2009-11-08

Herritartasuna

Turkiako burokrazia gaindituta, herrialde honetan kazetari kreditatzeko deia jaso dugu lankide espainiar batek eta biok. Istanbulgo prentsa bulegora joan gara biok, bildu dugu azkenean behar baino ate gehiago irekitzen dituen txartel horia, baina burokraziak paper gehiago eskatzen dizkigu Turkian bizitzeko baimena izan baino lehen. Paperok lasai betetzera joan gara, izen-abizenak, gurasoena, jaioteguna... ohiko kontuak, baina halako baten «erlijioa» agertu da. «Amorrua ematen dit katolikoa jartzeak», esan dit espainiarrak, «baina eurei amorru handiagoa ematen diela uste dut» egin du irribarre. Nik hutsik utzi dut.

Hurrengo atalak normal bete ditu lankideak, erlijioaz galdetzen duen gisan «herritartasuna» eta «nazionalitatea» galdetzen dituela ohartu gabe. Biak, alegia, bata eta bestea desberdindu egiten dituela. Frantziaren kopia da Turkiako errepublikaren eredua, estatu-nazioaren zentzurik hertsienean. Baina Europa ekialde eta Ekialde Hurbileko bereizketa hori, estatu bakarrean hainbat nazio eta herri bizi ziren otomandar sasoitik datorren banaketa hori, naturaltasun puntu batekin bizi dute oraindik ere. Bere zentralismo itxian, Turkiak onartzen ditu gutxiengo batzuk, musulmanak ez direnak. Arazoa da kurduei, estatuko biztanleen ia laurdenak izanik, ez diela onartzen armeniarrei edo greziarrei aitortzen dien izaera berezia. Kurdu askok ere normal diotsute Turkiako herritarrak direla, «baina ez gara turkiarrak». Autonomiak onartu eta hizkuntzei koofizialtasun gradu bat onartzen dien Espainiak bere estatuko herritar batzuek espainiarra ez den naziotasuna izatea ukatzea zail da ulertzen. «Egia da, espainiar gisa natural ibilita, inoiz ez diot horri erreparatu», onartu dit lankideak, garrantzi handirik eman gabe. Baina ukatzaileek erreparatu diote bereizitako naziotasuna onartzetik bereizitako estatua aldarrikatzera bide laburra egon daitekeela.

No comments: