2006-03-26

Gidoia

2006-III-26ko Berriarako idatzia

Semiotikako adituak ere txunditu ei ditu eszenaratzeak, interneten emandako hedapenak eta hedabideen arreta eta oihartzuna bereganatzeko prestutasunak. Argiak ez zeudela behar bezala kokatuta, irakurri ditudan azterketetan topatutako hutsune bakarra. Esanguratsua halaber, estatubatuar estiloko kongresu ikusgarri bezain funsgabeen zaleak; nekez pentsatuko nuen erreakzio-gaitasun kaskarragorik. Gainontzekoak antzina prestatutako gidoiari estu lotuta sumatu genituen. Mendebaldeko lehendakaria ere bere lekuan, nahiz eta kostako zaion onartzea ez dela pelikulako protagonista. Hedabideek ere prest zeuzkaten egun handirako trakak, txostenak eta edizio bereziak. Kazetari batek baino gehiagok moldatu behar izan du erreportajea azken asteetan, menia bazetorrela eta ez zetorrela.
Arma klandestinoak isilduta herritarren txanda dela dioskute, eta ezin eragotzi filmeko estra izatearen sentipen hori. Datorren larunbatekoa garrantzitsua izango da, zalantzarik ez, baina gidoiak, azken komaraino idatzita dagoela dirudi, hasi eta buka ez bada, bai estreinako kapitulu hauetan behinik behin.
Eta horrexek sortzen du konfiantza, hain zuzen: herritarrok beharrezko bai baina beharrezko konpartsa izanagatik, prozesua blindatu samar dagoela ikusteak. Ez ei du 1998ko ilusiorik piztu. Baina, aukeran, ilusioa baino konfiantza gurago.

2006-03-19

Prezioak

Berriako 2006-III-19ko alerako idatzia

Hire askatasuna zegan zagok? Ehun milan. Hirea? Berrehunen, doble, hi. Hirugarrenak: Ba nireak ez zaukak preziorik, erosten ere ez zidatek utzi.
Nouadhibou ere askatasuna izan daiteke, Sahara okupatuko kontrol militarrak guztiak atzean utzita. Banc d'Arguineko imraguen arrantzaleek izurdeen laguntzaz egin izan zuten arrantzan, gero etorri ziren cayucoak, Kanariar Uharteetako ohiturak hartzean. Han ere garestia prezioa, garestiegia ez denean. 10na euro kosta zitzaigun guri bisatua urtarrilean, egun mila euroan ere ezin ziurtatu Afrika aberatsera iristerik. Berehala iritsi direnak europarrak dira, gure jauregi gotortuak ez dauka preziorik. Lehen Maroko, orain militarren peko Mauritania, azpikontratak han eta hemen. Zertan lohitu gure esku zuriak, afrikar jendarmeak ditugularik marea beltza garbitzeko?
Kassumay! Ez dira gutxi gure artean bizi diren diolak, Senegalen menpeko Casamancetik etorriak. Hango lagunen emaila jaso berri dugu Djenbering herritik. Djenberingdarrak etxean giltzapetu dira egun batez, hala agintzen du ohitura animistak. Han esan genien laster arte berriz ikusiko ez genituen katalan lagunei, segundo batean hil ziren amerikarrek saldutako militarren auto garesti batek harrapatuta. Gaur ostirala emakumeak bakarrik dabiltza kalean, fetitxeei eta leku sakratuetan otoitzean. Kaiolak eta garestiegiak diren prezioak, hegotik iparrera.

2006-03-17

In memoriam

Luluk eta Totik, Casamancen bizi diren katalan bik bidalitako mezu ederra. Nola-halako itzulpena da, inork katalanez hobeto baleki, dena hobetu daiteke, of course.

estimats amics
Volem comunicar-vos que per decisio de les dones de Djembereng, del poble de la Casamance on vivim actualment, i seguint la tradicio animista diola que regna per aquestes terres, el dia d'avui es dedica integrament a la memoria dels morts del desgraciat accident de trafic del passat dia 23 al Cap Skirring en elque van morir el Xavi, la Tamara, el Xixo, la Sara i el taxista que els portava.
En un moment tan trist com aquest es molt recomfortant viure un ritual tan sagrat i important com el d'avui. I fa dos dies es va fer al poble vei deKabrousse.
Durant tot el dia ningu no sortira de casa seva, i nomes les dones estaran pels carrers, als fetitxes i llocs sagrats, per resar i protegir els morts i la seva memoria.
I com que la seva cultura ens honora, voliem compartir-ho amb tots.
Respectuosament
Toti i Lulu

Lagun maiteok,
jakinarazi gura dizuegu Djemberengo -orain bertan bizi garen Casamanceko herri honetako- emakumeek hala erabakita, eta lurraldeotan nagusi den tradizio animista jarraituz, gaurko eguna oso-osorik eskaintzen zaiola hilaren 23an zoritxarreko istripuan Cap Skirringen, hildakoen memoriari, Tamarari, Xixori, Sarari Xaviri eta eurak zeramatzan taxilariari.
Hau bezalako une tristeetan oso lagungarria da gaurkoa bezalako erritual sakratu eta garrantzitsua bizitzea. Duela egun bi Kabroussen, aldameneko herrian ere egin zuten.
Egun osoan inor ez da etxetik irtengo, eta emakumeak baino ez dira egongo kaleetan, fetitxeetan eta leku sakratuetan, otoitz egiteko eta hilak eta euren memoria babesteko.
Eta beren kulturarekin ohore egiten digutenez, zuek guztiekin batera elkarbanatu nahi genuen,
Errespetuz,

Toti eta Lulu

2006-03-12

Sinpatikoak

Berrian 2006-III-12an argitaratua

Puerto Ricoko trobadore ezagunenetakoa da Victoria Sanabria. Azaroan ezagutu nuen, eta luze egon ginen berbetan. Hain urrun dauden herri bitan zeinen antzeko ohiturak gordetzen genituen liluratuta, bataren eta bestearen inprobisazio-motaz aritu ginen, zelan egiten dugun hemen bertsotan ibiltzeko, sortzeko, entzulearengana iristeko, teknikak...
Euskal Herriko erdaldun batekin geunden, nahastu samar sumatu nuen. Ezagutzen zuen Sanabria, trobadore ez eze Puerto Ricoko kantari ospetsuenetakoa baita, zer esanik ez bertsolariak, txikitandik ikusi bazituen ere inoiz ez zien askorik erreparatu barik, euskal paisaiako zati ziren. Ezin Karibean eman genion dimentsioa sumatu. Badakit horrek ez ziola, etxetik hain urrun, euskara ikasaraziko baina badakit halaber halako harrotasun bat piztu zitzaiola, aizue, hauek nire herrikoak dira.
Julen Gabiriak idatzi berri duen «Kultura sinpatikoa gara» dioen artikuluaren harira dator hau guztia. Oso ondo daude gurea kanpoan ezagutarazteko ahaleginak, eta gure erdaldunak dira arrotzetan arrotzen kasu honetan, baina gehien-gehienei bost axola zaie. Badakite hemen gaudena eta ez zaie ardura. Kanpoan norbaitek gugan arreta jartzen duen arte. Orduan bai, orduan beti-betiko lagunak gara, orduan txikitandik ezagutzen gaituen lagun sinpatiko hori gara. Gainontzean, kultura txiki hau paisaiako zati baino ez da. Erdal kosmopolitismo probintzianoa baino mila aldiz mundutarragoa izan arren.

2006-03-05

Hotzetan

Berria-rako idatzia
Ia aste biko ibilbidea ordu gutxian egin dugu atzera, baina ez gaitu horrek hotzitu. Tropikoa Herioren bisitarekin amaitu genuen, ezin pentsa militarren autoan zihoala ia ibilgailurik gabeko Casamanceko errepideetan, Xixo, Sara, Xavi, Tamara eta Diallo gidariaren bila.
Hotzikarak hotzikara ekarri digu atzetik. Cuenca, Aranjuez, Espainiako hiririk ederrenetakoetan ere Herio merkealdian euskaldun-ehizan. Negua amaitu zelakoan itzuli ginen, baina otsaila ez da sekula laburrena izan. Ilbeltzaren jarraipena da, besterik ez.Etxean zaudela, ez da zaila idaztea, kanpoan ere erraz egiten da, baina gorputza batean eta burua bestean duzula lanak ematen ditu ezertan jartzeak ere. Gero zurrunbiloa dago. Zaratarik egin barik utz dezakezu trena azken bagoitik baina zelan hartu atzera ziztu bizian dabilen ibili absurdua? Herio ez da absurdoa, horratik. Latza izan daiteke, tristea da ia beti, baina gutxitan absurdoa. Pertsonak dira absurdoak, axolagabetasunean, gezurrean. Gerraren korrituak bakearenak baino zati bat handiagoak dira etxe batzutan, nonbait. Ez han ez hemen, hain gutxi albotik begira zain. Jario kalkulatuta eta kalkulu miserableak, nori, zenbat eta zelan negar egin arautu eta galarazi guran. Eta gu krokodiloak Afrikan utzi genituelakoan.

2006-03-01

Afrikako kontuak

Europar neguari ihesean Afrikaraino etorri gara Renault Express zaharra lagun. Autoaren heriotza baino, biziberritzea izango da, Malin dabiltzan autoen aldamenean erabateko gaztetzea. Euskal Herria, Espainia, Maroko, Sahara okupatua eta Mauritania atzean utzita sartu ginen Malin, eta herrialde horretan eta Senegalen eman ditugu neguko asteok. Afrika beltza ulertzen ez duen guztia sinplifikatzeko joera duen Europarentzat. Dena beltz eta kito.Basamortua utzita, musulmanak dira oraindik ere herri gehienak, islama beste modu batean bizi duten arren. Mekatik itzuleran ikusi dugu fededun bat baino gehiago, eta bizitzako bidaia garrantzitsuena eginda ere, musulman zurien mespretxua sentitu dutela esan izan digute.Kristautasunak ere erro luzeak ditu, bere ezarpena gehienetan islama baino are azalekoagoa den arren. Antigoaleko animismoa edonon eta berehala agertzen da askorik sakondu barik. Europatik gutxi ikusten diren kontuak dira, gutxi ikusten diren legez, erregela hartuta egin ziren mugen barruan zenbat herri eta etnia kateatu edo bereizi zituzten. Afrikar analfabetoak ezagutu ditugu, bat baino gehiago, baina oso afrikar elebakar gutxi. Iparreko latitudeetatik datozen joera uniformatzaileen aurrean, herriko hizkuntza, aldameneko herriarena eta estatuarena, Malin banbara eta Senegalen wolofera, mundu guztiak dakizki, eta frantsesa ere askok eta askok. Dozena erdi hizkuntzadun analfabetoak dira, dena beltzez margotu ohi dugun Afrika horretan.