2010-04-25

Izpiritua formatzen

Sarritan kontatu dut hemen zer nola aldatzen zaien kurduei aurpegia Euskal Herriari buruz mintzatzean. Bi estatu, hizkuntza gutxitua, legez kanpoko alderdiak, preso politikoak, terroristekin ez da negoziatzen eta gisako leloak... oso ezagun zaien kantaren hitzak dira, eta inork urruneko herri batez era horretan berba egindakoan, sinpatiazko irribarre batek gainditzen ditu bost mila kilometro.

Baina inbidia ere ez da txikia. Ikasketak euskaraz egin ditugula esatea, frankismo beltzenean seme-alabak euskaraz eskolatzeko egindako apustuak, gerora etengabeko hobekuntza pedagogikoan murgilduta ikastolak Europako hezkuntza aipamen garrantzitsuenak eskuratu dituela entzutea, beren ametsetako egitasmoak bihar bertan betetzea legez da. Ondo bidean, Euskal Herrian bertan egongo dira aurki, kurdueraren sua hauspotzeko bideak ikertzen.

Lagunak gaizki pasa zuen eskolan. Ez dira bere haurtzaroko kontu soilak: lehengo astean Onur Tekin hamar urteko mutikoa jipoitu zuen irakasleak kurdueraz egiteagatik. Gure garairik ilunenak egunerokotasuna dira goizero-goizero turkiar bandera jaso eta zeinen turkiar izanik zoriontsu diren milioika umerentzat. Gurean egindako bidea amets, berehala ulertu du lagunak hemen berba ponposoetan ezkutatu gura dutena: Meliton Manzanasen senideak ikastoletan gura dituztela Argala eta Txiki eta Otaegi terrorista gaiztoak zirela esaten.

«Ez duzue horrelakorik onartuko, gero!» gaztigatu dit lagunak, ordenagailuaren bestaldean sututa. Ez dugu onartuko. Lau hamarkadan izpiritu nazionala formatu nahi zutenen aurrean ikastolak sortu bagenituen, basatiak zibilizatzera datozen kolono berriek gela hutsak topa ditzatela. Kalean kantatuko diogu Txikiari eta Kantauriri: «Geroari esaiok olatuetan, herri izarrak ez direla itzaltzen, gure haurrek biharko ikastoletan, haien izenak abestu ditzaten, herriarentzat biak hil baitziren».

2010-04-18

Mendekua

«Guk ez genuen independentzia nahi. Gustura biziko ginen geneukan autonomiarekin, gure eskubideak bermatuta. Baina ezinbesteko bihurtu zen independentzia. Ezin ginen Serbia barruan gehiago egon». Kosovoko egunkari garrantzitsueneko zuzendariak esan zidan behinola. Berriki antzeko zerbait entzun diet hainbat katalani: orain arte ez zuten askorik pentsatu Kataluniak estatua eraiki beharra zeukanik. Egia zen Espainiatik, Madrildik bereziki, katalanekiko ezin ulertua sumatzen zutela, baina Jose Maria Aznarren azken urteei eta haren ondorioz geratu den antikatalanismo agerikoari zor diote begiak irekitzea: katalanek ez daukate lekurik Espainian. Sinetsi nahi ez zuten Espainiarekin topo egiten milaka independentista sortu ditu Katalunian. Espainiak Espainia izateko ukazioa barik atxikimendua bultzatzea txalogarria izan daiteke ezkertiar borondatetsu horientzat. Baina beren naziokideak limurtzerakoan egingo dugu berba.

Eduardo Galeanoren Gobernuak erabaki du errealitatea ez dela existitzen lana datorkit gogora: Santa Maria sumendia erupzio betean dela, pregoilaria Guatemalako gobernuko oharra aldarrikatzen ari da: normaltasuna nagusi da esaten eta besterik diotenak zurrumurruak hedatzen ari diren ordenaren aurkakoak dira. Auzitegi Konstituzionala, berdintsu, nazio katalana existitzen ote den eztabaidan ari da, katalanek zer sentitzen diren ebazteko gai balitz legez.

Euskaldunen aurka ez da hainbesteko eztabaidarik izaten. Eta presio jasangaitzari men eginda, Egunkaria kasuko salbuespena gertatu denean ere, benetako Espainiak, boterea inoiz utzi ez duen hiltzaile berde horrek, laster agertu du mendeku gosea eta gorrotoa. Asetzen dakien era bakarrean: egunotan hustutako hamar ziegak berriz ere hamar euskaldunekin betez.

Inoren aurka barik, era positiboan pentsatu izan dut beti estatua behar dugula. Baina hori aski ez balitz, Espainiak berriz utzi digu argi ahalik bizkorren moztu behar ditugula kateak torturaren aberritik.

2010-04-11

Amesgaiztoaren amaiera

Bihar euskal kulturako pertsonaia garrantzitsuenek bizitako amesgaiztoa amaituko da. Ezin da bestela izan, Espainia Espainia izanda ere. Gero gerokoak, baina biharkoak ospatzeko eguna behar du, Espainiaren terroreak kale egin duela ozen esan behar dugu, kale eginarazi diogula erakusteko eguna behar du.

Gero gerokoak. Euskal kazetaritzako pertsona garrantzitsuenetakoenek aspaldi merezitako loa berreskuratzeko data historikoa behar du biharkoak. Baita gerokoari heltzen hasteko ere. Bidegabekeria bat amaitzeak ez du hura konpontzea esan gura. Eta milaka euskalduni kendu ziguten egunkaria itxita dago. Eta munduari kendu zioten Egunkaria zarratuta dago, ale historikoak ere ezin kontsulta daitezke sarean. Hamabi urteko ondarea Espainiako katakunbetan dago oraindik.

Espainiar tsunamia gerarazteko lehen dike sendoa eraiki behar da bihar. Gertatu behar dena gertatuta, ez diegu sinetsiko Justizia independenteaz esan ditzaketenak. Euskal Herria beldurtzeko itxi ziguten egunkaria, Euskal Herria izutzeko torturatu zituzten, eta hala behar duelako absoluzioa besterik ezin da egon bihar.

Ospatzeko eguna behar du, eta salatzeko Espainian oso merkea dela euskaldunak torturatzea, euskara debekatzea. Ez dugu ahaztuko Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko hainbat kazetari espetxean daudela, kazetaritza egiteagatik sei urtetik gorako espetxe zigorrekin. Eta Egin eta Egin Irratia ere betiko itxita. Euskal egunkariak ixtea merkeegia da Espainian. Falangek baino ezin baititu espainiar inkisidoreak auzitara eroan.

Argi esan behar da: bihar ez da egindako kaltea konponduko. Kalte handiagoa eragotziko da. Bidegabekeriari muturrekoa eman eta behingoz geraraziko da. Ez eskatu aukera egiteko torturatuak isilarazten dituzten inkisidore aurrerakoien eta horiek auziperatzen dituzten falangisten artean. Biak daude sobera herri honetan, Aberri Eguneko milaka independentistek argi utzi bezala.

2010-04-04

Ezohikoa

Ismail Kadareren Hiru hil kanta Kosovogatik eleberriak honako abiapuntua dauka: «Sekula ez zen gertatu berehalako gerraren zurrumurruen ostean bakea egitea. Aurkakoa baina, bake itxaropenen ondotik bat-batean gerra piztea, ia ohitura zen penintsula handian». 1389ko neguaren amaieran, Balkanetako borrokaldirik ezagunenaren atarian kokatu zuen nobela. «Menditarrak gailur elurtuetara begiratu eta burua astintzen zuen. Elur maiteak han goian iraun artean, ez zen armadarik bidera irtengo, ez zen gerrarik hasiko. Udaberrian ziurtasun hori guztia birrindu egiten zen, eta elurra urtzeaz bat aldatzen ziren pentsamenduak».

Kurduek naturaren iratzartzea eta udaberriaren iritsiera Urte Berriarekin lotu ohi dute. Irlandarren Saint Patrick ere antzeko datan dator, eta data horren pareko dute 1916ko Pazko Altxamenduko oroitzapena. Ohitura kristaura jo zuten 1932ko lehen Aberri Egunaren antolatzaileek, baina baita Berpizkundearen ideiarekin lotu ere. Nazionalismo guztiek sarri erabili duten figura da iratzartzen ari den herriarena. Baina natura ziklikoa da, urtero iratzarri eta lotara joaten da, eta nazioek behin betiko iratzartzea dute amets.

Ilusioa eta gogoa nabari zaie Espainiak gogorren jo dituzten abertzaleei. Baita autonomiaren kudeaketa eta independentismoaren arteko dantzatik azken horren hautu irmoa egin dutenei ere. Mesfidati, baina bat egingo dutela esan dute ezkerreko beste independentista batzuek. Eurekin bat, milaka abertzale, oraingoa benetako dela sinetsi guran.

«Ezohiko bakea gailenduko zela zioten albisteak iritsi eta berehala beste albiste bat iritsi zen esanez gerra egongo zela eta gerra hori ere ezohikoa izango zela», amaitzen du lehen kapitulua Kadarek. Ezohiko bakearen hautua dago herri honetan ere. Hitza errespetatuta independentzia eskuratuko duen bakearen aldekoa, hain zuzen ere. Bake hori baino, gerra nahi duen jende asko dago, ordea. Ohiko gerra, ezohikoa, zein gerra zikina.