2012-09-30

'Voice or Exit'

Euskaldunon Egunkaria izan zen lehena burujabetasunez jokatzen eta Euskal Herria eta nazioartea natural bereizten, ordura arte hedabide guztiek zeukaten Estatua eufemismoaren ordez. Baina, nahi gabe ere, uste baino nazioarte hurbilagoa zaigula Espainia. Aste honetan agentzietatik iritsitako albisteetan leku zabala hartu du. Ohi baino zabalagoa, esan nahi dugu. Eta benetan, Espainiak telebistako minutu eta albisteetako lerro asko bete ditu azken hilotan. Ekonomian hasita, krisi politiko sakonean dago Espainia, estatu-egitura goitik behera zalantzan jartzera daramana: monarkiatik gobernura, ezegonkortasunak harrapatutako herrialdea da. Baina azken egunetan zurrunbilo betean da Espainia.

Ez dira hogei egun Diada historikoa izan zela. Hamar egun ere ez Artur Mas eta Mariano Raxoi batzartu eta itun fiskalari ezetz esan ziola Espainiako lehendakariak. Asteon zurrunbiloa espiral zoro bihurtu da: asteartean hauteskundeetara deitu zuen Masek, autodeterminazioaren aldarrikapenarekin. Handik egun bira, ostegunean, Parlamentuaren ia bi herenek autodeterminazio-erreferenduma egitearen alde bozkatu zuten (eta aurka ehuneko hamabostek doi-doi).

Militarrak aztoratzen hasi, eta Espainiako tik kolpistak era arriskutsuan hasi dira hedatzen: El Mundo egunkariak dio Ibarretxe espetxeratzeko Aznarren legea berreskuratu behar dela, eta Alejo Vidal-Quadras Europako Parlamentuko lehendariorde katalan ultra autonomia kentzeko eta Guardia Zibileko jenerala bidaltzeko eskatzen ari da. Lehen militarrak mehatxatzen hasi zirenean, alderdi katalanek, demokrazia liberaleko herrialde batean baleude legez, horien aurkako neurriak eskatu zituzten. Isiltasuna izan dute erantzun. Eta mehatxuak hedatuz doaz, armadaren eremutik hedabideetara, politikariengana. Gobernuak berak harrokeriaz esan du legea eskutan geraraziko duela erreferenduma. Noski, Auzitegi Konstituzionalera jotzea dauka, baina Masek esandakoa betez gero, zein balio dauka Konstituzioa interpretatzen duen auzitegi horrek, Konstituzio horri berari ezetz esan eta estatu berri baten alde bozkatzen duen erkidego baten aldean?

Espainia oso deriba arriskutsurantz doa. Hedabide guztiek nabarmendu dute mundu zabalean. Gehienek, oraingoz, ez diote aukera handirik ematen Kataluniako independentziari, dena esan behar bada. Munduko analistek Espainiako Konstituzioan ikusten dute oztopo handiena. Oztopo hori erreferendumerako da ordea, ez independentziarako. Argitu dezagun: Estatuak bide demokratikoa onartu duenetan, herritarrek ez dute sezesioa hautatu behin baino gehiagotan, Quebecen nabarmenen. Quebectarrek badakite Kanadak eskubide nazionalak bermatzen dizkiela, baita bereizi nahi balute ere. Espainiak erraztu zezakeen bide hori Kataluniarekin garaiz negoziatuta. Baina beranduegi da orain. Aldiz, 90eko hamarkadatik gertatu diren sezesio gehienak Estatuaren onarpenik gabe jazo dira.

Europak ere ez du Kataluniaren aldeko suhartasun handirik. Espainiak aski buruko min ematen ditu, beste bat gehitzeko. Baina ez litzateke Espainiaren aldeko jarreratzat ulertu behar; Estatuak, definizioz, kontserbadoreak dira edozein sezesioren aurrean; beren klubean sartu nahi duten hautagaien aurrean nahiago dute, printzipioz, dagoeneko klubean dagoena —Espainia— babestu. «Lasaitasunaren» izenean ez bada ere. Independentismo katalanak orain arte egin duen bide eredugarriari erreparatuta, erraz irudika ditzaket orain bertan diplomatiko katalanak Berlinen, Washingtonen, Tel Aviven (Haaretz-ek atera du Kataluniaren aldeko artikulu argiena), edo botere txikiagoko baina tradizio demokratiko sakoneko herrialdeetan (Islandia...). Funtsean, sezesio adosturik lortzen ez duzunean, alde bakarrekoa irabazi behar duzu. Etxean eta nazioartean.

Paradoxikoa da, hauteskunde-estrategia izanagatik, Euskal Herrian «dibortziorik ez» bezalako esaldiak entzutea. Mendebalde liberalaren aldeko alderdiek eskuin katolikoaren moral zaharkitua hartu balute legez. Samuel P. Huntingtonek (bai, Zibilizazioen Talka idatzi zuen pentsalari eskuindarrak) aspaldi esan zuen: «Dibortzio politikoaren, hau da, sezesioaren aurkako hogeigarren mendeko joera hemeretzigarren mendean ezkontzako dibortzioaren aurkakoa» bezain indartsua zela ohartarazi zuen. Eta hura aspaldi gainditu zen legez, XXI. mendean dibortzio politikoa natural onartuko zela iragarri zuen. Antzekorik entzun dugu egunotan: «Eskoziari, Flandriari, Quebeci buruz ari gara, lehen munduko herrialdeez. XXI. mendean, nazioa baino gehiago, demokrazia egongo da debatearen erdigunean, boterea herritarrari itzultzea. Binomio horri ingelesez voice or exit esaten zaio, ahotsa edo kanpora, edo ahotsa eman eta errespetatzen nauzu edo banoa». Eta lerrootan erabili dugun argudio bera: «Nik ez nuen uste Estatua behar nuela, baina esaten badidazue futbol-selekzioa izateko Estatua behar dudala, nire hizkuntza Europar Batasunean ofiziala izan dadin, nire erabakiak Ecofinean defendatzeko, nire kultura nazioartean sustatzeko estatua izan behar badut, bada nik, horretan pentsatu ez banuen ere, estatua behar dut». Mas? Salmond? Ez, Juan Jose Ibarretxe asteazkenean. Dibortzioaren aurkako Urkullu lehendakarigaia zeukan aurrean entzule, baina Mintegi lehendakarigaiaren erabakitze-eskubidearen aldeko itun nazionala gogorarazten zuen.
BERRIAn argitaratua

2012-09-23

Bartzelona-Edinburgo

Badu onetik asko era paraleloan gauzatzen ari diren sezesio prozesuak aztertzeak, Eskozian eta Katalunian. Lehenean alderdi independentistaren estrategia garrantzitsuena izan da hauteskundeak irabazi, boterea eskuratu eta herritarrak konbentzitzea. Irlanda eta Islandia ziren behinola eredu, baina estatu horien porrotaren ondotik ere gehiengo absolutua lortu zuen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Hemendik aurrera, herritarren mobilizazioak hartzen du garrantzia. Eta irribarrea ere ateratzen zitzaigun, eskoziar adiskideek esaten zigutelarik ez zekitela zelan aterako zitzaien atzoko martxa. Historikoa nahi zuten, baina horrelakoetarako ohitura galduta, ez ziren gai sentitzen neurria hartzeko. Manifestazioaren aurretik idazten nabilela, milaka lagun ari dira Eskozia osotik Edinburgorantz jaisten.

Yes, Scotland independentziaren kanpainatik kanpo antolatutako mugimendua izan da, baina alde dauden alderdien babesa jaso du, Alex Salmond lehendakaritik hasita. Eta hor hasten dira Kataluniarekikoak bereizten, goitik behera eta behetik gorakoaren aldeak ikusita. Zer esanik ez Euskal Herritik begiratuz gero. Zail da azaltzen botoen %51ren alde borrokan ari direnei abertzaleak izango direla EAEko lehen bi alderdiak, baina bietako batek ere ez daramala programan euskal estatua sortzeko egitasmorik kanpainan. Imajinatzerik bai, Bilbon zein Iruñean, Edinburgo edo Bartzelonako irudirik, independentziaren alde.

Artur Mas eta Mariano Raxoi bildu dira egunotan. Bien bileraren oihartzun erdirik lortu ez badu ere, Alex Salmond eta David Cameron ere batzartu dira asteon Londresen. Eguneroko auziez berba egin dute, eta erreferendumaz ere bai. Eskoziako lehen ministroaren arabera, «eztabaida ona» izan dute. Datozen asteotan erreferendumaren formatua zehazteko «borondate ona» dagoela erantsi zuen Salmondek. Raxoik, berriz, independentisten gidoiak aurreikusitakoa bete zuen berbarik berba. Iragarria zuen Espainiako lehendakariak aurreikusteko moduko gizona dela, ezusteko gutxira emana. Nahiko zukeen Cameronek independentziarako asmoak Artur Masek bezain merke salduko lituzkeen lehendakaririk Eskozian. Baina Espainiak, ezusteko gutxi, ezetz eta ezetz.

Merke saldu zuen Kataluniako Estatutua Masek 2006an, oposizioan zela, Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin ezkutuan bilduta. Alfonso Guerra Espainiako lehendakariorde ohiak Barakaldon gogorarazi legez, marrusketatze polita egin zioten, baina horrekin ere konforme ez, eta independentismoa hauspotzera jo zuen Alderdi Popularrak Auzitegi Konstituzionalaren bidez. 2010eko epaiak ekarri zituen udalerrietako erreferendumak, eta duela hamar eguneko Diadaraino eroan duen olatua. Nekez hain estatu baldarrik Europa osoan, independentziarik nahi ez duena ere hartara behartzen. (Bidenabar, Guerraren ekitaldi hartan egotea egokitu zitzaidan Barakaldon 2006ko apiril hartan. Oraindik gogoan, PSEko ehunka euskal gazte haien algarak, jakobinoaren txantxekin. Arrastian Santiago Carrillok hartu zuen berba, eta argi gogorarazi zuen: «Nazionalismoari aurre egiteko, lehendabizi izan behar ez dena espainiar nazionalista da»).

Cameron eta Salmond erreferendum legea adosten, Londresko Parlamentua arazo teknikoak zelan desblokeatu proposatzen (Eskoziak ez baitauka erreferendumik deitzeko eskumenik, baina legezko oztopoetan katramilatu ordez herritarren borondatea zelan bideratu bilatu ohi dute benetako demokratek), eta independentistak herritarren mobilizazioaren bila. Katalunian atzekoz aurrera doa prozesua, herritarrak mobilizatuta eta alderdiak, epelenak ere, mugitzera behartuta. Felipe Gonzalez bera federalismoaz berbetan entzuteak Espainiaren sinesgarritasunaren neurria ematen du. Bero dago Katalunia, CiU batez ere estu, oso estu hartzen. Artur Masekiko mesfidantza aski ulergarria da. Salvador Cardusek zioen legez, independentismoaren erronka handienetakoa hori da. Herritar mugimenduak egindako indar erakustaldiaren ondoren, neurria eman behar duten politikarien txanda da. Eta horiekiko dira mehatxuak: Kataluniako parlamentarien %13 dituen PP hasi da esaten zer egin daitekeen eta zer ez (metropolian gailentzen den alderdia herrialde sezesionistan ahula izateak are zilegitasun gutxiago ematen die beti prozesu independentistei). Espainian legea irakurri, eta militarrak ageri dira. La Razon egunkariak argi zekarren: Gobernuak bertan behera utziko ditu hauteskundeak Masek estatu berrirako boz eratzaile gisa planteatuz gero. Otsoa haserretzen hasi da, eta bazterretik begiratzeko oso interesgarri. Esan genuen, inbidia ez dator manifestazioa antolatzeko gai doi-doi diren eskoziarrengandik. Marka da David Cameron harroputzaren miran ibiltzea. 

BERRIAn argitaratua

2012-09-16

Manifestazio aroa

Astindua itzela izan da, iragarrita egonagatik. «Betiko» independentistek errezelo handia daukate Convergencia i Unio alderdiak hartuko duen jarrerarekin. Mesfidantzaz bat, erabateko ustea dago nekez mugituko zela bere borondatez independentismorantz. Baina hara Artur Mas ere, Kataluniako estatuaren alde. Ostegunean Mariano Raxoirekin biltzekoa da, eta aitortzen dut, badaukat interesik jakiteko zer eskain diezaiokeen behin honaino helduta, Kataluniarekiko umiliazioz umiliazio ibili ondoren. Aspaldi deitu behar zuen bilerara, eta zabal negoziatu, baina Espainiako tradizioaren guztiz aurka doala ematen du. «Dena ala ezer ez» egiteko joera izan du beti, negoziatzeko gaitasunik gabe, beranduegi den arte, «ezer ez» den arte. Gero negarra dator, eta 98ko malkoak, inperio galduak... ea Espainiari belaunaldi literario berri baterako bazka ematen diogun, krisi ekonomikoari, nortasun inperial horretan beste eztenkada independentista batekin. Euskal Herrian ere badago «dena ala ezer ez» joera, koherentziaren izenean. Katalunian pragmatismoa eta gisako berba itsusiak gailentzen dira, konplikatuak. Uztailean itun fiskalaren alde bozkatu zuten ia alderdi guztiek, baina aurki gaztigatu zioten Masi ez zutela utziko itun fiskala bihurtzea Diadako aldarrikapen. Espainiari ituna galdegin eta independentzia aldarrikatu, elkarren aurka izan arren, bide-orriak biak onerako direlakoan, elkarrekin doazen prozesuak izan daitezke. Egiaz, zail da horrelakorik irudikatzea gurean. Ez hobeto ez txarrago, tradizioak aski ezberdinak dira.

Quebeceko hauteskundeek ireki zuten iraila, eta mahaira ekarri berriz ere erabakitze-eskubidea. Handik astebetera etorri da Kataluniako Diada. Jendetzak lurrikara eragin du, Bartzelonan ere mugiarazi dute elefantea. Hiru esparru landu behar ditu sezesio prozesu batek: garrantzi handia dauka, asteotan gogorarazi dugun legez, nazioarteko lanak, ustez estatua independentziaren aurka tematzen bada bereziki. Kosovo adibide argia da. Bigarren lana, estatuarekiko negoziazioa da. Beti da beharrezko, ahalegina gutxienez, nahiz eta demokrazia aurreratuenetan funtzionatu ohi duen batez ere: Eskoziak Erresuma Batuarekin, Quebecek Kanadarekin. Hirugarren lana, oinarrizkoena da —baina ez bakarra, askok uste dutenaren aurka, aurreko bi puntuak ere ezinbestekoak baitira— etxe barrukoa da. Herritarrak independentziaren alde jartzea. Egoera demokratikoei dagokie nagusiki, osterantzean borrokak —armatuak sarri, munduko hainbat lekutan— bete ohi du mezu independentista bake bidez ezin garatzea. Baina Kataluniako lezioak zein Eskoziak adierazten dute etxeko lan hori zelan garatu, herritarrak zinez estatua sortzea posible eta beharrezko dela sinetsarazi arte. Diskurtso teorikoetatik eta aldarrikapenetan izatetik urratsa egin eta eskuragarri ikustera katalanek egindako jauziak euskal independentista bat baino gehiago harritu duelakoan nago. Kataluniako Estatutuaren lezioetako bat da, hura Parlamentutik eta alderdien artean bultzatu zutela nagusiki; azken orduan baino ez zutela herritarren indar erakustaldia izan. Orain, berandu da estatutu eta itun fiskaletarako honezkero, herritarrek aurrea hartu eta independentzia nahi dute.

Ez da erabakitze-eskubidearen edo autodeterminazioaren aldeko mobilizazioa. Estatuari ez zaio ezer eskatzen. Orain arte ezer egin ez duenez, ezer ez egiten jarraitzea baino ez, Kataluniak bere bidea landu dezan. Agian inozoegitzat hartzen dira Euskal Herritik jarrera horiek, militarrak hortzak erakusten hasi diren honetan. Baina posible dela sinetsita daude katalanak. Eskoziarrek ere badakite erreferenduma irabaztea dutela estatua sortzeko bide. Datorren asterako manifestazio handia antolatu dute Edinburgon. Ez da aski —baina bai beharrezko— gobernu batek, edo alderdi politiko batek, ekimena izatea; herritarrak mugiaraztea ere ezinbesteko da. Ilusioa piztea azken batean. Hortik aurrera, badakigu zer datorren, guk ere bi urterik behin egiten dugun Korrika; besteekin batera ibiltzen hasitakoan, milaka kilometro egin daitezke.

BERRIAn argitaratua

2012-09-09

Diada

Jendetza bilduko da etzi Kataluniako egun nazionalean Bartzelonan. Eta katalan suharrenetatik urardotuena bildu ohi duen ekitaldian independentismoak hartuko du protagonismo osoa. Arrakasta handia ari da izaten Biltzar Nazionalaren deialdia, eta gogoan izan behar da Biltzar horrek bide-orria osorik markatuta daukala, bi urte barruko Diadarekin batera independentziarako erreferenduma egiteko. Gauzak nola doazen, horrenbeste eutsiko dioten ere izan da galdera. Ferran Requejo katedradunak ere orria argi ikusten du —bidenabar, ostiralean Bilbon izatekoa da—: Espainiak ezetz esango dio Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalari, eta Artur Masek hauteskundeak aurreratu beharko ditu. Itun fiskalik gabe, katalanek inoiz baino argiago ikusten dute ez daukatela Espainiaren baitan bizitzerik, Espainiak ez diela bizitzeko aukerarik ematen, katalanek horretarako prest egon arren. Eta hauteskundeen ondoren, independentziaren aldeko guztiek osatu beharko lukete gobernua, hori ondo bideratzeko. Auzi korapilatsua, eta gutxitan aintzat hartzen dena, nazioarteko aliantzak bilatzea da.

Eskoziak edo Quebecek ez dute halakorik behar, bertako mugimendu independentistei bost axola zer esaten duten Kanada eta Erresuma Batua ez beste herrialdeek. Badakite Londres eta Ottawarekin negoziatu behar dituztela negoziatu beharrekoak. Azken hilabeteotan mendebaldeko demokrazia liberaletako fenomeno sezesionistak zertxobait ikertuta, agerikoa da Espainia dela besteekiko desberdin. Eta «dena ala ezer ez» politikarekin historikoki dena galdu duena. Kataluniak behin eta berriz egindako proposamenei iseka egin diete. Asteon aipatu du Josu Erkoreka parlamentari jeltzaleak, nazionalista katalan baten berbak gogora ekarriz: «Galdetu ziotenean zeren inbidia zuen Quebecekiko —Kataluniak baino botere eta eskumen gutxiago dituen probintzia izanik— Kanada erantzun zion: 'Quebecetik falta dudana —esan zion— Kanada da; erreferenduma antolatzeko prest den Estatu demokratikoa, bere lurraldeetako bateko herritarren gehiengoak hala eskatuz gero'. Orain euskal nazionalista batek Eskoziatik mira egiten duena Erresuma Batua da».

Garrantzitsua da oharra, Quebecen independentismoak gora egin ei duen honetan. Han zein Eskozian, prozedurak du garrantzia, independentzia ala status quo-a hautatzen duten gutxienekoa da. Baina aski hedatutako ideia da Estatu demokratiko batek berre herritarren legitimitatea behar duela. Argudiatu daiteke autonomia daukana autodeterminatzen dela bertako gobernua hautatzen duenero. Baina herritarrek behin eta berriz adierazi badute Estatuarekiko beste harreman bat nahi dutela, Kataluniak bezala, Estatu horren betebeharra da eskaera horri erantzutea. Financial Times-eko David Gardner-ek argi azaldu du: independentistek ikusi dute Raxoiren gobernu intrantsigentea aliatu ordainezina dutela euren kausarako. Kataluniara begira egongo diren euskaldunez dihardu.

Etziko mugarria izango da Katalunian. Baina bidea aspaldi hasi zela gogoan hartu behar da. Espainiak hauspotu egin du baretzen saiatu ordez. Eta egiaren ordua hurbiltzen ari da. Eskuin muturrak bota ditu mezu kolpistak. Hori bera iragarri zuen euskaldunontzako analisi onenetakoa egin zuen Alberto Pradillak duela hiru urteko Gara-n. Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari emango zion erantzuna asmatu zuen, bidenabar, Folklorearen eta Hardcorearen artean artikuluan, hainbat udalerritan antolatutako galdeketei buruz: «Kontsultak rol joko bihurtzea da arriskua, non berdin bozka daitekeen Kataluniako independentzia zein Lord Gandalfi jarraitzea elfoen diada batean. Baina arrisku degeneratiboa gaindituz gero, espainiarren betoa benetan gaindi daiteke. Orduan erabaki beharko dute katalanek pin-desfileen, itsasgailuen eta kamiseta independentisten folklorearen eta hardcorearen artean, hori izango baita Espainiaren erantzuna independentziaranzko urratsak eraginkorrak baldin badira».

Arrazoi du Requejok independentismoak diplomazia lan garrantzitsua egin behar duela gogora ekartzean. Espainiar eskuin muturrak dio Eskoziaren eredua dutela katalanek, eta Kosovokoa euskaldunek. Eta Raxoi Milosevic bada, zein ate jo beharko da independentziak babes ditzan otsoaren aurrean? Washington? Berlin? Buenos Aires?

BERRIAn argitaratua

2012-09-02

Berriz ere Quebec

Itxura guztien arabera, Parti Quebecois independentistak irabaziko ditu etzi Quebeceko hauteskundeak. Inkestek bozen herena ematen diete, boterean diren liberalek eta Quebeceko Etorkizunerako Koalizioak baino bospasei puntu gehiago. Biek ere botoen % 27-28na eskuratuta, independentistek gutxieneko gobernua baino ezingo lukete osatu, eta nekez lortu independentziarako hirugarren erreferendum bat deitzeko beharrezko botoak. 1980 eta 1995ean bozkatu zuten Quebeceko herritarrek Kanadatik bereiztearen aurka. Lehen aldian independentziaren aldekoek nabarmen galdu zuten, baina hurrengoan emaitza estuagoa izan zen: %49, 42k bozkatu zuten baietz.

Euskal Herritik interesez baina errezeloz ere jarraitu izan zaio Quebeci. Nolabait, berezko hizkuntza daukan herrialdeak ikastekorik ezer gutxi baleuka legez kolonoen ondorengoen Amerikako nazio bati. Nazio hori, gainera, euskarari mehatxu egiten dioten bi hizkuntzetako baten nazionalismoan, frantsestasunean oinarritzen delarik.

Azken batean, sezesio prozesu baten garrantzitsuena, emaitzaz haratago, prozesua bera da. Eta Quebecen erreferendumak mugarria izan dira mundu osoan. Sarritan han-hemengo independentistek bestela saldu arren, sezesio-prozesuak asko dauka dramatikotik, estaturik demokratikoenean eta gerra mehatxurik ez dagoenean ere. Estatuarekiko kexuak dituen lurralde bat bere buruaren jabe dela erakusten duen froga argienetakoa da sezesiorako baldintzak adostea. Kanadak heldu zion bide horri, eta Quebecek bereizteko balizko baldintzei buruz galdera egin zion Auzitegi Gorenari 1998an. Paradoxikoa badirudi ere, independentziari buruz egin diren erreferendum askotan biztanleek ez bereiztearen alde egin dute. Nolabait, estatuarekiko kexuen aurrean, estatu horrek berak aski zabaltasun baduela erakusteak, grina sezesionistak baretuko balitu legez. Liberalismo anglosaxoniarraren abaroan bozkatu dute Quebecek (birritan), Bermudak (1998an), Puerto Ricok (aurten hirugarrenez egingo du, eta independentziak babes txikia dauka), Karibeko Nevis uharteak, eta behin ere ez da gauzatu independentzia. Montenegrok doi-doi eta Hego Sudanek botoen ia ehuneko ehunarekin, aldiz, bereiztearen alde egin zuten.

