2008-01-27

Negu gorria berriz ere kurduentzat?

ARGIAn argitaratua

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak” izenburu bikaina eman zion Kevin McKiernan dokumentalgileak estaturik gabe nazio handienari buruz egindako lanari. AEBen ikuspegitik, Turkiari matxinatu zaizkion PKKko kurduak “terroristak” dira, Saddam Husseini aurre egin zioten peshmergak berriz, askatasunaren aldeko borrokalariak.
Gauzak horrela, Irakeko gerran kurduek estatubatuarrei emandako babesak eta Turkiaren jarrerak (AEBei turkiar lurraldea eta aire-espazioa erabiltzea debekatu zien) behin betiko koiuntura aldaketa iradoki zieten aditu batzuei. Haizea kurduen alde zegoela zirudien: munduko nagusiaren lagun, Israelekin ere une goxoan, Turkia AEBekin muturtuta, eta kurduen beste bi zapaltzaileak (Iran eta Siria) Washingtonen “gaiztoenen” zerrendan. Munduko bazter nahasi horietan proxy gringoa osatzeko aukera paregabea zen, oraingoz estatu propiorik aldarrikatu ez arren.
Udaberri goxoa beste behin amaitzear egon liteke, horratik. AEBek aliatu berrien eta zaharren artean aukeratu behar izan dute, eta Turkiari laguntza eman diete Hego Kurdistanen gordetzen ziren gerrillarien aurkako erasoan. Bidenabar, mezu argia bidali diete Kurdistango agintariei: onartu daukazuen autonomia eta ez molestatu lar. Turkiaren erasoaren atzean beste apustu bat dago funtsean: kurduen autonomiari dion ezinikusia. Eta Kirkuk petrolio-hiria Kurdistan autonomoan sartzeko arriskua, ekonomikoki emango liokeen aberastasuna dela eta.
Irakeko Konstituzioaren erreferenduma 2007ko amaieran egin behar zen, baina atzeratu da, aspaldi argi zegoen legez. Uztailerako osatu behar zen errolda oraindik ez da egin. Ofizialki sei hilerako atzeratu da, baina ekainerako ere egiterik izango den zalantza asko dago. Kurduei laguntzeko AEBen azken zioa ere –segurua zen inguru bakarrean beste gatazka bat ez piztea– aldatu dela dirudi: Kurdistan autonomoan ez, baina azken hileetan Kirkuken inguruko eskualdean asko ugaldu dira, xiiten hegoaldean eta Bagdaden bertan nabarmen apaldu diren artean. Al-Kaidari leporatu dizkiote batzuek, baina Turkiako zerbitzu sekretuen esku beltza ere aipatu da.
Gauzak horrela, geroz eta kurdu gehiagok esan du, ekainerako erreferendumik egin ezean, automatikoki bere autonomiara sartu beharko lukeela Kirkuk. Apustu gogorra da, baina kanpoko laguntza ez datorrenean, urratsak norberak ematen jakin behar da. Aspaldi ikasi zuten mendiak bakarrik dituztela lagun.

Andy Palacio




BERRIAko Larrepetiten argitaratua




Ahozkotasunaren egun handia izan genuen atzo Donostian. Bertso Egunaren bidez egin genuen duela urte batzuk kanporako jauzia ere. Erakutsi genuen altxor ederra izateaz gain, kanpora eraman eta kanpokoa ekartzea ere bazegoela. Literatura edo musika bezain unibertsala.
Ahozkoa ere gorde beharreko ondarea zela aldarrikatu zuen Unescok mende hasieran, sarritan piramide edo eliza bati eustea baino zailagoa baita hizkuntza, ohitura edo ospakizun batek irautea. Euskaldunok ahozkotasunaren egun handia daukagun aste berean hil da Alaskako eyakera hizkuntza zekien azken hiztuna.
Eta hizkuntzak noiz galtzen diren pentsatzen nenbilela, azken hiztunaren heriotzan ala hiztunek bizkarra ematean, Andy Palacio Belizeko kantari garifuna hil dela irakurri dut, berrogeita zazpi urterekin eta arrakasta betean. Esklabotzari ihesi, indigenekin batu eta kultura zoragarria sortu zuten beltz herria dira garifunak.
Palacio Nikaraguako iraultzan lanean ibili zen gaztetan. Hizkuntza ia galdutako komunitate garifunak ezagutu zituen han. «Agureak hunkituta esan zidan ez zuela uste garifuneraz zekiten gazterik bazenik». Etxerako ez zuela nahi etorkizun hura erabakita, garifunerari eusteko borrokan eman du mende laurdena, hizkuntza txikiena musikaren hizkuntza unibertsalean.
Egunotan Watina diskoa jarri dut, eta Amuñegu kantan behin eta berriz entzun: «Nor mintzatuko da garifuneraz etorkizunean? Arbasoek garifuna izaten jarraitzeko egin zuten borroka. Zergatik izan behar dugu guk gure kultura galduko dutenak? Gurasook, entzun: irakatsi haurrei gure hizkuntza eta gure kantak, gure ohiturak eta gure dantzak». Ondo segi, garifuna.

