2005-11-27

Eta itzuli ginen Borinkendik...

Aireportutik ostatura joan eta Interneteko konexioa geneukala ikusita, logurari aurre eginik lehen gauza izan zen, Bertsolari Txapelketako saioko emaitzak begiratu eta blogean lerro batzuk idaztea. Bihar gehiago jarri genuen... eta aste bi joan ziren. Aste bi off-line. Bidaiatzen ibiltzen naizenean ere ez naiz erabat deskonektatu behar izaten duten horietakoak, maite dut egunero-egunero ez bada ere tarteka ziberkaferen batean emailak begiratu eta etxeko albisteak irakurtzea. Oraingoan ezin, ordea. Karibeko herririk aurreratuena da gure eredu neoliberalen arabera, AEBetako txiroena edo Latinamerikako aberatsen, zelan begiratu. Baina bidaia honetan bai, erabat deskonektatu dut. Ez hala bilatuta, horratik. Batetik, egunak aski laburrak izan eta ziberkafeetan sartu gura ez, ilundutakoan lagunekin hitzorduak, batean "bomba" emanaldia, bestean hango euskaldunekin txangotxoa honat-harat, hurrengoan "bertsolari" borikuekin elkarrizketa. Azkenean, Karibeko hondartzeaz lauzpabost egunetan baino ez gozatu, EH-z deskonektatu bai, baina inoiz baino lan eta harreman gehiago eginda sekulako betekadaz itzuli gara. Astiro-astiro argitaratuko ditugu Borinkengo kontuak, elurrak izoztuegi utzi gaitu eta oraingoz. Eguaztenean bertan Viequesko hondartza zoragarrietan geunden, aizue, Armada yankia egotzi ostean desarrollismoak irentsi barik, ez txiringito ez hotel, biluts-bilutsik eta ezin ederrago gelditu diren hareatza galduetan!

Berriako zutabetxoa, hasteko (2005-XI-27an argitaratua)

Txoriaren beste hegoa

Halaxe deitu zion Pablo Milanesek Ameriketako koloniarik zaharrenari. Gerrako ospila izan ziren 1898an eta ordutik estatubatuarren nahieran erabili izan dituzte. Ondorioak Rosario Ferre idazleak nabarmendu zituen: zer diren eta zer izango diren, behin eta berriz entzun daiteke estatusaren gaineko eztabaida telebistan, irratian zein kalean bertan. «Latinamerikarrak gara ala iparramerikarrak? Base nuklear eta militar, ala kultura bien arteko adiskidetzeko zubi? Piringa uretan paperezko piragua ala Gibraltargo haitza Karibean galduta?» dio Ferrek. Yankiek hartu, eman eta utzi dute eurena: kontsumo kultura jasangaitza (lau milioi biztanle, beste horrenbeste auto, eta Nafarroa baino txikiagoa den uharte menditsua) eta kolonizatu zoriontsuaren mentalitatea, behin eta berriz jipoitu arren bere aldamenetik joan gura ez duenaren izaera. Baina ezagutu ditugu bestelako asko: beltzen bonba eta plena doinuen jarraitzaileak, jibaroen inprobisatzaileak, antikolonialista sutsuak eta nork nori zer zor dion argi duen jendea. Orain hile bi, 1867ko Laresko irrintzia gogoratzen zuten egun berean, FBIk Filiberto Ojedaren etxaldea inguratu, itxi eta tiroz jo ostean odolustuta hiltzen utzi zuten. Herriko sektoreen erantzuna eta amorrua sekulakoa izan da. Hizkuntzari eusten lortu duten legez, bakarrik ibiltzen ere ezin hobeto moldatuko diren uste osoa daukat.

No comments: