2009-11-29

Espainiaren beldurrak

Turkian Kurbam Bayram edo Aid sakrifizioaren ospakizunerako prestaketetan zebiltzala, Giza Eskubideetako Batzordeko zuzendariarekin bildu gara. Estatuko puntu beltzak aipatu dizkigu; manifestazioen aurka eta atxilotuak komisariara eramatean poliziak darabilen gehiegizko indarkeria, eskuarki. Komisarian bertan tortura kasu gutxi, ordea. Europako presioek Turkiaren ukabila asko irekitzea ahalbidetu dute. 34 euskaldun inkomunikatuta zeuden une berean.

Nazioarteko erakundeen esanak esan, Espainiak oso presio txikia dauka giza eskubideak bete ditzan. Arazo handiena da Espainiak berak badakiela ez dela herrialde normalizatua. Gobernutik hurbilen dagoen egunkariak Kosovori buruzko erreportaje sorta egin du berriki (Espainia da independentzia aitortzen ez dion Europa mendebaldeko herrialde bakarra). Hashim Thaçi lehen ministroak «Kosovok ez du beste ezerekin zerikusirik» baino ez zioen. Argiago mintzatu zen Ikerketa politikoko institutuko zuzendaria: «Akats larria izan zen Kosovoko kasua barneko egitea. Euskal eta katalan separatismoek ez daukate zerikusirik hemen gertatu denarekin».

Kazeta berean, dalai-lamaren ordezkariarekiko elkarrizketa, Espainiako gobernuak bilerari uko egin eta gero: «Badirudi euskal eta katalan nazionalismoekin duten arazoa Tibetekin nahasten dutela. Erabat kasu desberdinak dira, baina itxuraz Espainiako Gobernuak antzekotasunak ikusten ditu bien artean». Berriki Hego Kurdistanen antzeko zerbait esan zidaten: petrolio itsaso baten gainean daude, Europako herrialde gehienek kontsulatuak dituzte, Turkia ere irekitzear da, baina Espainiak negoziorik gabe geratzea hobetsi du.

Ez diot nik Tibet, Kosovo eta Kurdistan kasu berberak edo antzekoak direnik, baina hala ikusten ditu Espainiak. Eta horiek antzekoak badira, zer beldur ez ote zaie piztuko bihar Eskoziako egun nazionalean Alex Salmondek erreferenduma egiteko proposamena egiten duenean? Eta Katalunia bidea erakusten.

Aid jai zoriontsua denoi. Cejna we ya Qurbane Piroz be!

2009-11-22

Hobitik berbak

«Oskorriaren azken izpiek idatzi beharreko bidezidorra erakusten didate; nire urratsen azpiko orbelen hotsak hala esaten didate: 'Utzi zeure burua erortzen, eta askatasunaren bidea aurkituko duzu berriz ere'. Inoiz ez naiz heriotzaren beldur izan. Orain ere, bere presentzia berezi eta zintzoa nire ondoan sentitzen dudalarik, bere lurrina usaindu eta aurkitu nahi dut; heriotza, lur honen adiskide zaharrena. Ez dut heriotzaz mintzatu nahi, haren atzeko arrazoiez galdetu nahi dut. Gaur, askatasuna eta justizia bilatzen dutenen zigorra delarik, nola izan patuaren beldur?».

Ehsan Fatahianek duela hamar egun inguru idatzi zuen, Irango borreroek Sanandaj hiriko urkamendira eraman baino lehentxeago. Kurduek ez dute maite inoren aurrean negar egiterik, baina begiak gorritu zaizkie lagun gehienei berba horiek gogoan. Zarauzko hilerriaz oroitu nintzen, noski. 34 urte, eta norbere herriaren alde egiteak heriotza zigorra dauka oraindik ere. Eta Santi eta Josu gogoratzeko unea izan da, eta Legebiltzarrak Santi oroitu du, orduan parlamentaria zelako. Baina gaur ez zen hautetsi izango. Madrileraino bake bila joandakoak ere tiroka hartu zituzten, oraindik legez kanporatzeak doitu gabe zituztenek.

«Kartzelara sartu oro, heldua da hobira», idatzi zuen poetak, eta hobitik irtenda Filipe Bidarteren berbak ditugu ARGIAn, eta bideo ezin interesgarriagoa sarean. «Nik ez dut ulertzen eztabaida hori. Xantza baldin badago, ateratzeko baliatu behar duzu». Betiereko zigorraz dihardu, baina atzeratzen eta atzeratzen ari den eztabaidari heltzen dio halaber.

Gaurkoz, utzidazue Fatahianen azken berbekin amaitzen: «Agintari eta zapaltzaileek uste badute nire heriotzarekin auzi kurdua desagertu egingo dela, oker dabiltza. Nire eta nire moduko milaka lagunen heriotzak ez du samina sendatuko, su honi garrak baino ez dizkio erantsiko. Ez dago zalantzarik heriotza bakoitza bizitza berri baten hasiera dela».

2009-11-15

Agur eta ohore, Ehsan

Aste hasieran emailak eta Facebook-eko oharrak etengabe iritsi ziren, presioa kosta ahala kosta handitu beharra zegoen. Ehsan Fattahian 28 urteko borrokalari kurduaren bizia zegoen jokoan. Iritsi bezala berbidali ditut emailak, mundu osoan beste milaka lagunek legez. Astearte gauean, azken hiru hilabeteetan legez, Ehsanen gurasoei ez zieten utzi semearekin biltzen. Biharamunean, asteazken goizean, espetxeko urkamendira eraman eta, mundu osoko milaka ahotsen erruki eskaerei entzungor, urkatu egin zuten. Asteazken goizean. 28 urteko gazte kurdua, «Jainkoaren etsaia» izatea zen bere krimena, bizardun integristen erregimenean kurduek, beste herriek eta norbanakoek oinarrizko eskubideak izatea defendatzeagatik.

Edozein exekuzio gauza ankerra bada, Ehsan Fattahianenak eskarmentu bihozgabearen itxura dauka. Hamar urteko espetxealdia ezarri zioten hasieran, zigorra gogorra izan ohi den lehen epaian, oposizio kurduko kide izateagatik. Baina Fiskaltzak helegitea jarri, heriotzara zigortu eta exekutatu egin dute. Gorpua ere ez diote familiari eman. Oihartzunik gabe hil dute Ehsan Fattahian. Euskal Herrian oihartzunik gabe, noski. Sine, Ekialdeko Kurdistango hiriburua, Fattahian exekutatu duten hiria, protestetan lehertu da. Hiltzaileen poliziak pertsona gehiago atxilotu ditu. Baina noski, mundua AEBetako parametroetatik epaitzen duten internazionalistek ezin ahotsik altxa Venezuelaren eta Hezbolaren lagun baten aurka. Nazka ematen dute.

Lerrook idazterako berandu izan daiteke, baina Ehsanen patu anker berbera jasan dezake edozein unetan Shirko Maarefi militante kurduak. Mundu osoan ari dira sinadurak biltzen, eta nik ez dut sinetsi nahi «Jainkoaren etsai» denak ez duela euskal internazionalisten babesik jasoko. Iranen lagunen lagunei presio pixka bat eginez, adibidez.

BERRIAn, PKKrekin elkarrizketa

Kandil mendiak.

Hego Kurdistango mendibideetan barneratuta, Kandil mendietaraino eraman gaituzte PKK Kurdistango Langileen Alderdirako diharduten mugalariek. Abegikortasun kurdua erakutsiz, patxada hartzeko eskatu digute etxe bateko jabeek, jan-edana eman eta gerrillariak iritsi arte itxaron dezagun. Laster agertu da kanpo harremanetako arduraduna, buruzagiak bidean direla esatera. Arratsaldean Bozan Tekin PKK-ko komandanteburua eta Ronahi Ahmed zuzendaritzako kidea etorri dira dozena erdi gerrillarirekin batera. Arma luzeak atarian utzi dituzte, gerriko zabalarekin pistola iruditik kanpo dago. Bakerako borondatea dutela nabarmendu digute ia hiru orduko solasaldian, baina Kurdistan defendatzeko erabaki irmoa ere bai, Turkiako Estatuaren ukazio jarreraren aurrean.

Eztabaida gogorra egon da Ankarako Parlamentuan egunotan, Turkiako Gobernuaren eta oposizio kemalistaren artean. Zer iritzi daukazue ekimen kurdua deitu den prozesuaz?

