2007-02-25

Hizkuntza biziak

Kostatzen zaigu europar ereduak esportatzen ibili barik bidaiatzea. Garifuna herrietatik maia komunitateetara eta atzera Hondurasko kostako herrixka garifunetara itzuli. Kolon eta Europako mertzenario taldea Ameriketara heltzean aurkitu zituzten pertsonak hamarkada gutxian desagerrarazi zituzten. Hego Ameriketako zenbait lekutan mintzo dute haren antzekorik... eta Amerika Erdialdeko bazter honetan. Zelan? Karanbolak: taino indigena haien genozidioa laster burutu arren, euren atzetik zetorren beste talde indigenak -historikoki karibe deitu izan zaion hark-, aurreko taldekoen emazteak bahitu izan ei zituen... eta hizkuntza amak transmititu ohi du. Herri borrokalari hark uharte pare baten baino ez du iraun, hizkuntza aspaldi galduta. Ondorengo asko Amerika Erdialdean topatu ditugu, ordea, britainiarrek XVIII. mendean menperatu ostean honaino deportatuta. 3.000 laguneko taldea afrikar iheslariekin batu zen, hizkuntza indigena, kontinente bien ohiturak eta sinesmenak nahasi eta azalean beltza nagusi. Eta 3.000 horietatik ehunka mila daude egun Belizetik Nikaraguara bitartean. Hizkuntza bizi-bizi aurkitu dugu sarri, ume txikienek ere badarabiltela sarri, eta gaztelera kaskarra adineko askok. Baina HIESari buruzko afixen bat salbu, dena dago ingelesez edo gaztelaniaz. Ez dugu eurozentrista agertu gura zer egin behar duten esaten, gazteleraz gurago duten gazteak entzun ditugu, ordea, garifunerazko eskola orduren bat lortzeko asmoarekin konforme ikusten ditugu, eta ezin eragotzi oharraraztea. Arriskua uste baino hurbilago sumatzen diegu. Baina gu ez gara nor zelan jokatu esateko.

2007-02-18

Labugako magia

Livingston, garifunen Labuga, ez da Guatemalako ohiko ataria. Baina hortik egin dugu sarrera, itsasoz, ez baitago herrira iristeko errepiderik. Eta Livingstonen jakin dugu, berrehun mila hildakoren osteko bake hitzarmenetik hamar urtera, Rigoberto Menchuk bere burua lehendakarigai aurkeztuko duela iraileko hauteskundeetan.

Etxeko albisteetan ere bere proposamena mahai-gainean ezker abertzaleak. «Euskaldunek egingo duzue, beti jakin izan duzue antolatzen», diosku hogeita bi urte erbestean eta garifuna elkarteko buruaren etxean bizi den lagunak. Ez du hainbesteko itxaropenik bere herrialdean, Latin Amerikako haizeak edozein izanda ere.

Pirata-zuloa da Livingstone. Herri berean bat egiten dute q'eqchi maien Amerika indigenak, garifunen Afrikako eta Antilletako errebeldiak eta espainiar zein britaniar kolonizatzaileen arrazismoak.

George Bushen argazkia ikusi dugu garifunaren mahai gainean. Kanpoko hotsak sartzen dira etxean, Karibeko olatuak, hondartzzako oiloak, danborrak eta garifunerazko solasak; barruan, kalamua darabil eskuetan zigarroa biltzeko, erretratu gainera jausi zaizkio hondakinak. «Gaur ez du lasai lo egingo tipo honek», dio rastafariak. Lagunak ez dauka ahazteko herriko beste aztiak hamabost egun eman zizkion gizona. «Tipoak zioen komunitateari kalte handia egin zion traidorea zela. Lehengo asteburuan hil zen». Eta bai, hartara jarrita denok geure zerrendatxoa osa genezake. Baina oraingoz, nahikoa litzateke baten bizia salbatzea. Hasteko.

2007-02-11

Alisioek dakartzaten berriak

Mauritanian atrakatu da ontzia. Lehen arrantza kuotak erosten zizkion Europak basamortuko herrialdeari, orain gura ez dituen migratzaile (noiz arte jarraituko dugu «etorkin» deitzen inora etorri, iritsi ez direnei?) kuotekin ere negozio egiten du. Matxuratutako ontziaren kontuak, omen. Itsasoaz beste aldean gabiltza euskal negutik urrun, baina honaino ere erraz heltzen dira hango oihartzunak.

Alisioei esker dela entzun genuen, halaxe egiten dela Atlantikoaren ekialdetik Antilletara bidea. Barbadosen geldialdi laburra egin du hegazkinak. Nahikoa Bridgetown hiriburuko badian omenaldia txikia egiteko duela urtebete hemen agertutako ontziko biktimei. Kanarietara bidean eurak ere, Afrika aberatsera, europar hiltzaileak txikota eten eta jitoan utzi zituen. Espainiako egunkari batek haizatu zuen albistea, Senegalen senideak arduratuta zebiltzala, albiste gabean. Europara bidean egarriz hil ziren Atlantikoan, eta Karibetik hurbil aurkitu zituzten bertako arrantzaleek.

«Irudikatu daitekeen heriotzarik gogorrena» izendatu zuten orduan gertatutakoa. Oraingo migratzaileek zorte handiagoa izan dute, afrikar haien aldean. Baina albisteak ez dituzte alisioek soilik ekartzen. Internetek egiten du haren lekua sarri, hala idazten ditugu zutabeok, eta hala iristen zaigu europar bihozgabeen zerrenda luzearen berri, atzera ere. Times-eko argazkirik gabe ere bagenekin arren, ongi etorri itsuen mundura alisio berriak.

2007-02-07

Barracoudan Grenadinetara

Ordua zehatz jakin ez eta, hamarrak baino lehenxeago agertu nintzen Kingstowngo portuan. Hamaiketan zen abiatzekoa Barracouda. Eguzkia eta zaparrada nahastean, pasa zen ordua, ikusgarria da ontzia, giri gutxi batzuk eta vincentarrak (vincy-ak, hemen esaten dieten legez), karga-karga eginda, frutak, ortuariak, erabateko ikuskizuna da ontzi honen irteera. Baina irteera ere karibearra, noski, hamaiketan barik ia hamabietan, eta arrastiko lauretarako barik bostak eta erdiak arte ez ginen iritsi Union Island honetara. Tartean, Bequia, Canouan eta Mayreau uhartetxoak, eta kontraste erabatekoa: munduko aberatsenen yateak eta bertako jendeen bizimodu apalak. Hala, St Vincent bolkanikoaren kontrastea da UI txiki hau, ez da ostatu merkerik falta, herri txiki eta sekulako giroa dauka, hemen bainutxoa, hor zerbeza edo rontxoa eta ondokoak marihuanarik falta ote duzun galdetu. Hondartza bila dator eta jendea, eta euskaldunak alderantziz egin behar, uharteko muinotxoetara igo nintzen Grenadinen bista ederrez gozatzera, Mayreau alde batean, eta Grenadarena den Carriacou bestean, uren kolore nahasketa eder hori... baina, noski, igo bai, eta gero, zelan joan hortxe bertan dagoen hondartzatxo horretara, bidean sasiak baino ez daudela? Gazte taldea topatu nuen, lasai-lasai eurak ere asteburuko patxadan beherantza, eta elkarrekin joateko aipatu zidaten. Umetik nerabera, herri txikietan ohi denez, iparraldeko hondartzaraino joan ginen. Kabroi samarra da agian otsailean zelako urak eta snorkelerako (tuboaz urpekaritza) egiteko zeinen koral zoragarriak dituen uharteak. Baina halaxe da, my friends.
Euria eta eguzkia nahastean, hamapiku egun munduko paraje honetan, 30eko krema, eta hala ere Urtzi erre. Ezin denean ezin da, eta esne-azal honekin alferrik.