2008-01-20

No Time For Love

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Hoien legea guretzat apartheid/ gartzela/ hauspena ta isiltzea / hoien legea zu ta ni euren gisara eukitzea». Urteak neramatzan kanta entzun barik, eta kolpe bakarrean nerabezarora itzuli naiz egunokin. Marka da nerabeari No Time for Love esatea, baina kanta itzela zen. Isiltasun segundo baten ostean, biloak lazteko esaldia burrunba baten dator: «Ez dute uzten maitatzen gauean». Errepublikanoago egin ginen eraman zuten Francis Hughes gaztea eta Tom McElwee lehengusua ezagututa, «etorri ziren Patsy O'Hara, Bobby Sands eta lagunen bila». Eta lagunek maite dituzte lagunak. Belfasten eta Hernanin, Derryn eta Lesakan.
Fermin Muguruzak are zuzenago kantatzen zuen sasoi bertsuan: «Maite zaitut, nere poltsarekin autobusera abiatzen naizen bakoitzean». Eta kanta harekin irakurtzen genituen olerki obsesiboak, eta Obabaren eta narrazioen eta istorio odoltsuen berri genuen, berriz ere entzuteko: «Maite zaitut, agertu eta begiekin dena adierazten didazunean/ Maite zaitut, zure eskua ikutu beharrean kristal lodia ferekatzen dudanean».
Bai, badakit, hain da laburra amodioa, hain luzea ahaztura. Edo Che-ren berbak hartuta: «Utzidazue esaten, barregarri agertzeko arrisku eta guzti, benetako iraultzailea maitasun sentimendu handiek gidatzen dutela».
Lerro gutxi datoz gaur neuretik. Han-hemenka osturikoa dena. No Time for Love, ez dira maitasunerako sasoiak. Nik berba bi baino ez nituen esan gura. Egia direlako. Debekatu gura dituztelako. Bortxaketa jasan duenak maitasuna behar duelako. Jazarriei, torturatuei eman dakiekeen gutxiena delako. Isiltasunera kondenatzea baino dugulako behar.
Bada hori, maite zaituztegula.

2008-01-13

Ikerketa eta gaitzespenak

Bitxia da ez dudala inon irakurri Guardia Zibilak lesakarrak torturatu dituela, Gorka Lupiañez torturatu zuen bezala, eta inori ez diodala entzun esaten Alfredo Perez Rubalcaba gezurtia ez eze kriminala dela. Neuk ere ez diot hori, noski, ez eta torturatzaileen nagusiaren urtebetetzea izan dela asteon. Hori mundu guztiak dio kalean, baina nik ez. Debekatuta baitago horrelakorik esatea. Espainiako adierazpen askatasuna ez da horren zabala.
Jaurlaritza ere ez da ausartu. Mahaian kolpetxoa jo du mediku-agiriak behartuta, eta gero astiro-astiro egin du atzera, ohi bezala inor ez dakion lar haserretu. Ez du kondenatu, ez du gaitzetsi, ez du bilkurarik eskatu. Imajinatzen duzue atentatu baten ostean pankarta atzean kokatu ordez esango balute «jazo dena ondo ikertu beharra dago, zer gertatu den eta nork egin duen argitu behar da»? Ezker abertzaleak ez ei dauka eskubiderik tortura salatzeko, «bestea» gaitzesten ez duelako. Argumentu berbera erabil daiteke «bestea» gaitzetsi eta hemen «argitu dadila» esatera mugatzen direnentzat (baina horrela ez goaz inora).
Diferente da Espainia. Han ez dakite zer gertatzen den. Ulertzen dute guardia zibilen bati eskua joatea. Badakite torturatzen dela, eta gaiztoak harrapatu dituztenez, txalo egiten diote torturari, horrek atentatuak eragozten dituelakoan. Baina ez dira jakitun horretarako baino sistematikoki terrorea hedatzeko torturatzea lanbide duten funtzionarioei ordaintzen dietela. Egunen baten gerra amaitzean eta torturatzaile berdeak etxera itzulitakoan, agian pentsatuko dute hobe zela horrelako munstroak itzuli ez balira. Erosoagoa baita senideak erostea eta omenaldia egitea, Melitoni Euskaldunan bezala.

2008-01-12

«Karibea behinola zen bezala»

BERRIAn argitaratua

A: Bai, Dominika Karibean dago. B: Ez, ez da merengearen eta Punta Canako hondartzen eta hotel erraldoien herrialde gaztelera hiztuna, ez da Santo Domingo. Dominika Antilla Txikietan dago eta, eremuz, Zuberoaren antzeko herrialdea da.
Roseau

Ez da erraza Dominikaraino iristea, inguruko uharteetatik bakarrik baitaude honainoko hegaldiak, eta ez Europa edo Ipar Amerikatik. Horregatik, agian, inork gutxik aurkitu gabeko sekretuarekin topo egin duzun inpresioa daukazu mendien eta oihanaren artetik --baina beti itsasotik hurbil-- lur hartzen duzunean. «Kolon berriz etorriko balitz ezagutuko zukeen uharte bakarra da Dominika», diote turismo bulegoan; izan ere, oihan gehienak azukrea, banana edo espezietarako kendu zituzten Karibean, baina Dominikako geografia zati handia ezer gutxi aldatu da mendeotan.

Aireportutik irtenda, Venezuelako gobernuaren afixa irakurri dut, petrolio-konpainia eraikitzeko asmoz. Dominika ALBAn (Ameriketako Alternatiba Bolibartarra) sartu den Antilla Txikietako lehen herrialdea izan da, St Vincent eta Grenadinak eta Antigua eta Barbudarekin batera, eta oso gobernu aurrerakoia dauka orain bertan. Oihana itsasoraino jaisten da herrialde honetan, enbor fin eta zuhaitz tantaiak eguzki izpiak hartzeko borrokan. Giza paisaia Antilletako ohikoa izan da hasieran: jatorri afrikarreko jendeak, bizimodu lasaia herrixketan, Jamaikako eta Ipar Ameriketako beltzen eragina musikan, calypsotik reggaera eta dancehallera, dena oso antillarra, harik eta Roseau hiriburura doan errepidea hartu barik Atlantikoko kostatik hegoalderantz jarraitu dugun arte. Berehala afrikar aurpegiak desagertu dira, eta azal argiagoko eta asiar itxurako begiak gailendu. Carib Territory edo Karibeen Eskualdean gaude, Kubatik Venezuelarainoko arkuan Antilletako jatorrizko biztanleak geratzen diren azken txokoan. 1902an lortu zuten, britainiar kolonia izanik, indigenentzako lur zati bat, baita autonomia pixka bat ere. Egun, karibe hitza baztertzen ari dira, kolonialismoak ezarritako hitz arrazista delakoan (kanibal hitzaren eratorri ere bada) eta bertako biztanleek kalipuna deitzen diete haien buruei. Gorde dituzten hitz ugarietako bat da, hizkuntza bera duela 90 urte desagertu zen arren Waitukubulin (Dominikaren izen kalipuna).

Ohitura askori eutsi diete, eta Kalinago Barana Aute zentroa ere bakarrik eta patxadaz ikusi ahal izan dut. «Zortea duzu, bidaldi itsasontziak datozenean jendez gainezka egoten da». Cassava ogia egiteko erak, eta etxeak eta kanoak zelan egiten zituzten azaltzen dute ibilbide atseginean.
Le Tete Chien labazko harkaitz ikusgarria itsasotik irteten den sugea da tradizio kalipunan. Izenak, berriz, uharteko frantses eta kreole ondarea ageri du. Independentziara arte bi mendez britainiarren menpe egon eta haien ohiturak gorde arren, oraintsu arte dominikar gehienen hizkuntza kreolera izan da. Ingelesaren presioak ahuldutako hizkuntza da egun, baina beste Antilla batzuetan baino indartsuago dago, bai gobernutik bultzatzeko ekimenak daudelako, baita ipar eta hegoaldean auzo dituen uharteak Frantziaren menpe daudelako: Martinika eta Guadaluperen artean dago Dominika, eta ekonomikoki nabarmen atzerago egonik, asko dira frantses departamentuetan lanean dihardutenak.

