2009-05-05

Presevo, konpondu gabeko auzia

BERRIAn argitaratua



Serbiaren menpeko haran horretan albaniarrak dira nagusi; Kosovorekin bat egitea aldarrikatzen dute, nazioarteko planak mugak aldatzea debekatzen badu ere: albaniarren batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da Presevon.

Presevora azoka egunean iritsiz gero, serbiarrak, albaniarrak eta ijitoak leku berean ikusteko aukera dago. Ez da egunerokoaren isla, ordea, laster igar daitekeen legez. Sagar saltzaile serbiarrak dio herrian ez dagoela arazorik: «Hemen ondo daude gauzak, zer arazo egongo da, bada?»; serbieraz dio, herriko %90 diren albaniarren hizkuntza ikasteko edo hitz egiteko inolako borondaterik gabe. Pristinako Unibertsitatean ikasten ari den ikasle batek -asteburua familiarekin pasatzen ari da- oso bestela uste du, serbiarrari erositako sagarrekin etxera bidean joanda ere. «Ez duzu albaniar ikasle bakar bat aurkituko Belgraden, Novi Saden edo Serbiako hiriren baten ikasten ari denik. Denak gaude Pristinan edo Mazedonian; Albanian ere bai batzuk. Baina Serbiako hirietan ikasketak egitea arriskutsua da albaniarrentzat».

Herriko institutuan Balkanetan oso zaila den sinboloen nahastea dago agerian: Serbiako bandera dauka beste eraikin publiko guztiek bezala, baina Skandenberg XVII. mendeko albaniar heroi nazionalaren eskultura dago patioaren erdian. Eta horman, ingelesez, Happy Birthday, Kosovoren independentziaren lehen urteurrena ospatzeko -otsailaren 17an ospatu zuten urteurrena-. Presevoko albaniarrak dira prozesuan gehien galdu dutenetakoak, horratik. Jugoslavian bi milioi pasa albaniarrek osatzen zuten komunitatearekin zeukaten lotura estuaren lekuan mugak eta mugak eraiki dizkiete. Lehenak Mazedoniako albaniarrekikoak, Kosovokoekikoak azkenak. Albaniarren independentziaren prezioa izan da Presevo.

Bertako albaniarrek behin eta berriz Kosovorekin bat egitea eskatu arren, berariaz eragozten du mugarik aldatzerik Martti Ahtisaari bitartekariaren planak. Bide orri hori da independentzia aldarrikapenaren oinarria, eta Kosovo zatiezina dela dio. Ondorioz, Mitrovica eta Kosovo iparraldeko serbiar komunitateek ez daukate Serbiarekin bat egiterik, ez eta Presevok auzo albaniarrengana lotzerik ere. «Mugak 30eko hamarkadan ezarri zituzten, gu Kosovotik atera eta iparraldeko hiru udalerri erantsita, serbiarren pisua handitu zedin. Baina orain ukiezinak dirudite», diotso BERRIAri Presevoko Udaleko batzarreko presidente Ragmi Mustafak.

Meskitara eta Kosovora doan bidetik goazela duela aste batzuetako lehergailuek non egin zuten eztanda erakutsi digute, Tito mariskalaren kalean. Albaniar saltokien atarira jaurti zituzten gauez; ez zen zauriturik izan, baina argi utzi zuen giroa zelan gaiztotzen ari den. Abenduko azken egunetan egindako polizia operazioaren ondorena izan zen erasoa. Jendarme maskaratuek herriko hamar lagun hartu zituzten preso Kosovoko gerran serbiarrak bahitu eta hiltzeaz akusatuta. Hamarretako bat libre utzi eta gero, besteei hiru hilabetez luzatu berri diete behin-behineko espetxealdia.

Apenas dago gazterik

Ondorio argiena herriko gazteak desagertzea izan da. Duela hamar urte borrokatzeko adinean zeuden mutil gehienek mugaz beste aldera jo dute, atxiloketen atzean helburu argia ikusten baitute. Halaxe diosku unibertsitatean dagoen gazte batek, bere adinetik gorako gutxi ikusiko ditugula esan ostean: «Albaniarrok gure herritik bota nahi gaituzte, argi utzi Serbiak agintzen duela hemen eta tentsioa nahi duenean igoaraziko digula serbiar gehiengoa lortu arte».

90eko hamarkadan ikusitakoen oihartzuna dator berehala, baina halakorik berriz gertatzea ia ezinezko dela diote denek. Helburu horiek beste era finagoen bidez erdiestea, baina, uste baino arruntagoa dela diote. Hala, Presevoko biztanleen %90 albaniarrak diren artean, haraneko beste udalerrietan nabarmen apalagoak dira kopuruak: Bujanovacen bi heren dira, eta herena baino ez Medvedjan. «Han gehienek Kosovora ihes egin dute, ez da leku segurua eta ezin izan dute jasan».



Ragmi Mustafa Udaleko batzarreko presidenteak Serbia osoko leku atzeratuena dela dio: «Langabezia %70ekoa da, eta baldintza sozial kaskarrak ditugu; alde egin dezagun bidali digu mezua, baina mendeak daramatzagu hemen». Gerra berririk piztea agendatik kanpo ei dago, horratik. «Ez dago baldintzarik berriz borrokari heltzeko; arazoak bake bidez konpontzea erabaki dugu. Europan eta Balkanetan gerrak amaitu izana espero dut. Bide horretatik baino ez dugu izango Europaren laguntza. Baina Europako Batasunak ere arreta handiagoa jarri behar du, Kosovoz haratago, hemengo arazoak ez daitezen lehertu».

Albaniarren batasuna

Hiri txikia da Presevo, eta ez da zaila albaniar komunitatearentzat garrantzitsuak diren pertsonekin topo egitea. Hala aurkitu dugu zinegotzi ohi bat; politika ofiziala utzita izanik ez, baina asmoak argi adierazi dizkigu: «Kosovoren independentzia albaniarren mendeetako sakrifizioaren ondorio da, eta garbiketa etnikoaren porrota da. [1878ko] Berlingo Kongresuaz geroztik albaniarrok elkarrekin bizi nahi izan dugu, eta orain hurbil dago xedea».

Presevok albaniar lurraldeekin bat egiteko aukera benetakoa den jakin gura izan dugu, albaniarren desio ezkutatugabeez haratago. Baiezkoan dago, urtetan adierazi legez. «Albaniar biztanle guztien xedea, Montenegron, Kosovon edo beste edonon, elkarrekin bizitzea da. Gure esaera zaharrari heltzen diogu: ez dago betiko irauten duen eragozpenik».

Jugoslavia federazio sozialista gisa eratu arren, «ez ziguten jaramonik egin Presevoko albaniarron eskaerei, Kosovorekin bat egiteko. Are gutxiago egin zion Slobodan Milosevicen gobernuak, noski, herritarrek erreferendumean eskari hori eginagatik. Horien guztien gainetik hemen gaude, eta batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da».



Ragmi Mustafa: «Kosovoko gutxiengoaren babes bera nahi dugu Serbian»

Ragmi Mustafa Presevoko Udaleko batzarreko presidentea da. Marti Ahtisaariren planarekin bat datorrela onartzen du solasaldiaren hasieran -Kosovorekin bat egitea eragozten dio plan horrek bere herriari-, baina aurrerago ez du ezkutatzen zein den albaniar guztien helburua: Serbiatik bereizi eta auzo duten estatuarekin bat egitea.

Zein da egungo egoera Presevon? Giroa nabarmen gaiztotu dela azpimarratu digute herrian, nazioartean oihartzun handirik izan ez arren...

Ezaguna da Kosovoko gerraren ostean hemen Presevon beste bat hasi zela. Europak eta NATOk gerarazi zuten, eta 2001eko maiatzean serbiarren eta albaniarren akordioa izenpetu zuten. Bazirudien albaniarren eskakizunei jaramon egingo ziela Serbiak, baina ez du bete esandakoa, hezkuntzan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Argi daukagu, ordea, arazoak era baketsuan konpondu behar direla. Abenduan atxilotuak gerra kriminalak direla diote, baina hemen argi daukagu albaniar soldaduak zirela, eta gogor salatu ditugu atxiloketak.

