hor. Horregatik ez dira lar mitifikatu behar, beharrezko denean lasai lurperatu beharko lirateke, trukean ezer jaso barik ere. Errepresioa horren handia eta erantzuteko gaitasuna hain txikia direnean, bereziki. Gero ere egongo da armak hartzeko aukera.

2009-05-23

Genozidiorik ahaztuena

BERRIAn argitaratua

Armeniarrek sarri salatzen dute munduak zeinen jaramon gutxi egin dien holokausto juduaren aldean. Bada egin kontu Kaukaso ipar-mendebaldean milioitik gora biztanle ginela 1864. urtea baino lehen eta 80.000 baino ez ginela geratu Errusiaren konkistaren ostean». Almir Abregov Adigeako Museo Nazionaleko zuzendari ohiaren hitzak dira. Datuei buruz eztabaidak daude, baina neurriak neurri, zalantza gutxi dago gertatu zenaz: bost urte ziren tsarraren indarrek Txetxenia eta Kaukaso ekialdea baketzea lortu zutela, eta mendien mendebaldean, Adigean, gupidagabe jo zuten. Herri guztiak suntsitu eta bizirik irtetea lortu zuten biztanleak otomandar inperiorantz ontziratu zituzten. Turkian, Jordanian, Israelen eta Sirian sei milioi adige daude, eta komunitate garrantzitsuak dituzte Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Zirkasiar, txerkes, kabarda... kanpotarrek emandako izenak dira. Eurek adige deritzote euren buruei. Maikop Adigeako errepublikako hiriburuan bi mila eta bostehun lagun inguru bildu ziren herenegun. Dolu egunetako kapelak buruan batzuek, besteek papakhak -Txetxeniako irudietan ikusi ohi ditugun txapel garaiak Ipar Kaukaso osoan erabiltzen dira-, eta txerkeska izeneko jantzi dotoreak umeek, kartutxoak paparrean eta labana gerrian. Gezi horidun bandera berdeak astindu zituzten hiriko mezkita berriaren aurrean. Musika pixka bat, baina adigeen dantza bizkorrik ez. Dolu eguna zen.

Etxean gutxiengoan

Hitzaldietan historia gogorarazi zuten, dokumental baten estreinaldia egon zen, eta adige hizkuntzari eusteko berbak esan zituen hizlarietako batek, gehienek errusieraz egin arren. Siriatik etorritako adigeak duela 145 urteko hondamendiaren neurria aipatu zuen: badira oraindik Itsaso Beltzeko arrainik jaten ez dutenak, ontziratutako adigearren erdiak baino gehiago ito egin zirela gogoan.


Adigeako biztanleen ehuneko hogei baino ez dira adigeak, mende eta erdi pasatu arren eskualdeko hainbat eremuk hutsik jarraitzen dute. «Legeak, oraingoz, presidenteak adigeeraz jakin behar duela dio, eta gobernuko kideen erdiak ere adigeak dira. Baina aul edo adige herrixketan adigeeraz ez dakiten irakasleak egon daitezkeela dioen legea ere onartu du gobernu horrek», dio Aslan Shazzo Natpress agentziako kazetariak.

Beste bi errepublika dituzte adigeek Errusiako Federazioan. Horietako baten, Kabardino-Balkarian, milioi erdi adige bizi dira eta Arsen Kanokov presidenteak, eta Mosku haserrarazi izan duen solas abertzalea darabil aspaldion. Gazteak ere Adige Khassa elkarte historikoaren aurka jaiki dira, nahikorik egiten ez duela leporatuta eta, funtsean, Errusiaren menpe dagoela. «Jende asko ez da hitz egitera ausartzen, asko galdu dugu, eta Estatua gogortu egin da azken urteotan», dio Shazzok. Inork ez du aipatzen, baina airean dago Vladimir Putinen ondarea. Eta Txetxenia ez dago hain urrun. Arambi Khapaj Adige Khassako Maikopeko arduradunak ulertzen ditu kritikak, «baina egoera politikoa ere aintzat hartu behar da, eta jendeak elkartean parte hartu behar du, Adige Khassa da adige herriaren ordezkaria».

Khapajek errusiarren aurkako haserrerik ez daukala dio, baina Turkian bestelako sentimenduak egon ohi dira. Baita Sobietar Batasuna ia ezagutu ez zuten gazteen aldetik ere. Txetxeniatik Kaukasora hedatu diren jamaat edo gerrilla islamikoek Kabardino-Balkaria errepublikako hainbat gazte erakarri dituzte, bai kabardak (adigeak) bai balkarrak (turkiarrak). Eta hain urrun heldu gabe ere, Moskuren aurrean tinko egoteko asmoz Dzhemak (Deiadarar) elkartea sortu dute Kaukasoko errepublikan.

