2005-11-08

Hamar urte eta gero


Gara-ko Mugalari gehigarrian azaroaren 5ean argitaratua


Datorren astean beteko dira hamar urte Nigeriako Abacha jeneralaren diktadurak Ken Saro Wiwa idazlea eta ogoni etniako beste zortzi lagun urkatu zituenetik. Data hura gogoratu eta Shell petrolio-konpainiaren erantzukizuna salatzeko hainbat ekitaldi ari dira egiten egunotan.

Nazioarteko PEN-Klubak Ken Saro Wiwari eskaini nahi dio aurtengo Idazle Presoen Eguna. 1995eko azaroaren 10ean izan ziren bederatzi ogonien exekuzioak, eta data horretara aurreratu dute 15ean gogoratu ohi duten eguna. Euskal Herrian gaur zortzi, hilaren 12an izango da omenaldia, Bilbon.

Urte osoan zehar izan dira ogoni idazlea gogoratzeko ekitaldiak, baina urriaren 21ean hasi zen "Remember Ken Saro Wiwa" (Ken Saro Wiwa oroituz) izeneko jardunaldiak. Londres izan da omenaldion hiriburu, baina mundu osoan izango dira nigeriarraren hitza, lana eta borroka hedatzeko ekimenak: hogeita hamabi PEN-Klubek hartu dute nork bere herrialdean omenaldia antolatzeko erantzukina, eta euskaldunek ere ekitaldia xumea prestatu dute Bilbon: iaz Durangon legez, euskal presoen idazlanak biltzen dituen AtaramiƱe ekimena bertan izango da, eta horrekin batera Ken Saro Wiwaren poemak irakurri dira, Bizkaiko hiriburuan bizi diren nigeriarrek eta euskaldunek irakurrita. Euskaraz eta ingelesez izango da poema-irakurraldia, eta Nigeriako musikak lagunduko die ogoni idazlearen testuei.

Nor zen Ken Saro Wiwa?

Ogoni herria milioi erdi lagunek osatzen dute, eta Nigerko deltan eta haren ekialdera dauden mila kilometroko karratuko lurraldean bizi dira (Behe Nafarroa baino apur bat txikiagoa). Arrantza eta nekazaritza izan dira ogonien jardunbide nagusiak historikoki, baina Ken Saro Wiwak Ingeles Literaturan lizentziatzea lortu zuen. Biafrako gerran federazioaren alde egon ostean Nigeriako gobernuan eman zituen bost urte, 1973 arte. Idazle karreran urrats garrantzitsuenak 80. hamarkadan eman zituen: Basi & Company telenobela arrakastatsuko gidoilaria izan zen, munduko osoan milioika lagunek ikusi zuten Nigeriako mikrokosmosa zen telesaila.

Sozaboy eleberriak kritikarik onenak ekarri zizkion Saro Wiwari, gerra zibileko erreklutaren istorioagatik bezainbat hizkuntza-moldeak nahasteko ageri zuen abileziagatik, ingeles jasoa eta Nigeriako pidgina uztartzen baitzituen. Baina idazlearen arrakasta ez zen bere herriak bizi zuen egoeraren isla. Hala, 1986an Forest of Flowers (Loreen basoa) ipuin-bilduma argitaratu zuen. Han ageri zen bere inguruan ikusten zuenak idazleari eragindako haserrea. Urte horietan buru-belarri jardun zuen literatura idazten eta telebistarako ekoizpenean, hainbat ipuin, gidoi eta poema idatziz: Songs in a time of war (Kantak gerra-denboran, 1985) poema-bilduma, Lemona'a tale (Lemonaren ipuina, hil ostean argitaratua) eta The Singing Anthill (Inurritegi Kantaria), 1991ean kaleratutako bilduma, ogonien herri-ipuinekin.

Ordurako Ken Saro-Wiwa borroka politikora itzuli zen, gobernuaren aurka egiteko. 50. hamarkada amaieratik Nigerko deltan ziharduen Shell petrolio-konpainia britainiar-holandarrak, eta egoerak okerrera egin zuen urterik urte: Nigeria aldian-aldian estatu-kolpea jo eta boterea lortzen zuten militarren herrialdea bihurtu zen, bakoitzak bere negozio pribatuak Shellekin egin, aberastu eta hurrengo jeneralari txanda pasatzeko. Bien bitartean, ogonien lurra erabat kutsatu zuten, inolako kalte-ordainik gabe. Petrolio-hodiz jositako Nigerko delta bertako biztanleen eta euren bizimoduen heriotza bihurtu zen, agintarien kontu-korronteak erruz puzten ziren artean.

