2012-11-25

Ez tramite soila, baina ia-ia

Espainian debekatuta dago inkestak argitaratzea hauteskundeetarako astebete baino gutxiago falta dela. Baina araua Espainiari dagokio, noski, eta interneten garaian, erraz asko gaindi daitekeen absurdua da. Ostiralean The Guardian-ek Kataluniako hauteskundeei begira agindutako galdeketaren berri zekarren. Horrek bere horretan adierazten du Europan Kataluniako prozesuak lortu duen oihartzuna.

Britainiar kazetaren datuak ez ziren onak Convergencia i Unio alderdiarentzat eta Artur Mas egungo president-arentzat. Egungo 62 diputatuen ordez 58 aulki aurreikusten zizkion, kanpainan Masek aldarrikatutako gehiengo absolutua baino hamar gutxiago, alegia. Unionistak urrun zeuzkan: 21 edo 22na ematen zizkien PSCri eta PPri, eta zertxobait atzerago, hamaseirekin, ERC ageri zen. 135 diputatuetara iristeko falta ziren ia 20 aulkiez ez zekarren berbarik, ez eta, ustez, horiek eskuratuko lituzketen Solidaritat, CUP, ICV eta Ciutadans-i buruz. Hauteskundeetatik hurbil egin izanaren balioa zuen, datuen konsistentzia baino gehiago.

Edozeri buruz galdetzeko anglosaxoniar tradizioan, The Guardian-en inkestak bazekartzan beste datu bitxi batzuk: Bartzelona futbol taldeak Espainiako Ligan jarraitzearen alde daudela %38 (%22 Kataluniako Liga eratzearen alde), eta bi herenek gaztelaniak nolabaiteko ofizialtasuna izatea nahi dutela. Katalunia independentean herritarren erdiek espainiar naziotasunari ere eutsiko omen liokete katalanarekin batera, laurdenak katalana baino ez luke izango, eta %17,9k espainiarra baino ez lukete nahi. Pragmatismo kontua ere bada: independentzia osteko urteak gogorrak dira, eta beti dator ondo pasaporte homologatu bat izatea estatu berriarena egonkortu arte.

Ă‘abardurak eta bitxikeriak gora-behera, une historikoak dauka garrantzia, hauteskundeek baino gehiago. Artur Mas tematu da erabateko gehiengoaren beharraz limurtzen, «Eskozia izateko, eta ez Quebec». Hau da, Eskozian independentismoak gehiengo absolutua izan duenean abiarazi dute prozesua; Quebecen, berriz, independentistek boterea lortu arren, ez dutela erreferendumik egingo iragarri dute, harik eta gehiengo hori izan arte. Baina Kataluniako prozesua desberdina da oso. Prozesuak alderdiak eta gobernua behar ditu, baina ez ditu gidari, trenera halabeharrez igotako bidaiari baizik, parean harrapatuko ez bazituen.

«Autodeterminazioa gai inportanteegia da politikarien esku uzteko», dio Angel Oiarbidek Gazta Zati Bat dokumentalean (bidenabar, a ze emanaldi eta ikusle piloa izan dituen. Ea datorren ostiralean Bilboko Arriaga antzokia ere betetzen duen). Eta horixe agerian Katalunian. Artur Masek irabaziko ditu hauteskundeak, itxuraz gehiengo absoluturik gabe, baina badauka aukeraren bat. PSCk hondoa joko duela ere iragarri dute, federalismoaren ideia zelan usteldu den adierazten argi. PPk eta Ciutadans-ek emaitza txukunak lortu litzateke, Kataluniako espainolismoaren indarra agerian uzteko, baina baita zeinen minoritarioa den ere: 20-25 diputatu lortuta ere, egungo autonomia-estatutuaren dikeak zeinen ahulak diren adieraziko dute, ez beste ezer.

Eskozian eta Quebecen ez bezala, estatu katalanaren aldekoek eta galdeketa egitearen aldekoek erabateko garaipena lortuko dutela, zalantzarik ere ez. Prozesua bidean da, eta hauteskundeak mugarri bat gehiago dira. Ez tramite soil, baina bai neurri batean: Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari ateak itxiz gero, tramite edo etapak gainditzen ari dira: udal galdeketak, Biltzarraren Sorrera, itun fiskalaren aldeko aldarrikapena Parlamentuan, Diada, Mas-Raxoi bilera, eta autodeterminazio-erreferendumaren aldeko bozketa Parlamentuan, hura desegin eta hauteskundeak deitu baino lehenxeago.

Unionismoa gutxiengoan eta independentismoa gehiengoan agertuko da gaur gauean berriz ere Katalunian. Baina katalanek ez dute Gobernu berririk bozkatu nahi. Independentziari buruz erabaki nahi dute. Gaur beteko dute tramitea, baina historia bihar idatziko dute, galdera adostean, galdeketa deitzean.

Espainiarekin negoziatzea egokituko da hurrena. Eskoziako prozesua hala izan da, baina Montenegro eta Serbiaren artekoa ere halakoxea izan zen. Espainiak, Serbiak Montenegrorekin bezala joka dezake. Edo Kosovorekin bezala, ateak itxi. Eta orduan, hirugarrenez, jo beharko dute bozetara, argi utzita CiUtik CUPera doazen alderdien alde bozkatzeak estatu katalana bozkatzea esan gura duela. Eta Espainiak behartu bezala, Kosovoren papera hartuta aldarrikatu estatua. Montenegro, Quebec eta Eskoziako bidea da egokiena. Baina besterik ez denean, esanda dauka Hagak: Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapenak ez daude debekatuta nazioarteko legedian.
BERRIAn argitaratua

2012-11-18

Ez da 2008, ez da 'berun urtuna'

Istorioa ezagunegia da. 2008-2009ko Berun urtua operazioaren ondoren, hauteskundeetarako kanpainaurre odoltsu klasikoa dirudi palestinarren hilkintzak. Zerrendatik datozen misil-jaurtiketak geldiarazteko aitzakian, Israel Gazari erasotzen hasi zaio atzera ere. Ahmad Jabari buruzagia hil zuen asteazkenean. Hamasek berrogei urtean iritsi ez diren lekuetaraino jaurti ditu misilak segidan. Lerrook idazterako, ia berrogei palestinar zenbatzen dira balantzaren alde batean, hiru israeldar bestean. Eta tankeak Zerrendako mugan, inbasiorako aginduaren zain. Mendebaldea, Ameriketako Estatu Batuak eskuarki, gidoia betetzen, «Israelek defentsarako eskubidea dauka». Lau urte eta ura bere bidean Israelen. Ezer aldatu ez balitz legez. Israel Mendebaldea da. Baina Gaza ez. Palestina da, arabiar lurraldea, eta islamaren munduak zerikusi gutxi orain lau urtekoarekin.

Inor ere ez da orduan zena. Libano ez da ordukoa, Siria ez da ordukoa, Jordanian ikusi gabeko protestak dauzkate, erregearen abdikazioa eskatzeraino, eta zer esan Egiptoz. Hamas dauka agintean Egiptok, Anaia Musulmanak. Hixam Qandil Egiptoko lehen ministroak Ismail Haniya Gazan bisitatzea, irudikatu dezakezue antzeko ezer Berun urtua abian zela mugak itxita zeuzkan Hosni Mubarakekin? Atzo Tunisiako atzerri ministro Rafik Abdesslem Gazan izan zen.

Palestina aldatu egin da urteotan, baita Hamas ere. Zirt edo zart egin beharrez aliatu militar nagusiei bizkar eman die, Sirian hasi eta Iranera. Hezbollahrekin beste horrenbeste, baditu aski arazo Libanoren baitan. Baina Egiptoren eta Mendebaldearen aliatu diren beste erregimen suniten babesak presio diplomatiko garrantzitsuagoa ekar diezaioke. Are gehiago, Libia eta beste matxinaden ondoren, Gazan ere ez da armarik falta. Hamasek iragarri du orain arte baino gehiago eusteko eran dagoela. Bi mezu esaldi bakarrean: eusteko eran daude, ez Israeli irabazteko, baina luzeago eusteak eta egunotako indar erakustaldiak zer pentsatua ematen dio Israeli ere.

Ziur asko lehendik gura zuen Tel Avivek egunotako erasoa. Baina agerikoak izan dira oztopoak. Orain ere, nork esan behar zuen Avigdor Liebermann Defentsa ministro ultrak botatakoa: Gazaren aurkako lurreko erasoa ez dagoela erabakita, eta egitekotan ere, ez dutela Hamas gobernutik botatzeko asmorik. Palestinan omen zegoen deabru handiena on egin dute Gazan bertan, Sinaiko penintsulara hedatzen, hilabeteotan ibili diren talde salafistek.