Olinpiar Jokoak

«Behinola izan genuen lurraldearen ehuneko bosten jabe gara, eta gutxiengoan gaude. Lehen lotsagarria zen adige bat errusiar batekin ezkontzea, orain hirutik bat dira bikote mistoak. Horrek ez du kentzen, baina, Errusiari berea eskatu behar zaiola, ez dirudi barkamena eskatzeko prest dagoenik, baina behin onar dezala gertatu zena eta laguntzak eman ditzala. Arbasoen lurraldera itzuli nahi dutenak asko dira, eta Errusiaren burokraziaren zailtasunekin topo egiten dute behin eta berriz», dio Khapajek. Zortziehun lagun itzuli omen dira urteotan.



Hitz debekatua, independentzia, entzuten hasi bada ere, Josiv Stalinek ezarritako errepubliken zatiketatik bakar bat osatzea eta kanpoko adigeen aberriratzea dituzte helbururik behinenak. «Abkhazia eredugarria izan zitekeen, independenteak dira teorian, baina Errusiak ez die utzi, eta han ere gutxi itzuli dira», diosku Almir Abregovek.

Abkhaziako mugan, Sotxi dago, Vladimir Putinen kuttuna, Errusiako hiririk turistikoenetakoa eta 2014. urteko Neguko Olinpiar Jokoetako egoitza. Ekologistek inguruko mendietan egingo dituzten triskantzak salatu dituzte; adige askok beste kritika bat erantsi diote: onartezina dela ubikh herriaren lurretan Olinpiar Jokorik egitea.

Adige eta abkhaziarren ahaideak, ubikh guztiak kanporatu zituzten 1864an. 1992an, Turkian hil zen azken hiztuna, gainontzekoak adigeekin nahasi eta haien hizkuntza hartu dute. Genozidioaren Olinpiar Jokoak izeneko kanpaina abiarazi dute.

Adigear Kongresuko buruak Murat Brezeg oso kritikoa da: «Gure arbasoen hezurren gainean egin nahi dute ospakizuna arbasook sarraskitu zituztenek». Adige Khassako Arambi Khapajek bestela uste du, berriz ere Moskurekiko ulermen handiagoz: «Ez gaude Olinpiar Jokoen aurka. Hara Australian, aborigenen ondarea indartzeko balio izan zuen. Sotxi ere ubikh eta, oro har, adige kultura goratzeko erabil daiteke».

Baina aurkariek Sotxiko Interneteko gunera eta bestelako informazio ofizialetara jotzeko diote: behinola bizi ziren greziarrez mintzo dira -Kolkida historikoa da eskualde hori-, «baina hitzik ez jatorrizko biztanleez, ubikhez, adigeen beste tribuez. Are gutxiago mintzo dira, noski, zergatik gaur ez dagoen adigerik Itsaso Beltzeko kostaldean».

2009-05-17

'Tot el camp es un clam'

BERRIAn argitaratua

Eguaztenekoa independentziaren alde egin izan bagenu. Gaur estatu ginateke» zioen Fredik herenegun. Partidan zehar baino, egun osoan zehar hartu genuen gozatua. Egun batez, Europa ultramendebaldartu honetatik urrunduta, arrazionaltasuna aparkatu eta autoetatik bozkariozko bozinak entzun genituen, leihoak jaitsita banderak astindu eta ezikusi egin zuten udaltzainek... eta ni Kosovoko egunez oroitu nintzen. Aurpegi arraroz begiratu zidan lagunak Pristinan, independentziako ospakizunetan futboleko ospakizuna zirudiela esan nionean. Baina Bilbok Pristina zirudien. Kontua da albaniarrek lortutakoa ospatzen zutela. Eta nazio ere ez den komunitatea zapaltzailetik zelan libratu eskarmentua eman zutela. Munduan lagunak ondo hautatuta, nazioarteko politikaren hipokresiaren jakitun izanda, kartak ondo jokatuta.

Georgia edo Moldaviako manifestazio txiki batek sekulako oihartzuna dauka mendebaldean. Poliziaren kargak egonkortu gabeko estatuon zutabeak astintzen ditu, mediatikoki egindako erabileraren arabera. Eta gurean, badago eskandalizatzen denik Francoren ondorengoari txistu jotzen diotelako. Tot el camp es un clam. Muga guztiak gaindituta, biluzik dagoela aitortzeko ezintasunean.

Gure antzeko galtzaileen artean bilatu ohi ditugu lagunak, baina. Alfonso Sastre kriminalizatu eta munduak jiraka jarraitzen du, egunkariak ixten, kazetariak espetxeratzen eta boto eskubidea ukatzen den demokrazia bikain honetan. Epaile espainolek Guantanamo ikertu gura dute, eta CIAri inork ez dio Unai Romanoren argazkia helarazi, espainolak barrabilak gehiegi ukitzen hasiko balira ere. Eskerrak Puyol daukagun ikurrina ateratzeko.

Alderdietatik futbol partidetara doaz ilegalizazioak. Eta hurrengo martxa datorren ostegunean da. Kopa baino gehiago dago jokoan. Greba ere kolosala izango da.

2009-05-10

Zugazagoitia kalean bizi naiz

BERRIAn argitaratua

Z
uga-ri eskainitako kalean dut etxea. Beti amestu dut lehendakari sozialista, Jainkoa ezabatu eta mezu laikoak erabiliko dituena. Aste berean Sarrionandia, Szymborska eta Kirmen aipatuko dituena. Bai, lehendakari rockeroa nahi genuen, Portugaletekoa. Lehendakari maketoa, batzokietako desfibrilatzaileak eskas utziko dituena.

Osakidetzan erdarara behartu gaituztenek euskarari kalte egingo diozuela diote. Lea-Artibaiko Hitza itotzeko zero botorekin alkatetza ostu dutenek kolpe instituzionala leporatuko dizute. Behin eta berriz gogoraraziko dizute legez kanporatzeei esker zarela lehendakari. Baina onerako izan bedi ilegalizazioa ere. Balizko ordezkari independentistak ataka gaitzetik atera dituzu: espainiar sozialdemokrazia ala eskuin abertzalea bozkatzera behartuta leudeke osterantzean. Traidore edo ergel izatea hautatzetik libratu duzue ezker abertzalea. Ez da oso demokratikoa, zerorrek ere badakizu, baina tira, Hegoafrikan zurien erreferendumean erabaki zuten sistema arrazista atzean uztea eta beltzei botoa ematea.

Espainierazko narratiba sozialaren aitzindarietakoa izan zen Julian Zugazagoitia. Bilbon zinegotzi eta Madrilen ministro. Parisen Gestapok atxilotu eta Companys-ekin batera faxistei entregatu zien. 1940ko azaroaren 9an fusilatu zuten Zuga. Companysen ondorengoekin zaudete Katalunian. Euskal Herrian, Sartagudako kuneteroek eta Zugaren hiltzaileek bozkatzen duten alderdiarekin.

Donostian euskara Bilbon jeltzaleek baino hobeto tratatu duzue. Benetan, onena opa dizuet, sinetsi gura dizuet urte bian inork ez duela armarik hartuko eta bizkartzainik gabe ibiliko zaretela, eta presoak etxera bidean egotea gura nuke. Baina ez ahaztu betiko faxistak dituzuela bidelagun, Txikiari, Txikiri eta Otaegiri bezala kenduko lioketenak kalea Julian Zugazagoitiari.

2009-05-05

Presevo, konpondu gabeko auzia

BERRIAn argitaratua



Serbiaren menpeko haran horretan albaniarrak dira nagusi; Kosovorekin bat egitea aldarrikatzen dute, nazioarteko planak mugak aldatzea debekatzen badu ere: albaniarren batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da Presevon.

Presevora azoka egunean iritsiz gero, serbiarrak, albaniarrak eta ijitoak leku berean ikusteko aukera dago. Ez da egunerokoaren isla, ordea, laster igar daitekeen legez. Sagar saltzaile serbiarrak dio herrian ez dagoela arazorik: «Hemen ondo daude gauzak, zer arazo egongo da, bada?»; serbieraz dio, herriko %90 diren albaniarren hizkuntza ikasteko edo hitz egiteko inolako borondaterik gabe. Pristinako Unibertsitatean ikasten ari den ikasle batek -asteburua familiarekin pasatzen ari da- oso bestela uste du, serbiarrari erositako sagarrekin etxera bidean joanda ere. «Ez duzu albaniar ikasle bakar bat aurkituko Belgraden, Novi Saden edo Serbiako hiriren baten ikasten ari denik. Denak gaude Pristinan edo Mazedonian; Albanian ere bai batzuk. Baina Serbiako hirietan ikasketak egitea arriskutsua da albaniarrentzat».

Herriko institutuan Balkanetan oso zaila den sinboloen nahastea dago agerian: Serbiako bandera dauka beste eraikin publiko guztiek bezala, baina Skandenberg XVII. mendeko albaniar heroi nazionalaren eskultura dago patioaren erdian. Eta horman, ingelesez, Happy Birthday, Kosovoren independentziaren lehen urteurrena ospatzeko -otsailaren 17an ospatu zuten urteurrena-. Presevoko albaniarrak dira prozesuan gehien galdu dutenetakoak, horratik. Jugoslavian bi milioi pasa albaniarrek osatzen zuten komunitatearekin zeukaten lotura estuaren lekuan mugak eta mugak eraiki dizkiete. Lehenak Mazedoniako albaniarrekikoak, Kosovokoekikoak azkenak. Albaniarren independentziaren prezioa izan da Presevo.

Bertako albaniarrek behin eta berriz Kosovorekin bat egitea eskatu arren, berariaz eragozten du mugarik aldatzerik Martti Ahtisaari bitartekariaren planak. Bide orri hori da independentzia aldarrikapenaren oinarria, eta Kosovo zatiezina dela dio. Ondorioz, Mitrovica eta Kosovo iparraldeko serbiar komunitateek ez daukate Serbiarekin bat egiterik, ez eta Presevok auzo albaniarrengana lotzerik ere. «Mugak 30eko hamarkadan ezarri zituzten, gu Kosovotik atera eta iparraldeko hiru udalerri erantsita, serbiarren pisua handitu zedin. Baina orain ukiezinak dirudite», diotso BERRIAri Presevoko Udaleko batzarreko presidente Ragmi Mustafak.

Meskitara eta Kosovora doan bidetik goazela duela aste batzuetako lehergailuek non egin zuten eztanda erakutsi digute, Tito mariskalaren kalean. Albaniar saltokien atarira jaurti zituzten gauez; ez zen zauriturik izan, baina argi utzi zuen giroa zelan gaiztotzen ari den. Abenduko azken egunetan egindako polizia operazioaren ondorena izan zen erasoa. Jendarme maskaratuek herriko hamar lagun hartu zituzten preso Kosovoko gerran serbiarrak bahitu eta hiltzeaz akusatuta. Hamarretako bat libre utzi eta gero, besteei hiru hilabetez luzatu berri diete behin-behineko espetxealdia.

Apenas dago gazterik

Ondorio argiena herriko gazteak desagertzea izan da. Duela hamar urte borrokatzeko adinean zeuden mutil gehienek mugaz beste aldera jo dute, atxiloketen atzean helburu argia ikusten baitute. Halaxe diosku unibertsitatean dagoen gazte batek, bere adinetik gorako gutxi ikusiko ditugula esan ostean: «Albaniarrok gure herritik bota nahi gaituzte, argi utzi Serbiak agintzen duela hemen eta tentsioa nahi duenean igoaraziko digula serbiar gehiengoa lortu arte».

90eko hamarkadan ikusitakoen oihartzuna dator berehala, baina halakorik berriz gertatzea ia ezinezko dela diote denek. Helburu horiek beste era finagoen bidez erdiestea, baina, uste baino arruntagoa dela diote. Hala, Presevoko biztanleen %90 albaniarrak diren artean, haraneko beste udalerrietan nabarmen apalagoak dira kopuruak: Bujanovacen bi heren dira, eta herena baino ez Medvedjan. «Han gehienek Kosovora ihes egin dute, ez da leku segurua eta ezin izan dute jasan».



Ragmi Mustafa Udaleko batzarreko presidenteak Serbia osoko leku atzeratuena dela dio: «Langabezia %70ekoa da, eta baldintza sozial kaskarrak ditugu; alde egin dezagun bidali digu mezua, baina mendeak daramatzagu hemen». Gerra berririk piztea agendatik kanpo ei dago, horratik. «Ez dago baldintzarik berriz borrokari heltzeko; arazoak bake bidez konpontzea erabaki dugu. Europan eta Balkanetan gerrak amaitu izana espero dut. Bide horretatik baino ez dugu izango Europaren laguntza. Baina Europako Batasunak ere arreta handiagoa jarri behar du, Kosovoz haratago, hemengo arazoak ez daitezen lehertu».

Albaniarren batasuna

Hiri txikia da Presevo, eta ez da zaila albaniar komunitatearentzat garrantzitsuak diren pertsonekin topo egitea. Hala aurkitu dugu zinegotzi ohi bat; politika ofiziala utzita izanik ez, baina asmoak argi adierazi dizkigu: «Kosovoren independentzia albaniarren mendeetako sakrifizioaren ondorio da, eta garbiketa etnikoaren porrota da. [1878ko] Berlingo Kongresuaz geroztik albaniarrok elkarrekin bizi nahi izan dugu, eta orain hurbil dago xedea».

Presevok albaniar lurraldeekin bat egiteko aukera benetakoa den jakin gura izan dugu, albaniarren desio ezkutatugabeez haratago. Baiezkoan dago, urtetan adierazi legez. «Albaniar biztanle guztien xedea, Montenegron, Kosovon edo beste edonon, elkarrekin bizitzea da. Gure esaera zaharrari heltzen diogu: ez dago betiko irauten duen eragozpenik».

Jugoslavia federazio sozialista gisa eratu arren, «ez ziguten jaramonik egin Presevoko albaniarron eskaerei, Kosovorekin bat egiteko. Are gutxiago egin zion Slobodan Milosevicen gobernuak, noski, herritarrek erreferendumean eskari hori eginagatik. Horien guztien gainetik hemen gaude, eta batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da».



Ragmi Mustafa: «Kosovoko gutxiengoaren babes bera nahi dugu Serbian»

Ragmi Mustafa Presevoko Udaleko batzarreko presidentea da. Marti Ahtisaariren planarekin bat datorrela onartzen du solasaldiaren hasieran -Kosovorekin bat egitea eragozten dio plan horrek bere herriari-, baina aurrerago ez du ezkutatzen zein den albaniar guztien helburua: Serbiatik bereizi eta auzo duten estatuarekin bat egitea.

Zein da egungo egoera Presevon? Giroa nabarmen gaiztotu dela azpimarratu digute herrian, nazioartean oihartzun handirik izan ez arren...

Ezaguna da Kosovoko gerraren ostean hemen Presevon beste bat hasi zela. Europak eta NATOk gerarazi zuten, eta 2001eko maiatzean serbiarren eta albaniarren akordioa izenpetu zuten. Bazirudien albaniarren eskakizunei jaramon egingo ziela Serbiak, baina ez du bete esandakoa, hezkuntzan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Argi daukagu, ordea, arazoak era baketsuan konpondu behar direla. Abenduan atxilotuak gerra kriminalak direla diote, baina hemen argi daukagu albaniar soldaduak zirela, eta gogor salatu ditugu atxiloketak.

Zergatik orain atxiloketa horiek?

Serbian arazoak dituzten bakoitzean hona etorri eta jendea atxilotzen dute. Albaniarrek ihes egitea nahi dute eskualde osoa serbiartzeko. Jendarmeriaren portaera bereziki kriminala da. Boris Tadic lehen ministroak esan du atxiloketa gehiago egongo direla, eta, ondorioz, jende asko izutu da; gerran soldaduak izan ziren guztiak Kosovora erbesteratu dira. Betiko asmoa da, jendea kanporatu eta mezua helarazi: hau ez dela leku segurua guretzat. Askotan erabili du taktika bera Serbiak.

Ahtisaari planak ez du ahalbidetzen mugak aldatzerik, jendearen borondatea hala balitz ere. Bakartuta sentitzen zarete?

1992ko erreferendumean 100.000 lagunek izenpetu genuen Kosovorekin bat egiteko eskaria. 2006an beste plataforma bat osatu genuen eskari horrekin. Albanierazko hezkuntza, kultura eta eskualdean mugimendu librea eta segurtasuna eskatzen genituen. Aldaketarik balego, zalantzarik gabe, Presevoko albaniarrok Kosovorekin bat egingo genuke. Muga aldaketak ez badira zilegi, onartuko dugu, baina plana hemen ere aplikatzea eskatuko dugu; hau da, Kosovok gutxiengoarekiko daukan tratu bera izatea Serbiak gurekin.

Duela 75 urte Kosovoko zati zen Presevo.

Bai, eta orduan Serbiara pasatu zuten; plana argia zen, albaniarrak bereiztea. Ordutik Presevo kanpoan dago. Garai hartan Leposavic, Zvecan eta Zubin Potok serbiar herriak sartu zituzten Kosovon, eta Presevo atera. Helburua oso argia zen: Kosovon serbiar gehiago egotea, arazorik ez izatea serbiarrek.

Kosovoren independentzia zuek ordaindu izanaren sentipena daukazue?

Ulertzen dugu egoera, eta pozten gara Kosovoko albaniarrengatik. Luzaroan gu ere sakrifikatu gara Kosovoren independentziaren alde. Hemen ere izan zen sarraskirik. Europako Batasunak orain arte Kosovorekiko izan duen arreta hemen ere beharko dela uste dut. Serbiak ez du onartu independentzia, eta oso jarrera ezkorra dauka. Mugak aldatzeko aukera galdu da, Mitrovicakoak Serbiara eta gu Kosovora joateko. Hori da konponbide onena bakerako eta arazorik ez egoteko. Mundu guztiak erabakitzeko ahalmena, autodeterminazio eskubidea izan dezala da gakoa.

Albaniar batzuek Serbiako hauteskundeei boikota egin diezue, beste batzuek parte hartu dute. Zergatik?

Alderdi batzuek joatea erabaki zuten, baina ez du ondoriorik izan. Parlamentuan egoteak, edo are gobernuan -albaniarrak daude- alferrik da; ez da ezer lortu. Tadicek Kosovoren independentzia onartzen duenean babestuko dugu. Serbiak jakin beharko luke konponbide bakarra bakea, aitorpena eta autodeterminazioa direla. Arazoak bake bidez eta era demokratikoan konpondu behar dira. Onartu albanieraz idaztea, gure hizkuntzan dagoen goi eskola eta geroko ikasketak; eta gure sinboloak erabiltzeko askatasuna, bandera nazionala; libreki bidaiatzea Kosovora eta Mazedoniara. Kosovoko gutxiengoak eskubideak izan ditzan nahi dugu. Elkarrekin bildu eta hitzaren bidez konpondu behar ditugu arazoak; elkarren ondoan bizi gara, eta Europako eta NATOko zati izanda konpondu behar dugu. Hori da gure xedea, Europa handi eta baketsu bateko zati izatea.

2009-05-03

Ostia aurreko sindromea

BERRIAn argitaratua

Gaur berriz ere ohartaraziko digute zeinen gaiztoak diren Kuba, ETA, Iran, Txina, Israelgo armada, Kolonbiako gerrillariak eta paramilitarrak eta enparauak. Adierazpen askatasunaren urraketei dagokienez, oso errazak diren salaketak dira.

2001eko irailaren 11tik askatasunen etengabeko urritzeak eztabaida gogorra piztu du, Erresuma Batuan, adibidez. Horrenbeste urtetan irabazitakoak segurtasunaren izenean sakrifikatzea oso gogorra baita. Gurean, berriz, autozentsura ez eze errepresioaren logika barneratzen dugu. Kameralariak bere egiten du Poliziaren aurpegia ez grabatzea. Zein estatu demokratikotan beldurtuko litzateke kazetaria errepideko kontrol baten kamera ateratzeagatik?

Horrek bestelako tik batzuk dakartza. Egunkari batek «ETAren aldekoek Interneten telebista abiarazi dute» goiburuarekin ireki zuen kazeta berriki, eskandalua sortu nahian. Tamalez, gezurra zen, Apurtu.org kriminalizatzeko ahalegin soila zen. Baina ETAren aldekoek telebista sortuko balute ere, zer?

Edo AHT Gelditu!-ren gutunari Jaurlaritzak emandako erantzun amorratua, kasu, eta askori berehala sortutako galdera: legezkoa ote da egin dutena? Ohiko komunikazioaren eskemak apurtu dituen irudimenezko kanpaina bikain baten aurrean, hori legezkoa den da askori eragin dion galdera bakarra. Bestela esanda: «horrenbesterainoko askatasuna ote dago herri honetan?».

Beraz, Europar Batasuneko estatu batek Egin ixteak, Egin-eko dozena bat kazetari eta langile espetxeratzeak ez dauka behar duen oihartzunaren laurdenik. Baina izan beharko lukeenez, atzerriko foro guztietan eskandalua denez -nazioarteko PEN taldeetatik Teresa Todari bidalitako gutunek argi adierazten dutenez- guk ere Espainia europar demokrazia dela sinetsirik eta helegiteen argitasuna geure eginik, hankasartzea konpondu behar dela ikusten dugu argi. Gero atxiloketak datoz. Abokatuek izena eman diote sentipen horri: ostia aurreko sindromea.