2005-11-27
Frantzia
Euskal Herriko mendebaldean bizi izanda, ez dira asko gure inguruan dauden seinaleak, Baina Irunera hurbildu ahala, gero eta gehiago dira “Frantzia” dakarten bide-seinaleak (eta eurekin batera igotzen da sprayaren erabilera, baina hori beste kontu bat da).
Baionatik Hendaiara bidean askoz gutxiago dira Espainia iragartzen dutenak. Euskaldunoi zilborrari begiratzea leporatu izan zaigu sarri, Europa inoiz baino batuago ei dagoen sasoiotan atzera bidean bagenbiltza legez. Baina bide-bazterrean antzematen zaio Espainiari ez duela uharte izaera galdu. Pirinioak edozein itsaso baino muga garaiezinagoa dira.
Frantziak, bere itxitasun jakobinoan, badaki ez dela uharte gutxienik, Europako mugak marraztuta daudela, eta ez minaz josita. Irun, Donostia, Iruñea, irakurriko dugu Lapurdiko errepideetan, Zaragoza ere iragartzen dute Paueko autobidean, eta handik Mediterraneorantz, behin eta berriz ikusten ditugu Bartzelonako seinaleak.
Hego Euskal Herrian ez, Frantzia ikusten dugu, Irunen mundua amaituko balitz bezala. Iruneraino, herri eta auzoak dauzkagu bidean. Handik aurrera, Frantzia, ez jakin Hendaiaz, Baionaz, Bordelez ala Parisez diharduten. Frantziak ez-Espainia esan nahi du kasu honetan, mundu ezezaguna. Etxetik kanpora zoazela iragartzen dizu.
Euskaldunok beti jakin dugu zeinen artifizialak diren gure lurrean egindako marra administratiboak. Abertzale izan zein ez, auzoa ezagutzea beti komeni da. Bihar ere Bordele, Burgos, Castro-Urdiales edo Olorue ikusi nahi nuke seinaleetan, ez mundua bitan banatuko luketen Espainia zein Frantzia bateratzaile bezain baztertzaileak.
Eta itzuli ginen Borinkendik...
Berriako zutabetxoa, hasteko (2005-XI-27an argitaratua)
Txoriaren beste hegoa
Halaxe deitu zion Pablo Milanesek Ameriketako koloniarik zaharrenari. Gerrako ospila izan ziren 1898an eta ordutik estatubatuarren nahieran erabili izan dituzte. Ondorioak Rosario Ferre idazleak nabarmendu zituen: zer diren eta zer izango diren, behin eta berriz entzun daiteke estatusaren gaineko eztabaida telebistan, irratian zein kalean bertan. «Latinamerikarrak gara ala iparramerikarrak? Base nuklear eta militar, ala kultura bien arteko adiskidetzeko zubi? Piringa uretan paperezko piragua ala Gibraltargo haitza Karibean galduta?» dio Ferrek. Yankiek hartu, eman eta utzi dute eurena: kontsumo kultura jasangaitza (lau milioi biztanle, beste horrenbeste auto, eta Nafarroa baino txikiagoa den uharte menditsua) eta kolonizatu zoriontsuaren mentalitatea, behin eta berriz jipoitu arren bere aldamenetik joan gura ez duenaren izaera. Baina ezagutu ditugu bestelako asko: beltzen bonba eta plena doinuen jarraitzaileak, jibaroen inprobisatzaileak, antikolonialista sutsuak eta nork nori zer zor dion argi duen jendea. Orain hile bi, 1867ko Laresko irrintzia gogoratzen zuten egun berean, FBIk Filiberto Ojedaren etxaldea inguratu, itxi eta tiroz jo ostean odolustuta hiltzen utzi zuten. Herriko sektoreen erantzuna eta amorrua sekulakoa izan da. Hizkuntzari eusten lortu duten legez, bakarrik ibiltzen ere ezin hobeto moldatuko diren uste osoa daukat.
