2009-11-22

Hobitik berbak

«Oskorriaren azken izpiek idatzi beharreko bidezidorra erakusten didate; nire urratsen azpiko orbelen hotsak hala esaten didate: 'Utzi zeure burua erortzen, eta askatasunaren bidea aurkituko duzu berriz ere'. Inoiz ez naiz heriotzaren beldur izan. Orain ere, bere presentzia berezi eta zintzoa nire ondoan sentitzen dudalarik, bere lurrina usaindu eta aurkitu nahi dut; heriotza, lur honen adiskide zaharrena. Ez dut heriotzaz mintzatu nahi, haren atzeko arrazoiez galdetu nahi dut. Gaur, askatasuna eta justizia bilatzen dutenen zigorra delarik, nola izan patuaren beldur?».

Ehsan Fatahianek duela hamar egun inguru idatzi zuen, Irango borreroek Sanandaj hiriko urkamendira eraman baino lehentxeago. Kurduek ez dute maite inoren aurrean negar egiterik, baina begiak gorritu zaizkie lagun gehienei berba horiek gogoan. Zarauzko hilerriaz oroitu nintzen, noski. 34 urte, eta norbere herriaren alde egiteak heriotza zigorra dauka oraindik ere. Eta Santi eta Josu gogoratzeko unea izan da, eta Legebiltzarrak Santi oroitu du, orduan parlamentaria zelako. Baina gaur ez zen hautetsi izango. Madrileraino bake bila joandakoak ere tiroka hartu zituzten, oraindik legez kanporatzeak doitu gabe zituztenek.

«Kartzelara sartu oro, heldua da hobira», idatzi zuen poetak, eta hobitik irtenda Filipe Bidarteren berbak ditugu ARGIAn, eta bideo ezin interesgarriagoa sarean. «Nik ez dut ulertzen eztabaida hori. Xantza baldin badago, ateratzeko baliatu behar duzu». Betiereko zigorraz dihardu, baina atzeratzen eta atzeratzen ari den eztabaidari heltzen dio halaber.

Gaurkoz, utzidazue Fatahianen azken berbekin amaitzen: «Agintari eta zapaltzaileek uste badute nire heriotzarekin auzi kurdua desagertu egingo dela, oker dabiltza. Nire eta nire moduko milaka lagunen heriotzak ez du samina sendatuko, su honi garrak baino ez dizkio erantsiko. Ez dago zalantzarik heriotza bakoitza bizitza berri baten hasiera dela».

No comments: