2009-03-22

Kurduen urteberrian, itxaropen berriak

BERRIAn argitaratua



Ostiral arrastitik hasita zeuden lehen ospakizunak Kurdistango hainbat txokotan, udaberria iristearekin batera ospatzen duten Newroz edo Urteberri egunerako. Ohi bezala, turkiar poliziak eta jendarmeak kuarteletik irten eta hainbat kontrol ezarri zituzten. Hala ere, milaka lagun bildu ziren atzo Diyarbakirren, kurduen egun nazionala ospatzeko eta, bidenabar, dagozkien eskubideak aldarrikatzeko.

Hilaren 29an egingo dituzten Turkiako udal hauteskundeetarako kanpaina bete-betean dela iritsi da aurtengo Newroz eguna, eta gobernuan den AKP alderdia Kurdistanen emaitza ona lortzeko itxaropentsu dago. Ondorioz, ohi baino debeku eta presio gutxiagorekin irten dira kalera kurduak suaren inguruan urte berria iritsi dela ospatzera. Diyarbakir Ipar Kurdistango hiriburu ez-ofizialean jendetza bildu da ospakizunetan.

Familia osoa hartuta bildu zen jendea Diyarbakirrera. Alemaniatik joandako kurdu batek oso egun garrantzitsua zela zioen, Turkiaren zapalkuntzari eusteko indarrez daudela argi dutelako. Koinatua «PKK-ko martiria» dela gehitu zuen, eta atzoko egun berezian gehien gogoratutako pertsonarekin amaitu zuen solasa: Apo (osaba). Abdula Ocalan PKK-ko buruzagiak 11 urte bete ditu espetxean, baina bere aldeko oihuak, pankartak eta argazkiak etengabeak izan ziren ekitaldi osoan. Eta oraindik debekatuta dagoen bandera kurduko hiru koloreak nagusi jantzietan: gorria, horia eta berdea. Ekitaldiaren amaieran, Ocalanek espetxetik bidalitako gutuna irakurri zuten. Berriz ere Turkiari demokraziaren alde egin zezala eskatu zion gerrillari espetxeratuak.

Hizlariek Turkiako Gobernuaren jarrera salatu zuten, Europara begira egindako urratsak aurpegi garbitze hutsa direla eta. Hala, kurduerazko telebista abiarazi du, baina Diyarbakirgo telebista hamabi eguneko emisioen etetearekin zigortu berri dute, alkateak kurdueraz egin zuelako. Newroz eguneko suak piztea ere legez kanpo dago oraindik, eta Diyarbakirgo zenbait barrutitan alkatetza alternatiboak bultzatu dituzte, epaitegiek legez kanpo utzi ostean. Besteak beste, argitalpen eleaniztunak argitaratzeagatik.

Euskal ordezkaritza

Leyla Zana diputatu ohia izan zen lehen hizlarietako bat. Turkiako gobernuari benetako demokraziaren alde egin zezala galdegin zion, herri guztien eskubideak errespetatuz. Jalal Talabani Irakeko lehendakari kurduari ere mintzatu zitzaion, asteon Istanbulen izan baita PKKri armak utz ditzala eskatzeko. «Gure eskubideak bete ditzatela esan ez», eta armak utz ditzatela esan izana leporatu zion Talabaniri. Ahmet Turk alderdiko buruak ere -oraintsu Turkiako telebistak emisioa eten zuen Turk Ankarako parlamentuan kurdueraz hasi zelako- hartu zuen hitza. Oholtzatik pasa ziren, halaber, Diyarbakirgo Udaleko, Turkiako Parlamentuko eta beste zenbait erakundetako kideak. Tartean zen Feleknas Uca europarlamentaria eta Friendship euskal gatazkaren konponbiderako sortutako taldeko kidea.

Txentxo Jimenez eta IƱaki Aldekoa buru dituen Aralar alderdiko ordezkaritza ere izan zen, baita sortu berri den Bihar elkarte euskal-kurduko kideak ere. Ekitaldira bidean, ordu erdi inguruz geldiarazi zituen Poliziak, eta banan-banan pasaporteak apuntatu eta zenbait galdera egin ondoren, joaten utzi zieten. Abdula Demirbas Sur barrutian kargutik kendutako alkateak (hogeitik gora auzi ireki dizkiote eta espetxe zigor luzea eskatu, besteak beste kurdueraz egiteagatik udalean) egin zion harrera euskal ordezkaritzari, azaroan Euskal Herrira egindako bisitaren itzuleran.

DTP gizarte demokratikoko alderdiko kide eta hautagaia izango da Demirbas datorren igandeko bozetan, eta ia ziurra du garaipena, inkestek ehuneko 70etik gorako babesa ematen baitiote. Kargutik kendutako politikariek, berriz, aurkezteko aukera daukate Turkian, baina ohikoa da hizkuntzaren alde egindako adierazpen eta ekimenengatik hautetsi kurduak epaitzea.

No comments: