Ordua zehatz jakin ez eta, hamarrak baino lehenxeago agertu nintzen Kingstowngo portuan. Hamaiketan zen abiatzekoa Barracouda. Eguzkia eta zaparrada nahastean, pasa zen ordua, ikusgarria da ontzia, giri gutxi batzuk eta vincentarrak (vincy-ak, hemen esaten dieten legez), karga-karga eginda, frutak, ortuariak, erabateko ikuskizuna da ontzi honen irteera. Baina irteera ere karibearra, noski, hamaiketan barik ia hamabietan, eta arrastiko lauretarako barik bostak eta erdiak arte ez ginen iritsi Union Island honetara. Tartean, Bequia, Canouan eta Mayreau uhartetxoak, eta kontraste erabatekoa: munduko aberatsenen yateak eta bertako jendeen bizimodu apalak. Hala, St Vincent bolkanikoaren kontrastea da UI txiki hau, ez da ostatu merkerik falta, herri txiki eta sekulako giroa dauka, hemen bainutxoa, hor zerbeza edo rontxoa eta ondokoak marihuanarik falta ote duzun galdetu. Hondartza bila dator eta jendea, eta euskaldunak alderantziz egin behar, uharteko muinotxoetara igo nintzen Grenadinen bista ederrez gozatzera, Mayreau alde batean, eta Grenadarena den Carriacou bestean, uren kolore nahasketa eder hori... baina, noski, igo bai, eta gero, zelan joan hortxe bertan dagoen hondartzatxo horretara, bidean sasiak baino ez daudela? Gazte taldea topatu nuen, lasai-lasai eurak ere asteburuko patxadan beherantza, eta elkarrekin joateko aipatu zidaten. Umetik nerabera, herri txikietan ohi denez, iparraldeko hondartzaraino joan ginen. Kabroi samarra da agian otsailean zelako urak eta snorkelerako (tuboaz urpekaritza) egiteko zeinen koral zoragarriak dituen uharteak. Baina halaxe da, my friends.
Euria eta eguzkia nahastean, hamapiku egun munduko paraje honetan, 30eko krema, eta hala ere Urtzi erre. Ezin denean ezin da, eta esne-azal honekin alferrik.
Biharamunean, euritan joan nintzen Ashtonera, uharteko beste herrixkara. Moila estua eta erdi eroria dauka manglare eta hondartza inguruan, eta hantxe bete genituen SVG estatutik irteteko tramiteak. Carriacoura ontzia abiatzear zen.
Halaxe iritsi naiz Grenadara, Karibean ibiltzeko era onena den uhartez uharteko bidaian, antigoaleko piraten zokoetan galduz (oraingo piratek ere, Kolonbiako trafikanteek, aprobetxatzen ei dituzte noizean behin uharteok kargamentuak uzteko). Geroz eta hegoalderago, giri gehiago, Grenadako All Included eta kruzeroetako girietatik bestelako filosofia duteneraino, Barracoudan Quebeceko bikotea topatu nuen, bidaia Trinidaden hasi eta hiru hiletan Dominikar Errepublikaraino heltzeko asmoa daukate. Carriacoun berriz, orain arteko hondartza ederrenean topatu nuen jende bakarra, kanadar bat eta estatubatuar bik osatutako hirukotea, nonbait, motela daukate Ontarion, eta noski, hotz honekin. Hiru hile hartzen dituzte negutik urrun, lasai-lasai Grenada eta Saint Vincent bitarteko uhartetxoetan emateko.
Carriacoura une berezian iritsi nintzen, Grenadako independentzia eguna ospatzeko bezperatan. Eta berez da Carriacou berezia gainera, Antilletako txokorik afrikarrenetakoa baita. Bertako biztanle gehienek ondo dakite nondik ekarri zituzten arbasoak, Afrikako zein herri eta hizkuntzatakoak ziren, ondorioz, hango ohitura asko gorde dituzte. Ez hizkuntza, horratik, frantsesean oinarritutako kreolera hemen ere bizkor ari da desagertzen, eta zaharrenek baino ez dute hitz egiten.
Baina gerta daiteke herritxo batetik ibilian sekulako ospakizuna topatzea, Big Drum edo danbor handiena kasu. Girientzako bertsioa badago, baina ontzi baten inaugurazioarekin topo eginez gero, totala da. Hantxe etorri zitzaizkigun jan-edana dohainik eskaintzen eta ospakizunera gonbidatuz. Arrantzarako erabat egurrezko ontziak egiten dituzte, eta inaugurazioa herri osorako jaia da. Ahuntza eta oilarra hil zituzten labanaz, euren odolez ontzia zipriztindu eta bedeinkatzeko, eta ez dakit noiz arte iraun zuen ospakizunak. Alde egiterako luze irauteko itxura zeukan behinik behin.
Halaxe heldu naiz Grenadaraino, bidaiako lehen zati honetako azken uhartera. Bai, bai, yankiek inbaditu (edo, batzuek diotenez "erreskatatu") zuten hura. Horregatik, zalantza neukan, zein ote zen giroa, ezkerreranzko beste herrien joera igarriko ote zen. Tira, gobernuko presidenteak dozena bat urte daramatza, eta agerikoak dira Ivan urakanak 2004 eragindako triskantzak, basoak errekuperatu barik, hiriko elizak teilatu barik oraindik, etxe asko botata... baina halako baten, atzo gaueko jaian, gaztelera piloa entzuten nuela konturatu nintzen: venezuelar militarrak, independentzia jaian parte hartzera etorritako marinelak ziren.
No comments:
Post a Comment