RONAHI SERHAT: Ez dugu ikusten hurbiltze serio eta zintzorik. Gaur denek onartzen dute historian erro sakonak dituen auzi politiko eta soziala dela. Turkiako Errepublika sortu zenetik estatua indarkeriaren bidez saiatu da auzia konpontzen, asimilazio behartuaren politikekin. Hau ez zuen PKK-k hasi. Baina gaur auzi kurduari buruz eztabaidatzen ari bagara, PKKren askatasun borrokari esker izan da. Ukazio eta suntsipen politikak kale egin du, martxoko hauteskundeetan argi geratu zen hori. Behin eta berriz esan dugu elkarrizketa bidez konpon daitekeela auzia, horregatik iragarri genuen apirilaren 13an oraindik indarrean daukagun ekintzarik gabeko aldia. Baina Estatuak eta Gobernuak operazio militarrekin jarraitu dute, eta politikari kurduak atxilotu eta espetxeratu dituzte.

Ona da Parlamentuak lehen aldiz argi eztabaidatzea kurduen auzia. Baina entzun mezuak ere. CHP Herriko Alderdi Errepublikarreko buruzagi Onur Oymen adibidez, kurduak urkatzeaz mintzatu zen, suntsitzeaz, kurduen aurkako politikarekin jarraitzearen alde. Denek dute iritzia emateko eskubidea, Parlamentuan bereziki, baina Hitler edo Franco oroitarazten dute hitz horiek. Okerrena da inork ez zuela aurkako ezer esan.

BOZAN TEKIN: Ronahi burkideak esan duen bezala, Onur Oymen argi mintzatu zen: PKKren eta kurduen aurka 1938ko Dersimgo altxamenduan bezala egin beharko litzatekeela. 19.000 lagun hil zituzten. Emakume eta haurren genozidioa bultzatzen du Oymenek. Aski diplomatiko ezaguna da Europan. Horrela mintzatzen da Turkiako Parlamentuan, 2009an, eta inork ez dio aurkakorik esaten. XXI. mendean inork ere ezin dio nazio edo herri bati genozidio mehatxurik egin, baina Turkian bai, oraintxe bertan jazo da. Hori beldurgarria da. Suntsitu, desagerrarazi beharreko jendea dira kurduak, 1920ko hamarkadatik mentalitate hori daukate. Turkiako Estatuaren asmo bakarra PKK suntsitzea da. Gobernuak gezurra diotso Europari. [Turkiako lehen ministro Recep Tayyip] Erdogan jaunak beti «bandera bat, hizkuntza bat, kultura bat, nazio bat» leloa darabil. Auzira seriotasunez hurbiltzeko, hitzok atzean utzi behar ditu, baina helburua kurduak zatitzea eta PKK ahuldu eta herritik bereiztea da.

Alde tragikomikoa honako hau da: Estatuak PKK gerrako zati gisa ikusten du, borrokatu eta suntsitu beharrekoa. Baina ez konponbidea aurkitzeko mintzaide gisa. Gerrako aldean, bagara arazoaren zati bat; bakerako ez, ordea. Bakea borrokan dauden aldeen artean egin behar da. Britainiarrek esan zuten ez zutela IRArekin negoziatuko, terroristak zirela, baina bakea lortu dute; Espainiako Gobernua ere behin baino gehiagotan bildu da ETArekin, oro har terrorista deitu eta ez dutela negoziatuko esan arren. Hegoafrikan, ANC eta Mandela erakunde terrorista handienak ziren, baina mahai bueltan bildu eta Mandelak Bakearen Nobel saria eskuratu zuen. Turkiako Gobernuak, baina, oraindik ez du onartzen hori.

Eztabaida horietako gehienak, ordea, hasieran behintzat, sekretuak ziren. Agian, ez duzue esango, baina kazetarioi galdetzea dagokigu. Ez dago horrelako komunikaziorik Turkiarekin?

BT: Turkiak ez dauka horrelako zintzotasunik. PKK suntsitzeko erabakita dauka. Beraz, nola bilduko da ezkutuan Turkiako Gobernua PKKrekin? Ez dago horrelako elkarrizketarik, eta mentalitate horrekin ezin da hurbilketarik egon.

Hedabide batzuek zenbait kultur eta hizkuntz eskubide iragarri dituzte, herrien izen kurduak itzultzea eta abar. Zein izan liteke erdibideko bilgune onargarria bakea lortzeko?

RS: Hala da, erreformez dihardute, baina lehendabizi «bandera bat, hizkuntza bat, nazio bat» leloa darabilte. Ez dute onartzen herri kurdua kolektibo gisa, bere hizkuntza, kultura eta historiarekin; norbanako eskubideez soilik mintzatzen dira. Betiko suntsipen politikak, metodo berriekin. Umeak eskolan kurduera hautazko ikasgaia izango omen du, baina bihar Gobernua aldatzen bada, eman duten eskubide hori ere ken dezakete. Berme bakarra herri kurdua herri berezi gisa onartzea da, eta hori Konstituzioan ager dadila.

BT: Hedabideek horri buruz ziharduten bitartean, Gobernua mundua eta Europa nahasten saiatzen ari zela, hamar urteko neskato bat lagunei kurduera irakasten hasi zitzaien bere etxean (Medya Ornek, BERRIA 2009-09-20). Bada Estatuak epaitegira eraman nahi izan zuen. Jarrera hori dauka. Turkiako Konstituzioko 66. artikuluaren arabera, Turkiako herritar oro turkiarra da. Baina gu kurduak gara, ez turkiarrak. Artikulu horrekin ez dago auzia konpontzerik. Kurduak ere ez gara kurdu klasikoak dagoeneko, ez dugu onartzen horrelako hurbilketarik. Kurduek, Abdula Ocalanen buruzagitzapean, badakizkite beren eskubideak, eta ez dute onartuko Turkiako Estatuaren horrelako jokorik. Estrategikoki, Turkiako Estatuak galdu egin du Kurdistanen. Eskoletan kurduera irakasgaia eskainiko duela dio Gobernuak, hau da, Estatuak zehazten du zenbateraino gara dezakezun zure kultura. Guk ez diogu ezer eskatuko Estatuari, baditugu gure eskubide naturalak, eta horiek baliatuko ditugu. Hori ulertarazten saiatzen ari gara, baina Turkiak ez du atzean utzi ukazio politika.

Abdula Ocalan eta gure erakundea zintzoak gara konponbide demokratikoaren alde, sarri erakutsi dugu. Lagunak bake talde gisa bidali ditugu Turkiara. Azken 25 urteotan gerrillari martiriak soilik ezagutu dituzte kurduek; lehen aldiz ikusi dituzte menditik bizirik itzultzen, eta poza agertu dute. Horrek erakusten du, halaber, herri kurduaren lotura askatasunaren borrokalariekin eta bakearekin. Tamalez, Turkiako Estatuak milaka lagunen poztasun natural hori probokazio gisa hartu du. Gure herriaren poza ere ez du onartzen.

25 urteko borroka, 40.000 lagun baino gehiago hil dira. Merezi izan du?

RS: Jakina! PKK-k borroka hasi baino lehen kurduen aurkako ukazio, suntsipen eta asimilazio politikak arrakasta izateko zorian zeuden. PKK herri kurduaren ahotsa izan da horren aurka, kurduen askatasunaren sinbolo bihurtu da, PKK herri kurdua bihurtu zen. Jende asko hil da, gehienak estatuak hildako kurduak, baina ez du ardura turkiarrak edo kurduak diren, pertsonak dira, 40.000 lagun. Gerra ez genuen guk hasi, gure burua defendatu behar genuen, ez genuen guk erabaki erasotzea. Sufrimenduaz jakitun, Abdula Ocalanek aldebakarreko su-etena deitu zuen 1993an, atzera ere 1996an, 98an, 99an... eta orain ekintzarik gabeko sasoian gaude. Baina beti aldebakarreko hurbilketa da konponbide demokratikoa aurkitzeko. Zergatik? Indarkeriak ez dituelako arazoak konpontzen. Nork nahi du hau konpondu? PKK-k, ez Turkiako estatuak. Kurduok gure eskubide naturalak behar ditugu, ohorez eta duintasunez bizitzeko, horretarako sortu eta borrokatu da PKK. Hori da dena.