Urpean, eta ur azalean
Hegoaldean adibidez kreolera da oraindik Soufriere herrian. Martinika ikus daiteke itsasoaz beste aldean, eta Dominikak gordetzen dituen sekreturik ezkutuenak ere hurbil daude, Karibea eta Atlantikoa hain justu ere. Urpekaritzarako munduko txokorik bikainenetakoak dira Dominika inguruko urak, koralez eta koloretako arrainez beteak, eta, urte sasoi honetan, beste ikuskizun paregabe at hasten da: neguko hiletan, jibarta baleak iristen dira tropikoko ur epelotara.
Bertako kultura nahasketaz eta naturaz gozatzera etorri ohi dira honaino iristeko ahalegina egiten duten bisitariak. Harea zuriko hondartzarik ezean, aipatu ditugun itsaspeko harribitxiak ditu Dominikako kostaldeak izan ere, baina uhartearen barnealdea ere naturazaleentzako aberastasunez beteta dago. Turismo industriara berandu heltzeak baditu bere onurak: kostaldea hotelez ez betetzeaz gain, ekoturismoa eta ingurumenarekin ez eze bertako biztanleekin harremana ere beste eskala baten izatea ahalbidetzen du.
Hala, uharteko mendirik garaiena Morne Diablotins mendia da, Northern Forest Reserve-an, eta 1.447 metroko tontorrera iristea bezain liluragarria da oihan itxian barneratzea eta, isilik eta adi ibilita, loro inperialaren eta loro lepagorriaren hegaldia mirestea. Antilletan hegaztiok geratzen diren azken txokoetako bat da Dominika iparraldeko erreserba.

Lakua irakiten
Baina Dominikako naturgune garrantzitsu eta ikusgarriena, hegoaldean dagoen Morne Trois Piton parke nazionala da. Unescok munduko ondare izendatu du oihanez, ur-jauziz eta haran sinesgaitzez jositako inguru hau, ez alferrik. Uhartea hain txikia izanik, egun-pasako txangoak egiteko aukera dago, eguerdiko sargorian itsasaldeko eguraldi berotik ihesi, Emerald Pool eta antzeko putzu, ibai eta ur-jauzietan freskatzeko.
Eta iristeko bidea luzea izan arren, Boiling Lake edo Aintzira Irakina arnasa kentzeko lekua da. Izenak berak adierazten duen legez hirurogei metro zabal den aintzirako ura bor-bor irteten da lurrunezko hodei batean, azpiko labak berotuta. Uharteko txango gogorrenetakoa da, sei ordu eta gidaria behar dira, baina merezi du ahaleginak.
Bidean, Valley of Desolation haranean harkaitz bolkanikoa eta paisaia ilargitarra zeharkatu dugu, eta sufrezko ur putzu beroetan bainu hartzeko aukera dago. Oihan tropikala eta sumendien eragina egun, arrastiko dzangada baino lehen.

Bi hiri
Roseau da Dominikako hiriburua, eta, hura bezala, Karibeko kostan dagoen Portsmouth da uharteko beste hiri bakarra. Biek arkitektura kolonial bikaina gorde dute, eta batetik bestera joateko bidean Macoucherie ron destilategia dago. Massacre ibaia ere Roseautik hurbil zeharkatzen da. Jean Rhys dominikar idazle famatuenak ibai horren ertzera eraman zuen Sargazo Itsaso Zabala (euskaraz ere badago) nobelako protagonista. Rhysen beraren etxea hotela da Roseaun gaur egun. Handik porturaino jaisten da kalea, beti bizi-bizi antigoaleko esklabo azokaren bueltan, gaur turismo bulegoa dagoen etxean. Eraikinaren gainean Dominikako museo interesgarria dago, eta jendetzatik ihes egiteko aukera ere bada bidaldi itsasontzi erraldoiak portuan agertzen diren unean. Uhartea goitik behera eraldatzen da egun horietan, eta hasierako nahasmenetik irribarrea ere aterako digu turismo mota horretarako --eta horrek dakartzan dolarretarako-- dominikar guztiak ez, baina ehunka bai, nola prestatzen diren ikusteak, hasi jatetxeetan eta segi taxietan eta bestelako garraioetan.
Bizimoduan erabateko aldaketa hori itsasontzitik bainoago uharte barrutik bizitzea merezi du. Baina egunerokotasuna apurtzen duen ikuskizunik baldin badago, inauteriak dira. Karibeko giro bikain horretan ospatzen dituzte Dominikan, eta otsailean izanda ere, hasita daude honezkero calypso bandak prestaketetan. Beraz, kreole zein anglofono, afroantillar zein indigena herrietan egon, larunbat gauean ohean lotan uzten ez dizuten danborrak entzunez gero, ez haserretu, irten ostatutik eta segi parrandara jendearekin batera.

