2006-04-30

Trenak

2006-IV-30eko Berriarako idatzia

I
raganeko eztabaidak dira horiek, esan dute. Beti atzera begira, eta aurrerabidearen trena begien paretik pasatu. Baina orain hartu omen dugu, eta kontuz gero, laster makinista direla ere usteko dute handikeriaz beteriko errege biluzi horiek. Lemoiz geldiaraztea lortu zen. Leitzaranen ibilbidea aldatzea. Geroztik, golak eta golak, bata bestearen atzetik. Rotaflexak piztutako ilusioak, urteetako lana, urpean gelditu ziren. Nahi baino beranduago, garestiago, gogorrago, baina ahor urtegia. Ahor Boroa. Bilboko errauskailua eten izan balitz, Gipuzkoan planteatu ere ez zuten egingo. Garesti dago lurra, eta denek epe motzeko begirada, asfaltoa baino denek nahiago hormigoia bere lurretan. Hainbeste Lurzoru lege ia lurzorurik herri honetarako eta katalanek asteon bertan iragarri dute lege berria. Etxea hutsik daukanari, egurra. Eta kito, ez zeukan hainbesteko misteriorik. Etxea merkatura ateratzea saritu ordez alogeraren negozioa bera sari gutxi ez balitz legez ez ote da hobe etxe hutsak zigortzea? Urtebete hutsik, hainbeste, bi, doble, eta abar.
Armen kezko gortina erabili dute luzaro, benetan borrokatu beharrekoak etxean bertan zeudela ez ikusteko. Lemoiz, Leitzaran, Itoitz, Boroa. Itzelezko herri-mugimendua denetan, baina emaitza ezberdinak. Denok dakigu non egon zen aldea. Baina pistolarik gabe ere, pelikuletako indioek bazekiten trenak geldiarazten.

2006-04-23

Errealitatea

2006-IV-23ko Berriarako idatzia

S
anta Maria sumendiak erupzio betean ziharduela, pregoilaria erakutsi zigun Eduardo Galeanok Haizearen mendea liburuan. Manuel Estrada Cabrera guatemalar presidentearen mezua zekarren: lurrikara izatekotan, Mexikon-edo zen, eta etxean dena bare zegoenez, lasai asko ospa zitekeen Minerva jainkosaren jaia. Besterik esatea ordenaren aurkarien zurrumurru gaiztoei jaramon egitea zen. «Gobernuak erabaki du errealitatea ez dela existitzen». Mendiko hizkuntza lanean existitzen ez den hizkuntza erakusten digu Harold Pinterrek. Jendeek badarabilte, baina ez da existitzen. Eta okerrena da debekatuta dagoela existitzen ez den hizkuntza erabiltzea. Baina bata edo bestea: edo ez da existitzen edo debekatuta dago, ezin biak batera izan. Gauza asko daude debekatuta, eta existitzen direlako daude debekatuta, hain zuzen ere. Izenak izana. Asteon entzun dugu, ez dela Batasunarik. Arnaldo Otegi Ajuria Enean ikusi eta jarraian esan digute. Kalera irten, eta ezin sinetsi zenbat pertsona inexistente dabilen. Noski, progreek handira enbido joz gero, eskuinak hordago ezinbestean. Ez ei da Euskal Herririk. Egiari zor, aitortu behar zaie: gogor egin dute lan Euskal Herririk izan ez dadin, edo alderdiko buruaren bigarren abizenean fosilduta gelditu dadin. Dinosauru bi batean. Baina egoskorra errealitatea. Etxetik bertatik ikusten dut existitzen ez den herri hori. Eta sumendia, erupzio betean.

2006-04-16

Errepublikanook

Berrian 2006-IV-16an argitaratua
Nork bere urteurrena dauka. Dublin 90, Eibar 75, Bilbo 74. Hirurak sentitzen ditut hurbil, hirurek dute urruntzen nauten zerbait. Pazko eguneko altxamenduaren ostean Irlanda uhartearen ehuneko laurogei askatu zuten. 90 urte eta Irlanda aske eta batua denbora eta demografia kontua baino ez da.
Errepublikanoak han eta errepublikanoak hemenÉ edo hor. Errepublikanoak ezkertiarrak diren leku bakarrak izango dira Irlanda eta Espainia. George W. Bushen alderdia da errepublikanoa, Alemanian eskuin muturraren mugan dabiltza errepublikanoak, eta zenbat aldiz entzun ditugu Errepublikako baloreak, euskarari bideak ixteko? Azken mendeetako prozesu normala da monarkiak galdu eta errepublika bihurtzea, sarritan aurrerakoitik lar ez duena. Beti legez, Espainia desberdina da. Baina denbora kontua hori ere. Monarkiak rolik jokatu badu, egungo erregearekin bukatzen da rol hori. Gero, Errepublika.Ezker Batua ia bakarrik gelditu da Errepublikaren defentsan. PPk ez du ezer jakin gura, noski, PSE ohiko konplexuekin, eskuin abertzaleak ikuspegi historikoa falta, eta ezkerrekoa isilik, internazionalista baino abertzaleago. Azkenean, Eibarren, Iruñean, SartagudanÉ omenaldi txikiak, barkatu, xumeak da hitz egokia. Faxismoak bide-bazterretan eta hilerrietako hormetan denak berdindu arren. Hori bai, prozesioak gainezka, tradizioa eta hori guztia.
Baina oraingoz errepublika libre bakarra Etxarri aldean dagoela uste dut.

2006-04-12

Sandzak

Etxean txikikeria txikienarengandik eztabaidatzen duen euskalduna kanpora begira inor baino internazionalistagoa da. Eta hor ez dago zer eztabaidaturik, dena dago zuri-beltzean, zintzoak eta gaiztoak ipini eta horrela ezer aztertzeko beharrik ez. Eskuin abertzaletik ezkerrera, distantziarekin batera urruntzen da ñabarduretarako tartea. Kurdu zintzoak eta kurdu gaiztoak? Kosovo? Holokaustoa? Tira, tira, hobe Chiapas, Palestina edo Sahara hartu mintzagai, eta denak ados.

Datozen asteotan Montenegro modan jarriko den susmoa daukat. Futbol-partida batean legez, denok montenegrozale, aurrera neska-mutilok, gaur Montenegro, bihar Euskal Herria. Atzo denak ginen quebectar, gaur out dago Montenegro mapan kokatzen ez dakiena.

Ni ere arreta handiz ari naiz prozesua jarraitzen, egia da. Baina prozesua bera interesatzen zait, herriek erabakitzeko ahalmena izatea. Ipar Ameriketan estatu anglofono bi edo frankofono berri bat sortzeak ez zidan aparteko ilusiorik egiten, eta Jakinen Quebeceko indigenei buruzko erreportaje interesgarri hura (Xabier Erize eta Pilar Marinek idatzia 126. alerako) irakurri ostean, zer esan: orain artean aski egurtu ez eta muga berria altxatu behar cree herritarren artean. Hori bai, autodeterminatzen. Bejondeigula.

Montenegro beti egin zait erakargarri, horratik. Izenetik bertatik hasita. Eta, sinpletzat har nazazue, baina mapan hain herri txikia ikusten duzularik sinpatia eragiten dizu. Iaz izan ginen han, ederra da, merkea, errepide kaxkarrak eta parranda itzela kostaldean zein Podgorican. Montenegroarrek serbiar, bosniar eta kroaziarren hizkuntza berbera daukate, alfabeto zirilikoa erabili izan dute duela bospasei urte arte eta historikoki kristau ortodoxoak izan dira. Zerk bereizten ditu serbiarrengandik, beraz? Erraz esanda, serbiarrak baino serbiarrago dira. 1389an Serbia Inperio Otomanoaren menpe jausi zenetik, zapalduaren izaera kontzientzia nazionaleko zati da. Montenegrok, berriz, beti eutsi izan dio independentziari. Cetinje hiriburuaren inguruko mendietan gotortuta, turkiarrek ez zuten inoiz lortu serbiar basa haiek menpean hartzerik. Erresistentziaren sena inork badauka barneraturik, montenegroarrak dira horiek.

90eko hamarkada hasieran uko egin zioten independentziari eta milaka montenegroar ibili ziren Jugoslaviako Armada Federalean borrokan, Dubrovniken bonbardeoan edo Bosnian, kasu. Radovan Karadzic bera montenegroarra da. Gerrak amaituta bahimendu ekonomikoa etorri zen, eta hor ekin zion Podgoricak Belgradotik urruntzeari, goseak haginak luze. Marko alemana eta gero euroa hartu zuten debaluazioz debaluazio zihoan dinarra bazter utzita, eta Kosovoko gatazkatik aparte gelditu ziren -bidenabar, NATOko bonbardaketak saihestuz-. Azken urteotan, estatu independentea izan da de facto federazio ahul batean, gura zituen neurriak hartzeko. Eta konturatu da Kroazia, bera bakarrik, askoz aberatsago bihurtu dela, eta Montenegro txikiak ere, bakarrik, hurbilago daukala Europa, Serbiaren zama ekonomikoa eta historikoa -gerretako, eta, batez ere, gerra-osteetako galtzaile- aldean hartu barik. Austriaz gogoratu naiz halako batean: II. Mundu Gerra ostean, egun batetik bestera, estatu nazi izatetik, naziek inbaditutako herrialde bihurtu zen.

Sandzak Bosniako zati izan zen Austria-Hungariak azken hori 1878an irentsi arte. Jugoslavia sortuz geroztik, Montenegro eta Serbiaren artean zatitutako eskualdea da. Biztanleen erdia baino gehiago "musulmanak, zentzu nazionalean" ziren Titoren garaian eta azken urteotan "bosniako" hitza nagusitu da -hizkuntzari bosniako deitze horretan denak ez datoz bat, askok serbiera deritze, beti ezagutu duten berba, alegia-. Orain, Bosniatik bereizten dituenaz gain Sandzakeko beste herrikideengandik bereizten dituen muga bat jarriko duten beldur dira.

Niri prozesuak interesatzen zaizkit, Quebecen zein Montenegron. Baina ez zuri-beltzeko munduak.

Sandzak

Argiako 2035. alerako idatzia

Etxean txikikeria txikienarengandik eztabaidatzen duen euskalduna kanpora begira inor baino internazionalistagoa da. Eta hor ez dago zer eztabaidaturik, dena dago zuri-beltzean, zintzoak eta gaiztoak ipini eta horrela ezer aztertzeko beharrik ez. Eskuin abertzaletik ezkerrera, distantziarekin batera urruntzen da ñabarduretarako tartea. Kurdu zintzoak eta kurdu gaiztoak? Kosovo? Holokaustoa? Tira, tira, hobe Chiapas, Palestina edo Sahara hartu mintzagai, eta denak ados. Datozen asteotan Montenegro modan jarriko den susmoa daukat. Futbol-partida batean legez, denok montenegrozale, aurrera neska-mutilok, gaur Montenegro, bihar Euskal Herria. Atzo denak ginen quebectar, gaur out dago Montenegro mapan kokatzen ez dakiena. Ni ere arreta handiz ari naiz prozesua jarraitzen, egia da. Baina prozesua bera interesatzen zait, herriek erabakitzeko ahalmena izatea. Ipar Ameriketan estatu anglofono bi edo frankofono berri bat sortzeak ez zidan aparteko ilusiorik egiten, eta Jakinen Quebeceko indigenei buruzko erreportaje interesgarri hura (Xabier Erize eta Pilar Marinek idatzia 126. alerako) irakurri ostean, zer esan: orain artean aski egurtu ez eta muga berria altxatu behar cree herritarren artean. Hori bai, autodeterminatzen. Bejondeigula. Montenegro beti egin zait erakargarri, horratik. Izenetik bertatik hasita. Eta, sinpletzat har nazazue, baina mapan hain herri txikia ikusten duzularik sinpatia eragiten dizu. Iaz izan ginen han, ederra da, merkea, errepide kaxkarrak eta parranda itzela kostaldean zein Podgorican. Montenegroarrek serbiar, bosniar eta kroaziarren hizkuntza berbera daukate, alfabeto zirilikoa erabili izan dute duela bospasei urte arte eta historikoki kristau ortodoxoak izan dira. Zerk bereizten ditu serbiarrengandik, beraz? Erraz esanda, serbiarrak baino serbiarrago dira. 1389an Serbia Inperio Otomanoaren menpe jausi zenetik, zapalduaren izaera kontzientzia nazionaleko zati da. Montenegrok, berriz, beti eutsi izan dio independentziari. Cetinje hiriburuaren inguruko mendietan gotortuta, turkiarrek ez zuten inoiz lortu serbiar basa haiek menpean hartzerik. Erresistentziaren sena inork badauka barneraturik, montenegroarrak dira horiek. 90eko hamarkada hasieran uko egin zioten independentziari eta milaka montenegroar ibili ziren Jugoslaviako Armada Federalean borrokan, Dubrovniken bonbardeoan edo Bosnian, kasu. Radovan Karadzic bera montenegroarra da. Gerrak amaituta bahimendu ekonomikoa etorri zen, eta hor ekin zion Podgoricak Belgradotik urruntzeari, goseak haginak luze. Marko alemana eta gero euroa hartu zuten debaluazioz debaluazio zihoan dinarra bazter utzita, eta Kosovoko gatazkatik aparte gelditu ziren -bidenabar, NATOko bonbardaketak saihestuz-. Azken urteotan, estatu independentea izan da de facto federazio ahul batean, gura zituen neurriak hartzeko. Eta konturatu da Kroazia, bera bakarrik, askoz aberatsago bihurtu dela, eta Montenegro txikiak ere, bakarrik, hurbilago daukala Europa, Serbiaren zama ekonomikoa eta historikoa -gerretako, eta, batez ere, gerra-osteetako galtzaile- aldean hartu barik. Austriaz gogoratu naiz halako batean: II. Mundu Gerra ostean, egun batetik bestera, estatu nazi izatetik, naziek inbaditutako herrialde bihurtu zen. Sandzak Bosniako zati izan zen Austria-Hungariak azken hori 1878an irentsi arte. Jugoslavia sortuz geroztik, Montenegro eta Serbiaren artean zatitutako eskualdea da. Biztanleen erdia baino gehiago "musulmanak, zentzu nazionalean" ziren Titoren garaian eta azken urteotan "bosniako" hitza nagusitu da -hizkuntzari bosniako deitze horretan denak ez datoz bat, askok serbiera deritze, beti ezagutu duten berba, alegia-. Orain, Bosniatik bereizten dituenaz gain Sandzakeko beste herrikideengandik bereizten dituen muga bat jarriko duten beldur dira. Niri prozesuak interesatzen zaizkit, Quebecen zein Montenegron. Baina ez zuri-beltzeko munduak.

2006-04-09

Piratak

Berrian 2006-IV-9an argitaratua
Itakara heltzea baino nabigatzea zela beharrezko irakurri genuen. Bizitza bada nabigatzea, helmugara heltzea heriotza izan liteke. Baina heriotza izan daiteke helmugarik gabea ere, itsasoak berea eskatzen badu. Itsasoa lehorretik baino ezin da mitifikatu. Arrantzaleak, marinelak eta pirataren bat edo beste txikitatik ezagutu ditugu, baina esklabo-ontziak ez hainbeste. Gure kontzientziei erasaten die.
Hesiak altxatu eta ontziz datoz, eta azkenean Mendebaldeko Afrikako kosta-lerroa buruz ikasiko dugu. Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania orain. Afrika beltza dator jarraian, Senegal, Ganbia, Gineak, Sierra LeonaÉ Esklaboen kosta ere deitu izan zaio, Senegaldik Nigeriaraino dozenaka gotorleku daude, mendetan esklabo-merkantziarako erabiliak. Ameriketarantz abiatu aurretik ikusten zuten azken Afrika zatia. Amerika ametsa baino Babylon zela entzun genuen, baina gehienen nabigazioa itsasoan amaitu zen.
Eta orain atzera entzun dugu esklabo-ontzia dabilela Atlantikoan. Gure pasaportearen arabera dagokigun itsaso-zatitik uxatu dituzte, beraz, ardura gutxi. Zeinen politak Karibeko irudiak, eta piratak, eta rona, eta zeinen sinpatikoak beltzak, azentu dantzari horrekin. Eta zer erantzungo diozu, beltz horren neba, arreba, ama, alaba, galdezka datorkizularik: zer egin zenuen gure senidea ez itotzeko? Gaur hesia isilik gainditu gura duenak bihar bertan behera bota dezake, eta kontuak eskatu.

2006-04-02

Mugak

larrepetit">Berriako 2006-IV-2ko alerako idatzia (nahiz eta kurtsiba kentzeak esangura moldatu neurri batean, intentzioan behinik behin)

Geografia zaleak ez gaituzte ulertzen askotan. Atlaseko orrialdeak eleberri liluragarriena legez pasatzea, mapak, mugak eta herrialdeak irudikatuz eta irudimenarekin bidaiatuz, uste nuen baino gehiagok egiten dugun ariketa da. Badira atentzioa ematen dutenak, Pirinioen gainetik doan marrak zelango desbideraketa historikoak dauzkan, kasu, Luzaide, Urdazubi eta Zugarramurdi hemengo bihurtzeko, bestaldean egonik. Marrek pertsonak bildu eta bereizten dituzte, baina herriotako euskalkiek zer esanik ez arandarren oc mintzairak marra lodiena ere zeinen biguna izan daitekeen erakusten digute. Mugei buruzko ariketa interesgarriak utzi zizkigun Edu Zelaietak Mugaldekoak lanean, eta Joseba Sarrionandiak berrikiago, Nabarra-n.
Marren aldaketa gehienak odolez idatzi dira Europan. Afrikan, mapetan zegoena jakin barik egin zituzten marrak, baina aldatu behar direla aipatze hutsak lurrikarak sortu ohi ditu oraindik. Montenegrok marra estu eta fina lodituko ei du laster. Zalaparta aldamenetik dator, ordea, Kosovotik. Marrarik ez? Serbiako mugara eroan marra? Ala Kosovo barruan ezarri, albaniarrak eta serbiarrak bereiziz? Azken hori eginez gero, Bosniako serbiarrek gauza bera egin dezaketela esan dute, eta Albaniako lehendakaria Mazedoniako albaniarrez gogoratu da. Atzera zalaparta.
Marrak kentzea oso kosmopolita da, marrok Bidasoan, Trebiñun, Pirinioetan, Luzaiden, Xaretan edo Turtziozen ez badaude behinik behin.

2006-04-01

Bidaiatzen

Aizu!ko apirileko alerako idatzia
Ez dakit bidaiatzeak nazionalismoa gainditzen laguntzen duen. Egun mundu zabalean aurkitzen dituzun herrikide askori entzunez kontrakoa pentsa liteke. “Polita da hau guztia, –bidaia justifikatu behar da - baina etxean bezala inon ez”. Gure sukaldaritza, gure paisaiak, gure giroa, gure parrandak, gure… baina hala ere, Altzürükün, Lanestosan edo Sartagudan inoiz egon barik, zigilu-bilduma egiten dugu pasaportean. Etxean bezala inon ez zaudela ondorioztatzeko bada ere.Pentsatu gura dut, baina, bidaia guztiek badutela iniziaziotik zerbait. Arruntasuna hausteak, berdin zait ondoko herrian edo munduko txokorik ezkutuenean galtzeko, uzten duela arrastoa, eta itzultzen zarenean ez zarela joan zaren pertsona bera. Mundua desberdin ikusteko laguntzeko balio duela bidaiak, zalantzak eta galderak pizteko eta urrun genuen errealitatea apur bat hobeto ezagutzeko. Eta urrun ditugun errealitateak ez daude Afrikan edo Asian bakarrik.“Nabigatzea beharrezkoa da, bizitzea ez”, Plutarkoren berbak dira, bizitza bera bidaia delako menturaz. Afrikan izan gara Euskal Herriko negutik urrun. Ahalik apalen ibili gara, haserre tarteka –denok daroagu barruan zapaldu beharreko faxista txiki bat–, galdetu eta entzuteko asmoz ia beti. Galdetu digunari euskaldun agertu gatzaizkio. Baina beltz sinpatikoari euskarazko berbak irakatsi baino, gurago izan dugu apur batean frantsesa utzi eta dioleraz, banbaraz, dogoneraz, woloferaz, peuleraz,… agurtzen ikasi.