2009-03-21

Mazedonia, izenetik bertatik hasita

BERRIAn argitaratua



Skopjek, erdigune bizi eta ibaiertz atsegina izan arren, ez du turista askorik erakartzen. Hiriaren zati handiena 1963ko lurrikararen ostean eraiki zuten, arkitektura zurrun eta inpertsonalean. Hala ere, Erdi Aroko hirien egiturari eutsi dion bakarra da ziur aski, hainbat etniaren bilgune eta bereizketa fisiko nabarmena baitago oraindik: zubi zaharraren hegoaldera alde moderno eta europarra ageri da, eslaviar kulturako mazedoniarren eremua da. Zubiaren iparraldera joanda, baina, albaniarren hiriarekin egiten dugu topo, hor daude otomandar ondaretik geratzen diren leku gehienak. Hain zuzen ere, inguru horretan izan ziren liskar gogorrenak iazko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Biharko dituzten presidentetzarako eta udal bozetan halakorik ez gertatzea espero dute agintariek.

Inkesten arabera, Imer Selmani Demokrazia Berria alderdiko albaniarrak nabarmen egin du gora. Horiek hala, litekeena da bera izatea bigarren itzuliko protagonistetako bat. Bestea, ziurrenik, Giorge Ivanov izango da, Barne Mazedoniako Erakunde Iraultzailea alderdiko kidea. Alderdi hori agintean dago.

Bestalde, arkitekturan dagoen aldea gizarte osoan sakon errotuta dago. Herrialdeko bi etnia garrantzitsuenek (beste dozena erdi badira: ijitoak, turkiarrak, serbiarrak, bosniarrak eta hizkuntza latinoa duten vlach edo aromunioak, besteak beste) bizitza paraleloak daramatzate, eta gutxitan egiten dute topo. «Eskubide batzuk onartu dizkigute, egia da, baina ez gaude mazedoniarren pare», albaniarren ahoetan ohiko kexua da. Serbiako mugatik Ohrid aintzira ingururaino (Albaniako mugan, Greziatik hur) bizi dira albaniarrak, eta ez dute onartzen Mazedoniako gutxiengo gisa agertzea. Aitzitik bi etnia nagusik osatutako estatua beharko litzatekeela diote geroz eta gehiagok, edo argi esanda: albaniarren lurraldea argi definituta egongo litzatekeen federazioa. «Belgika moduko zerbait?», galdetu diogu Sefer Tahiri kazetari eta analistari, «bai, baina, tamalez, Balkanak ez dira Belgika». Mazedoniarrek aitortzen dute 90eko hamarkadan eskubide asko ukatu zitzaizkiela albaniarrei, baina gaur gauzak erabat aldatu direlakoan daude. «Are gehiago, batzuetan abantailak ere badituzte hainbat lanpostutan, kuota kontuak-eta betetzeko beraiek hartzen dituzte», dio Skopje hegoaldeko mutil gazte batek.

Herri bat herri baten barruan

Hiriburutik ordu erdi baino gutxiagora dago Tetovo, Mazedoniako albaniarren hiri nagusia, Skopjez gain. Kaleetako seinaleak ele bitan badaude ere, saltoki gehienak albanieraz daude. 2001ean gerra laburra izan zen inguruko mendietan, eta tarteka indarkeria piztu izan da. Ohrid aintzirara bidean doazen errepideetan albanierazko pintaketak ageri dira nonahi, eta mazedonierazko izenak ezabatuta noizean behin. Alderantziz ere bai, tarteka. Gizartearen erabateko bereizketaren azken urratsa Mazedoniako leku turistikoenean gertatu da, aintzira ertzean, Struga hirian. Agintariek eskolako ikasle mazedoniarrak eta albaniarrak bereiztea erabaki zuten otsailean, zenbait umeren artean izandako liskarren ondotik.