GIDa PraKTIKoa
Nola iritsi eta mugitu: Ez dago hegaldi zuzenik Dominikara ez Europatik ez Ipar Amerikatik; horregatik, luzea da haraino iristeko bidaia (baina sinetsi, merezi du ahaleginak). Hegazkinez iristeko, Puerto Ricoko San Juan da Karibeko aireportu garrantzitsuena; Bilbo eta Miarriztik posible da haraino iristea Madrilen edo Parisen eskala eginda. Bi hiri horietatik beste aukera bat, Parisen barna Martinika edo Guadalupe frantses uharteetara joatea da, eta, handik, L'Express des Iles ferrya hartzea Dominikara. Uhartean ibiltzeko, hiruzpalau aukera daude: autoa alokatzea, bolantea eskuman eta errepide bihurgunetsuetan ibiltzea maite dutenentzat (edo denboraz estu ibilita beste barik). Bigarrena, autoa gidariarekin alokatzea; garestiagoa da, noski, baina errepidean adi ibili barik gozatuko dugu Dominika; badago Roseaun txangoren batean izena emateko aukera ere, bidaldi itsasontziak etortzen direnean bereziki, bakoitzaren gustuen arabera, «dena egun batean» bizkor-bizkor ikusteko aukera ematen duten horiek (nik neuk lar maite ez ditudan arren); eta, azkenik, denbora badaukagu eta dirua eskas, garraio publikoa oso merkea da eta ia-ia uharteko alde guztietara iristen da, oso bizkor gidatu ohi da gainera, nahiz eta askotan geratu jendea igo edo jaits dadin. Bertakoekin harremanetan jartzeko aukera paregabea da, musika bikaina izan ohi da, ohituta gaudena baino ozenagoa, hori bai. Eta azken aukera, ez uharte osoan baina barnealdeko leku askotan bai, oinez ibiltzea da, parke nazionaletan adibidez, uharte txikiaren abantailak.
Jan, edan, lo: Karibe osoko janari kriolloa da ohikoena, ahuntz-haragia, txerrikia, fruta ugari... kalipuna indigenek eta txinatar gutxiengoak ere badituzte haien jatetxeak. Zukuak oso onak dira, baita rona ere. Lotarako ez dago uharte turistikoetako hotel handirik; bai ordea ostatu txiki asko, 30 dolarretik hasita. Etxe kolonial dotoreetan lo egiteko aukera dago, eta Kariben gutxitan dagoen beste aukera bat ere badago uhartearen mendebaldean: Rosalie Rivers Eco Lodge kanpin eta aterpetxea ditu, baita etxola tradizionalak eta ostatu konbentzionalagoak ere.

2008-01-06

Mugagabea

Urte berrian Europa are mugagabeagoa dela esan digute, Errusiako mugatik Marokoraino paperik gabe ibiliko omen gara. Eta Bidasoako kontrolak jartzen dituztenak Estoniako sobietar ohiak baino gogorrago zergatik jotzen duten galde genezake, baina sobera dakigu erantzuna.
Urte berrian halaber, beste herri txiki bi zoriondu dituzte euroan sartzeko gonbita eginda («zorion ederra prezioen biribiltzea zer den ikastea», pentsatuko du norbaitek, baina hori beste kontu bat da). Biek Euskal Herriak baino biztanle gutxiago dituzte, eta maltera hiztunak euskararen erdia-edo dira (biztanleen ehuneko ehun, hori bai, eta ia denak ingelesez elebidun. Gutxitan begiratzen diogun eredu zoragarria da Malta).
Iaz sartu zen beste herrialdearen atzetik iritsi dira Zipre eta Malta eurora. Eta iaz sartu zenak, Esloveniak, Europar Batasuneko presidentzia hartu berri du. Duela hogei urte estaturik gabe zegoen bi milioi biztanleko herrialdea Batasuneko buru. 20 mila km koadroko hedadura duen herrialdea. Alpeen eta Adriatikoaren arteko herria. Ingelesa eta auzoen alemana eta italiera gogotsu ikasita etxeko hizkuntza are indartsuago gordetzen duen herria.
Eslovenia dago Europar Batasuneko gidari. Eta Serbia, mamu zaharrak pizten, bere zilborrean gatibatzen, eta Belgradekin ezer jakin nahi ez duten ----historia hurbila ikusita erraz uler daitekeen legez---- ia kosovotar guztiak Serbiako mugetara kateatuta gorde guran. Egia da, besteok ez ditugun lagun boteretsuak ditu Kosovok.
Zuek esan nor den Serbia, eta nor Kosovo. Eta, batez ere, nor den Eslovenia.