2009-03-31

Alderdi kurdua jaun eta jabe

BERRIAn argitaratua

Milaka lagun irten dira igande iluntzetik Kurdistan iparraldeko (Turkiaren menpekoa) herri eta hirietan, DTP alderdi kurduak izandako emaitzak ospatzera. Zalantza gutxi zegoen Diyarbakir hiriburu ez ofizialari buruz; Ozman Baydemir alkateak erraz eutsi dio botoen %65 baino gehiago bilduta. Baita hiriko gainontzeko barrutietan ere. Horietako batzuk legez kanpo utzi zituzten legealdian, kurdueraz liburuxkak argitaratzeagatik edo PKKrekin zerikusia duelakoan Turkian debekatuta dagoen ROJ telebistarekin hitz egiteagatik. Baina zalantza zegoen azken egunetan salatutako boto erosketek eta AKP gobernuko alderdiak kurdu behartsuenei egindako opariek zein ondorio izango zuten. Emaitza, argia: Van, Siirt eta beste hiri batzuk, eta Egil probintzia berreskuratu dituzte kurduek, besteak beste.

Beldurrik gabe irten dira gazteak ospatzera, PKKren eta, batez ere, espetxean hamar urte daramatzan Abdullah Ocalan gerrillaren sortzailearen leloak kantatzen. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen aurkako hitz jokoa ere oso modan jarri da; «Kerdogan» kantatzen diote umeek Kurdistanen -ker astoa da kurdueraz-. Atzo ere hainbat ospakizun izan ziren, eta Diyarbakir gotorlekua dela gogorarazi zioten kurduek Erdogani, kanpainan gotorlekua bere egingo zuela aldarrikatu baitzuen.

«Bakearen aldeko hautua»

Ahmet Turk DTPko lehendakariak kurduak zoriondu zituen, eta nabarmendu kale egin duela AKP gobernuko alderdiaren politikak. «Aurreko hauteskundeetan jendea erakarri dute beren promesek, baina, orain, opariak eta trikimailu guztiak alferrik izan dira. Kurduek argi erabaki dute, DTP hautatu dute, eta boto horrekin demokraziaren eta bakearen aldeko hautua egin dute», esan zuen atzo Turkek. DTPren egoitza, hiriko beste hainbat txoko bezala, jendez gainezka zegoen, alkateei txalo egiteko eta atzamarretik helduta, dantzan, garaipena ospatzeko.

Mendebaldera begira egiten dituen mugimenduen inguruan Turkiaren benetako aurpegia agerrarazteko etengabeko ekimenean dihardu DTPk. Helburua, kurduen autonomia onartuko duen demokratizazio prozesua dela dio alderdi horrek. Kurduerazko telebista itxurakeria dela salatzeko dozenaka urrats egin dituzte: Diyarbakirgo telebista hamabi egunez itxi berri dute, alkateak kurdueraz egiten zuelako, eta presioa handitze aldera, etengabe urratu du alderdi kurduak Hauteskunde Legea; turkiera erabiltzea bakarrik baimentzen du horrek. Kurdueraz milaka afixa inprimatu dituzte, eta sarri erabili dute kanpainako ekitaldietan.

2009-03-29

Batasuna

BERRIAn argitaratua

Kurduen Newroz egun historikoan egoteko parada izan dut oraintsu. Milioi bat lagun Turkian irekiarazi dituzten zirrikituetan sakontzen. Bere ispiluan jarri dute munduaren aurrean demokrazia gisa egon nahi duen estatua. Mugaren beste aldean, estatubatuarren karta ezin hobeto jokatzen asmatu dute. Ederto kostata, etsaia kanporatuta milaka hildako eragin zituen kurduen arteko gerra lotsagarria egin ostean, baina azkenean ere eskarmentua ondo ikasita. Geopolitikaren mina zelaiaren erdian pauso bakoitza tentuz emanda ari dira lortzen uneotan lor dezaketen gehiena.

Kosovon ere antzeko helburuak baina bitarteko ezberdinak bultzatzen zituzten elkarteak egon ziren. Ez dira denak bat etorri, independentzia eztabaidaezina dela horratik, inork ez du zalantzarik egin.

Badira porrot nabarmenak ere. Errusiaren politika genozidak leku gutxi utzi dio Txetxeniaren independentziari, baina txetxeniarrei eurei damutu zaie gogorrena egin ostean independentzia ezin kudeatzea. Eta beste hainbat, etsaia aski ez eta barne zatiketek dena pikutara bidali dutenak. Labur esanda: ez dago batasunik gabe bere burua askatu duen herririk.

Munduko lekurik aberats eta erosoenetakoan bere burua antolatzeko eta eskubideen alde borrokatzeko gaitasun handia erakutsi du herri honek. Eskuratutako autonomia mailetan kudeaketarako gaitasun bikaina ere bai, behe-behetik hasita. Tamalez, une erabakigarrietan urrunera begiratzeko ezintasuna ere oso gurea dugu. Batzuk gurdia beti gidatu behar dutela sinetsita, gura dutenean mundu guztiak bere doinura dantzatuko duelakoan. Besteak iragan laburraren mozkorrean, arrotzen txaloek puztuta eta iparreko oharrei jaramonik egin gabe. Eskurik ematekotan, arrazoi osoa zutela entzun behar duten umeen antzera.

Aberri eguna batera egitea bada zerbait. Abiapuntu behar du. Ez dago banatuta eta elkar joka askatu den herririk. Egizue behingoan egin beharrekoa, eta segi gero elkar jotzen, espainolek bezala. EH Bai.

Turkia kurduen botoen ehizan

BERRIAn argitaratua

Kurdistan luzaroan izan da turkiar politikariek ahaztutako herrialdea, hango herriari ematen dioten ukazioaren antzeko jarrera hartuz boto-emaileekiko. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak gobernua lortu zuenez geroztik, baina, ahalegin handia egin du hautesle kurduak erakartzeko, Turkiako mendebaldeko indar laizista eskuindarrak garaitzeko ezinbesteko babesaren bila.

Duela lau urte arrakastatsu iritsi ziren Kurdistanera, Van eta historikoki oso abertzaleak izan diren beste udalerri batzuk eskuratuz. Aurten, kurduen hiriburu ez-ofizialean jarri dute xedea, Diyarbakirren, eta Handitasunez pentsatu. Zu zara Turkia leloa daukaten afixez gain, propaganda kamioiekin ari dira boto eske. DTP alderdi abertzalea ez da atzean gelditu. Newroz edo kurduen Urteberri egun historikoa antolatu zuen larunbatean han -milioi bat lagunetik gora bildu zituen; Poliziaren arabera, ordea, «milioi erdi baino ez»-. Beste hainbeste Kurdistanen eta Turkian elkartu ziren. Istanbulen bostehun mila kurduk ospatu zuten. AKPk kurduak limurtzeko urratsei buelta emanda, orain arteko aldaketak eta urratsak kosmetika hutsa direla utzi dute agerian abertzaleek, eta, bidenabar, botoa eta benetako demokratizazioa eskatu. «Gu gara konponbidea», diote Diyarbakirgo auzorik auzo.

Ozman Baydemir hiriko alkate nagusiak edo Sur barrutiko Abdulla Demirbasek kanpainan egiten duten urrats bakoitzean dozenaka lagun datozkie babesa adieraztera, Diyarbakirgo sei kilometroko harresien barruan dauden auzo behartsuenetan batez ere. 1990eko gatazkan suntsitutako 3.000 herrietatik kanporatutakoak dira. Gehienek lanik gabe eta laguntza eskasen menpe jarraitzen dute. Baina irribarrea ageri dute aurpegian, auzoan DTP Gizarte Demokratikoaren Alderdiko furgonetaren doinuak entzuten diren bitartean. PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariek Kandil mendietan abesten duten kantaren doinuak dira, berbak hauteskunde kanpainarako moldatuta.

Debekuen gainetik

Turkiako Gobernuaren zabalkunde herabeari benetako beharrekin erantzun diote: kurdueraz eta turkieraz entzuten da kanpainako kanta, lehen debekuari aurre eginez, turkiera hutsez egitea agintzen duena. DTP kurdueraz ari da egiten kanpaina nagusiki, horrek ekar ditzakeen auzi eta zigorrek kanpainan salatzen dutena indartu ere egiten duelakoan. Kurdu gehienek garaipenaren keinua egiten dute eskuekin DTP alderdikoak (edo BERRIAko kazetaria) agertu eta berehala, eta laster entzuten dira are debekatuagoak diren oihuak; nagusia «biji serok Apo» -gora Apo lehendakaria-, Abdula Ocalan PKK-ko buruzagi espetxeratua gogoan.

Europako presioei men egin eta kurduerazko telebista abiarazi zuen duela hilabete batzuk Istanbulek (oraintsu armenieraz gauza bera egiteko asmoa duela esan du). Mendebaldearen txaloak jaso ditu, baina kurduek argi azaldu dute zergatik ez den hori ere aski: Diyarbakirgo Gun telebistan Baydemir alkateak kurdueraz egin eta hamabi egunez itxi dute hedabidea. «Itxurakeria izan da bideo folklorikoak eta albiste ofizialean itzulpen hutsa ematen duen telebista. Argi utzi digute kurdueraren egoera berria: turkiarrek, Gobernuak, egin dezakete kurdueraz, baina geuk kurduok debekatuta daukagu». Oraintsu Mehmet Turk DTP alderdiko presidenteak kurdueraz egingo zuela iragarri zuen Ankarako Parlamentuan, telebistak berehala eten zuen emisioa, legea urratuko zuelakoan.


Hatip Dicle: «Turkiako Gobernuaren urratsak gure borrokaren ondorio dira»

Hatip Dicle 1994an atxilotu zuten, Leyla Zana eta beste bi parlamentario kurdurekin batera, traizioa eta PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillako kide izatea leporatuta. Hamar urte egin zituen espetxean, 2004an libre utzi zuten arte. DTP Gizarte Demokratikoaren Alderdia talde abertzaleko sortzaileetako bat da Dicle.

Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak apustu handia egin du Diyarbakirren eta Kurdistanen oro har, zuek ere ez zarete atzean geratu. Zein helburu daukazue?

Gure itxaropena ona da. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak, Gobernuak, labea hoztu duela esan genezake, jendeari promes ugari eta opariak egin dizkio, eta egiten ari dira orain bertan. Nolabait, pobre denari neurri ekonomiko hutsa agintzen dio. Guk, berriz, kurduok gobernu ona behar dugula diogu, neurri ekonomikoez gain demokraziaren eta askatasunaren alde dihardugu. Eta espero dugu jendeak babestuko gaituela.

Europak txalotu egin du Turkiak kurduerazko telebista abiaraztea.

Hori ere borroka eta sufrimendu handiari esker lortu dugu. Hala ere, argi daukagu Gobernuak berariaz egin duela telebista katea hauteskundeen aurretik. Ez da ikusi behar guri emandako eskubide gisa, geuk atera diogu hori ere, gure borrokaren ondorio da urrats xume hori. Baina jendea manipulatzeko erabili nahi dute, eta horregatik esaten diogu jendeari: «Gure borroka egon ez balitz ez zizueten telebista hori ere emango, eskubideak ez dizkigute ematen, geuk hartu behar ditugu». Hala ere, telebista katearena urrats txikia da, eta ez da aski.

Zein iritzi duzue Jalal Talabani Irakeko presidenteak Istanbulen PKKri armak utz ditzan eskatu izanaz?

Gure askatasun mugimenduak beti esan du arazoak bake bidez konpondu nahi dituela. Turkiako Gobernua ados badago dagozkigun eskubideak onartzeko, ez da izango arazorik. Demokraziarekin konpontzen dira arazoak. Gerra amaitu eta eskubideak bermatzen badira, demokrazia eta bakea izango dira. Baina ez badute hala onartu nahi, armak hartuko ditu jendeak.

2009-03-22

Ikasi dugu?

BERRIAn argitaratua

Onartu beharko dugu kalkulu askotan kale egin dugula. EAJ otzan eta damutua beste ezer baino komenigarriago zitzaielakoan hasieran. Gero, itxura behinik behin gordeko dutelakoan, lehen legegintzaldi halabeharrez laburrean ez zutela gehiegi joko euskararen aurka. Baina hara non konkista planean datozen. 2001eko egitasmoaren kalkoa da, baina konkistarako ikurrindun Troiako zaldia jarri dute aurrez aurre horigorriarekin jo ordez. Eta independentismoa legez kanpo utzi, noski.

Asteon irakurritakoen arabera, hezkuntzan ere ekingo diote ETAkoak zein gaiztoak diren umeei azaltzeari. Munduan dagoen gauzarik okerrena dela azalduko omen diete, indarkeriaren testuingururako balio zuten azalpen eta iturri guztiak ezabatu eta bakarra utzita: iaz Espainiako lurraldean bikotekideek hildako emakumeak ETAk hildakoak baino 20 aldiz gehiago direla? Gernika? Txiki eta Otaegi? GAL? Tira, tira, umeei hemengo gatazka bakarraz burua nahastu eta indarkeriaren aurrean jarrera irmoa eragotzi guran edo?

Bada, maskaratarako lotsarik gabe, horixe dakar kolono espainiarren gobernuak. Euskal naziotasuna ukatu ostean besteok bezalako vasco-ak direla diotenak. Alvarez Solisek xehatu du asteon, xenofobiatik deus ez daukan artikuluan. Euskal Herrikoak dira, baina ez euskal naziotasuna daukagunon berdinak. Euskal Herriko espainolak dira, eta besteok bezalako vasco direla esatean, gure euskaltasuna beren parametro erregionaletara txikitzen dute. Ukatu ote diegu espainoltasuna? Bizi daitezela espainol, baina ez esan gu bezalako vasco direla. Geurearen ukazioa dakar eta.

Zer ikasi eman dute, horratik. Mendebaldean espainolak gutxiago izanik, gehiengo euskalduna zelan garaitu, elkar hartuta. Beti dago Telesforo, baina. «Otso beltza, gauaren gauaz heldu, artzainak zebiltzala kalakan (...) anaien aurka ez habila, otso beltzarentzat, atxik makila». Protagonismoak utzi eta joango gara behingoan Maltzagara?

Kurduen urteberrian, itxaropen berriak

BERRIAn argitaratua



Ostiral arrastitik hasita zeuden lehen ospakizunak Kurdistango hainbat txokotan, udaberria iristearekin batera ospatzen duten Newroz edo Urteberri egunerako. Ohi bezala, turkiar poliziak eta jendarmeak kuarteletik irten eta hainbat kontrol ezarri zituzten. Hala ere, milaka lagun bildu ziren atzo Diyarbakirren, kurduen egun nazionala ospatzeko eta, bidenabar, dagozkien eskubideak aldarrikatzeko.

Hilaren 29an egingo dituzten Turkiako udal hauteskundeetarako kanpaina bete-betean dela iritsi da aurtengo Newroz eguna, eta gobernuan den AKP alderdia Kurdistanen emaitza ona lortzeko itxaropentsu dago. Ondorioz, ohi baino debeku eta presio gutxiagorekin irten dira kalera kurduak suaren inguruan urte berria iritsi dela ospatzera. Diyarbakir Ipar Kurdistango hiriburu ez-ofizialean jendetza bildu da ospakizunetan.

Familia osoa hartuta bildu zen jendea Diyarbakirrera. Alemaniatik joandako kurdu batek oso egun garrantzitsua zela zioen, Turkiaren zapalkuntzari eusteko indarrez daudela argi dutelako. Koinatua «PKK-ko martiria» dela gehitu zuen, eta atzoko egun berezian gehien gogoratutako pertsonarekin amaitu zuen solasa: Apo (osaba). Abdula Ocalan PKK-ko buruzagiak 11 urte bete ditu espetxean, baina bere aldeko oihuak, pankartak eta argazkiak etengabeak izan ziren ekitaldi osoan. Eta oraindik debekatuta dagoen bandera kurduko hiru koloreak nagusi jantzietan: gorria, horia eta berdea. Ekitaldiaren amaieran, Ocalanek espetxetik bidalitako gutuna irakurri zuten. Berriz ere Turkiari demokraziaren alde egin zezala eskatu zion gerrillari espetxeratuak.

Hizlariek Turkiako Gobernuaren jarrera salatu zuten, Europara begira egindako urratsak aurpegi garbitze hutsa direla eta. Hala, kurduerazko telebista abiarazi du, baina Diyarbakirgo telebista hamabi eguneko emisioen etetearekin zigortu berri dute, alkateak kurdueraz egin zuelako. Newroz eguneko suak piztea ere legez kanpo dago oraindik, eta Diyarbakirgo zenbait barrutitan alkatetza alternatiboak bultzatu dituzte, epaitegiek legez kanpo utzi ostean. Besteak beste, argitalpen eleaniztunak argitaratzeagatik.

Euskal ordezkaritza

Leyla Zana diputatu ohia izan zen lehen hizlarietako bat. Turkiako gobernuari benetako demokraziaren alde egin zezala galdegin zion, herri guztien eskubideak errespetatuz. Jalal Talabani Irakeko lehendakari kurduari ere mintzatu zitzaion, asteon Istanbulen izan baita PKKri armak utz ditzala eskatzeko. «Gure eskubideak bete ditzatela esan ez», eta armak utz ditzatela esan izana leporatu zion Talabaniri. Ahmet Turk alderdiko buruak ere -oraintsu Turkiako telebistak emisioa eten zuen Turk Ankarako parlamentuan kurdueraz hasi zelako- hartu zuen hitza. Oholtzatik pasa ziren, halaber, Diyarbakirgo Udaleko, Turkiako Parlamentuko eta beste zenbait erakundetako kideak. Tartean zen Feleknas Uca europarlamentaria eta Friendship euskal gatazkaren konponbiderako sortutako taldeko kidea.

Txentxo Jimenez eta IƱaki Aldekoa buru dituen Aralar alderdiko ordezkaritza ere izan zen, baita sortu berri den Bihar elkarte euskal-kurduko kideak ere. Ekitaldira bidean, ordu erdi inguruz geldiarazi zituen Poliziak, eta banan-banan pasaporteak apuntatu eta zenbait galdera egin ondoren, joaten utzi zieten. Abdula Demirbas Sur barrutian kargutik kendutako alkateak (hogeitik gora auzi ireki dizkiote eta espetxe zigor luzea eskatu, besteak beste kurdueraz egiteagatik udalean) egin zion harrera euskal ordezkaritzari, azaroan Euskal Herrira egindako bisitaren itzuleran.

DTP gizarte demokratikoko alderdiko kide eta hautagaia izango da Demirbas datorren igandeko bozetan, eta ia ziurra du garaipena, inkestek ehuneko 70etik gorako babesa ematen baitiote. Kargutik kendutako politikariek, berriz, aurkezteko aukera daukate Turkian, baina ohikoa da hizkuntzaren alde egindako adierazpen eta ekimenengatik hautetsi kurduak epaitzea.

2009-03-21

Mazedonia, izenetik bertatik hasita

BERRIAn argitaratua



Skopjek, erdigune bizi eta ibaiertz atsegina izan arren, ez du turista askorik erakartzen. Hiriaren zati handiena 1963ko lurrikararen ostean eraiki zuten, arkitektura zurrun eta inpertsonalean. Hala ere, Erdi Aroko hirien egiturari eutsi dion bakarra da ziur aski, hainbat etniaren bilgune eta bereizketa fisiko nabarmena baitago oraindik: zubi zaharraren hegoaldera alde moderno eta europarra ageri da, eslaviar kulturako mazedoniarren eremua da. Zubiaren iparraldera joanda, baina, albaniarren hiriarekin egiten dugu topo, hor daude otomandar ondaretik geratzen diren leku gehienak. Hain zuzen ere, inguru horretan izan ziren liskar gogorrenak iazko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Biharko dituzten presidentetzarako eta udal bozetan halakorik ez gertatzea espero dute agintariek.

Inkesten arabera, Imer Selmani Demokrazia Berria alderdiko albaniarrak nabarmen egin du gora. Horiek hala, litekeena da bera izatea bigarren itzuliko protagonistetako bat. Bestea, ziurrenik, Giorge Ivanov izango da, Barne Mazedoniako Erakunde Iraultzailea alderdiko kidea. Alderdi hori agintean dago.

Bestalde, arkitekturan dagoen aldea gizarte osoan sakon errotuta dago. Herrialdeko bi etnia garrantzitsuenek (beste dozena erdi badira: ijitoak, turkiarrak, serbiarrak, bosniarrak eta hizkuntza latinoa duten vlach edo aromunioak, besteak beste) bizitza paraleloak daramatzate, eta gutxitan egiten dute topo. «Eskubide batzuk onartu dizkigute, egia da, baina ez gaude mazedoniarren pare», albaniarren ahoetan ohiko kexua da. Serbiako mugatik Ohrid aintzira ingururaino (Albaniako mugan, Greziatik hur) bizi dira albaniarrak, eta ez dute onartzen Mazedoniako gutxiengo gisa agertzea. Aitzitik bi etnia nagusik osatutako estatua beharko litzatekeela diote geroz eta gehiagok, edo argi esanda: albaniarren lurraldea argi definituta egongo litzatekeen federazioa. «Belgika moduko zerbait?», galdetu diogu Sefer Tahiri kazetari eta analistari, «bai, baina, tamalez, Balkanak ez dira Belgika». Mazedoniarrek aitortzen dute 90eko hamarkadan eskubide asko ukatu zitzaizkiela albaniarrei, baina gaur gauzak erabat aldatu direlakoan daude. «Are gehiago, batzuetan abantailak ere badituzte hainbat lanpostutan, kuota kontuak-eta betetzeko beraiek hartzen dituzte», dio Skopje hegoaldeko mutil gazte batek.

Herri bat herri baten barruan

Hiriburutik ordu erdi baino gutxiagora dago Tetovo, Mazedoniako albaniarren hiri nagusia, Skopjez gain. Kaleetako seinaleak ele bitan badaude ere, saltoki gehienak albanieraz daude. 2001ean gerra laburra izan zen inguruko mendietan, eta tarteka indarkeria piztu izan da. Ohrid aintzirara bidean doazen errepideetan albanierazko pintaketak ageri dira nonahi, eta mazedonierazko izenak ezabatuta noizean behin. Alderantziz ere bai, tarteka. Gizartearen erabateko bereizketaren azken urratsa Mazedoniako leku turistikoenean gertatu da, aintzira ertzean, Struga hirian. Agintariek eskolako ikasle mazedoniarrak eta albaniarrak bereiztea erabaki zuten otsailean, zenbait umeren artean izandako liskarren ondotik.