2005-11-23
Ametsak erein eta ametsak bildu
Uda hasita zegoen ideia aipatu zidatenean. Bikaina, esan nuen, ondo eginez gero izugarria. Baina ondo egin behar da, gero. Asko dira herri honetan goizaldeko ordu txikietako ideia potoloak, uzker bat bezain indartsu bota eta hura bezala minutu batzuetan batere indarrik gabe galdutakoak. Okerrenak tartekoak dira, indar apur batekin ekin, jendea inplikatzen hasi eta gero ideiaren sortzaileak eurak ikusten dituzu uzkur, ez jakin zergatik. Izan liteke euforian botatakoak ajea latza izatea, izan liteke ideia ona zirudiena hain bikaina ez izatea, izan liteke goizaldeko hiruretan edozertarako prest den iraultzailea egun-argitan funtzionario apal eta sumiso bihurtzea, eta izan liteke azalpen psikologikoagoa behar duen fenomenoa gertatzea gurean: argi azaltzerik ez dauden arrazoiengatik, lanari indartsu ekin dion taldea erdibidean hustuta gelditzen da, taldekideak ustez haserretu gabe, indarrak ahitu edo interesa galduta.
Horrelako mila kasu ezagututa, horixe izan zen nire aholkua, ondo egiteko gauzak, hasieran bai baina gero jarraipena egiteko, jendea asko inplikatu behar zenez. Mesedeak eskatzea munduko gauza errazena baita, gero erantzuten jakitea besterik da, horratik. Uda aurrera zihoan, eta baietz, kontua ondo zihoala zioten, urliak baietz eta sandiak ere bai, ezezkoren bat, noski, baina gure gazte zoro koadrilak bazterrak ederto nahasten asmatu zuen. Inplikazioa lortu, eta erantzuten asmatu.
Emaitza, labetik irten berri dago. Ez dakit beste egileek zenbaterainoko lana izan duten, nirea xume-xumea izan da ipuin labur bat idatziz. Zer gehiago, horrenbeste lagun biltzea lortzen delarik, eta atzetik horren gazte-koadrila bikaina izanik, dena lotu eta antolatzen?
Horixe da nire auzoko gazteria. Horixe zen iaz ere. Aukeran, gurago ipuinik idatzi barik horrelako libururik ere ez egin beharra, ez behintzat honetaraino ekarri gaituen motibo zehatzaren eskutik. Baina hala izan denez, bego horretan. Eskerrik asko, alkate jauna. Zure laguntzarik gabe ez dakit Ametsen Baratza osatuko genukeen. Auzokoen bultzada eta babesa garrantzitsua izan da, baina zure egurra geneukan akuilu garrantzitsuena.
Sorgintxuloren itxieraren hamaikagarren hilabetean aurkeztuko dute, Durangorako prest. Gauza onak, hobeak, eta zergatik ez, txarrak ere aurkituko ditugu barruan beharbada. Borondate faltarik behintzat ez. Halaxe zen Sorgintxulo ere, gauza bikain asko eta hobetu zitezkeen batzu-batzuk ere bai. Bizitza bera bezalaxe. Berbetan hasi eta Santutxu auzoko espazio hark eman zezakeen guztiaren zati bat, zuku apur bat ateratzen asmatu zuten auzokideek. Zinema, ordenagailu-gela, musikarientzat ere bai, afari, jai, ekitaldi andana antolatutakoa. Ez ditut ahazteko liburuaren xaxatzaileak, musika jotzen, jendez gainezka zegoen afarian, eta Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes bertsolariak aurrean, tabureteetara igota, rasta ileak, rasta txapelak jantzita, "No, Arkaitz, no cry" bezalako bihurrikeriak lantzen. Bertso-rastafaria, adibide txiki bat baino ez, gure auzotik. Larrabetzun, Iruñean, Gasteizen, Euskal Herri osoan beste hainbeste topatuko dituzue, udaletako kultura sailetako programa garestietan agertu ere egiten ez direnak. Baina hor daude, ametsak bezala, hain eskuragaitz eta gezurrezko batzuentzat, hain presente eta garrantzitsu besteontzat.Ametsen Baratza izango da liburua, baina beste amets asko erein eta landu dira aspaldion. Gasteiz adibide ederrena. Han eutsi diote oraingoz, eta izan dute oihartzunik. Agian PPko alkatea komeni zaigu besteoi ere. Biba zuek.
