2005-11-20

Jalgi hadi mundura

(Berrian 2005-XI-20an argitaratua)

Z
orionak euskaldunok! Bihartik aurrera, Europak euskaraz berba egiteko eskubidea ematen dizue. Irakurri dudana zuzena bada, aurrerantzean, Europako Batasunarekin dituzuen harremanak euskaraz izan ahalko dituzue. Zalantzarik gabe, erabateko aldaketa ekarriko du honek gure bizitzan. Espainiak ordainduko du itzulpen zerbitzua (lapurtar, baxenafar eta zuberotarrei ere bai?), eta denok pozik. Lehengoan ez ziren Madrilgo senatariak euskaraz eta katalanez aritu, bada! Mundua aldatzen ari da eta guk jakin ez euskaraz bidaiatzea badaukagula. Oraintxe bertan maleta egin eta euskaraz erosiko dut bidaia-txartela, euskaraz egingo diot autobus-gidariari, taxilariari, euskaraz egingo dut tabernan, kioskoan, erietxean, udaletxean, uniforme berde, gorri zein urdin, nik euskaraz, alkateari, zinegotziari, sendagileari eta INEMeko bulegariari. Eta euskaraz ibiliko gara mundu zabalean zoriontasuna barreiatuz.
Izan gaitezen serio. Euskararen kalterako agian, euskaldunon onerako zalantzarik gabe, ez gara sekula munduan barna ibili hizkuntzak eta hiztunak hiltzen eta gure hizkuntza inposatzen. Euskara ez da munduan barna ibiltzeko. Bruselarako, Madrilerako edo New Yorkerako ikasiko ditugu beste batzuk, ez arduratu horregatik. Euskal Herrian euskaraz egitea bermatzen ez (edo are eragozten) duzuen bitartean, utzi lelokeriak eta egin behingoan etxeko lanak. Batzuek hizkuntza komunikatzeko darabilgu, museoko altxorren, sinboloen edo Europako banderen gainetik.

1 comment:

Anonymous said...

Badago bada ondino zentzuzko hitzen bat esaten dauenik, eskerrak.