Kurdistango historia ezagutzen duenak ondo daki kurduok oso berandu gabiltzala auzia konpontzeko, XX. mendean konpon zitekeen. Guk «aski da» diogu. Abdula Ocalan, kurduen buruzagia, hamaika urtez dago Imrali uhartean preso bakartuta bakebidezko konponbidea eskatzen. Abdula Ocalan askatu eta konponbideko mintzakide gisa hartu behar dute. Osterantzean honek kale egingo du, odol gehiago egongo da, denentzako kalte. Horregatik dei berezia egiten diogu Europari, bide demokratiko eta baketsuak bultza ditzan. Turkiari emandako bestelako babesek, auzia konpondu ez eta mendebaldea erantzule egiten dute estatuaren suntsipen politiketan.

BT: PKK herri kurduaren isla gisa sortu zen gure burua defendatzeko. Mendebaldetik PKKri erakunde terrorista deitzen diotenean, Turkiari babesa ematen diote herri kurduaren eta gure erakundearen aurkako indarkeriarekin jarrai dezan. Askotan erakutsi dugu auzi kurdua era demokratiko eta baketsuan konpontzeko aldebakarreko borondatea. Orain ere bai. Baina operazio militarrekin eta PKK suntsitzeko asmoekin jarraituz gero, guk ere edozer egingo dugu bizitza duina izateko eta gure burua babesteko. Argi diogu: bakean, konponbide politiko demokratikoan tematuta gaude, baina baita herri kurduaren defentsan ere. Bai esaten diogu bakeari , ohorezko bakeari, baina ez baldintzarik gabeko errendizioari.

Abuztuaren 15erako iragarri zuen Abdula Ocalanek Bide Orria. Hiru hil joan dira eta ez da argitaratu. Zer gertatu da?

BT: Abdula Ocalan preso dago, baina beste edozein herritarrek bezala eskubidea du bere iritzia emateko, kurduen liderra da. Bide Orria denentzat idatzi du, turkiarrentzat, kurduentzat, estatuarentzat, PKKrentzat, zein konponbide proposatzen duen azter dezaten. Gure ikuspegitik, proposamen guztiak erabat onargarriak dira. Turkiako estatua eta Gobernua beldur da jendeak ezagutu dezan. Bide Orria, herri baten eskubide naturalen perspektibatik idatzita dago, auzi kurdua bake eta demokrazia bidez konpontzeko. Nor da irekieraz beldur? Nork dio argiari beldur? Nor da bakearen beldur? Gerra nahi dutenak, odoletik bizi direlako, bakearen beldur dira. Abdula Ocalanen Bide Orria, bakearen eta demokraziaren aldeko manifestua da.

Baina esan duzu, bahituta dauka Gobernuak Bide Orria. Abokatuek helarazi omen dizkizuete.

BT: Zati batzuk.

Zer proposatzen du Ocalanek?

BT: Eztabaida eta bakea nola bideratu esaten du. Konstituzioa aldatu behar da, Abdula Ocalani eta PKKri mintzatzeko eragozpenak kendu. Eta aipatzen du, halaber, noiz eta nola utzi armak, eta zein baldintzatan.

Zeintzuk dira baldintza horiek?

BT: Lehendabizi eztabaida egon behar da, eta Konstituzioa aldatu. Neurri praktikoei dagokienean, herrietako zaintzaileen sarea (Gobernuak ordaindutako milizia kurdua) desegin behar da, Kurdistango gerra neurriak kendu, berradiskidetzea bultzatzeko Egiaren batzordeak sortu, politikoki antolatzeko eta kurdueraren aurkako debekuak bertan behera utzi, eta Abdula Ocalanek libre behar du. Orduan esango dugu zintzotasunez dihardutela. Giro hori sortutakoan, inork ez du armarik erabili beharko. Baina horren aurretik urratsak eman behar dira. Armak ematea azken eztabaida da.


«Nazio-estatuaren ideia da borroken eta arazoen iturria»
U. Urrutikoetxea.
Kandil mendiak

Badakit ez duzuela gehiago independentzia eskatzen. Zer iritzi daukazue autodeterminazioaz eta herriek beren etorkizuna hautatzeaz?