2005-11-21
Ametsak erein eta ametsak bildu
Uda hasita zegoen ideia aipatu zidatenean. Bikaina, esan nuen, ondo eginez gero izugarria. Baina ondo egin behar da, gero. Asko dira herri honetan goizaldeko ordu txikietako ideia potoloak, uzker bat bezain indartsu bota eta hura bezala minutu batzuetan batere indarrik gabe galdutakoak. Okerrenak tartekoak dira, indar apur batekin ekin, jendea inplikatzen hasi eta gero ideiaren sortzaileak eurak ikusten dituzu uzkur, ez jakin zergatik. Izan liteke euforian botatakoak ajea latza izatea, izan liteke ideia ona zirudiena hain bikaina ez izatea, izan liteke goizaldeko hiruretan edozertarako prest den iraultzailea egun-argitan funtzionario apal eta sumiso bihurtzea, eta izan liteke azalpen psikologikoagoa behar duen fenomenoa gertatzea gurean: argi azaltzerik ez dauden arrazoiengatik, lanari indartsu ekin dion taldea erdibidean hustuta gelditzen da, taldekideak ustez haserretu gabe, indarrak ahitu edo interesa galduta.
Horrelako mila kasu ezagututa, horixe izan zen nire aholkua, ondo egiteko gauzak, hasieran bai baina gero jarraipena egiteko, jendea asko inplikatu behar zenez. Mesedeak eskatzea munduko gauza errazena baita, gero erantzuten jakitea besterik da, horratik. Uda aurrera zihoan, eta baietz, kontua ondo zihoala zioten, urliak baietz eta sandiak ere bai, ezezkoren bat, noski, baina gure gazte zoro koadrilak bazterrak ederto nahasten asmatu zuen. Inplikazioa lortu, eta erantzuten asmatu.
Emaitza, labetik irten berri dago. Ez dakit beste egileek zenbaterainoko lana izan duten, nirea xume-xumea izan da ipuin labur bat idatziz. Zer gehiago, horrenbeste lagun biltzea lortzen delarik, eta atzetik horren gazte-koadrila bikaina izanik, dena lotu eta antolatzen?
Horixe da nire auzoko gazteria. Horixe zen iaz ere. Aukeran, gurago ipuinik idatzi barik horrelako libururik ere ez egin beharra, ez behintzat honetaraino ekarri gaituen motibo zehatzaren eskutik. Baina hala izan denez, bego horretan. Eskerrik asko, alkate jauna. Zure laguntzarik gabe ez dakit Ametsen Baratza osatuko genukeen. Auzokoen bultzada eta babesa garrantzitsua izan da, baina zure egurra geneukan akuilu garrantzitsuena.
Sorgintxuloren itxieraren hamaikagarren hilabetean aurkeztuko dute, Durangorako prest. Gauza onak, hobeak, eta zergatik ez, txarrak ere aurkituko ditugu barruan beharbada. Borondate faltarik behintzat ez. Halaxe zen Sorgintxulo ere, gauza bikain asko eta hobetu zitezkeen batzu-batzuk ere bai. Bizitza bera bezalaxe. Berbetan hasi eta Santutxu auzoko espazio hark eman zezakeen guztiaren zati bat, zuku apur bat ateratzen asmatu zuten auzokideek. Zinema, ordenagailu-gela, musikarientzat ere bai, afari, jai, ekitaldi andana antolatutakoa. Ez ditut ahazteko liburuaren xaxatzaileak, musika jotzen, jendez gainezka zegoen afarian, eta Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes bertsolariak aurrean, tabureteetara igota, rasta ileak, rasta txapelak jantzita, "No, Arkaitz, no cry" bezalako bihurrikeriak lantzen. Bertso-rastafaria, adibide txiki bat baino ez, gure auzotik. Larrabetzun, Iruñean, Gasteizen, Euskal Herri osoan beste hainbeste topatuko dituzue, udaletako kultura sailetako programa garestietan agertu ere egiten ez direnak. Baina hor daude, ametsak bezala, hain eskuragaitz eta gezurrezko batzuentzat, hain presente eta garrantzitsu besteontzat.
Ametsen Baratza izango da liburua, baina beste amets asko erein eta landu dira aspaldion. Gasteiz adibide ederrena. Han eutsi diote oraingoz, eta izan dute oihartzunik. Agian PPko alkatea komeni zaigu besteoi ere. Biba zuek.
2005-11-20
Jalgi hadi mundura
Zorionak euskaldunok! Bihartik aurrera, Europak euskaraz berba egiteko eskubidea ematen dizue. Irakurri dudana zuzena bada, aurrerantzean, Europako Batasunarekin dituzuen harremanak euskaraz izan ahalko dituzue. Zalantzarik gabe, erabateko aldaketa ekarriko du honek gure bizitzan. Espainiak ordainduko du itzulpen zerbitzua (lapurtar, baxenafar eta zuberotarrei ere bai?), eta denok pozik. Lehengoan ez ziren Madrilgo senatariak euskaraz eta katalanez aritu, bada! Mundua aldatzen ari da eta guk jakin ez euskaraz bidaiatzea badaukagula. Oraintxe bertan maleta egin eta euskaraz erosiko dut bidaia-txartela, euskaraz egingo diot autobus-gidariari, taxilariari, euskaraz egingo dut tabernan, kioskoan, erietxean, udaletxean, uniforme berde, gorri zein urdin, nik euskaraz, alkateari, zinegotziari, sendagileari eta INEMeko bulegariari. Eta euskaraz ibiliko gara mundu zabalean zoriontasuna barreiatuz.
Izan gaitezen serio. Euskararen kalterako agian, euskaldunon onerako zalantzarik gabe, ez gara sekula munduan barna ibili hizkuntzak eta hiztunak hiltzen eta gure hizkuntza inposatzen. Euskara ez da munduan barna ibiltzeko. Bruselarako, Madrilerako edo New Yorkerako ikasiko ditugu beste batzuk, ez arduratu horregatik. Euskal Herrian euskaraz egitea bermatzen ez (edo are eragozten) duzuen bitartean, utzi lelokeriak eta egin behingoan etxeko lanak. Batzuek hizkuntza komunikatzeko darabilgu, museoko altxorren, sinboloen edo Europako banderen gainetik.
2005-11-13
Lehen orduak Borinkenen
Inbidia apur bat eman guran agian. Polito jaitsi dira tenperaturak Euskal Herrian? Santo Domingon egindako eskalan aurretiaz ezagutzen dugun asfalto beroaren usaina heldu zaigu berehala, haize ufada sargoria. Aduanan, berehala erreparatu diogu dirurik ez ematea zekarten afixei. Duela hiru urte egon ginen hemen, eta muga nagusia, aireportua aski itxurosoa da. Baina honek ere badu atzeko atea, Haitira hurbildu ahala ikusi genuenez. Azkenean 100 pesoko eskupekoa eskatu poliziak tramiteak arintze aldera. Eta Haitiko itzulera besteren baten kontatuko dugu. Gaurkoa eskala laburra baino ez da izan. Puerto Ricoko sarrera gogortu dute, AEBen kolonia (Estatu Librea...) izateak daukan prezioaren zati txiki bat. Aurpegiko argazkia egin, atzamarren fitxa poliziala, eta europarrak izanik, Welcome, ez dugu bisatu beharrik.
Hemendixik entzun ditugu Markinako saioko bertsoak, hura amaitu eta ordu gutxira, sarean. Eta hemendik egingo dugu ahalegina inprobisatzaile borikuen berri emateko. Datorren astean Yauco hirian daukate finala, eta bestelako ezustekoren bat ere aipatu dit Euskal Etxeko Tomasek.
Bada bai, azkenean egin dugu afaltzeko txangotxoa. Kapitalismo basatia eta antiinperalismoa, gizarte yankia eta latinoamerikarra, denek bat egiten dute Puerto Ricon. San Juanen lehen gaua dugu, Euskal Etxekoak bila etorri ostean. Oraingoz, aste pare honen hasieran zertzeladatxoak baino ez, hezetasun izugarria, bero sapa, autoak nongura, 24 orduz zabalik dauden supermerkatu eta kafetegiak ostatu inguruan... oso ohikoa da turismo bulegoek "kontrasteen lurraldea" deitzea herrialde bati, baina hemen etengabe agertzen dira: pobrezia izugarria eta munduko hotelik garestienak elkarrengandik hain hurbil, hotelean ingelesa baino ez eta k alean beste Antillako berotasuna igarri dugu espainiera erabilita kafetegian.