Biharamunean, euritan joan nintzen Ashtonera, uharteko beste herrixkara. Moila estua eta erdi eroria dauka manglare eta hondartza inguruan, eta hantxe bete genituen SVG estatutik irteteko tramiteak. Carriacoura ontzia abiatzear zen.
Halaxe iritsi naiz Grenadara, Karibean ibiltzeko era onena den uhartez uharteko bidaian, antigoaleko piraten zokoetan galduz (oraingo piratek ere, Kolonbiako trafikanteek, aprobetxatzen ei dituzte noizean behin uharteok kargamentuak uzteko). Geroz eta hegoalderago, giri gehiago, Grenadako All Included eta kruzeroetako girietatik bestelako filosofia duteneraino, Barracoudan Quebeceko bikotea topatu nuen, bidaia Trinidaden hasi eta hiru hiletan Dominikar Errepublikaraino heltzeko asmoa daukate. Carriacoun berriz, orain arteko hondartza ederrenean topatu nuen jende bakarra, kanadar bat eta estatubatuar bik osatutako hirukotea, nonbait, motela daukate Ontarion, eta noski, hotz honekin. Hiru hile hartzen dituzte negutik urrun, lasai-lasai Grenada eta Saint Vincent bitarteko uhartetxoetan emateko.
Carriacoura une berezian iritsi nintzen, Grenadako independentzia eguna ospatzeko bezperatan. Eta berez da Carriacou berezia gainera, Antilletako txokorik afrikarrenetakoa baita. Bertako biztanle gehienek ondo dakite nondik ekarri zituzten arbasoak, Afrikako zein herri eta hizkuntzatakoak ziren, ondorioz, hango ohitura asko gorde dituzte. Ez hizkuntza, horratik, frantsesean oinarritutako kreolera hemen ere bizkor ari da desagertzen, eta zaharrenek baino ez dute hitz egiten.
Baina gerta daiteke herritxo batetik ibilian sekulako ospakizuna topatzea, Big Drum edo danbor handiena kasu. Girientzako bertsioa badago, baina ontzi baten inaugurazioarekin topo eginez gero, totala da. Hantxe etorri zitzaizkigun jan-edana dohainik eskaintzen eta ospakizunera gonbidatuz. Arrantzarako erabat egurrezko ontziak egiten dituzte, eta inaugurazioa herri osorako jaia da. Ahuntza eta oilarra hil zituzten labanaz, euren odolez ontzia zipriztindu eta bedeinkatzeko, eta ez dakit noiz arte iraun zuen ospakizunak. Alde egiterako luze irauteko itxura zeukan behinik behin.
Halaxe heldu naiz Grenadaraino, bidaiako lehen zati honetako azken uhartera. Bai, bai, yankiek inbaditu (edo, batzuek diotenez "erreskatatu") zuten hura. Horregatik, zalantza neukan, zein ote zen giroa, ezkerreranzko beste herrien joera igarriko ote zen. Tira, gobernuko presidenteak dozena bat urte daramatza, eta agerikoak dira Ivan urakanak 2004 eragindako triskantzak, basoak errekuperatu barik, hiriko elizak teilatu barik oraindik, etxe asko botata... baina halako baten, atzo gaueko jaian, gaztelera piloa entzuten nuela konturatu nintzen: venezuelar militarrak, independentzia jaian parte hartzera etorritako marinelak ziren.