BT: Gure mugimenduan uste dugu estatu-nazioen garaia atzean geratu dela. Nazioan oinarritutako estatuaren hurbilketa Europan sortu eta Ekialde Hurbilera ekarri zuten gero, eta hori da borroken eta arazoen iturria. Ekialde Hurbila kultura askoren mosaikoa da, eta nazio-estatuak ezartzeak eta bestea ezabatu nahi izate horrek ez du funtzionatu Ekialde Hurbilean. Nazio-estatuak nazionalismoak indartzen ditu alde bietan. PKK horren aurka dago, autodeterminazioaren hurbiltze klasikoa, nazio-estatua eratzeko, ez dugu onartzen. Hori borroken iturri da. Iraganean pentsatu izan da askatasunerako bide gisa, baina gaur ez. PKKn ulertzen dugu askatasunak ez duela estatua behar, badaude beste era batzuk askatasuna lortzeko nazio-estaturik izan gabe. Konfederazioa, adibidez, demokrazia eta bizimodu librea lortzeko bide bat da.

RS: Arazoa da zenbateko demokrazia eta askatasuna dagoen. Historian ikusi dugu, gero eta nazio-estatu gehiago, demokrazia gutxiago dela; nazio-estatuak handiagoak izan ahala, demokrazia gutxiago. Autodeterminazioa askatasuna lortzeko eskubide gisa ikusi izan da. Baina demokrazia hautatzea bere horretan ere bada autodeterminazio mota bat nolabait. Bestela, odol asko isuriko litzateke.

Tira, Britainia Handia eta Danimarka nazio-estatuak dira, aski demokratikoak, eta arazorik gabe onartzen dute orain bertan irlandarrek edo eskoziarrek edo groenlandiarrek, hala erabakiz gero, bereizi ahal izatea.

BT: Guk dioguna eta zuk diozuna ez da hain desberdina. Espainiako 1978ko Konstituzioa egokia litzateke esparru gisa kurduen auzia konpontzeko. Badakigu Ingalaterraz gain, Gales, Irlanda eta Eskozia daudela, Kanadan ere Quebec frantses-hiztuna dago. Horiek ere eredu izan daitezke, noski, eta ez daude guk esaten dugunetik horren urrun.

Duela 25 urte asimilazioa gertatzear zegoela esan duzu. Baina izan du arrakastarik, ume askok ez dute ikasten hizkuntza, elkarrizketa ere turkieraz egiten ari gara. Nola lantzen dituzue kontraesan horiek?

RS: Erakundearen baitan Literatura eta Hizkuntza batzordea eta horretan ari dira bereziki lanean. Eskualde bakoitzean kurduera eskolak daude, Kurdistanen denek ez dute hizkuntza ahaztu, nekazari eremuetan, herrietan, jendeak etxean kurdueraz egiten du. Baina dakizun legez hizkuntza gauza bizia da, pentsaera, bizitza garatu ahala, hizkuntza horrekin garatzen da. Gure bilerak, adibidez, kurdueraz egiten dira, denek kurdueraz egin behar dute. Gaur turkieraz ari gara, elkarrizketarako eta itzulpenerako... bidenabar, Bozan Tekinek ia ez du turkieraz egiten egun arruntean, baina nik ez dakit, eta itzulpenerako ere arazoak genituen.

BT: Honetan Euskal Herriko eredua benetan interesgarria zaigu. Autonomia lortutakoan euskaraz egitea erabaki omen zenuten...

Euskararen aldeko mugimendua autonomia baino askoz lehenagokoa da.

BT: Eta nire ustez oso interesgarria da, esperientzia ona dela uste dut. Horrelakoak garatzen ari gara, Medya haurraren kasua daukagu. Jeanne D'Arc modernoa da, 10 urteko neskato kurdua. Eta ziur nago Medya bezalako jende asko agertuko direla.

2009-11-08

Herritartasuna

Turkiako burokrazia gaindituta, herrialde honetan kazetari kreditatzeko deia jaso dugu lankide espainiar batek eta biok. Istanbulgo prentsa bulegora joan gara biok, bildu dugu azkenean behar baino ate gehiago irekitzen dituen txartel horia, baina burokraziak paper gehiago eskatzen dizkigu Turkian bizitzeko baimena izan baino lehen. Paperok lasai betetzera joan gara, izen-abizenak, gurasoena, jaioteguna... ohiko kontuak, baina halako baten «erlijioa» agertu da. «Amorrua ematen dit katolikoa jartzeak», esan dit espainiarrak, «baina eurei amorru handiagoa ematen diela uste dut» egin du irribarre. Nik hutsik utzi dut.