Esan bezala, Quebeceko erreferendumaren garrantzia, gerora Kanadako Auzitegi Gorenak adierazitako bidean datza neurri handi batean, gatazka sezesionisten konponbiderako bide-orri ezin egokiagoa markatzen duena. Hainbat puntu garrantzitsu ditu:

Probintzia batek (Quebecek), ez dauka autodeterminazio eskubidea aldarrikatzerik sezesiorako. Eskubide hori egoera kolonialetarako eta bere burua gobernatzen ez duten lurraldeetarako dela ulertzen du epaiak.

Halaber, probintziak ez dauka bere kabuz, aldebakarrez, independentzia aldarrikatzerik.

Baina, probintziak era nabarmenean estatutik bereizteko borondate argia adierazten badu, bi aldeak —probintzia eta estatua, edo hura ordezkatzen duen gobernu zentrala— behartuta daude fede onez negoziatzera.

Erreferenduma sezesiorako biderako abiapuntu gisa adierazten du, beraz. Ur handiagoetan ere sartzen da epaia. Botoen erdiak aski diren galdetu zuen Kanadak. Quebecek hala dela dio. Auzitegi Gorenak, gehiengo nabarmena eskatzen du, kopurua zehaztu barik. Hori aintzat hartuta, Montenegrok erreferenduma antolatu zuenean Veneziako Batzordea deiturikoak botoen % 55 inposatu zion Podgoricari. Oso boto gutxigatik lortu zuten. Beldur handienetakoa zen zer gertatuko ote zen baietzak hori baino gutxiagogatik irabazi balu, % 53rekin esaterako. Eskozian argi geratu den beste auzi bat ere Quebeceko erreferendumak nabarmendu zuen: erreferendumeko galderak argia behar duela.

Esanguratsua halaber, Montenegrok gutxiengoei esker (albaniarrak, bosniarrak, e.a.) irabazi zuela erreferenduma, eta Quebecek gutxiengoen erruz (etorkinak, anglofonoak, cree, inuit eta gainontzeko indigena amerindiarrak) galdu. Kanadako Auzitegi Gorenak argi adierazten ez badu ere, Quebec aurka egon arren, logikoa dirudien argudio bat darabil, iparraldeko cree indigenen alde: Kanada zatikagarria baldin bada, berdintsu izan beharko luke zatikagarri Quebecek. Are gehiago, probintziaren zati handi bat inoiz frantsesa izan ez delarik, baizik eta 1912ko erabaki administratiboa, horren ondorioz baitira Quebeceko zati iparraldeko cree lurralde zabalak. Pentsa liteke, gurean lurralde historikoek duten garrantzia kontuan izanik, antzeko balioa izan lezakeela argudio horrek balizko galdeketa batean: Espainiako estatua zatikagarri bada, berdintsu ebatzi ahalko dute Euskal Herriko balizko lurraldeek haren zati izan nahi duten ala ez. Hortik behera, udalerri edo eskualdeei ere eragingo liekeen, Kanadak aipatu «fede oneko» derrigorreko negoziazioaren zati beharko luke.

Munduan ia ez dago autodeterminazioa berariaz aitortzen duen edo estatuko zati bat nola bereiz daitekeen arautzen duen estaturik. Baina egoera horren aurrean, herri demokratikoek auzia negoziatzen eta arauak ezartzen saiatzen dira. Horretan ari dira Eskozian. Quebecen hori egingo du Parti Quebecoisek gehiengo nahikorik daukanean, baina ez orain, irabazita ere ez baldin badu halakorik. Quebectarrek badakite, ordea, zein den bidea: sezesioa nahi izateko lehen baldintza hori bultzatuko duen gobernua hautatzea da, eta bat egingo duen babes zabala bilatzea, Parlamentutik hasita.

Katalunian halaxe egin dute bide-orria, datozen urte parean Parlamentaren %80k erreferenduma babestuko duelakoan. Datorren astean, Diadaren atarian egingo dugu horretaz berba. Gaurkoz gera gaitezen horrekin: independentzia prozesua abiarazteko, ezinbestekoa da independentistek estaturako nahi d(it)u(z)ten lurralde(et)an boterea lortzea.

BERRIAn argitaratua