Azaroaren erdialdean gaudela, hil bi falta oraindik Benjamin Netanyahuk deituriko hauteskundeetarako. Elkarrekiko mesfidantzan bizi arren, aliatu ere badiren Mendebaldeko eta musulman herrialdeetako diplomaziaren esku dago neurri handi batean indarkeria espirala amaitzea. AEBak, Qatar, Egipto, alde berean daude. Siria eta Iranen aurrean, esaterako. Azken datu bat: Palestinak Nazio Batuetan begirale legez onar dezaten eskatuko du datozen asteetan. Eta babes handia izango du.

Ezer ez da duela gutxi arte zen modukoa, esan dugu. Palestinarrak biztanleen erdiak dituen Jordaniari oso arreta gutxi jarri zaio orain arte, baina protestak zabalduz eta indartuz doaz. Monarkia haxemitak birritan aldatu du gobernua, baina monarkiaren aurkako mezuak ere entzun dira. Eskualdeko orekan pieza txiki baina ezinbesteko zirudien erregimena kolokan egoteak iragarri ezin den astindua ekar dezake. Siria, Irak, Palestina, Israel, Egipto eta Saudi Arabiaren artean egotea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Turkiak ez du ahotsa gehiegi goratu orain arte, paradoxikoki. 2009an Erdoganek egindako salaketek babes handia eman zioten arabiarren artean. Ume palestinarren hilketa salatu duen artean, berdintsu jokatu du herri kurduaren aurka. Dozenaka ume kurdu hil ditu, eta kazetarien espetxe handiena bihurtu du Turkia. Gose greban hilzorian ditu presoak. Bakarra hiltzeak indarkeria espirala ekarriko du atzera ere. Baina Mendebaldeak Gazarekiko isiltasunaren antzekoa dauka ezkerrak kurduekiko, Noam Chomsky eta beste salbuespen gutxi batzuk kenduta.

Arabiar udaberri deitu zitzaion, eta udazken ilun bihurtu da. Heriotzak Gazan, Sirian, Kurdistanen sarraskiak. Amazigek Libian piztutako itxaropenak zapuztu, eta Azawaden independentzia hondora. Eta Sahara mendebaldea, Tunisiaren aurreko matxinadetan abiapuntua, basamortuan ahaztuta.
BERRIAn argitaratua

2012-11-11

Hitzaren indarra

Gerra hotzaren irudi faltsu batekin ireki genuen herenegungo BERRIA, mailu eta igitai handiekin azalean, eta gizonak txiki, oso txiki, trajez, alkondara zuriz eta korbata gorriz (hiruzpalau emakume zenbatu nituen, ez gehiago, alderdiko mahai nagusian). Aste osoan izango dira Kongresuan, baina kolorerik ez Florida eta Ohio artean ikuskizun betean eman genuen gau gringoarekin alderatuta (Puerto Rico inor gutxik aipatu du, baina iragarri genuena jazo da: AEBak anexionatzearen alde izan dira ia bi heren, baina Washingtonek iragarri du ez duela balio. Boto zuri asko izan zirela, eta anexioaren aldekoak ez zirela erdiak izan ondorioztatu du; anexioaren aurkako hautagaiak irabazi ditu bozak gainera. Esan bezala, ez dute anaia pobrerik gura berehalakoan. Ikusi beharko da hauteskundeetako lezioak boto latinoarekiko jarrera aldarazten dion, bai Alderdi Demokratari baita, batez ere, Errepublikarrari). Deitu freaky, baina Twitter eta AEBetako telebista kateen artean jauzika gaua uste baino bizkorrago ere joan zen. Ikusgarria NBCkoen muntaia Rockefeller zentrutik, izotz pista gainean AEBetako mapa eta etxe-orratzean kolore gorri eta zuriak igotzen zirela alderdi bata edo bestea 270era hurbildu ahala. Badakit, badakit, horixe da guztia, ikuskizuna eztabaidaren eta hausnarketaren gainetik, emozio azalekoa iritzi trukaketaren ordez. Eta azkenean, mundu guztiak —Netanyahuk eta haren belatzek salbu— gura zutenak irabazi, zintzoa garaile film onenetan legez. AEBen dekadentzia eta Txinaren gorakada nabarmendu da, baina inperio baten gaitasun garrantzitsuetakoa erakutsi du Washingtonek: garaian garaira egokitu eta inperio izaten jarraitu. Datorrena datorrela, hura hartu eta irentsi, WASP ideiak kale egin duela sinestarazi arte. Aldiz, ustelkeriak eta barne-eztabaidek higatutako Txina ageri zaigu Alderdi Komunistaren kongresuan. Paradoxikoki, ostiralez idazten ari naizela, Tibeteko ordezkarien txanda da, baina immolazioek eta tibetarren eskubideek ez dirudi leku handirik hartu behar dutenik.

Tibeten legez, etsipena borroka-indar bihur daiteke, denik eta beldurgarriena menturaz. Tibeten, Barakaldon zein Kurdistanen. «Kurduak alfabetatzeko eskola garrantzitsuena da egunkaria», zioskun Tayip Temelek BERRIAri emandako elkarrizketan. Orain hilzorian da, bihar bete behar ditu 60 egun baraurik. Eta Temelekin beste ehunka preso. Milaka, azken asteotan batu direnak. Urte eta erdi daroa isolamenduan Abdullah Ocalan kurduen buruzagi historikoak. Debekatua dute berba, debekatua Turkiako errepublikako bost biztanletik batek ama-hizkuntza erabiltzea. Urtetan egon dira ama elebakarrak seme-alabak espetxean isilean bisitatzen, kurduerazko lehen berba egiteak bisita amaitzea zekarren eta. Tayip Temelek ondotxo daki kazetaritza militantean diharduela: «Ocalanek esandako hitzak argitaratzea propaganda ei da. Baina nola izango gara egunkari kurdua eta ez idatzi kurduen arazoez? Gure irakurleek jakin gura dute». Soka luzea da: Musa Anter, kurdueraren sustatzaile handienetakoa Diyarbakirgo kaleetan bahitu eta bide-bazterrean tiroz hilda bota zuten 1992an. Europak duela bospasei urte zigortu zuen Turkia. Temel ez zen orduan ere —ustezko zabalkunde sasoian zen Tayip Erdogan lehen ministroa— Ankararen ekimena: «Ez dute konbikzioz onartu auzi kurdua, gure erresistentziak behartu ditu horretara. Ekimen demokratiko deitzen diote baina gerra egiten jarraituko dute, eta guk ere erresistitzen jarraituko dugu gure eskubideak izateko».

Esan dugu sarritan beste gatazka batzuen ondoan zeinen toki txikia daukan gugandik hain hurbil den horrek. Hizkuntzaren ukazioak batzen gaitu, elkar ulerrarazten gaitu. Baina txalotu ere egin behar da aintzat hartzen denean. Bihar da hitzordua, Bilboko Arriaga antzoki aurrean, Turkiari esateko mundua begira duela eta ez dagoela onartzerik ama-hizkuntzan bizi gura duten presoak hiltzen uztea. Bihar lehena, eta ostegunean hurrena, Idazle Espetxeratuen Nazioarteko Egunean, arratsaldeko seietan Donostiako Bulebarrean, Europan kazetariak espetxeratzen dituzten bi herrialdeak gogoan izateko: Turkia eta Espainia.
BERRIAn argitaratua

2012-11-04

Bozkatzera

Postura egingo nuke irakurleak erdi bana bereiz ditzakegula: Obamaren alde bozkatuko luketenak eta etxean geratuko liratekeenak. BBCk joan den udan 21 herrialdetan egin zuen galdera: erdiek Obamaren alde bozkatuko lukete, eta ehuneko bederatzik baino ez Romneyren alde. Frantzia, Obamaren zaleen; Espainia, Romneyren aurkakoen.