Hurrengo atalak normal bete ditu lankideak, erlijioaz galdetzen duen gisan «herritartasuna» eta «nazionalitatea» galdetzen dituela ohartu gabe. Biak, alegia, bata eta bestea desberdindu egiten dituela. Frantziaren kopia da Turkiako errepublikaren eredua, estatu-nazioaren zentzurik hertsienean. Baina Europa ekialde eta Ekialde Hurbileko bereizketa hori, estatu bakarrean hainbat nazio eta herri bizi ziren otomandar sasoitik datorren banaketa hori, naturaltasun puntu batekin bizi dute oraindik ere. Bere zentralismo itxian, Turkiak onartzen ditu gutxiengo batzuk, musulmanak ez direnak. Arazoa da kurduei, estatuko biztanleen ia laurdenak izanik, ez diela onartzen armeniarrei edo greziarrei aitortzen dien izaera berezia. Kurdu askok ere normal diotsute Turkiako herritarrak direla, «baina ez gara turkiarrak». Autonomiak onartu eta hizkuntzei koofizialtasun gradu bat onartzen dien Espainiak bere estatuko herritar batzuek espainiarra ez den naziotasuna izatea ukatzea zail da ulertzen. «Egia da, espainiar gisa natural ibilita, inoiz ez diot horri erreparatu», onartu dit lankideak, garrantzi handirik eman gabe. Baina ukatzaileek erreparatu diote bereizitako naziotasuna onartzetik bereizitako estatua aldarrikatzera bide laburra egon daitekeela.

2009-11-01

Futbol, futbol, futbol

Herriaren opio gisa ikusi eta futbola baztertzen duten intelektualak ez zaizkigu arrotzak. Herritar xume ere badirela sinetsi guran futbola maite dutenak ere ez dira gutxi. Valdanorekin liluratzen ziren batzuk, Eduardo Galeanorenekin gozatu besteek, eta John Carlin da azken aurkikuntza.

Gogoan dut politikari batek zelan onartzen zidan bere barnean egondako aldaketa, futbola frankismoaren anestesikotzat hartzetik Athleticek Espainiako etorkinak euskal herritartzeko jokatutako rola gogoan. Inor gutxi euskaldunduko zuen taldeak bere hutsean, baina etorkin askoren Euskal Herriarekiko lehen atxikimendua izan da. Barkatuko didate beste taldeen jarraitzaileek, baina ez dakit antzeko beste fenomeno masiborik izan ote den Euskal Herrian. Diktadurako debekuen sasoian, euskal herritar sentitzeko lehen urratsa izan ohi zen. Eta bitxia da, frankismorik gabeko sasoiotan zelan ikusten dizkiegun irabazleen kamisetak gaztetxo kolonbiar eta errumaniarrei, izan Puyol zein Ronaldo.

Munduko leku askotan futbola da harremanerako lehen atea. Afrikan zein Ekialde Hurbilean, «Real Madril ala Bartzelona?» da sarritan lehen galdera. Istanbulen bertan, euskalduna zarela esanda, ohiko politikaz haratago, Nihat aipatu izan didate behin baino gehiagotan. Eta berdin Egipton, Malin, Jordanian, Kurdistanen... hizkuntza muga da, eta futbola zubi. Solasaldi sakonik ezean, autobuseko ordu ugari joan zaizkit Fenerbahçe-Galatasaray eztabaidarekin, eta konplizitatea indartu izan didate Etxeberria edo Llorente edo Gurpegi aipatuta. Athleticzale baino Real Madril edo Barça izatea gehiago komeni den arren, irekitzen ditu ate batzuk. Maiatzean Inguxetian atxilotu nindutenean, kasu, uneko tentsioa jaisteko onena, bezperako Txapeldunen Ligako finala oroitaraztea eta poliziari irribarreren bat ateratzea izan zen.

Marka da horren urrunera etorri beharra futbolzaletzeko.