2006-02-11

Kedougoun, Senegalen jadanik

Hainbeste egun idatzi ezinik eta Malikoa amaituta Afrikara heldu gara. Azken konexioetan etxera email batzuk idatzi, Berria eta beste konpromiso batzuk bete eta ziberkafeetako denbora segidan joan da. Baina bidaiako azken txanpari ekin diogu, astiro-astiro Senegalgo ekialdeko herriak bisitatu eta Casamancerantz jo eta hile amaieran Dakarren hegaldi merkeren baten bila. Express zaharra Malin gelditu da, Mopti aldean Satimbe enpresarekin txangoak egiten dituenak litekeena da euskal herriko auto batean egitea: lehendik ere Nafarroako matrikuladun autoa zeukan ugazabak, eta orain Bizkaiko Renault Expressa.
Ordutik honantzakoari ekin eta lehen zatian kontatzeko, Satimbeko gidaria etorri zitzaigun Moptiko ostatura bila, dogon herriak bisitatzeko. Ez irudikatu leku turistikoetako enpresa handiak, Malin turismoaren maila apal-apala da oraindik. Dogon herrietan hamar-hamabi atzerritar topatu ditugu gauero herrixkek eurek antolatutako kanpamenduetan, ez argindar ez iturriko urik gabe. Tartean hiru espainiar sinpatiko, guk zorte handi-handirik ez dugu izan baina eurek ere... bezperan ezagutu genituen, taberna berean afaltzen: Tinbuktura joateko pinassea hartu zuten eta Moptitik irten barik hareatan ez atzera ez aurrera gelditu ziren, orduak eta orduak, egun hartan hura mugituko ez zela konturatu ziren arte. Horrelako "afrikarkeria" asko gertatu zaizkigu, orduak eta orduak itxaroten egon beharra, baina tira, oporrak dira azken batean, okerragoa da jana irabazteko egunero-egunero horrela ibili behar dutenena. Pinassean azpian zihoazen maliarrak adibidez, ikusgarria, dozenaka lagun, umeak, salgaiak, denak geldirik, hiru eguneko bidaiari noiz ekingo. Espainiarrak txalupatik jaitsi eta Moptin bertan hartu zuten ostatu, biharamunean berriz saiatzekotan.
Gu, berriz, goizean goiz abiatu ginen Bandiagarara, dogon herrien "hiriburu" ez ofiziala. Boubacar, hiru egunotan gidari izan dugun mutila, bertan bizi da, sortzez Burkina-Fasoko mugako herri batekoa bada ere. Hala, dogoneraz daki, ama-hizkuntza duenez, peuleraz, inguruko lingua franca izan denez urte askoan eta Bandiagaran dogonak gehienak izan arren oraindik ere peuleraz egiten baita azokan-eta, banbaraz, Maliko estatu-hizkuntza baita, mossieraz, Burkina Fasoko hizkuntza, mugatik hurbil hazi zelako, frantsesa, turismorako... dozena erdi hizkuntza, eta gida-liburuak zer zekarren erakutsi gura izan nionean, ez zekiela irakurtzen esan zidan! Baina nekez topatuko genuen Bandiagarako fallako herrietan ibiltzeko pertsona egokiagorik. Hiru eguneko txangoaren berri emateko asmoa neukan, baina gaur ere motel dabil hau eta... hurrengoan beharko du!

1 comment:

Anonymous said...

Aupa zuek!
Hori da hori inbidia!
Segi horko berri ematen, han izanik hona baitira lurralde horiek orain guretzat, zuei esker.
Besarkadak trenbidearen beste aldetik.