Ez da gehiegikeria esatea elkarri bizkar emanda bizi direla estatuko bi herri handienak. Lehenak biztanleen %65 biltzen ditu, eta albaniarrak laurdena direla diote datuek, albaniarrek herenetik hurbilago daudela badiote ere (hazkunde tasak arrazoi ematen die). Mazedonia mendebaldean nagusi dira, eta Kosovoko independentziak pauso gehiago ematera adoretu ditu asko. «Federazioa egin ezean estatua desegingo da», dio Kosovoko irratiko zuzendari Qani Mehmetik, Mazedoniako albaniarra bera. Tahiri analistak dio Lubovskiren gobernuak berean tematzera eta albaniarrekiko errezeloak handitzera jo duela. «Baina mazedoniarrek aintzat hartu beharko lukete guk bakarrik onartzen ditugula ezaugarri bereziak dituzten eslaviar herri gisa, besteak dira onartzen ez dituztenak: serbiarrek Eliza ortodoxo propioa izatea ukatzen diete, bulgariarrek naziotasun mazedoniarra badela ukatzen dute (horren harira bulgariar pasaporteak eman dizkie milaka mazedoniarri, bidenabar EBko biztanle bihurtuz), eta Greziaren jarrera ezaguna da. Albaniarrok gara onartzen ditugun bakarrak, horregatik ulertu behar dute aintzat hartzeko faktorea garela. Honela zioen Albin Kurti Kosovoko Vetevendosje mugimenduko buruak: «Mazedonia Titoren asmakuntza da, biztanleak etnikoki bulgariarrak dira, baina haiengandik bereizteko aparteko etnia sortu beharra zeukan, eta eslaviarrak iritsi baino lehenagoko ondare den Mazedonia aurkitu zuen».

Izenaren auzia

Jugoslaviatik gerrarik gabe bereizi zen errepublika bakarra izan zen Mazedonia, eta, hala ere, hoegi urtean ez du egonkortasunik lortu. Geroz eta herrialde gehiagok onartu arren Mazedoniako Errepublika izena, Greziak beretzat dauka izen hori, eta nazioarteko egituretan FYROM da oraindik, hau da: Jugoslavia Ohiko Mazedoniako Errepublika. Grezia ez dago izenaren auzian amore emateko prest, eta iaz NATOn sartzea eragotzi zion. Mazedoniako Gobernuak izena ez ezik, Alexandro Handiaren bandera ere hartu du, eta izen hori jarri diote Skopjeko aireportuari. Atenas are gehiago sutu du erabaki horrek. Europako estatu itxi eta nazionalistenetakoa da Grezia, eta hori dela eta, XX. mendean irabazitako iparraldeko lurraldeetan greziar kultura ezarri, eta gainontzekoak desagertze zoriraino eraman ditu. Tartean da, noski, Greziaren menpeko Mazedonia, iparraldekoa baino handiagoa, eta mazedoniar gutxiengoa daukana oraindik, 1945etik 1948ra arteko gerran eslaviarren garbiketa etnikoa egin arren.

Albaniarrak kokoteraino daude izenaren auziaz, eta aldatzearen aldeko dira. «Ez da posible horrelako kontu batengatik Europako Batasunetik eta NATOtik kanpo geratzea», dio Skopjeko zubi zaharrean gazte batek. «Aldatu egingo dute izena, aldatu behar dute, tematuta jarraituz gero ate guztiak itxiko dizkigute», salatu du hiriaren iparraldeko beste neska batek. Mazedoniarrak ez datoz inola ere bat: «Hau da guk daukagun herrialde bakarra, eta Mazedonia du izena, nola nahi dute nire nortasuna adierazten duen izena kentzea, zergatik eta boteretsuagoak direlako soilik?». Izenari eustearen alde dago hiriaren hegoaldean paseoan dabilen Bosniako musulman bat ere: «Edozein herrik dauka bere buruari nahi duen moduan deitzeko eskubidea, ezta? Bada hemen, Mazedoniako errepublika izendatzea erabaki badugu, zer eskubide dauka inork hori kendu behar dugula esateko?».