Zergatik orain atxiloketa horiek?

Serbian arazoak dituzten bakoitzean hona etorri eta jendea atxilotzen dute. Albaniarrek ihes egitea nahi dute eskualde osoa serbiartzeko. Jendarmeriaren portaera bereziki kriminala da. Boris Tadic lehen ministroak esan du atxiloketa gehiago egongo direla, eta, ondorioz, jende asko izutu da; gerran soldaduak izan ziren guztiak Kosovora erbesteratu dira. Betiko asmoa da, jendea kanporatu eta mezua helarazi: hau ez dela leku segurua guretzat. Askotan erabili du taktika bera Serbiak.

Ahtisaari planak ez du ahalbidetzen mugak aldatzerik, jendearen borondatea hala balitz ere. Bakartuta sentitzen zarete?

1992ko erreferendumean 100.000 lagunek izenpetu genuen Kosovorekin bat egiteko eskaria. 2006an beste plataforma bat osatu genuen eskari horrekin. Albanierazko hezkuntza, kultura eta eskualdean mugimendu librea eta segurtasuna eskatzen genituen. Aldaketarik balego, zalantzarik gabe, Presevoko albaniarrok Kosovorekin bat egingo genuke. Muga aldaketak ez badira zilegi, onartuko dugu, baina plana hemen ere aplikatzea eskatuko dugu; hau da, Kosovok gutxiengoarekiko daukan tratu bera izatea Serbiak gurekin.

Duela 75 urte Kosovoko zati zen Presevo.

Bai, eta orduan Serbiara pasatu zuten; plana argia zen, albaniarrak bereiztea. Ordutik Presevo kanpoan dago. Garai hartan Leposavic, Zvecan eta Zubin Potok serbiar herriak sartu zituzten Kosovon, eta Presevo atera. Helburua oso argia zen: Kosovon serbiar gehiago egotea, arazorik ez izatea serbiarrek.

Kosovoren independentzia zuek ordaindu izanaren sentipena daukazue?

Ulertzen dugu egoera, eta pozten gara Kosovoko albaniarrengatik. Luzaroan gu ere sakrifikatu gara Kosovoren independentziaren alde. Hemen ere izan zen sarraskirik. Europako Batasunak orain arte Kosovorekiko izan duen arreta hemen ere beharko dela uste dut. Serbiak ez du onartu independentzia, eta oso jarrera ezkorra dauka. Mugak aldatzeko aukera galdu da, Mitrovicakoak Serbiara eta gu Kosovora joateko. Hori da konponbide onena bakerako eta arazorik ez egoteko. Mundu guztiak erabakitzeko ahalmena, autodeterminazio eskubidea izan dezala da gakoa.

Albaniar batzuek Serbiako hauteskundeei boikota egin diezue, beste batzuek parte hartu dute. Zergatik?

Alderdi batzuek joatea erabaki zuten, baina ez du ondoriorik izan. Parlamentuan egoteak, edo are gobernuan -albaniarrak daude- alferrik da; ez da ezer lortu. Tadicek Kosovoren independentzia onartzen duenean babestuko dugu. Serbiak jakin beharko luke konponbide bakarra bakea, aitorpena eta autodeterminazioa direla. Arazoak bake bidez eta era demokratikoan konpondu behar dira. Onartu albanieraz idaztea, gure hizkuntzan dagoen goi eskola eta geroko ikasketak; eta gure sinboloak erabiltzeko askatasuna, bandera nazionala; libreki bidaiatzea Kosovora eta Mazedoniara. Kosovoko gutxiengoak eskubideak izan ditzan nahi dugu. Elkarrekin bildu eta hitzaren bidez konpondu behar ditugu arazoak; elkarren ondoan bizi gara, eta Europako eta NATOko zati izanda konpondu behar dugu. Hori da gure xedea, Europa handi eta baketsu bateko zati izatea.

No comments: