Bandiagara hiriburua utzita fallara hurbildu ginen Nafarroako autoan. Paisajea lehor, urritik ez du ia euririk egin baina oso ederra ei da eurite sasoian. Tarteka, erreken aldamenean berdeguneak ageri dira, dogonak ezagunak ei dira eurek ekoizten dituztelako Maliko tipularik onenak. Bitxia da, edo agian ez hainbeste, dogonek badakite peuleraz berbetan, baina ez alderantziz, dogon dialektuak hain dira ezberdin ze, peuleraz egiten ei dute elkarrengandik urrun dauden herrietako dogonek.
Autoko lehen geldialdia fallaren gaineko herrixkan izan zen, Boubacarren eskutik ezagutu genituen buztineko etxolak eta aletegiak, zein bere ikurrarekin: handiak gizonenak dira, familia osorako elikagaiak gordetzen dituzte bertan, eta goizean emazteari ematen ei dio gizonak bazkaritarako prestatu beharrekoa. Emakumeen aletegia txikiagoa da, baina emakumearena berarena da, ezkontzerakoan senarrak altxatzen dio eta bertan gordetzen ditu bere gaiak emakumeak, nolabait bere autonomia esparrua hori dela ulertu genion, hor gordeta eta hortik saldutakoarekin lortzen dituela bere bitxiak, belarritakoak eta abar.
Hilerokoaren etxea da dogon herrietako beste bereizgarri bat, hara joaten dira nerabezaroan hasita hilero-hilero emakumeak, ezkongabe zein ezkondu, emakume bat bere haurtxoarekin topatu genuen bertan.
Toguna zaharren batzar modukoa da, teilatu oso baxua dauka, eta arrazoia oso bitxia da: bertan eztabaidatzen dira herriko arazoak, bikoteen arteko harremanetatik hasi eta segi norbaiten ganaduak beste norbaiten aletegietan egindako triskantzekin. Eta batzarretan inor sutu ez dadin, oso baxua da, inor haserretu eta altxatzeko ahalegina eginez gero, sekulako kaskarrekoa hartuko du buruan eta laster baretuko da!
Meskita, eliza katolikoa eta animismoaren jarraitzaileen fetitxeak ikus daitezke herrian, alde honetan gehienak musulmanak badira ere. Kristauak, oraintsu joandako misioen eraginez batzuk eta gehienak duela mende bat, gosete sasoian frantsesen lorpena: elizara zihoanak janaria ziurtatzen zuen.
Fallako muturrera helduta eremu ezin ederragoa hedatzen da, harri beltz bolkanikoa dirudi, eta behean Burkina-Fasoraino hedatzen den lautada, horietako herrixka batean jaio zen Boubacar.
No comments:
Post a Comment