Ez da gehiegikeria esatea elkarri bizkar emanda bizi direla estatuko bi herri handienak. Lehenak biztanleen %65 biltzen ditu, eta albaniarrak laurdena direla diote datuek, albaniarrek herenetik hurbilago daudela badiote ere (hazkunde tasak arrazoi ematen die). Mazedonia mendebaldean nagusi dira, eta Kosovoko independentziak pauso gehiago ematera adoretu ditu asko. «Federazioa egin ezean estatua desegingo da», dio Kosovoko irratiko zuzendari Qani Mehmetik, Mazedoniako albaniarra bera. Tahiri analistak dio Lubovskiren gobernuak berean tematzera eta albaniarrekiko errezeloak handitzera jo duela. «Baina mazedoniarrek aintzat hartu beharko lukete guk bakarrik onartzen ditugula ezaugarri bereziak dituzten eslaviar herri gisa, besteak dira onartzen ez dituztenak: serbiarrek Eliza ortodoxo propioa izatea ukatzen diete, bulgariarrek naziotasun mazedoniarra badela ukatzen dute (horren harira bulgariar pasaporteak eman dizkie milaka mazedoniarri, bidenabar EBko biztanle bihurtuz), eta Greziaren jarrera ezaguna da. Albaniarrok gara onartzen ditugun bakarrak, horregatik ulertu behar dute aintzat hartzeko faktorea garela. Honela zioen Albin Kurti Kosovoko Vetevendosje mugimenduko buruak: «Mazedonia Titoren asmakuntza da, biztanleak etnikoki bulgariarrak dira, baina haiengandik bereizteko aparteko etnia sortu beharra zeukan, eta eslaviarrak iritsi baino lehenagoko ondare den Mazedonia aurkitu zuen».

Izenaren auzia

Jugoslaviatik gerrarik gabe bereizi zen errepublika bakarra izan zen Mazedonia, eta, hala ere, hoegi urtean ez du egonkortasunik lortu. Geroz eta herrialde gehiagok onartu arren Mazedoniako Errepublika izena, Greziak beretzat dauka izen hori, eta nazioarteko egituretan FYROM da oraindik, hau da: Jugoslavia Ohiko Mazedoniako Errepublika. Grezia ez dago izenaren auzian amore emateko prest, eta iaz NATOn sartzea eragotzi zion. Mazedoniako Gobernuak izena ez ezik, Alexandro Handiaren bandera ere hartu du, eta izen hori jarri diote Skopjeko aireportuari. Atenas are gehiago sutu du erabaki horrek. Europako estatu itxi eta nazionalistenetakoa da Grezia, eta hori dela eta, XX. mendean irabazitako iparraldeko lurraldeetan greziar kultura ezarri, eta gainontzekoak desagertze zoriraino eraman ditu. Tartean da, noski, Greziaren menpeko Mazedonia, iparraldekoa baino handiagoa, eta mazedoniar gutxiengoa daukana oraindik, 1945etik 1948ra arteko gerran eslaviarren garbiketa etnikoa egin arren.

Albaniarrak kokoteraino daude izenaren auziaz, eta aldatzearen aldeko dira. «Ez da posible horrelako kontu batengatik Europako Batasunetik eta NATOtik kanpo geratzea», dio Skopjeko zubi zaharrean gazte batek. «Aldatu egingo dute izena, aldatu behar dute, tematuta jarraituz gero ate guztiak itxiko dizkigute», salatu du hiriaren iparraldeko beste neska batek. Mazedoniarrak ez datoz inola ere bat: «Hau da guk daukagun herrialde bakarra, eta Mazedonia du izena, nola nahi dute nire nortasuna adierazten duen izena kentzea, zergatik eta boteretsuagoak direlako soilik?». Izenari eustearen alde dago hiriaren hegoaldean paseoan dabilen Bosniako musulman bat ere: «Edozein herrik dauka bere buruari nahi duen moduan deitzeko eskubidea, ezta? Bada hemen, Mazedoniako errepublika izendatzea erabaki badugu, zer eskubide dauka inork hori kendu behar dugula esateko?».

Sefer Tahiri: «EBn eta NATOn sartzen garenean sortuko da albaniarren batasuna»

Mazedoniako albaniar analista politikoa

Paperean albaniar eta mazedoniarrak berdinak diren arren errealitatean hori ez dela betetzen dute du Sefer Tahiri albaniar analista politikoak.

2001eko gerra laburra Ohrideko akordioekin amaitu zen. Zein da gaur egoera?

Mazedoniarrak eta albaniarrak saiatu dira helburu batzuk erdiesten, baina legearen aldetik baino ez dira lortu, paperean. Egiazko bizitzan ez dago interakziorik albaniarren eta mazedoniarren artean. Etengabe ari gara eztabaidan zein den sistema onena gizarte multietniko batentzat; argi dago gaurko eredua ez dela egokia eta Estatuak federazio bidea hartu beharko duela.

Hizkuntza ofiziala da, baina ez dago mazedonieraren pare.

Hor ere bi egoera daude, legezkoa eta benetakoa. Legez, albaniarrok berdinak gara herritar gisa. Tamalez, estatuak ez du betetzen; agiri garrantzitsu asko ez daude albanieraz, eta jendeak ezin du beti albanieraz komunikatu Estatuarekin.

Zerk egin du kale?

Paperean dauden eskubideak benetan bete behar dituzte. Egin ezean, mugimendu erradikalak ager daitezke eta, kontuan izanik zer-nolako aldaketa geoestrategikoak gertatu diren inguruan.

Kosovorekin bat egiteko gogoa dagoela esan nahi duzu?

Mazedoniako albaniarrentzat positiboa izan da independentzia, eta oso ondo hartu dugu. Beste estatu albaniar bat izango da ama Albaniaren aldamenean, baina horrek ez du ekarri Albania handiaren ideia indartzea. Albaniar batzuek eusten diote amets horri, baina subjektu politiko guztiek albaniarren eskubideak betetzea, eta EBn eta NATOn sartzea nahi dute. Hor ikusten dute albaniarren batasuna.

Horretan Greziaren boikota dauka Mazedoniak, izenaren afera dela eta. Albaniarrekiko haserrea sumatu dugu kalean, izena aldatu beharko litzatekeela.

Albaniar alderdiek argi utzi dute NATOn eta EBn sartu nahi dutela, eta onartuko dutela mazedoniar gizartearentzat onargarri den edozein proposamen. Mazedoniako Gobernuari helarazi diote hori. Baina Gobernuak, lehen ministroak eta horren alderdiak ez dute aldaketarik nahi izenean.

Izenik proposatzen duzue albaniarrek?

Ez, ez da gure arazoa, mazedoniarrek konpondu behar dute. Badira proposamenak: Mazedonia-Skopje edo, albanieraz Mazedonia-Shkupi, Mazedonia-Vardar (herrialdeko ibai nagusia), Ipar Mazedonia... Guri berdin digu. Bat izan ezik: Mazedonia Eslaviarra ezin dugu onartu. Herrialdeko askotarikotasun etnikoa biltzen duen izena behar dugu, eta eslaviar esateak kanpoan uzten gaitu.

Iaz istilu larriak izan ziren bozetan. Zer espero duzu aurten?

Udaletako eta presidentetzarakoak dira, ez hain garrantzitsuak ordezkariak hautatzeko, baina bai iazko irudia hobetzeko, munduari erakusteko zibilizatuak garela, eta kultura demokratiko eta politikoa dugula. Hau azterketa da EBrentzat. Emaitzei dagokienez, ez dut aldaketarik espero, gaurko egoera berretsiko delakoan nago. Baina lehen aldiz askatasunez bozkatuko dute herritarrek, inoiz baino berme gehiago daude.

2009-03-15

Aro berria

BERRIAn argitaratua

Ez da inongo sekretua ezker abertzaleko hainbat jende zer-nolako gozatua ari den hartzen jeltzaleen urduritasuna eta ezinegona ikusita. Eroso daude, eroso daudenez, albotik begira. Aspaldi pentsatutako irudia zen, katalan lagunek gogorarazia: a ze negarrak Generalitat-earen ingurumarian kolokatutako CiUko horientzat (hiru mila pertsona, omen), ERCk PSCrekin zihoala esan zuenean. Ikustekoa ei zen hiru mila horiek zelan jasotzen zituzten bulegoak.

Baina bagenekien Espainiaren ikuspegitik Euskal Herria oso desberdina dela. Katalunian eta Galizian posible dena ez da zilegi hemen. Nafarroako hauteskundeetatik dakigu, edo lehenago ere bai menturaz: herri hau soziologikoki abertzalea dela diogunean badakigu ez dela egia, alderdi unionistek boto gehiago dituzte bai Frantziaren menpeko zatian bai Espainiaren menpekoan. Partizioa onartuta baino ez da posible esatea abertzaleak gehiago direla. Gauzak horrela, pentsatu beharko da zergatik gura izan duen unionismoak partizioari eutsi, gobernua eskuratzeko askoz erraza zukeen lau herrialdeko autonomia bultzatzea baino (are inoiz baino gehiago aukera hori). Espainiari komenigarriago izan zaio EAJk kudeatutako EAE, PPk edo PSOEk (Madrilen legokeenak) gobernatutako Hego Euskal Herria baino. Bigarren aukera askoz arriskutsuagoa zaie.

Aro berria dator, eta inoren porrotaz pozteaz haratago, aro berrirako prestatzea hobe. Galesko abertzaleek 20 urterako plangintza egin dutela irakurri berri dugu, biztanle gehienak independentziara limurtzea helburu, egungo inkesten ehuneko hamahirutik abiatuta. Aldeak alde, Gales Galizia da konparazioan (ez dago esan beharrik zein den Eskozia eta zein Irlanda, ezta?). Eztabaida sustatu eta Galesko estatua komenigarriagoa dela sinestaraztea da gakoa. Noski, horretarako, tankeen mehatxu terroristarik egiten ez duen estatua behar duzu aurrean, eta ez da gure kasua. Baina aro berria prestatzeko lagun dezake.

2009-03-08

Iparra galdu barik

BERRIAn argitaratua

Bai, lehen aldiz espainiar lehendakaria izango dugu mendebaldean. Partizioak ekialdean lehendakari antieuskaldun xenofoboak ezarri dituen gisan. Demokraziaren oinarrietan zirrikitua onartzen duzu, «gaiztoak» legez kanpo uztea ez dago oso ondo, baina tira, ez gara horregatik mendira joango... eta gero Ondarroako lapurreta onartzen duzu, eta Zizurkilen biktimari tu egiten diozu, eta botereari eustea denez garrantzitsuena, miatu edo atxilotu egiten dituzu boto-paperak banatzearen gisako delituetan dihardutenak. Honaino helduta, protokoloak ahaztuta berriz torturatzen duzu, ze gauza bat da espainolei erasotzea eta ezker abertzalea erreprimitzea, eta beste bat zuen negozioan lasai-lasai zaudetenok ere gauza itsusi horietan sartzea. Ez genuen besterik behar.

Sentitzen dut, baina ez eskatu negarrik. Lopezek Kafe Antzokia ixten duenean egingo dugu protesta. Fartsa onartu zenuten, eta orain fruituak. Alde batean bizkartzainak dituzte; bestean ehunka lagun etxera bidean dira Espainia eta Frantzian barna maite dituztenak bisitatu ostean, eta beste milakak ez dute boto eskubiderik, eta sufrimendua gainditzeko ahalegina espetxean ordaintzen dute dozenaka abertzalek.

Oinak lurrean gura ditut. «Aralartik Irati, haritza eta pagoa. Bera ere bi zati eta josirik ahoa». Ez dut nork nori min gehiago egin dion begiratu gura. Baina kasu, Rubalcabak esaten duenean oso berri pozgarria dela alderdi independentista batek gora egitea. Espainia osoak txalo egiten dizunean... Eman lepoa, eta adi, iparra galdu barik. Etsaiak ez dira «besteak». Eta birfundazioa ere galdatu die iparrak ezker abertzaleei.

Luza daitezela botere borroketan. Independentismoak erronka handiagoak ditu: armak ehorztea, militanteak etxeratzea, zubiak eraikitzea eta batasuna, pertsonena (Aintzane, Unai, Arnaldo, Patxi, Pernando...) eta herrialdeena. Gero, 2012, Eskozia, Faroe. Iparrera begira.

2009-03-01

Legalak zaretenok

BERRIAn argitaratua

Badago bitxikeria bat hauteskundeotan: EAJ bozkatzen duenak ez dauka segurtasunik Ibarretxe izango ote den berriz ere lehendakari, edo botere truke behingoan sakrifikatuko dioten. Eta berdintsu PSE-EE bozkatzen duenak: Lopez lehendakari izateko emandako botoarekin, baliteke EAJko lehendakarigai ezkutua inposatzea Moncloak. Hala, Ibarretxezaleak EA edo Aralar ditu erreferente zuzenago, eta Lopezaleak PP eta UPyD.

Eta nor du erreferente independentistak? Erkidegoko kudeaketaren azpikontrata Pepsi edo Coca-Colaren eskuetan ote dagoen hautatzeaz haratago erabaki gura duenak, zein hautu dauka? Nora jo indarkeriaren espirala etetea desio duenak, presoak etxean gura dituenak, hauteskunde demokratikoak behar dituenak?

Bestela esanda, nor dago prest benetako burujabetza lortzeko, Espainiak euskaldunik legez kanpo utziko ez duen, egunkaririk itxiko ez duen, herri honetan muturrik sartzea eragotziko duen burujabetza eskuratzeko urratsak ematera? Begiratu dut inguruan, eta inor ikusi ez. Horretarako prest daudenak preso ditu Espainiak.

Esan nuen, ez dago baldintzarik hauteskunde demokratikoak egiteko. Fartsa negargarria da mendebaldean gaur egingo duguna, eta horren aurrean erabaki logikoena plantoa zela deritzot. Ez abstentzio soila, fartsa horri egindako boikot argia baino.

Ekidistantziaren izenean parekatzen dituzte erakunde armatu klandestino baten jardunaren ondorioz bizkartzainekin dabiltzanak eta estatuko arrazoien eta demokraziaren izenean, legea eskutan, eskubide zibilik gabe utzi gaituztenak. Patxadarako tartea zela nioen, espainolei paso egiteko unea. Boikoterako masarik osatu ez denez, berba janda joango naiz milaka lagunentzat zirrikitu estuegia daukan hautestontzira. Ustel usainari duintasun tanta batzuk botatzera, behinik behin.

Legalak zaretenok: zeuen arazoa da.