Badakigu, duela lau urteko amets asko ez dira bete —ai, Guantanamo, ai Afganistango haur sarraskituak—, eta aldaketa nagusiak etxe barruan egin ditu Obamak, zergetan, behartsuenekiko babesean eta abar. Baina zalantza gutxi, halaber: Bushen oroitzapena nabarmen okerragoa da. Notableak beti gailentzeko arriskua ondotxo ezagututa ere —Frantziako herritartasuna duzuenok, bereziki— , bipartidismoak, edo itzuli bitara egindako bozek badute balio hori: zeurearen alde egiteko aukera, eta aukera, halaber, nahi ez duzunaren aurka egiteko. Eta marka da, A edo B ideologiakoei baino gehiago, herritar epel eta urardotuenei egin behar zaiela keinua, azken boto horiek lortzeko. Zalantzatienak limurtu. Euriteen balioa ondotxo daki Gerhard Schroederrek: inkesta guztiak aurka zituela, Alemania erdia urpean zeuzkan urioletan botak jantzita agertu zen 2002an; Edmund Stoiberrek —Angela Merkeli hautagaitza kendu zion bavariar hura— erreakzionatu zuenerako, berandu zen. Bai, ezkertiarrenak ere Obamak irabaz dezan nahi duela uste dut, aitortu ez arren. Romneyk gal dezala, gutxienean. Paul Ryan presidenteordetzarako hautagaiaren iritziak irakurtzea beldurgarria da.

Ez dugu Hegoaldean ohitura demokratiko handirik, alderdi bati botoa eman eta kito. Biltzarrak hautatzen ditugu, ez agintariak. Hain gutxi eguneroko gaiez, salbuespenak salbu. Etzi 176 galdeketa izango dira AEBetako 38 estatutan, heriotza zigorraz, marihuanaz eta abar. Inbidiarekin batera, bada bide horri buruzko zalantzarik pizten duenik: Maine, Maryland eta Washington homosexualen arteko ezkontzen alde bozkatzen duten lehenak izan litezke. Sei estatuk legeztatu dute orain arte, denek ere auzitegietan edo biltzarretan araudia aldatuta. Baina herritarrei hitza eman zaien 32 estatuetan ezetz esan dute. Zein neurritaraino ebatz daiteke galdeketa bidez beste inori eragiten ez dion eta norbanakoaren askatasunari dagokion horrelako neurri bat?

Marihuanari buruz ere hainbatek galdetuko dute. Gobernu federalak dauka azken hitza, baina inori ez zaio burutik pasa horregatik erreferenduma debekatzea. Beste galdeketa interesgarri bat, orain arteko prozesuari begira: Kalifornian genetikoki eraldatutako produktuak etiketan adierazi behar diren bozkatuko dute. Monsanto eta antzeko janari eta kimika multinazionalek 41 milioi dolar erabili dituzte neurria atzera botatzeko, aldekoek baino hamar aldiz gehiago.

Galdeketak interes handiena behar lukeen lekua azkenerako utzi dugu. Ez dute presidentea hautatuko Puerto Ricon; AEBetako herritar dira baina ez dute ez presidentea ez Ganberak hautatzerik, estatus berezia dela eta. Bi galdera dauzkate Antilletan: gaurko estatusari (Estatu Libre Elkartua) eutsi ala ez, eta ezezkoa bada, zein estatus nahi duten. Estatusa aldatzearen alde dira bi mutur: independentistak, eta AEBetan estatu gisa erabat integratu nahi dutenak, Luis Fortuño gobernadorea buru. Aurka dira oposizioko Herritar Alderdi Demokratikokoak (PPD), AEBetako Alderdi Demokrataren parekoak, nolabait ere, eta Estatu Libre Soberanoaren aldekoak, baina independente bihurtu barik. Independentziak, orain arteko hiru erreferendumetan legez, doi-doi eskuratuko ei du ehuneko bost. Integrazio osoak babes handia dauka, baina arazoa bestelakoa da: kontu bat da puertorricarrek AEBetan integratu nahi izatea, eta beste bat Washingtonek onartzea bere klubarekin berdintasunean bat egin dezan ingelesez egiten ez duen eta nabarmen behartsuagoa den nazio latinoamerikarra. Rosario Ferre idazleak badauka ipuin bat, puertorricarren amesgaiztoa azaltzen, barra eta izarren bandera San Juango eraikinetatik jaisten dutela. Erreferendumak zilegi dira AEBetan, baina aukera handiagoa dauka babes txikiena daukan independentzia gertatzea —AEBek bandera jaistea, uhartearekiko dagoeneko interesik ez daukalako—, AEBetan integratzea baino. Morroiak nagusiaren etxean bizitzea erabaki dezake, baina ugazabak dauka azken berba.
BERRIAn argitaratua