Ogonien genozidioa


Genocide in Nigeria: The Ogoni Tragedy (Genozidioa Nigerian: Ogonien tragedia) idatzi zuen 1991an Ken Saro-Wiwak, eta urte berean argitaratu zen Nigeria: The Brink of Disaster (Nigeria: Hondamenaren ertzean). Idazlea bizi zela argitara emandako azken lana A Month and A Day: A Detention Diary (Hilabete eta egun bat: atxiloketaren egunerokoa) izan zen. Hurrengo urteetan beste batzuk plazara irten ziren, eta berriki, hilketen hamargarren urteurrenean, lan guztiak berrargitaratu dira.

MOSOP (Ogoni Herriaren Biziraupenerako Mugimendua) sortu zuen Ken Saro Wiwak eta 1992an Herri Indigenei buruzko Nazio Batuen Batzordean mintzatu zen. Lurraren aldeko mugimendu bakezalea osatu zuen; Babangidaren diktadurak behin baino gehiagotan atxilotu zuen eta 1993ko apirileko espetxealdian bihotzekoak jo zion. Sani Abacha izan zen hurrengo diktadorea, egoerak okerrera egin zuen. 1994ko maiatzean lau ogoni hil zituzten protestetan, zerikusia zutelakoan Saro Wiwa eta beste zenbait ogoni preso hartu zituzten biharamunean, eta heriotzera eroango zuen prozesu luze bezain ustela abiarazi zuten.

Epaiketa hurrengo urteko otsailean hasi zen, munduko osoko idazle, politikari, gobernuburu, eta giza-eskubideen eta mugimendu ekologistako ekintzaileek egin zuten presioa Saro Wiwa eta beste ogonien alde. Epaia urri amaieran irten zen, urkamendira bidaltzen zituen bederatzi ogoniak. PEN-Klubak eta nazioarteko erakundeek ordura arteko ahaleginak erlojupean egiten hasi ziren, indultua eskatzen, Shellekin batzarren bat lortzen saiatzen. Nigeriako gobernuak zein Europako multinazionalak dei guztiei entzungor egin zieten eta azaroaren 10ean exekutatu zituzten Baribor Bera, Saturday Dobee, Nordu Eawo, Daniel Gbokoo, Barinem Kiobel, John Kpuinen, Paul Levura, Felix Nuate eta Ken Saro-Wiwa.

Nazioarteko PEN-Klubean eta munduko bestelako erakundeetan sinetsi ezinik zeuden, baina ankerkeria burutua zen. Biktimen familiak eta Ogoniland dolu sakonean joan ziren, Shellen aurkako protestak eta boikota izan ziren eta Nigeria Commonwealth erakundetik egotzi zuten.

Hamar urte gero geroago, Nigeriak mendebaldeko demokrazien bidea hartu du, Abacha jenerala 1999an hil baitzen. Shellen eragin eta ustelkeria ez dira inondik inora desagertu, ordea, eta ogonien bizitzak ezer gutxi egin du hobera milaurteko berrian.

Omenaldiak mundu osoan


Ken Saro Wiwaren omenaldiak kontzientzia astintzeko helburua ere badauka, eta Shellen erantzukizuna salatzeko, exekuzioen hamargarren urteurrenean. Londresen oroigarri biziduna egiteko proposamenak jaso dituzte eta datorren astean jakinaraziko dute zein egingo duten, hainbat idazleak parte hartu du Saro Wiwaren idazlanetan oinarrituriko poema berrien bilduman eta Wole Soyinka nigeriar Nobel saridun Australiatik Londreseraino mundu osoan ibili da hitzaldiak emanez urteurrenaren karietara.

Datorren astean izango dira urte osoan zehar antolatu diren ekitaldietan garrantzitsuenak, idazlea eta bere lana eta ogoni herria eta Nigerko deltaren egoera ezagutarazi eta salatzeko. Aste osoan Londresen eta beste hiri batzutan izango diren hitzaldi eta erakusketen ostean, ostegun goizean mundu osoko Shellen eraikinen aurrean gaubeilak izango dira. Eguerdian jakinaraziko dute Londresen zein oroigarri jarriko duten, eta arratsaldean “Dance the Guns to Silence” Dantzatu Armak Isiltasunera poesia eta musika emanaldia izango da.

Euskal Herrian azken horren antzeko ekitaldia antolatu du Euskal-PEN Klubak datorren larunbaterako. Bilbon izango da, eta aurtengo Idazle Presoaren Egunaren lekukoa hartuko du. Ken Saro Wiwa ardatz hartuta, bere poemak entzun ahalko dira euskaraz eta ingelesez, nigeriarrek musika jarriko dute, eta AtaramiƱe ekimenaren aurkezpena ere egingo da, euskal presoen lanak ezagutaraziz.

1 comment:

Urtzi UV said...

PEN-Klubekook egindako hala-moduzko itzulpen pare bat segidan.

Lehena, urkatu baino bost egun lehenago idatzitako istorioa:

Tortura fisikoak ez ninduen hil. Ez eta buruko torturak ere. Orduan, gau batez, mamua heldu zen. Handia eta baldarra, Nigeriako armadaren kamuflajezko uniforme tarratua soinean, zuloz betetako uniformea, bere hagin marroiak ezpain itzeletatik jaurtitako letagin erraldoien neurrikoak, nigana etorri zen, arma automatikoa sorbaldan zintzilik, danbor txiki bat eskutan , “Ekoni” izeneko ogoni danborra. Danborra jo zuen, Ken-ti-mo, Ken-ti-mo, Ken-ti-mo!

Danbor txikiaren soinu ezagunak iratzarri ninduen. Mamua ikusita, barre egin nuen. Nire algarak amorratuta, danborra bota eta arma automatikoari heldu zion. Nigana apuntatu zuen, hurbil-hurbiletik. Ez nintzen kuzkurtu. Arma kargatu eta katuan sartu zuen atzamarra. Betazalik ere ez nuen mugitu.

“Nor zara?” galdetu nuen.
“Jeno Saidu jenerala naiz”.
“Genozidio baten doinua dauka niretzat” esan nuen.
“Jakin beharko zenuke”
“Zer nahi duzu?” galdetu nuen.
“Zurekin akabatzeko nago hemen” erantzun zidan, ahots zakarrez.
“Jenerala, utzi harrokeriak. Ez didazu zirrararik eragiten.”
Eragingo dizu, bada. Zure ogoni herri osoa akabatu dut -gizon, emakume eta ume. Zurekikoak eginda, nire betebeharra amaituta egongo da”.
“Aurrera” bota nion erronka.
“Ez zara hiltzeko beldur?”
“Ez”.
Zergatik ez?
“Prest nago nire herri osoarekin joateko, jadanik hil duzula aitortu duzun horrekin”.
“Bai, latz egin nuen lan eurekin. Lan laburra egin nuen. Bostehun milak, denak. Zu zara azkena”.
“Beraz, aurrera”.
Jeno Saidu jeneral mamuak, sabaira egin zuen tiro. Barre egin nuen.
“Zergatik egin duzu tiro sabaira eta ez nire bularrera?”
“Oraindik ez duzu beldurrik?”
Ez, jenerala.
Eta zergatik ez?
“Zure arma baino handiagoa den gauza bat daukadalako”
Eta segidan, Blake ingeles poetaren gisan esan nuen:

Ez dut nire buruko borroka utziko
eta ez da boligrafoa nire eskuan lo geldituko
Nigerko deltako lur aberatsean
Ogoni berri bat sortzen dugun arte.

Orduan burukoaren azpitik nire boligrafoa atera nuen. Jeneralaren arma eskuetatik jausi zen, eta belauneraino heldu zen.

Bai, burukoaren azpitik boligrafoa atera nuen unean Jeno Saidu jenerala bildotsa bezain otzana bihurtu. Ni uste bezala harrokeria galdu zuen eta nire lagun egin zen. Hortik ikasi nuen lezioa, baldin lehenago ez banekien: jeneral horiek eskutan arma automatikoa badaukate bakarrik dira indartsu. Bera barik, txakurkume bat bezain ergelak dira, jartzen dituzun leku berean jesartzen dira eta segidan zibilizatu eta gizatiar bihurtzen dira.


Jeno Saidu jeneralak, mamua izanik, boligrafoari tapoia jartzeko eskatu zidan, esango zizkidala gauza bat edo bi nire torturaz eta ogoni gizon, emakume eta haurrengan eragindako heriotzaz.

Boligrafoari berriz ere burukoaren azpian utzi nuen. Mamuak lasaitasunez hasperen egin eta ohean nire aldamenean jesartzeko lekua egin zuen. Giza-odolaren kiratsa zerion eta sudurra estali behar izan nuen.’


KSWren poema ezagunena:
Nire anaiok
eta arrebok,
dantzatu, dantzatu, dantzatu, dantzatu
dantzatu zuen haserreak
eta pozak
dantzatu militarren armak isiltasunera
dantzatu, ene herria
biharamuna ikusi baitugu
eta ogoni izar bat
dago zeruan.

Ken Saro-Wiwak epaiketan esana, 1995eko irailaren 1ean

Gu guztioak gaude historiaren aurrean. Ni bake gizona naiz, ideia-gizona. Aberastasunez betetako lurraldean bizi den nire jendeen pobrezia iraingarriak ikaratuta, euren bazterketa politikoak minduta, lurraren, daukaten azken ondasunaren hondamendiak haserretuta, bizitzarako eta duin bizitzeko duten eskubidea gordetzeaz arduratuta, eta erabakita herrialde hau bere osotasunean sartzera sistema demokratiko garbi eta justu batean, zeinak pertsona eta talde etniko bakoitza babesten dituen eta gu guztioi giza-zibilizaziorako baliozko aldarrikapena ematen digun, nire baliabide intelektual eta material guztiak, nire bizitza bera eskaini dizkiot erabat sinesten dudan kausa bati, mehatxatu edo kikildu ezin nauten kausa bati. Ez dut zalantzarik nire kausaren garaipenaz, bost axola epaiketak eta nik eta nirekin batera sinesten dutenek bidean aurki ditzakegun oinazeak. Ez espetxeratzeak ez heriotzak ezin dute geldiarazi gure garaipena.


Berriz diot gu guztiok gaudela historiaren aurrean. Ni eta nire kideak ez dira epaitzen diren bakarra. Shell ere epaitzen da, eta zaintza-ardura omen daukan abokatu batek ordezkatzen du. Konpainia ezkutatu egin da epaiketa honetan, baina helduko da bere eguna eta hemen ikasitako lezioak baligarriak direla ikusiko da, ez baitut buruan inolako zalantzarik konpainiak deltan piztutako gerra ekologikoa auzitan jarriko dela goiz ala berandu eta gerra horretako krimenak behar bezala zigortuko direla. Ogoni herriaren aurka konpainiaren gerra zikinak eragindako krimena ere zigortu egingo da.

Nigeriako nazioa ere epaitzen da, bere egungo agintariak eta hari laguntzen dioten horiek guztiak. Ahul eta desabantailan dagoenari Nigeriako nazioak ogoniei egin diena egiten duen nazioak galdu egiten du kanpoko eraginekiko independentzia eta askatasunaren aldarrikapena. Ez naiz bidegabekeria eta zapalkuntza salatzeaz lotsa diren horietako bat, erregimen militar batengandik hori espero behar dela arrazoituz. Militarrek ez dihardute eurek bakarrik. Politikari, abokatu, epaile, akademiko eta negozio-gizon talde baten babesa daukate, denak ere euren burua ezkutatzen dute euren lana baino ez dutela egiten esanez, praketatik txiza garbitzeko beldur handiegia duten gizon-emakumeak dira. Gu guztiok gaude epaiketan, jauna, gure ekintzekin gure herria iraindu eta gure haurren geroa arriskuan jarri baitugu...”

Agerraldi hauxe oraindik jaio gabe dauden belaunaldieek behin eta berriz jokatu dutela aurreikus dezaket. Batzuek gaizto papera jokatu dute jadanik, beste batzuk biktima tragikoak dira, beste batzuek badute oraindik euren burua salbatzeko aukerarik. Aukera bakoitzarena da...