Rosario Ferreren Maldito amor liburua hartu dut liburutegian, eta ezin Borinken eder honetan ordu batzuk daramatzanak hobe azaldu zein den borikua hauen izaera. Ez daukat oran bertan itzultzen hasteko indarrik:
"No creo que exista otro país latinoamericano donde la definición de la nacionalidad constituya un problema tan agudo como lo es hoy todavía en Puerto Rico. La nación se debate en un constante autoexamen que recuerda la obsersión de los novelistas españoles del noventa y ocho con el qué somos y el cómo somos. ¿Somos latinoamericanos o norteamericanos? ¿Seremos Estado de la unión, Estado libre asociado o país independiente? ¿Base nuclear y militar, o puente conciliador entre las dos culturas? ¿Cordero pascual del escudo de los Reyes Católicos o chivito estofado de San Juan Bautista? ¿Piragua de papel en aguas de piringa o peñón de Gibraltar perdido en el Caribe? ¿Gallito kikirikí guapetón o veleta vertiginosa, que cuando apunta hacia el Sur nos dirige hacia el Norte y cuando apunta hacia el Norte nos dirige hacia el Sur? ¿Paraíso del perito político o perrito lingüístico? País esquisinfrénico con complejo de Hamlet, nuestra personalidad más profunda es el cambio, la capacidad para la transformación, para el valeroso transitar entre dos extremos o polos".
Mutur bien artetik autoak batera eta bestera San Juanen, hemen izkinara joateko ere hartzen dutela autoa esan digu Eduardok. Nafarroa baino txikiagoa eta lau milioi biztanleko uhartean horrek dauzkan ondorioak erraz imajinatu daitezke. Hip-hop eta reggaeton tonuak nagusi autoen burrunban, eta telebistan ehun kanaletik gora, bertako zaborra, Iparraldekoa, eta programa duinen batzuk tartean, telepredikatzaileak espainolez, morboa, esandakoa, denetik, eta halako batean ikusi dugu: Residente Calle 13, uneotan dagoen reggaeton sortzaile arrakastatsuenetakoa. "Se vale to" izan da bere kanta ezagunena, baina polemika "Querido FBI" kantarekin ekarri du, gura duenak Indymedian jaitsi dezake. Filiberto Ojeda Riosen hilketaren ostean idatzi zuen duela hilebete, baina datozen egunetan jakingo ditugu horren gaineko kontu gehiago.
Bihar gehiago.
Elebidunak
Nik ez nukeen hobeto egingo (ez bainaiz Anjel Lertxundi), baina horixe bera ez bada, antze-antzeko zerbait neukan pentsatuta datozen asteotako baten idazteko. Barikuko artikuluaz ari naiz, estoy a favor del bilingüismo ziotson solaskideaz. Tipoa euskararen aurka egon ez, eta hala ere haserrarazi euskaldun halakoak! Eta gero lagunak gordetzen ez dakigula esango digute, gure itxian itota hilko garela. Aspaldi ezagutzen ditugu euskararen aurka ez daudela diotenak. Hori entzun eta baina-ren zain jartzen gara: baina ezin da inposatu, baina ezin da derrigor ezarri, baina askatasuna... bainak ortuan! esaten dute Durangaldean. Herri honetan ezjakintasun-eskubidea aldarrikatu dute. «Euskararen arazoa» behin eta berriz, eta ezin konturatu arazoa erdaldunak direna. Lehengoan Bilbo erdialdeko kale batean irakurria: «We speak English». Zelan esan behar nion hari ez zeukala lotsa izpirik hainbeste urtez besteok erdaraz aritzera behartu ostean? Gure konplexuan itotzen gara sarri, garaiak inoren aurka joatekotan elebakarren aurka doazela jabetu barik. Eta hor, ondo jokatuta, irabaztea baino ez daukagu euskaldunok. Baina irudimen apur bat behar da, Kataluniako haize mediterraneoa-edo. Irakasle erdalduna egokitu zitzaigunean unibertsitatean, hainbeste protestatan galdu barik, katalanen bidea zen errazagoa: bakoitzak nahi zuen hizkuntzan egin eta kito: irakasleak erdaraz eskolak, eta guk euskaraz azterketak eta lanak. Eta ea nor den hemen idiota (hau da, elebakarra).
2005-11-08
Hamar urte eta gero
Gara-ko Mugalari gehigarrian azaroaren 5ean argitaratua
Datorren astean beteko dira hamar urte Nigeriako Abacha jeneralaren diktadurak Ken Saro Wiwa idazlea eta ogoni etniako beste zortzi lagun urkatu zituenetik. Data hura gogoratu eta Shell petrolio-konpainiaren erantzukizuna salatzeko hainbat ekitaldi ari dira egiten egunotan.
Nazioarteko PEN-Klubak Ken Saro Wiwari eskaini nahi dio aurtengo Idazle Presoen Eguna. 1995eko azaroaren 10ean izan ziren bederatzi ogonien exekuzioak, eta data horretara aurreratu dute 15ean gogoratu ohi duten eguna. Euskal Herrian gaur zortzi, hilaren 12an izango da omenaldia, Bilbon.
Urte osoan zehar izan dira ogoni idazlea gogoratzeko ekitaldiak, baina urriaren 21ean hasi zen "Remember Ken Saro Wiwa" (Ken Saro Wiwa oroituz) izeneko jardunaldiak. Londres izan da omenaldion hiriburu, baina mundu osoan izango dira nigeriarraren hitza, lana eta borroka hedatzeko ekimenak: hogeita hamabi PEN-Klubek hartu dute nork bere herrialdean omenaldia antolatzeko erantzukina, eta euskaldunek ere ekitaldia xumea prestatu dute Bilbon: iaz Durangon legez, euskal presoen idazlanak biltzen dituen Ataramiñe ekimena bertan izango da, eta horrekin batera Ken Saro Wiwaren poemak irakurri dira, Bizkaiko hiriburuan bizi diren nigeriarrek eta euskaldunek irakurrita. Euskaraz eta ingelesez izango da poema-irakurraldia, eta Nigeriako musikak lagunduko die ogoni idazlearen testuei.
Nor zen Ken Saro Wiwa?
Ogoni herria milioi erdi lagunek osatzen dute, eta Nigerko deltan eta haren ekialdera dauden mila kilometroko karratuko lurraldean bizi dira (Behe Nafarroa baino apur bat txikiagoa). Arrantza eta nekazaritza izan dira ogonien jardunbide nagusiak historikoki, baina Ken Saro Wiwak Ingeles Literaturan lizentziatzea lortu zuen. Biafrako gerran federazioaren alde egon ostean Nigeriako gobernuan eman zituen bost urte, 1973 arte. Idazle karreran urrats garrantzitsuenak 80. hamarkadan eman zituen: Basi & Company telenobela arrakastatsuko gidoilaria izan zen, munduko osoan milioika lagunek ikusi zuten Nigeriako mikrokosmosa zen telesaila.
Sozaboy eleberriak kritikarik onenak ekarri zizkion Saro Wiwari, gerra zibileko erreklutaren istorioagatik bezainbat hizkuntza-moldeak nahasteko ageri zuen abileziagatik, ingeles jasoa eta Nigeriako pidgina uztartzen baitzituen. Baina idazlearen arrakasta ez zen bere herriak bizi zuen egoeraren isla. Hala, 1986an Forest of Flowers (Loreen basoa) ipuin-bilduma argitaratu zuen. Han ageri zen bere inguruan ikusten zuenak idazleari eragindako haserrea. Urte horietan buru-belarri jardun zuen literatura idazten eta telebistarako ekoizpenean, hainbat ipuin, gidoi eta poema idatziz: Songs in a time of war (Kantak gerra-denboran, 1985) poema-bilduma, Lemona'a tale (Lemonaren ipuina, hil ostean argitaratua) eta The Singing Anthill (Inurritegi Kantaria), 1991ean kaleratutako bilduma, ogonien herri-ipuinekin.
Ordurako Ken Saro-Wiwa borroka politikora itzuli zen, gobernuaren aurka egiteko. 50. hamarkada amaieratik Nigerko deltan ziharduen Shell petrolio-konpainia britainiar-holandarrak, eta egoerak okerrera egin zuen urterik urte: Nigeria aldian-aldian estatu-kolpea jo eta boterea lortzen zuten militarren herrialdea bihurtu zen, bakoitzak bere negozio pribatuak Shellekin egin, aberastu eta hurrengo jeneralari txanda pasatzeko. Bien bitartean, ogonien lurra erabat kutsatu zuten, inolako kalte-ordainik gabe. Petrolio-hodiz jositako Nigerko delta bertako biztanleen eta euren bizimoduen heriotza bihurtu zen, agintarien kontu-korronteak erruz puzten ziren artean.
Ogonien genozidioa
Genocide in Nigeria: The Ogoni Tragedy (Genozidioa Nigerian: Ogonien tragedia) idatzi zuen 1991an Ken Saro-Wiwak, eta urte berean argitaratu zen Nigeria: The Brink of Disaster (Nigeria: Hondamenaren ertzean). Idazlea bizi zela argitara emandako azken lana A Month and A Day: A Detention Diary (Hilabete eta egun bat: atxiloketaren egunerokoa) izan zen. Hurrengo urteetan beste batzuk plazara irten ziren, eta berriki, hilketen hamargarren urteurrenean, lan guztiak berrargitaratu dira.
MOSOP (Ogoni Herriaren Biziraupenerako Mugimendua) sortu zuen Ken Saro Wiwak eta 1992an Herri Indigenei buruzko Nazio Batuen Batzordean mintzatu zen. Lurraren aldeko mugimendu bakezalea osatu zuen; Babangidaren diktadurak behin baino gehiagotan atxilotu zuen eta 1993ko apirileko espetxealdian bihotzekoak jo zion. Sani Abacha izan zen hurrengo diktadorea, egoerak okerrera egin zuen. 1994ko maiatzean lau ogoni hil zituzten protestetan, zerikusia zutelakoan Saro Wiwa eta beste zenbait ogoni preso hartu zituzten biharamunean, eta heriotzera eroango zuen prozesu luze bezain ustela abiarazi zuten.
Epaiketa hurrengo urteko otsailean hasi zen, munduko osoko idazle, politikari, gobernuburu, eta giza-eskubideen eta mugimendu ekologistako ekintzaileek egin zuten presioa Saro Wiwa eta beste ogonien alde. Epaia urri amaieran irten zen, urkamendira bidaltzen zituen bederatzi ogoniak. PEN-Klubak eta nazioarteko erakundeek ordura arteko ahaleginak erlojupean egiten hasi ziren, indultua eskatzen, Shellekin batzarren bat lortzen saiatzen. Nigeriako gobernuak zein Europako multinazionalak dei guztiei entzungor egin zieten eta azaroaren 10ean exekutatu zituzten Baribor Bera, Saturday Dobee, Nordu Eawo, Daniel Gbokoo, Barinem Kiobel, John Kpuinen, Paul Levura, Felix Nuate eta Ken Saro-Wiwa.
Nazioarteko PEN-Klubean eta munduko bestelako erakundeetan sinetsi ezinik zeuden, baina ankerkeria burutua zen. Biktimen familiak eta Ogoniland dolu sakonean joan ziren, Shellen aurkako protestak eta boikota izan ziren eta Nigeria Commonwealth erakundetik egotzi zuten.
Hamar urte gero geroago, Nigeriak mendebaldeko demokrazien bidea hartu du, Abacha jenerala 1999an hil baitzen. Shellen eragin eta ustelkeria ez dira inondik inora desagertu, ordea, eta ogonien bizitzak ezer gutxi egin du hobera milaurteko berrian.
Omenaldiak mundu osoan
Ken Saro Wiwaren omenaldiak kontzientzia astintzeko helburua ere badauka, eta Shellen erantzukizuna salatzeko, exekuzioen hamargarren urteurrenean. Londresen oroigarri biziduna egiteko proposamenak jaso dituzte eta datorren astean jakinaraziko dute zein egingo duten, hainbat idazleak parte hartu du Saro Wiwaren idazlanetan oinarrituriko poema berrien bilduman eta Wole Soyinka nigeriar Nobel saridun Australiatik Londreseraino mundu osoan ibili da hitzaldiak emanez urteurrenaren karietara.
Datorren astean izango dira urte osoan zehar antolatu diren ekitaldietan garrantzitsuenak, idazlea eta bere lana eta ogoni herria eta Nigerko deltaren egoera ezagutarazi eta salatzeko. Aste osoan Londresen eta beste hiri batzutan izango diren hitzaldi eta erakusketen ostean, ostegun goizean mundu osoko Shellen eraikinen aurrean gaubeilak izango dira. Eguerdian jakinaraziko dute Londresen zein oroigarri jarriko duten, eta arratsaldean “Dance the Guns to Silence” Dantzatu Armak Isiltasunera poesia eta musika emanaldia izango da.
Euskal Herrian azken horren antzeko ekitaldia antolatu du Euskal-PEN Klubak datorren larunbaterako. Bilbon izango da, eta aurtengo Idazle Presoaren Egunaren lekukoa hartuko du. Ken Saro Wiwa ardatz hartuta, bere poemak entzun ahalko dira euskaraz eta ingelesez, nigeriarrek musika jarriko dute, eta Ataramiñe ekimenaren aurkezpena ere egingo da, euskal presoen lanak ezagutaraziz.
2005-11-06
Limassolgo bertsolariak
Iazko oporretan Zipren izan ginen. Azken egunetan Limassolgo Ardo Jaialditik pasa ginen, eta uharteko greziarren dantzak ikusteko aukera izan genuen. Halako batean, dantzariak zati bitan banatu eta talde bakoitzetik gazte bana hurreratu ziren mikrofonoetara. Kantuan hasi ziren, atzetik musikariek lagunduta, lehenengo batek eta gero besteak. Mediterraneoko gazte alai haiek aurpegia adierazkortasunez gainezka kantatzen zuten, eta hitzik ulertu barik ere argi zegoen elkarri sekulakoak eta bost esaten zizkiotela. Ikusleak, berriz, barrez lehertzen ari ziren. “Bertsolariak dira, horratik!” pentsatu nuen. Ikuskizuna amaituta ikerketa txikia egin, eta hala zirela jakin genuen, tsiattista izena duela han inprobisazioak, eta ospakizunetan, ezkontzetan-eta ohikoa izaten dela. Zipreko dialektoan kantatzen zutela ere jakin genuen, eta esan zigutenez, Kretan ere bizirik omen dago tradizio hori. Bagenekien munduko hainbat lekutan daudela bertsolaritzaren antzeko fenomenoak, 2003ko topaketa erakusleiho txiki-txikia baino ez zela izan.
Ondo dago apaltasunaren neurri hori, munduan bakarrak ez garela pentsatzea. Baina egia aitortuta, bagara bakarrak munduan. Oso gutxi dira bere ohiko esparru mugatik, eskuarki ahozkotasuna nagusi den nekazari eremutik, hedabide, irakaskuntza edo gizarte beste gune batzuetara jauzi egin dutenak. Egia da bertsolaritzaren antzeko fenomenoak asko daudela. Baina Bertsozale Elkartea, bertso-eskolak, Hitzetik Hortzera, hainbeste bertsolari (eta hain gazteak), gizarteko eta kulturako txoko guztietan txertatuak... horrelako indarrik daukanik ez dago beste inon. Eta ondotxo dakit, inbidia ez datorrelako etxetik kanpo soilik.
Aranjuezko kontzertua
Kaierarako? Bai, Bilbotik pasatzen denean ekitaldian egoterik duzun edo...» Bertso-eskolako kideak ziren atzo 18/98 + ekimenari ongietorria ematen egondako bost lagunetatik hiru. Ez zen bertsorik izan, horratik. Bertsoa ez da ezinbestean ekitaldi guztietan egon beharreko zerbait. Gaur hitzordu polita dago Hendaian, urte osoan dauzkagu afari eta bazkariak, saio arruntak eta ez hain arruntak...
Hala ere, batek edo bestek bertsoaren falta nabari. Eta bertsolariak? Beste nonbaitetik txapelketa «politikoki zuzenagoa» (edo zuzenegia) dela irakurri dugu. Bertsolariak ondo jakin ohi du zein den bere lekua, oraindik ezetz esaten askorik ikasi ez arren. Konpromiso falta ezin zaio leporatu. Konpromisoa panfletoan baino ikusten ez duenak izango du arazorik agian, baina bertsolaria plaza-pertsona da, hizkuntza du lanabes eta herria entzule. Ezinbesteko du komunikazioa, konplizitatea. Konpromiso sendoagorik!
Atzo ez zen erraza Bizkaian bertsolari askorik topatzea. Aranjueztik itzuleran zeuden, konpromisoa kazetetan agertzetik baino haratago doanez. Beste ehunka lagunen gisan, ez gehiago ez gutxiago, Herio Gaztelako bide-ertzean egongo ez den esperoan. Besarkada laburra Peruri hormen beste aldetik eta beste bostehun kilometro etxera. Lekeitiotik Hendaiara joateko ez dadin Aranjueztik pasa behar. Beratik Hendaiara ez dadin nazioarteko mugarik egon Sorian, sardea eskutan.