Sefer Tahiri: «EBn eta NATOn sartzen garenean sortuko da albaniarren batasuna»

Mazedoniako albaniar analista politikoa

Paperean albaniar eta mazedoniarrak berdinak diren arren errealitatean hori ez dela betetzen dute du Sefer Tahiri albaniar analista politikoak.

2001eko gerra laburra Ohrideko akordioekin amaitu zen. Zein da gaur egoera?

Mazedoniarrak eta albaniarrak saiatu dira helburu batzuk erdiesten, baina legearen aldetik baino ez dira lortu, paperean. Egiazko bizitzan ez dago interakziorik albaniarren eta mazedoniarren artean. Etengabe ari gara eztabaidan zein den sistema onena gizarte multietniko batentzat; argi dago gaurko eredua ez dela egokia eta Estatuak federazio bidea hartu beharko duela.

Hizkuntza ofiziala da, baina ez dago mazedonieraren pare.

Hor ere bi egoera daude, legezkoa eta benetakoa. Legez, albaniarrok berdinak gara herritar gisa. Tamalez, estatuak ez du betetzen; agiri garrantzitsu asko ez daude albanieraz, eta jendeak ezin du beti albanieraz komunikatu Estatuarekin.

Zerk egin du kale?

Paperean dauden eskubideak benetan bete behar dituzte. Egin ezean, mugimendu erradikalak ager daitezke eta, kontuan izanik zer-nolako aldaketa geoestrategikoak gertatu diren inguruan.

Kosovorekin bat egiteko gogoa dagoela esan nahi duzu?

Mazedoniako albaniarrentzat positiboa izan da independentzia, eta oso ondo hartu dugu. Beste estatu albaniar bat izango da ama Albaniaren aldamenean, baina horrek ez du ekarri Albania handiaren ideia indartzea. Albaniar batzuek eusten diote amets horri, baina subjektu politiko guztiek albaniarren eskubideak betetzea, eta EBn eta NATOn sartzea nahi dute. Hor ikusten dute albaniarren batasuna.

Horretan Greziaren boikota dauka Mazedoniak, izenaren afera dela eta. Albaniarrekiko haserrea sumatu dugu kalean, izena aldatu beharko litzatekeela.

Albaniar alderdiek argi utzi dute NATOn eta EBn sartu nahi dutela, eta onartuko dutela mazedoniar gizartearentzat onargarri den edozein proposamen. Mazedoniako Gobernuari helarazi diote hori. Baina Gobernuak, lehen ministroak eta horren alderdiak ez dute aldaketarik nahi izenean.

Izenik proposatzen duzue albaniarrek?

Ez, ez da gure arazoa, mazedoniarrek konpondu behar dute. Badira proposamenak: Mazedonia-Skopje edo, albanieraz Mazedonia-Shkupi, Mazedonia-Vardar (herrialdeko ibai nagusia), Ipar Mazedonia... Guri berdin digu. Bat izan ezik: Mazedonia Eslaviarra ezin dugu onartu. Herrialdeko askotarikotasun etnikoa biltzen duen izena behar dugu, eta eslaviar esateak kanpoan uzten gaitu.

Iaz istilu larriak izan ziren bozetan. Zer espero duzu aurten?

Udaletako eta presidentetzarakoak dira, ez hain garrantzitsuak ordezkariak hautatzeko, baina bai iazko irudia hobetzeko, munduari erakusteko zibilizatuak garela, eta kultura demokratiko eta politikoa dugula. Hau azterketa da EBrentzat. Emaitzei dagokienez, ez dut aldaketarik espero, gaurko egoera berretsiko delakoan nago. Baina lehen aldiz askatasunez bozkatuko dute herritarrek, inoiz baino berme gehiago daude.

No comments: