Aizu-ren 302. alerako idatzia
Euskal Herriko mendebaldean bizi izanda, ez dira asko gure inguruan dauden seinaleak, Baina Irunera hurbildu ahala, gero eta gehiago dira “Frantzia” dakarten bide-seinaleak (eta eurekin batera igotzen da sprayaren erabilera, baina hori beste kontu bat da).
Baionatik Hendaiara bidean askoz gutxiago dira Espainia iragartzen dutenak. Euskaldunoi zilborrari begiratzea leporatu izan zaigu sarri, Europa inoiz baino batuago ei dagoen sasoiotan atzera bidean bagenbiltza legez. Baina bide-bazterrean antzematen zaio Espainiari ez duela uharte izaera galdu. Pirinioak edozein itsaso baino muga garaiezinagoa dira.
Frantziak, bere itxitasun jakobinoan, badaki ez dela uharte gutxienik, Europako mugak marraztuta daudela, eta ez minaz josita. Irun, Donostia, Iruñea, irakurriko dugu Lapurdiko errepideetan, Zaragoza ere iragartzen dute Paueko autobidean, eta handik Mediterraneorantz, behin eta berriz ikusten ditugu Bartzelonako seinaleak.
Hego Euskal Herrian ez, Frantzia ikusten dugu, Irunen mundua amaituko balitz bezala. Iruneraino, herri eta auzoak dauzkagu bidean. Handik aurrera, Frantzia, ez jakin Hendaiaz, Baionaz, Bordelez ala Parisez diharduten. Frantziak ez-Espainia esan nahi du kasu honetan, mundu ezezaguna. Etxetik kanpora zoazela iragartzen dizu.
Euskaldunok beti jakin dugu zeinen artifizialak diren gure lurrean egindako marra administratiboak. Abertzale izan zein ez, auzoa ezagutzea beti komeni da. Bihar ere Bordele, Burgos, Castro-Urdiales edo Olorue ikusi nahi nuke seinaleetan, ez mundua bitan banatuko luketen Espainia zein Frantzia bateratzaile bezain baztertzaileak.
No comments:
Post a Comment