2007-02-02

Yurumein

Ez ba, hurrengo egunetan are asti gutxiago, eta azkenean egunak aurrera Yurumein edo ofizialki St Vincent den uhartera etortzeko.
Dominikari buruz, aipatu det zeinen uharte ederra den, hondartza zuririk ezean, beltzak asko, eta sekulako oihana erdialdean, giro lasaia, hiriburu txiki bezain atsegina. Kruzeroak heltzen ziren egunean egon nintzen bisitan, izugarria da zelan aldatzen diren herri txikiok horrelako ontzitzarrak heltzean, europar edo, batez ere, yankiz beteta, hemengo jendearentzat denak aberats, eta Bienvenido Mr. Marshall itxura hartzen du denak, giriari edozer saltzeko aitzakian, denak irribarretsu. Badakit, tristea da dolarraren menpeko egoera hori, baina denboratxo hemen daramazula, eurak ere antzezpen horretan, konplize, umorez hartzen duzu.
Handik St Vincent honetara, Barbadosen eskala eginda. Alde ederra Dominikako aireportu karibenoa txikia eta Londresko dozenaka hegaldi hartzen dituen Barbadoskoa. Airetik sumatu nion aldea, mendirik ez, antigoalean azukre-negoziora ekarritako esklaboen uharteak ez dauka Dominikaren paisaia txundigarririk, baina horren truke, harea zuria eta ur gardena, milaka turista erakartzeko. Bridgetown hiriburura jauzi txikia egin nuen hegaldira bitartean, ustez Karibeko perla oparo eta lasaia da, hala saltzen du turismo bulegoak, uharte ingelesena ei da, ez baitzen potentzien arteko borroken lekuko izan, bizimaila oparoa dutela ere badakar, baina beti leku berean amaitzen dugulako-edo, pobrezia poltsa nabarmenak ageri dira Bridgetowngo autobus geltokian.
Eta St Vincentek hasieran ez du Dominikaren erakarpena sortzen hasieran, baina azkenean gusturen amaitu dudan txokoa da ziur aski. Hemen ere badago, nolabait, indigena den biztanleria. Munduko etnia bitxienetakoaren arragoa da: bertako biztanle karibeek afrikar jatorrikoekin bat egin zuten, lehenen hizkuntza eta ohiturak eta bigarrenen kolorea eta hainbat ohitura ere gorde eta bilduz. Nelcia Robinson garifuna eta Karibeko mugimendu feministako kideari esker lortu nuen hemengo lehen kontaktua, eta zenbat ate zabaldu dizkidan Oswald Robinsonek!
Kingstown hirira iritsi (Jamaikakoak ez dauka "w") eta hiriburuko bisita laburra egin ostean, gauean jaso nuen bere emaila, garifunekiko harremana azalekoa izango zela uste nuen. Orduantxe bisita egiterik ote nuen! Halaxe bildu ginen Irakasleen Sindikatuaren egoitzan, eta luze egin zidan berba zer gorde duten, hizkuntzako berba batzuk soilik, baina janaria, eta beste hainbat kontu. Inoiz entzun arren, ustez sinesgarritasun handirik eman izan ez zaion teoriaren aldekoa da: esklabo ontzia hondoratu eta bertakoekin nahastu ziren bertsioaren ordez, Kolonen aurretik Afrikaren eta Amerikaren arteko harremana zegoela dio (Ivan van Sertima bilatu google-n eta gehiago jakingo duzue teoria horri buruz).
Berari esker, Haizealdeko (Windward, Barlovento) kostatik joan nintzen biharamunean, paisaia zoragarria, Atlantikoa harro hurbil beti, iparraldeko komunitateetara arte. Hantxe topatu nuen Nixon Lewis, orain arte bidaian ezagututako tipo atseginena, ea tarte luzeagoa daukadan berari buruzkoak aipatzeko. Etxe apal-apalean jostun dihardu, urte erdi Ingalaterran eta Galesen eman eta bere kontura hainbat ikerketa eginez halaber. Eta argi esan zidan: azken hamarkadan gauza asko egin dugu, Belizeko garifunak hona etorri zirenetik, baina garrantzitsuena falta zaigu, eta horri heldu behar diogu: hizkuntza berreskuratu behar dugu.
Izan ere, garifuna gehienak XVIII. mendearen amaieran deportatu zituzten ingelesek Roatan uhartean (egungo Honduras) ,eta handik Amerika Erdialdetik hedatu ziren. Hantxe jarraituko du bidaiak. Baina Yurumein edo ST Vincent honetan beste egun pare bat oraindik hegoalderanzko bideari ekin aurretik, Grenadarantz. Eta karibeko kostatik (Haizepekoa, Leeward, Sotavento), filma errodatu zen hondartzaraino iritsi naiz, hemendik Oswalden beraren herrira joan aurretik. Arrebak erakutsi dit herria, baita antigoaleko istoriorik gehien dakizkien andrea ere, euskalkien ikerleen itxura hartu diot nire buruari, baina kasu honetan berak nabarmentzen zidan, harro, bere ezagutzaren garrantzia: ez dakit kultura ministroa zeren zain dagoen nigana etorri eta elkarrizketatzeko! Horiek guztiak ere besteren baten jarri beharko ditugu. Ondoren, arreba utzi eta gizarte laguntzaile diharduenak herriko (eta uharteko) azken buruzagi izandakoaren semearengana eroan nau, aurrekoa legez, hau ere itsu dago, baina orduko kontu asko aipatu dizkit. Komunitate hau XX. mendearen hasieran sortu ei zen, 1902ko sumendiaren ostean, horregatik ez dago uharte osoa inguratzen duen errepiderik, iparraldean Soufriere sumendia baitago. Tamalez ez dut bidaia honetan igotzerik izan, aukeratzea da beti bidaia, eta jende atsegin honekin egotearen aldean, itxarongo du sumendiak.
Gizarte laguntzailea herrikoa da, berak aipatu legez, orain lauzpabost urte sortu zuten postua, "lehen dena norbere kontu zihoan, adineko jendearen injikzioak-eta, ez zeukaten nork eman", izan ere, aldaketa nabari da Karibeko alde honetan, ezkerrerantz. Dominikan Venezuelako gobernuaren laguntza bazegoen, hemen ere ez da falta, eta bandera gorriak sarri ageri dira. Baita gobernuaren kanpainak ere, lotsarik gabe oso oinarrizko gauzen alde: alfabetizazio kanpaina betean daude, adinekoek ere urratsa egin dezaten.